2026-01-13
Blog Página 1082

Aberastasuna birbanatu eta patronalak zerga gehiago ordaintzea eskatu du LABek


Ahotsa.info

LAB sindikatuak diruz betetako 40 zaku (Ali Babaren 40 lapurrei erreferentzia eginez) eraman ditu sinbolikoki Patronalaren egoitzatik Ogasunera, patronalak zerga gehiago ordain ditzan aldarrikatzeko.

Komunikabideei egindako adierazpenetan, Nafarroako bozeramaile Igor Arroyok patronala Nafarroan sortutako aberastasunaren gero eta zati handiagoa eskuratzen ari dela salatu du. 2005ean soldatetara bideratutako Barne Produktu Gordinaren zatia, gutxiengo enpresarial eta profesionalak eskuratutakoa ("excedente bruto de explotación" delakoa) baino handiagoa zen; alabaina, gutxiengo enpresarial eta profesionalaren zatia %24,43 handitu da, langileei bideratutakoa %4,79 besterik igotzen ez zen bitartean. Honela, 2009tik "excedente bruto de explotación" delakoa soldatetara bideratutako zatia baino handiagoa da. "Patronalak gure lanaren fruitua lapurtzen digu, plusbalia, geroz eta ondasun handiagoa pilatuz. Sortzen den aberastasuna birbanatu beharra dago, batetik langile guztientzat soldatak 1200 euro netotik gora igoz eta bestetik Kapitalaren errentekiko zergak igoz".

Testuinguru honetan, Nafarroako Gobernuak planteatutako erreforma fiskala ez nahikotzat jo du Arroyok, bereziki Elkarteen Zergari dagokionez. "Gobernuak enpresa handiei tipo orokorra %25etik %28ra besterik ez die igotzen eta guk uste dugu 2006an ordaintzen zuten %35 ezartzeko garaia dela". Bestetik, LABen ustez Gobernuak proposatzen duen gutxieneko zorua (%13) ere baxuegia da eta gainera ez du zentzurik zoru hori berbera izatea enpresa txiki nahiz handientzat. Ildo honetan, gogoan hartu behar da Patronalaren gertukoa den Navarra Capital komunikabideak plazaratutako elkarrizketan, Elkarteen gaineko Zergari dagokionez Nafarroako Patronalak EAEn, Estatuan eta eurozonaldean baino gutxiago ordainduko duela aldarrikatu zuela Uxue Barkosek.

Bestalde, iruzur fiskala salatu du LABek, gehienbat enpresa handiek eragin eta Europako beste herrialdeetan baino nabarmen handiagoa dena. LABen ustez, bada iruzur fiskala gutxitzeko formula eraginkorra: Ogasuneko ikuskari gehiago kontratatzea. "Gero eta ikuskari gehiago, gero eta iruzur txikiagoa, horixe izaten da legea" Arroyoren arabera "beraz eremu honetan enplegu deialdi publikoa egitea premiazkoa da".
 

 

 

Abian prozesuaren baitan entzute ta harreman faseari ekitera goaz

Pasa den azaroaren 7an, ezker abertzaleko 300 bat kidek Abian prozesuari hasiera eman zioten agerraldi baten bidez. Azken helburu gisa Euskal Estatua eraikitzea izanki urrats berri bat emateko borondatea azaldu genuen Zutik Euskal Herria eztabaidatik hona aurreratutakoak neurtuz, ezinak aztertuz eta hanka sartzeetatik ikasiz.

Guztiok aktibo izan behar dugu. Abian prozesuaren xedea ezker abertzaleko militante guztiok elkarrekin gogoetatu, hitz egin eta eztabaidatzea da. Dena prest dago prozesu luze honen lehen faseari ekiteko, hau da entzute eta harreman faseari, ondoren etorriko da eztabaida fasea.

Hilabeteetan luzatuko den prozesu honetan ahalik eta parte hartze handiena izatea garrantzitsua deritzogu eta horretarako hitzorduak gainean ditugu. Arlo zehatzen inguruan hitz egiteko espazio eta hitzordu zehatzak izateaz gain gogoeta egun orokorrak baditugu, herrialdeka. Azaroaren 21ean Arabakoa izango da Gasteizen, eta Gipuzkoakoa Hernanin eta Azaroaren 28an Bizkaia eta Nafarroaren txanda izango da Durangon eta Atarrabian urrenez urren.
 

 

 

Gasteizko eremu berdeak kontserbatzeko ezarri duten aurrekontu-murrizketak arriskuan jartzen ditu lanpostuak

LAB sindikatuak, Gorka Urtaranen udal gobernuak udalaren eremu berdeak mantentzeko, 2016. urteko aurrekontu proiektuan proposatzen duen aurrekontu-sailaren gehiegizko jaitsiera salatu nahi du. Alegia, 1.000.000 € gutxiago egotea planteatzen da. Hau da, %38 gutxiago.

Guzti honek egonezin handia eragin du, gaur egun zerbitzua eramaten duen VIVEROS PERICA enpresako langileen artean. Izan ere, aurrekontu-sail horrekin, beste gauza batzuen artean, ez luke emango gaur egungo langile kopurua mantentzeko. Kontuan hartu behar dugu, gaur egun 50 langile inguruk lan egiten duela enpresan, eta uda garaian kopuru hori bikoiztu egiten dela errefortzuekin. Hauetariko kontratu asko, lan mundura sartzeko arazoak eta ondorioz giza-bazterketan erortzeko arriskuan dauden pertsonekin egiten direlarik.

Ez luke soilik lan postu batzuen galera suposatuko, baizik eta langile askoz gutxiagorekin, lan karga berbera egitera behartuta egongo lirateke. “Green Capital” bezala saltzen den hiriko udal gobernuaren helburua, Gasteizko esparru zabal berdeak eta parke handien mantenimendua, garbiketa, eta lorazain lanak zabartzea ez bada, ez dugu inola ere neurri hau ulertzen.

Guzti honegatik, LAB sindikatuak Gorka Urtaranen udal gobernuari eskatzen diogu VIVEROS PERICAko langileen ahotsa entzun dezala, eta atzera egin dezala enpresa honetako langileentzat guztiz okerrak eta kaltegarriak liratekeen ondorioak ekarriko lituzkeen neurri honekin aurrera egin aurretik.
 

 

 

LABek euskal osasun sistema publikoaren aldeko alternatiben inguruko jardunaldiak antolatu ditu

0

LAB sindikatuak, “Esperientziak batuz euskal osasun sistema publikoaren alde – Alternativas en defensa de la sanidad pública vasca” izenburupean jardunaldiak antolatu ditu.denon artean Osakidetzaren gainean egiten dugun diagnostikoa konpartitu, alternatiba zein izan daiteken gogoetatu, eta alternatiba hori sustatzeko gure indarrak biltzeko komenientziaren inguruan aritzeko.

Gonbidapena:

Idatzi labur honen bidez LAB sindikatuak, “Esperientziak batuz euskal osasun sistema publikoaren alde – Alternativas en defensa de la sanidad pública vasca” izenburupean azaroaren 26an Bilboko Arrupe etxean, goizeko 9,15etan hasi eta 14ak bitarte, antolatu dituen jardunaldietara gonbidatu nahi zaituzte.

Gonbidapen honekin batera jardunaldi hauek antolatzerako orduan egin dugun irakurketa eta hauen helburuak zuekin konpartitu nahi ditugu. Hortara datoz, hain zuzen ere, ondoko lerroak.

Alde batetik, atzeraldi ekonomikoaren aitzakiarekin EAEko osasun sistema publikoan, osakidetzan alegia, era askotako murrizketak egin dituzte, eta egoera geroz eta okerragoa da lan baldintzak, zerbitzuaren kalitatea zein prestazioei dagokienean: kopago sanitarioa, gero eta langile sanitario zein ez sanitario gutxiago izatea, pribatizazioak, ginekologia zerbitzuen murrizketak, C hepatitisa duten gaixoak sendatu ditzaken medikamentua ez ematea, ….

Langileak haien lan baldintzen defentsan ari dira, baina ez hori bakarrik, baita Osakidetzak ematen dituen zerbitzuak kalitatezko gutxieneko baldintzetan emateko ere. Bestetik, badira herri eragile asko, bakoitza bere arazo partikularraren ikuspegitik, Osakidetzako zerbitzuen gabezien aurrean antolatzen eta borrokan ari direnak: pentsionistak kopagoaren kontra, TOPA plataforma pribatizazioaren kontra Tolosaldean, guraso elkarteak pediatria zerbitzuen murrizketen kontra, mugimendu feminista ginekologia zerbitzuen murrizketen kontra, euskalgintza euskerazko zerbitzuek aldarrikatuz, …

Borroka horietako bakoitzak askoz indar handiagoa hartuko luke baldin eta denon arteko gogoeta bateratu baten baitan indarrak batzeko gai izango bagina. Hori izango litzateke jardunaldi hauekin bilatzen duguna: denon artean Osakidetzaren gainean egiten dugun diagnostikoa konpartitu, alternatiba zein izan daiteken gogoetatu, eta alternatiba hori sustatzeko gure indarrak biltzeko komenientziaren inguruan aritzea. Ikusten duzuenez jardunaldiok, LABek antolatuak izan arren, denon artean zerbait bateratua eraikitzeko helburua dute, eta horrexegatik garrantzi handia ematen diogu zuen parte hartzeari. Informazioa gehiago nahi izanez gero jar zaitez harremanetan gurekin 636 359 337 telefonora deituz edo a.sarasola@lab.eus helbidera idatziz.

Agur bero bat.
 

 

 

LABek Hauteskunde Sindikalak irabazi ditu Eusko Jaurlaritzan Bizkaian

Atzo egin ziren Hauteskunde Sindikalak Eusko Jaurlaritzan Bizkaian eta LAB izan da lehen indarra.
Bototan, LABek 59 jaso ditu, 48 ELAk, 24 CCOOek eta 18 UGTk. Delegatuen banaketari dagokionez, 3 LAB, 3 ELA, 2 CCOO eta 2 UGT.

Emaitza hauek gure sindikatuaren lan-lerroa indartzen dute eta kolektibo osoaren alde lan egiteko konpromisoa hartzen dugu, inolako bazterketarik gabe. Guzti hau Administrazioak hamarkadetan atzeratu duen Lan Postuen Zerrenda negoziatuko den garaian. Helburua, langile batzuk bizi duten laneko segurtasun falta eta hauetako batzuen lanpostuen balorazioa konpontzea.
 

 

 

PSE, PP eta PNVk EITBren erabilera alderdikoia egiten dute

Atzo EITBko Zuzendari Nagusiak agerraldia egin zuen Gasteizko Parlamentuan, talde politikoek egindako hainbat galderei ahoz erantzuteko. EITBko LABeko ordezkariok kanpoan egin genuen kontzentrazioa betidanik eman izan den EITBren erabilera alderdikoia, eta azken asteotan ematen ari den «zentsuraren norgehiagoka» salatzeko.

LABek beti salatu izan du Jaurlaritzan egon ohi diren alderdiek egin izan duten Komunikabide Publikoaren kontrola, atal sindikalaren webgunean begirada bat ematea besterik ez dago. Izan ere atzokoan duela lau urte erabili genuen pankarta bera berreskuratu genuen, eta «PSE-PP utzi bakean EITB» leloari «PNV» erantsi besterik ez genion egin behar izan. Hiru alderdi horiek EITB helburu berdinerako nahi dutela adierazi nahi izan dugu horrela.

Azken asteotan ETBk «Barrura Begirako Leihoak» dokumentala emititu izanak sortu du kalapita. Zergatik eta gertakizunen bertsio bat kontatzeagatik. «Kontakizun bakarraren» aldeko alderdiak sutan jarri dira eta presioari ekin, Urkullu Lehendakariak berak ere ia barkamena eta guzti eskatu zuen pasa den asteko osoko bilkuran, eta Maite Iturbe EITBko Zuzendariak bat egin zuen. Preso politikoei «preso politiko» deitu izanagatik barkamen-oharra atera zuen Zuzendaritzak. Erabat ohiko eta arrunt izan behar dena, objektibotasuna eta bertsio guztiak jasotzea alegia, ezohiko eta isildua nahi dute.

Duela hilabete ere EITBNETen gertatutako jazarpen ideologikoa salatu genuen (http://eitb.lab.eus/?q=node/676) hain zuzen EAJko bi arduradunek Iñigo Cabacasen senideekin parlamentuan bertan izandako hika-mikaren trataera informatiboak pairatu zuen zentsura saiakeragatik. LABeko kidea ere baden editorea bere postutik kendu zuen zuzendaritzak «berarengan konfidantza galdu» izanaren argudioarekin. Konfiantza profesionala baino, konfiantza ideologikoa da nahi dutena.

Gaizki egindakoari kritika egitea zilegi da, baina nahikoa da barruko eta kanpoko presioekin. Barruko antolamendu bertikala ez-demokratikoa EITBren erabilera alderdikoiaren mesedetan eginda dago. Alderdi unionistek kanpotik egiten dituzten presioak ere onartezinak dira, batez ere kolore bakarreko egungo panorama mediatikoak bilatzen duen «kontakizun bakarraren» norabidean doanean. Halaxe ba, PNV, PSE, PP utzi bakean EITB!
 

 

 

Aernnovak mahai gainean jarritako deslokalizazio-mehatxuak bere horretan dirau

0

Aernnovako zuzendaritzak 133 langile kaleratzeko Enpresa Erregulazio Txostena erretiratzeko hartutako erabakiaren aurrean, LABek bere poza adierazi nahi du. LABek argi du erabaki hau Aernnovako langileen borrokaren ondorio dela.

Hala ere, ohartarazi nahi dugu Zuzendaritzak mahai gainean jarri zuen mehatxua bere horretan mantenetzen dela, oraindik ere langileen kaleratzeak beharrezkoak direla esan baitu, baina ez omen zaio “orain aurkeztea komeni”.

Uste dugu “une honetan komeni ez izatearen” atzean, Aernnovako kaleratzeek Jaurlaritzaren enplegu bermerik gabe diru laguntzak emateko politika agerian utzi izana dago. Batzuetan, kasu honetan bezala, laguntza horiek deslokalizazioak eta kaleratzeak emateko erabiltzen ari dira.

LABek instituzioak interpelatzen jarraituko du, eta Aernnovako proiektu industrialaren bideragarritasuna nahiz errentagarritasuna defendatzen.
 

 

 

Papergintzako hitzarmena lortzeko helburuarekin greba egitea aztertuko da asanbladetan

0

ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok 10 hilabete daramatzagu papergintzako hitzarmena negoziatzen eta akordio batera iristeko saiakerak egiten, baina patronalaren jarrera oso gogorra da eta ez du fitxarik mugitzen. Hau dela eta, datozen egunetan egingo diren asanbladetan, greba proposamena egingo dugu.

ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuon irakurketa:

Sindikatuok 10 hilabete daramatzagu negoziatzen saiatzen eta Patronalaren jarrera gogorra da. Azken bilera ezin argiagoa izan zen. Lau sindikatuok gure proposamenen jaitsiera bat egin genuen eta ADEGIk ez zuen fitxarik mugitu.

Egoera honen aurrean, ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok bizitzen ari garen momentuaren irakurketa amankomuna egin dugu. Gure ustez, sektoreko langileok merezi ditugun Papergintzako Hitzarmenaren edukiek, honakoak jaso beharko lituzkete:

• ADEGIk planteatu dituen soldata igoerak baino handiagoak eta KPIari lotuak. KPIa negatiboa balitz, igoera duina bermatzen duten klausulekin.

• BLINDAJEAK. Momentu hauetan, denok dakigu Hitzarmenean, Lan Erreformaren gainetik, bere aplikazioa bermatzen duten testuak sartu behar ditugula. Bi klausula motagatik ari gara borrokatzen:
    -HITZARMEN PROBINTZIALEAN ADOSTUTAKOA BLINDATZEKO.
    -“NON-STOP” PAKTUETAN ADOSTUTAKOA BLINDATZEKO.

ADEGIk ez du horretaz hitz egin nahi. Adosten duguna ez aplikatzea nahi du eta ez diogu onartuko. Horregatik, datozen egunetan enpresetan egingo ditugun asanbladatan patronalaren jarrera eraldatzeko GREBA proposamena egingo dugu. Deialdia sektore osorako da eta 8 eguneko epean 6 greba egunetan zehazten da, hau da:

• Azaroaren 27ko 06,00etatik azaroaren 29ko 22,00ak arte
• Abenduaren 1eko 06,00etatik abenduaren 2ko 06,00ak arte
• Abenduaren 3ko 06,00etatik abenduaren 4ko 22,00ak arte

Hitzarmen honetan markatzen ditugun helburuen garrantzia sektoreko langileok ondo baloratzea jakin dezagula espero dugu. Azken hamarkadetan lortutakoa jokuan dago orain.
 

 

 

Prekarietatearen kontrako borrokan, nafarroan azken urteetan izandako hobekuntzarik esanguratsuena lortu du LABek

0

BSH Eskirotzeko azpikontrata baten azpikontrata den grupo norteko langileek garaipen ikusgarria lortu dute: subrogazioa, %94ko soldata igoera, lanaldia 80 ordutan murriztea eta bajan zehar soldataren %100 jasotzea, nafarroako merkantzien garraioko lan hitzarmenarekin parekatuz.

Grupo Norte enpresa Linser LOGen azpikontrata da; eta Linser LOG, BSH Eskirotzen azpikontrata. Bada, Grupo Norteko langileek azpikontratazioak dakarren muturreko prakarietatea pairatzen zuten, hilero 800 euro gordinetik beherako soldatekin. Antolatzea erabaki zuten eta hauteskunde sindikalak sustatu zituzten LAB sindikatuaren eskutik, jokoan ziren hiru ordezkariak eskuratu zituena.

Langileek pairatzen zituzten lan baldintza kaxar eta legez kanpokoak salatzean, Grupo Nortek langile guztiak kaleratzeko mehatxua egin zuen, baldin eta LABeko hiru ordezkariek aipatutako lan baldintza horiek legeztatuko zuen enpresa hitzarmena sinatzen ez bazuten.

Aldi berean, LABeko ordezkariek modu ez ofizialean jakin zuten Grupo Norte kontratatzen zuen Linser LOG enpresa CTC Grupo Uno izeneko enpresa katalanak erosi zuela. Azken honek langileen kargu egin ez eta kontratazio berriak egin zitzakeen estatu mailako bere hitzarmenaren arabera, lan baldintzak oraindik eta gehiago prekarizatuz: hilero 760 euro eta urteko 1806 orduko lanaldia.

Grupo Norteko mehatxuaren eta Linser LOGen salmentak eragindako
noraezaren aurrean, Grupo Norteko langileek ekintzetara jotzea erabaki zuten. LABeko ordezkariek greba mugagabea deitu zuten irailaren 23tik aurrera, Grupo Norte kontratatzen zuen Linser LOGen jabe berri CTC Grupo Uno interpelatuz.

Greba hasten zen egunean bertan, irailaren 23an, LABeko ordezkariek aurreakordioa lortu zuten CTC Grupo Uno enpresarekin: BSH Eskirotzekin kontratua dirauen bitartean lanpostuak mantendu, hileko 150 euroko soldata igoera eta lan baldintzak hobetzeko negoziatzen jarraitzeko konpromisoa.

Azken akordioa azaroaren 10ean sinatu zen eta gaur, azaroak 16,
aplikatzen hasi da, subrogazioa gauzatzen den egunean hain zuzen ere. Edukiak, subrogazioaz gain, honako hauek dira:

1. Hileko soldata gordina 795 eurotik 1544 eurora igotzea 24 hilabetetan zehar (osotara %94ko igoera). Urtarrilean 200 euroko igoera egingo da eta hiruilabetero beste 50 euro igoko da 2016an zehar eta 60 euro 2017an. 2017ko urrian soldata 1544 eurotan finkatuko da.
2. Urteko 10 egunetako lanaldi murrizketa (80 ordu).
3. Bajan zehar soldataren %100 jasotzea.
4. Norberaren aferetarako 3 egun.

Modu honetan, langileen lan baldintzak nafarroako garraioen lan
Hitzarmenarekin parekatuko dira. Honenbestez, prekarietatearen kontra irabazitako garaipen handia da, langileek nahiz labeko hiru ordezkariek garatutako ekintza sindikal ausartari esker. LABek azpikontratazioari eta hari lotutako prekarietateari aurre egiteko borrokan jarraituko du.