2026-06-17
HomeZerbitzu PribatuakGarbiketaGasteizko Udalak azpikontratetako langileak ahaztu ditu berriro

Gasteizko Udalak azpikontratetako langileak ahaztu ditu berriro

Gasteizko Udalak, txertaketa egiteko Lakua03ko pilotalekua Osakidetzari lagatu izanak, Lakuako frontoiaren kontrol eta garbiketa-zerbitzuko langileak langabeziara bidali ditu.

Joan den apirilean, Gasteizko Udalak Lakua03ko pilotalekua utzi zion Euskal Osasun Zerbitzuari, Arabako Covid-19aren aurkako txertaketa-kanpainaren erreferentzia gune bezala prestatzeko. Modu horretan, Osakidetza instalazio osoa kudeatzera pasatu da.

Hori dela eta, frontoiaren kontrol eta garbiketa-zerbitzuaren enpresa emakidadunak, Disport Eki enpresak, aldi baterako enplegu erregulazio espediente bat aplikatu die instalazioan lan egiten duten kantxeroei. Hiru pertsona, inolako errurik izan gabe, langabeziara doazenak gutxienez 6 hilabetez. Gainera, soldata baxuak dituzten pertsonez ari gara, prekarietatea sendotzeko faktore bat.

Beste behin ere, udal-erakunde nagusiak, berri ere Udaleko azpikontratetako langileak ahaztu egin dituela ikusten dugu. Beste behin ere ikusten dugu administrazio batek langileak bazterrean uzten dituela.

Norbaitek pentsatu al du aldez aurretik pertsona horiei zer ondorio ekarriko zizkien instalazioa Osakidetzari lagatzeak? Zergatik ez zen Udaleko arduradun bat ere harremanetan jarri langileekin edo zerbitzuaren enpresa emakidadunarekin instalazioa lagatzeak izan zitzakeen ondorioez arduratzeko? Hain zaila izango zatekeen hiru pertsona horiek instalazioan lanean jarraitzea, egiten ari ziren lan gehienak eginez, hala nola instalazioa ireki eta ixtea, sarbidea kontrolatzea edo instalazioa garbitzea?

Horregatik, LAB sindikatutik Gasteizko Udalak duen planifikazio gabezia eta inprobisazioa salatu nahi dugu, baita zerbitzu publiko bateko azpikontratetako langileen babesgabetasuna ere.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea erretiratzeko eta azalpenak emateko eskatu diogu Tubacexeko zuzendaritzari

Gaur egin da Tubacexek Laudion eta Amurrion dituen lantegietarako planteatutako aldi baterako lan-erregulazioko kontsultaldiko lehen bilera. Zuzendaritzak ekoizpen- eta antolaketa-kausetan oinarritutako ABEEEa (Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea) jarri du mahai gainean, eta neurri hori justifikatzeko erabili nahi duen dokumentazioa entregatu du.

Eusko Jaurlaritzan hitzarmen berria negoziatzearen alde mobilizatu gara

Elkarretaratzeak egin ditugu Bilboko, Donostiako eta Gasteizko lan-zentroetan, eta administrazioari eskatu diogu benetako elkarrizketa ahalbidetu dezala.

Gernika-Lumoko Udalaren gardentasun eza salatzen dugu

Azken urtean, lana ahalik eta hobekien egin nahirik, LAB sindikatutik behin eta berriz eskatu diote Gernika-Lumoko Udalari langileen arloko hainbat gairi buruzko informazioa, hala nola kontratazioei, lan-poltsen erabilerari, lanpostuen estaldurari, funtzio-aldaketei edota giza baliabideen antolaketari buruzkoa.