2026-07-24
Blog Page 485

Gasteizko Udalak azpikontratetako langileak ahaztu ditu berriro

Gasteizko Udalak, txertaketa egiteko Lakua03ko pilotalekua Osakidetzari lagatu izanak, Lakuako frontoiaren kontrol eta garbiketa-zerbitzuko langileak langabeziara bidali ditu.

Joan den apirilean, Gasteizko Udalak Lakua03ko pilotalekua utzi zion Euskal Osasun Zerbitzuari, Arabako Covid-19aren aurkako txertaketa-kanpainaren erreferentzia gune bezala prestatzeko. Modu horretan, Osakidetza instalazio osoa kudeatzera pasatu da.

Hori dela eta, frontoiaren kontrol eta garbiketa-zerbitzuaren enpresa emakidadunak, Disport Eki enpresak, aldi baterako enplegu erregulazio espediente bat aplikatu die instalazioan lan egiten duten kantxeroei. Hiru pertsona, inolako errurik izan gabe, langabeziara doazenak gutxienez 6 hilabetez. Gainera, soldata baxuak dituzten pertsonez ari gara, prekarietatea sendotzeko faktore bat.

Beste behin ere, udal-erakunde nagusiak, berri ere Udaleko azpikontratetako langileak ahaztu egin dituela ikusten dugu. Beste behin ere ikusten dugu administrazio batek langileak bazterrean uzten dituela.

Norbaitek pentsatu al du aldez aurretik pertsona horiei zer ondorio ekarriko zizkien instalazioa Osakidetzari lagatzeak? Zergatik ez zen Udaleko arduradun bat ere harremanetan jarri langileekin edo zerbitzuaren enpresa emakidadunarekin instalazioa lagatzeak izan zitzakeen ondorioez arduratzeko? Hain zaila izango zatekeen hiru pertsona horiek instalazioan lanean jarraitzea, egiten ari ziren lan gehienak eginez, hala nola instalazioa ireki eta ixtea, sarbidea kontrolatzea edo instalazioa garbitzea?

Horregatik, LAB sindikatutik Gasteizko Udalak duen planifikazio gabezia eta inprobisazioa salatu nahi dugu, baita zerbitzu publiko bateko azpikontratetako langileen babesgabetasuna ere.

Kartzela politika berria eta presoak etxeratze bidean jartzea eskatzen dugu

Gaur sinatu da EAEko espetxeen kudeaketaren inguruko transferentzia. Lehenik eta behin, honek agerian uzten du administrazio autonomikoen estatuarekiko menpekotasuna eta burujabetza falta. Eredu autonomikoa aspaldian agortu zen, 42 urte pasa dira Estatutua onartu zenetik eta oraindik ere guztiz bete gabe badago ere, herritarren presioari esker lortu den eta ongi etorria den eskualdatzea dela esan dezakegu.

Espetxe kudeaketaren transferentziak, pertsonak suntsitu eta erail dituen salbuespenezko espetxe politika anker eta krudela albo batera utzi eta espetxe politika eredu berri baterako aukerak irekitzen dituela uste dugu.

Euskal Herrian eremu politiko, sindikal eta sozialean adostasun zabalak eraiki dira espetxe politikan aldaketak eskatzeko. Babes zabala dauka salbuespen neurriak albo batera utzi eta presoei legedia arrunta ezartzearen aldarrikapenak, presoak euskal herriratu eta gradu aldaketak ahalbidetuz. 

Aldarrikapen hauek lortzeko helburuarekin, LABek lanean jarraituko du adostasunak bilatu eta aktibazioa hauspotuz.

CCOOek eta UGTk FEIQUE patronalarekin adostutako Kimiketako Estatuko Hitzarmena baztertzen dugu, prekaritatea betikotzen duelako

Estatuko negoziazio eremuaren aldeko CCOO eta UGTren apustuak, bertako bertako negoziaketa kolektiboa oztopatzeaz gain, pobretzea dakar. Sinatu berri den estatuko hitzarmenak oso baxuak diren soldaten gaineko %1, %2 eta %2ko igoerak adostu ditu. Baina gainera, 2021. urterako, soldaten igoera soilik uztailetik aurrera aplikatzea adostu dute. Hau da, benetan, soldata igoera 0,5koa soilik izango da 2021an. Gogoratu behar dugu 14.892,26 eurotako urteko soldatak arautzen dituela. Miseriazko soldataz ari gara.

Gainerakoetan ez dago apenas hobekuntzarik, legearen aplikazio hutsaz haratago. Hitzarmen honek ez die mugarik jartzen sektoreak dituen arazo nagusiei: ebentualitate handia, ABLEak, azpikontratetako langileentzat subrogazio eskubidea, lan osasuna.

1.752 orduko lanaldiari eusten dio, estatuko lanaldirik handiena dena. Malgutasuna erabatekoa da eta lan erreforma bertan behera uzteko klausularik ez dago, beraz, hitzarmena ez betetzea ahalbidetzen zaie enpresei.

Gainera, LABen harridurarako, atzerapauso larri batzuk ere badaude: lan osasuna eta lan istripuak lehentasunezko gaiak dira kimiken sektorean, izan ere, lantoki askotan erabiltzen diren sustantziak eta egiten diren jarduerak arriskutsuak izan ohi dira. Horregatik ezin da ulertu 50 eta 100 langile arteko enpresetan prebentzio delegatu bat kendu izana onartzea (lehen 3 ziren eta orain 2).

Aipatu arrazoiengatik hitzarmen hau ez da Hego Euskal Herriko langileek behar dutena. LABek lanean jarraituko du estatuko hitzarmenak arautu ez ditzan Euskal Herriko sektoreko langileen lan baldintzak. LAB buru belarri arituko da lantokietan, ez soilik hitzarmen honen edukiak hobetzeko, baita langileen lan baldintzak hobetuko dituen benetako neurriak ezartzeko ere.

FVEMek Bizkaiko metaleko berdintasun batzordean duen blokeozko jarreraren aurrean, beharrezko pausoak emango ditugu sektorea aktibatzeko eta mobilizatzeko

Bizkaiko metaleko hitzarmena sinatu arteko bidea ez zen batere erraza izan. Sektore horretako langileen kolektiboa modu masiboan atera zen kalera, modu irmoan. Langileek argi zuten, beraien lan- eta bizi-baldintzak aldatuko zituen hitzarmenaren alde ari zirela borrokan. Horretarako, ezinbestez, hitzarmen honek ikuspegi feminista bat jaso behar zuen, pertsonen bizitza erdigunean jartzeko, eta ez kapitala.

Bizkaiko metalean emakumeek bizi duten egoera ez da ezezaguna inorentzat. Emakumeen presentzia oso txikia da, izan ere, metaleko enpresa gehienetan debekatuta dute lanean sartzea jendartea osatzen dugunon erdiok, hau da, emakumeok. Eta metaleko enpresa batean sartzea lortzen dutenean oso lanpostu zehatzetan da, eta gehienetan behin- behineko kontratuekin, honen ondorioz soldata-arrakala betikotzen da.

Hori gutxi balitz, azkenaldian ikusten ari gara sektorean gertatzen ari den enplegu-suntsiketaren aurrean emakumeak direla beren lanpostuetatik kanporatutako lehenak, hala nola PCB, Aernnova edo Tubacex-en…

Borrokaren ondorioz enpresa eta kaleetan egindako presioek emaitza izan zuten, eta hitzarmen honetan inork uste ez zituen aurrerapenak lortu ziren. Aurrerapen horiek feminismotik ere eman ziren, eta mekanismo garrantzitsuak eta nahitaez bete beharrekoak ezarri ziren; besteak beste, sektorearen diagnostikoa egiteko, 50 pertsona langile baino gehiago zituzten enpresetan benetako berdintasun-planak egin ahal izateko eta Jazarpen Sexualaren eta Sexuagatiko Jazarpenaren aurreko Protokoloa osatzeko Bizkaiko siderometalurgia sektorerako.

2020ko otsailaren 28an, Bizkaiko metalaren hitzarmena argitaratu zen BOEn. 3 egun geroago, martxoaren 3an, LABek Berdintasun Batzordea sortzeko eskaera erregistratu zuen, baina irailaren 21era arte atzeratu zen haren eraketa, Covid-19k sortu zuen egoera zela-eta. Batzorde horretan, lehenengo eta behin, sexu-jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren aurkako protokolo sektoriala egitea erabaki zen. Hamaika bilera egin dira gaur arte, eta kontaezinak dira sindikatuok patronalari egindako proposamenak eta alternatibak.

Berdintasun batzordea sortu zenetik, bilera guztietan ikusi dugu patronalak ez duela akordio batera iristeko borondaterik. Sindikatuok egindako protokolo-proposamenak Emakunderen bermea du, baina patronalak ez dio zilegitasunik aitortzen erakunde horri aholkularitza emateko, eta ez ditu kontuan hartu nahi berdintasunaren arloan eman dituen irizpideak. Sindikatuok ahalegin handiak egin ditugun arren, patronalak negoziazioa blokeatu du, jazarpen protokoloa itxi ezinik. Etengabeko blokeoaren aurrean, batzordean dauden sindikatuok mediazio-eskaera erregistratu genuen ostiralean LHKn. Eskaera horri FVEMek erantzun dio ez dakiela parte hartuko duen.

Patronalaren asmoa konpromiso argirik eta derrigortasunik gabeko akordio bat sinatzea baldin bada eta FVEMek aurpegia garbitzea eta propaganda egitea baino ez badu nahi, LAB aurrez aurre izango gaitu bide honetan.

Guzti horregatik, eta Patronalaren jarrera kontutan izanda, urrats berriak emateko unea da. Bere egunean borrokaren bidez lortutako akordioa orain berriro ere defendatu behar dugu. Hitzarmen honekin lortu genituen berdintasunera gerturatzeko tresnak aitortzea, orain tresna horiek borrokatu behar ditugu. Diskriminazioarekin bukatzeko, eta emakume eta gizonen arteko berdintasunean urratsak emateko, hitzarmen honen alde berriro ere borrokatu behar dugu.

Eta hori izango da LABek Bizkaiko metaleko enpresetan aurrera eramango duen borroka, akordio horiek blindatzeko eta beteko direla bermatzeko.

Sindikalki antolatzeko eskubidea ekarriko du Glovoko langileen lan harremanaren aitortzak, lan baldintzak duintzeko bidean #LortuDugu

“Alarma egoera pasatzen denean, aldatu beharko litzatekeena da, ahalik eta azkarren, lan harremana aitortzea definitiboki. ‘Cuenta ajena’ delako langileak garela onartzea, eta autonomoetan baja ematea behin betiko. Horrek sekulako hobekuntzak ekarriko lituzke, langile guztiek dituzten eskubide guztiak guk izatea: oporrak eta lan egutegia izatea, astean bat edo bi atseden egun hartzea edo sindikalki antolatzeko eskubidea. Laburbilduz, lan baldintzak duintzeko neurriak ezartzea, eta ostalaritzako hitzarmenean egoteko eskubidea bermatzea”.

LABeko kide eta Glovoko langile Klemen Celestinoren hitzak dira hauek, duela urtebete baino gehiago egindakoak, etxean konfinatuak ginenean, riderrak pandemia egoeran zein baldintzatan lan egiten ari diren galderari erantzunez. Bada, Klemen Celestinok igarlea bailitzan, patuak erabaki du alarma estatua bertan behera geratzeko bezperan etortzea Bilboko 11. epaitegiaren epai garrantzitsua: Bizkaiko Glovoko ia 300 langileren lan-harremana aitortzen duen epaia, alegia.

Hain zuzen ere, riderren aldarriei bide emateko aukera emango du joan den ostiraleko erabakiak, mugarri bat izango da; eta ez bakarrik Glovoko langileentzat, baita plataforma baten bidez lan egiten duten langile guztientzat ere. Lehen urratsa da kolektibo horiek duten babesgabetasun egoera iraultzeko; lehen urratsa da langile klasea sektore horietan sindikatu gisa antolatu ahal izateko. Eta, nola ez, LAB langile hauen guztien bidelagun izango da.

Izan ere, lan-harreman horien gai praktikoak jorratzeko konpromiso irmoa dugu, hala nola, harreman horien arau-esparrua definitzea. Dagoeneko proposatu genuen figura hori Bizkaiko Ostalaritzaren Hitzarmen Kolektiboan sartzea, baina, ez patronalak ez gainerako sindikatuek ere, ez zioten behar horri erantzun. Hala, epai honek hauspotuta, sektoreari lege-esparru bat emateko borrokan jarraituko dugu indartsu.

Bizkaiko Glovoko langileen lan harremanaren aitortza mugarri bat da, plataforma baten bidez lan egiten duten langile guztientzat #LortuDugu

Bilboko 11. epaitegiak Bizkaiko ia 300 langileren lan-harremana aitortzen duen epaia eman du, eta Lan Ikuskaritzak ezarritako aldiak kotizatzera behartu du enpresa, 343.814,44 euro alegia.

Horrelako lehen epaia da Euskal Herrian, eta irmotasunaren zain, mugarri bat da. Ez bakarrik Golvoko langileentzat, baita plataforma baten bidez lan egiten duten langile guztientzat ere. Lehen urratsa da kolektibo horiek duten babesgabetasun egoera iraultzeko bide luze batean. Langile klasea sektore horietan sindikatu gisa antolatu ahal izateko lehen urratsa, eta hor egongo da LAB.

Lan-harreman horien gai praktikoak jorratzeko konpromiso irmoa dugu, hala nola harreman horien arau-esparrua definitzea. Dagoeneko proposatu genuen figura hori Bizkaiko Ostalaritzaren Hitzarmen Kolektiboan sartzea, eta ez patronalak ez gainerako sindikatuek ez zioten behar horri erantzun. Sektoreari lege-esparru bat emateko borrokan jarraituko dugu.

Azkenik, Ministroen Kontseiluak hurrengo egunetan izapidetzen hasiko dena “Rider Legea”rekiko posizioa hartu nahi dugu. Zuzenean interpelatu nahi ditugu Eusko Legebiltzarra osatzen duten alderdi politikoak, asmo handiagoko erregulazio baten aldeko jarrera har dezaten, uberizatutako sektore guztiak kontuan hartuko dituena.

Iñigo Alonso, LABeko Zerbitzu Pribatuetako kidea

Mobilizazio eta borrokarekin gehiago lor zitekeen Gipuzkoako kale garbiketan

Gure susmoak bete dira. Gehiengoa duen sindikatuak patronalaren ultimatuma onartzearen alde agertu da. Aipatu genuen bezala, edukiak ez dira txarrak, baina, gure ustez, hobetzeko tartea zegoen, kolektibo honek borrokarako duen gaitasunean sinisten dugulako.

Asteartean, maiatzaren 4ean egindako interesindikalean, hala proposatu genien gainontzeko sindikatuei, ultimatumei muzin egin eta borrokaren eta mobilizazioen bideari elkarrekin eustea.

Ezin izan dugu konprobatu ordea, bide horrek zein aurrera pauso izan zitzakeen. Izan ere, borrokarik gabeko eskaintzaren alde agertu baita gehiengoa. Hau ikusirik, dagokigun arduraz jokatu eta kolektiboari lan baldintzak gaurkotzearen alde agertuko gara hitzarmena sinatuz. Esan bezala, edukiak onak direlako eta hurrengoetarako posizio hobean kokatzen gaituelako.

COVID Iraunkorra sufritzen duten pertsonentzat bideratutako gida bat prestatu dugu

Mundu mailako pandemia deklaratu zenetik urtebete baino gehiago igaro ondoren, pixkanaka, covid-19ren ondorio berri eta gogorrak aurkitu ditugu. Horietako bat COVID Iraunkorra edo Long COVID izenekoa da. Estatuko osasun-agintariek aitortzen duten bezala, birusaren sintomak dira, eta luzaroan iraun dezakete.

Long Covidaren inguruko ebidentzia zientifikoa egon arren, eta Osasunaren Mundu Erakundeak berak patologia hori onartu arren Gaixotasunaren Nazioarteko Kodea emanez (CIE 11), autoritate sanitarioek gaur gaurkoz ez dute pausu erabakigarririk eman gaixotasun honen aitortzan.

Horren guztiaren ondorioz, urte bateko baja izatera iristen diren kasuak aurkitzen ari gara, eta beraz, baja hori Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren (GSIN) mende dago. Erakunde horrek erabakitzen du zer egin baja horrekin. Egoera honek sortzen duen babesgabetasunaren eta ziurgabetasunaren aurrean, ezinbestekoa egiten da ekintza sindikal eta sozialean sakontzea; gaixotasunaren onarpena, ikerketa gehiago garatzea, tratamenduan aurrepausoak ematea… funtsezkoak dira.

Bide horretan, LAB Sindikatuak Long COVID edo COVID Iraunkorra sufritzen duten pertsonentzat bideratutako gida bat prestatu du. Zentzu horretan, sindikatuaren eta gidaren bokazioa gaixotasun hau pairatzen duten langileentzat tresna eraginkor bat izatea da.

Lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintzen eta lan egiteko moduen emaitza dira

Beste lan heriotzaren berri izan dugu. Getariako Indaux enpresako 34 urteko langile bat larunbatean izan zuen lan istripuak eragindako zaurien ondorioz zendu da.

Odolusteak ez du etenik , 2021 urtea hasi denenetik, gutxienez 20 langilek bizitza galdu dute lanean edo lanaren ondorioz, laneko istripu hilgarrien tasa urtetik urtera handitzen ari da. Gainera, ezin dugu ahaztu Joaquin Beltran Zaldibarko zabortegian desagertuta dagoela duela 15 hilabetetatik.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu hildako langilearen familia eta gertukoei .

Gaur gertatutakoa ez da berria. Urtero istripu hilgarrien %20a inguru harrapaketengatik edo kolpe bidez izaten dira, baina hau ezaguna izan arren, enpresetan ez dituzte neurriak hartzen honelako istripuak berriro gerta ez daitezen.

Administrazio publikoek jarraitzen dute langileen segurtasuna eta osasuna serioan hartu gabe. Enpresetan prebentzio legeak eta prebentzio neurriak betetzen direla jakiteko ez dute kontrolik egiten. Horren erakusgarri laneko istripuak eta heriotzak.

Argi daukagu lan istripuak ez direla zoriak edo kasualitateak sortuak, ematen diren lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren, segurtasun neurrien faltaren eta azpi- kontratazioaren emaitza dira. Administrazio publikoei exigitzen diegu istripua iker de- zatela, arduradunak seinalatzea eta egindakoagatik ordainaraztea.

Langileok bizi ahal izateko egiten dugu lan eta ez ahalegin horretan bizia galtzeko. Langile bat hiltzea ez da lanaren ezaugarri bat. Lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza kaskarrak eta lan egiteko moduen emaitza dira.

LAB sindikatutik argi dugu, bizi eta lan duinak behar ditugu, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu. Badakigu norbanakoena, familiena eta gizarte osoarena den gaitz honekin bukatzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza direla, lan harremanen eta joko arauen aldaketatik etorriko dela aldaketa. Eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena. LAB sindikatutik lanean eta borrokan jarraituko dugu langileon eskubide , segurtasun eta osasunaren alde.

Inaux-eko enpresa batzordeak, ostirala, bi elkarretaratze deitu ditu, biak 12etan, bata Getariako frontoian eta bestea Indaux enpresak Aian duen lantokiaren pareko rotondan. Dei egiten diogu langile klaseari salatze mobilizazioetan parte hartzera.