2026-01-24
Blog Page 435

Sindikalki antolatzeko eskubidea ekarriko du Glovoko langileen lan harremanaren aitortzak, lan baldintzak duintzeko bidean #LortuDugu

“Alarma egoera pasatzen denean, aldatu beharko litzatekeena da, ahalik eta azkarren, lan harremana aitortzea definitiboki. ‘Cuenta ajena’ delako langileak garela onartzea, eta autonomoetan baja ematea behin betiko. Horrek sekulako hobekuntzak ekarriko lituzke, langile guztiek dituzten eskubide guztiak guk izatea: oporrak eta lan egutegia izatea, astean bat edo bi atseden egun hartzea edo sindikalki antolatzeko eskubidea. Laburbilduz, lan baldintzak duintzeko neurriak ezartzea, eta ostalaritzako hitzarmenean egoteko eskubidea bermatzea”.

LABeko kide eta Glovoko langile Klemen Celestinoren hitzak dira hauek, duela urtebete baino gehiago egindakoak, etxean konfinatuak ginenean, riderrak pandemia egoeran zein baldintzatan lan egiten ari diren galderari erantzunez. Bada, Klemen Celestinok igarlea bailitzan, patuak erabaki du alarma estatua bertan behera geratzeko bezperan etortzea Bilboko 11. epaitegiaren epai garrantzitsua: Bizkaiko Glovoko ia 300 langileren lan-harremana aitortzen duen epaia, alegia.

Hain zuzen ere, riderren aldarriei bide emateko aukera emango du joan den ostiraleko erabakiak, mugarri bat izango da; eta ez bakarrik Glovoko langileentzat, baita plataforma baten bidez lan egiten duten langile guztientzat ere. Lehen urratsa da kolektibo horiek duten babesgabetasun egoera iraultzeko; lehen urratsa da langile klasea sektore horietan sindikatu gisa antolatu ahal izateko. Eta, nola ez, LAB langile hauen guztien bidelagun izango da.

Izan ere, lan-harreman horien gai praktikoak jorratzeko konpromiso irmoa dugu, hala nola, harreman horien arau-esparrua definitzea. Dagoeneko proposatu genuen figura hori Bizkaiko Ostalaritzaren Hitzarmen Kolektiboan sartzea, baina, ez patronalak ez gainerako sindikatuek ere, ez zioten behar horri erantzun. Hala, epai honek hauspotuta, sektoreari lege-esparru bat emateko borrokan jarraituko dugu indartsu.

Bizkaiko Glovoko langileen lan harremanaren aitortza mugarri bat da, plataforma baten bidez lan egiten duten langile guztientzat #LortuDugu

Bilboko 11. epaitegiak Bizkaiko ia 300 langileren lan-harremana aitortzen duen epaia eman du, eta Lan Ikuskaritzak ezarritako aldiak kotizatzera behartu du enpresa, 343.814,44 euro alegia.

Horrelako lehen epaia da Euskal Herrian, eta irmotasunaren zain, mugarri bat da. Ez bakarrik Golvoko langileentzat, baita plataforma baten bidez lan egiten duten langile guztientzat ere. Lehen urratsa da kolektibo horiek duten babesgabetasun egoera iraultzeko bide luze batean. Langile klasea sektore horietan sindikatu gisa antolatu ahal izateko lehen urratsa, eta hor egongo da LAB.

Lan-harreman horien gai praktikoak jorratzeko konpromiso irmoa dugu, hala nola harreman horien arau-esparrua definitzea. Dagoeneko proposatu genuen figura hori Bizkaiko Ostalaritzaren Hitzarmen Kolektiboan sartzea, eta ez patronalak ez gainerako sindikatuek ez zioten behar horri erantzun. Sektoreari lege-esparru bat emateko borrokan jarraituko dugu.

Azkenik, Ministroen Kontseiluak hurrengo egunetan izapidetzen hasiko dena “Rider Legea”rekiko posizioa hartu nahi dugu. Zuzenean interpelatu nahi ditugu Eusko Legebiltzarra osatzen duten alderdi politikoak, asmo handiagoko erregulazio baten aldeko jarrera har dezaten, uberizatutako sektore guztiak kontuan hartuko dituena.

Iñigo Alonso, LABeko Zerbitzu Pribatuetako kidea

Mobilizazio eta borrokarekin gehiago lor zitekeen Gipuzkoako kale garbiketan

Gure susmoak bete dira. Gehiengoa duen sindikatuak patronalaren ultimatuma onartzearen alde agertu da. Aipatu genuen bezala, edukiak ez dira txarrak, baina, gure ustez, hobetzeko tartea zegoen, kolektibo honek borrokarako duen gaitasunean sinisten dugulako.

Asteartean, maiatzaren 4ean egindako interesindikalean, hala proposatu genien gainontzeko sindikatuei, ultimatumei muzin egin eta borrokaren eta mobilizazioen bideari elkarrekin eustea.

Ezin izan dugu konprobatu ordea, bide horrek zein aurrera pauso izan zitzakeen. Izan ere, borrokarik gabeko eskaintzaren alde agertu baita gehiengoa. Hau ikusirik, dagokigun arduraz jokatu eta kolektiboari lan baldintzak gaurkotzearen alde agertuko gara hitzarmena sinatuz. Esan bezala, edukiak onak direlako eta hurrengoetarako posizio hobean kokatzen gaituelako.

COVID Iraunkorra sufritzen duten pertsonentzat bideratutako gida bat prestatu dugu

Mundu mailako pandemia deklaratu zenetik urtebete baino gehiago igaro ondoren, pixkanaka, covid-19ren ondorio berri eta gogorrak aurkitu ditugu. Horietako bat COVID Iraunkorra edo Long COVID izenekoa da. Estatuko osasun-agintariek aitortzen duten bezala, birusaren sintomak dira, eta luzaroan iraun dezakete.

Long Covidaren inguruko ebidentzia zientifikoa egon arren, eta Osasunaren Mundu Erakundeak berak patologia hori onartu arren Gaixotasunaren Nazioarteko Kodea emanez (CIE 11), autoritate sanitarioek gaur gaurkoz ez dute pausu erabakigarririk eman gaixotasun honen aitortzan.

Horren guztiaren ondorioz, urte bateko baja izatera iristen diren kasuak aurkitzen ari gara, eta beraz, baja hori Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren (GSIN) mende dago. Erakunde horrek erabakitzen du zer egin baja horrekin. Egoera honek sortzen duen babesgabetasunaren eta ziurgabetasunaren aurrean, ezinbestekoa egiten da ekintza sindikal eta sozialean sakontzea; gaixotasunaren onarpena, ikerketa gehiago garatzea, tratamenduan aurrepausoak ematea… funtsezkoak dira.

Bide horretan, LAB Sindikatuak Long COVID edo COVID Iraunkorra sufritzen duten pertsonentzat bideratutako gida bat prestatu du. Zentzu horretan, sindikatuaren eta gidaren bokazioa gaixotasun hau pairatzen duten langileentzat tresna eraginkor bat izatea da.

Lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintzen eta lan egiteko moduen emaitza dira

Beste lan heriotzaren berri izan dugu. Getariako Indaux enpresako 34 urteko langile bat larunbatean izan zuen lan istripuak eragindako zaurien ondorioz zendu da.

Odolusteak ez du etenik , 2021 urtea hasi denenetik, gutxienez 20 langilek bizitza galdu dute lanean edo lanaren ondorioz, laneko istripu hilgarrien tasa urtetik urtera handitzen ari da. Gainera, ezin dugu ahaztu Joaquin Beltran Zaldibarko zabortegian desagertuta dagoela duela 15 hilabetetatik.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu hildako langilearen familia eta gertukoei .

Gaur gertatutakoa ez da berria. Urtero istripu hilgarrien %20a inguru harrapaketengatik edo kolpe bidez izaten dira, baina hau ezaguna izan arren, enpresetan ez dituzte neurriak hartzen honelako istripuak berriro gerta ez daitezen.

Administrazio publikoek jarraitzen dute langileen segurtasuna eta osasuna serioan hartu gabe. Enpresetan prebentzio legeak eta prebentzio neurriak betetzen direla jakiteko ez dute kontrolik egiten. Horren erakusgarri laneko istripuak eta heriotzak.

Argi daukagu lan istripuak ez direla zoriak edo kasualitateak sortuak, ematen diren lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren, segurtasun neurrien faltaren eta azpi- kontratazioaren emaitza dira. Administrazio publikoei exigitzen diegu istripua iker de- zatela, arduradunak seinalatzea eta egindakoagatik ordainaraztea.

Langileok bizi ahal izateko egiten dugu lan eta ez ahalegin horretan bizia galtzeko. Langile bat hiltzea ez da lanaren ezaugarri bat. Lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza kaskarrak eta lan egiteko moduen emaitza dira.

LAB sindikatutik argi dugu, bizi eta lan duinak behar ditugu, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu. Badakigu norbanakoena, familiena eta gizarte osoarena den gaitz honekin bukatzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza direla, lan harremanen eta joko arauen aldaketatik etorriko dela aldaketa. Eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena. LAB sindikatutik lanean eta borrokan jarraituko dugu langileon eskubide , segurtasun eta osasunaren alde.

Inaux-eko enpresa batzordeak, ostirala, bi elkarretaratze deitu ditu, biak 12etan, bata Getariako frontoian eta bestea Indaux enpresak Aian duen lantokiaren pareko rotondan. Dei egiten diogu langile klaseari salatze mobilizazioetan parte hartzera.

Aroztegiko lanak guztiz gelditzeko exijitu dugu, legez kanpokoak baitira

Aroztegiko lanak, Baztan ibarrean -Lekarozen, zehazki- espekulazio bat suposatzen dutenak, pelotazourbanistikoa dira bete-betean. Aroztegia eskuinaren proiektu turistikoa da enpresaburuen mesederako egina: luxuzko hotela, 200 hektareako golf zelaia eta 228 etxebizitza.

Eskuindarren proiektu guztietan bezala, interes alderdikoiak (NA+, Geroa Bai eta PSN) eta enpresa-interesak (Aroztegia Jauregia, S.L.) nahasi egiten dira, eta, azkenean, demokraziari berari gailentzen zaizkio, baita inguruko auzotarren borondate herrikoiari ere, gehienak Aroztegia proiektuaren aurka agertu baitziren herri kontsultan. Barkos (Geroa Bai) eta Txibiteren (PSN) gobernuek, beti Barcinaren (UPN) interes ilunei jarraituz, proiektu hau onartu eta garatu dute horretarako Udalez Gaindiko Proiektu Sektorial bat erabiliz (UGPS). UGPS hori planifikazio exekutiborako tresna bat da, proiektu horiek ukitzen dituzten udalerriei eta beren erakundeei proiektuak batere oztoporik gabe inposatzeko.

Covid-19k eragindako osasun eta gizarte krisiak agerian utzi ditu sistema kapitalistaren gabeziak, planetarentzako garapen ez-iraunkorraren eredua; gure herriak, haien zerbitzuak eta gure bizitzako esparru guztiak merkataritza-gai bihurtzen dituen kontsumo eredu bat. Alde horretatik, Aroztegia proiektuak arrisku eta kalte sozio-ekonomiko handiak ditu lurralde eta biztanleendako: euskararen erabilera murriztea, prezioak gehitzea, zerbitzu eskasak izatea, ur eta energia kontsumo handia, turismoaren menpeko tokiko ekonomia, lanpostu prekarioak sortzea…

Hori guztia ulertzeko datu bat: Lekarozen, 350 biztanleko herri batean, 228 etxebizitza eraiki nahi dituzte 750 turistarendako. Horrek bertze herri bat sortzea eta egungo errealitatea erabat aldatzea dakar. Ikuspegi horretatik, Aroztegia ez da NA+, PSN eta Geroa Bai-k besarkatua duten kapitalismo berdea ere. Ez trantsizio energetikorik, ez ekologikorik, ez antzekorik. Betikoa, betikoendako, betikoen kontura.

OBRAS Y SERVICIOS TEX SL enpresak lanak hasi zituen, nahiz eta Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiak baldintza-agiria bertan beherautzi zuen eta esleitzeko prozedurarekin jarraitzeko ezintasuna adierazi zuen.

LAB sindikatuak bere garaian erreklamazio bat aurkeztu zuen Nafarroako Kontratu Publikoen Auzitegian, Aroztegia proiektua urbanizatzeko obren baldintza-agiri erregulatzailearen aurka. Izan ere, baldintza-agirian ez dira zehazten zein diren irizpide sozialak baloratzeko esleipenerako irizpideak, eta, beraz, legez kontrakoak dira, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 2.3 eta 64.6 artikuluak ez betetzeagatik.


Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiaren uztailaren 23ko 64/2019 ERABAKIAREN bidez, LAB sindikatuak aurkeztutako erreklamazioa ebatzi zen, baldintza-agiria bertan behera utzi zen eta esleipen-prozedurarekin jarraitzea ezinezkoa zela adierazi zen.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salak lehengo auzitegi horren akordioa berretsi zuen 2020ko ekainaren 15eko 137/2020 epaiaren bidez,  deuseztatzeko erabakiaren aurka bertze aldeak jarritako errekurtsoa ezetsiz.

2021eko martxoaren 18an zuinketa-akta sinatu zen (obrak hasteko dokumentua), eta adierazi zen OBRAS Y SERVICIOS TEX SL enpresa adjudikazioduna dela, Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiaren uztailaren 23ko 64/2019 erabakiaren bidez baliogabetutakobaldintza-agiri eta kontratazio prozedura hartan (2020ko ekainaren 15eko 137/2020 Epaiaren bidez berretsi zen baliogabetze hura).

Beraz, Zuzenbidearekin bat, onartezina da baldintza-agiria baliogabetua duten eta adjudikazioa geldiarazia duten obrak hastea.Ikuspuntu demokratikotik, eskandaluzkoa da Nafarroako Gobernuak eta TEX enpresak darabiltzen inpunitatea, legetik at dauden obrekin jarraituz eta konponezinak diren kalteak eraginez. Era berean, tamalgarria da CCOO sindikatuak bere egitea eskuin muturraren eta patronalaren kontakizuna, herritarrak errepresioaren erdian kokatu dituena. Enpresa, bai, bada erantzulea, eta hari zuzendu behar zaizkio legez kanpoko obra batzuk geldiarazi eta ez jarraitzeko.

Benetan deigarria da, eskandalua izateraino, enpresaburuek, legeak eta ebazpenak erabat betetzen ez dituztelarik, geldirik egon beharko luketen obra batzuekin libre eta zigorgabe jarraitzea. Eta hori guztia, Nafarroako Gobernuaren, patronalaren, poliziaren eta botere judizialaren arteko adostasun argian. Poliziak eta botere judizialak kapitalaren aginduei bakarrik erantzuten diete, protesta sindikalerako eskubidea erabiltzean sindikalistak atxilotzeko, edo herritarren borondatea defendatzen duten alkateak epaitzeko, kasu honetan gertatu zen bezala.

LAB sindikatuak txalotzen du herritarren ekimen eta protestei esker, makineria erretiratuta, jarraitu behar ez diren legez kanpoko obrak oraingoz geldiarazi izana.Lan hori, bide batezerranda, Administrazioari zegokion. Gainera, gure elkartasuna adierazten diegu Guardia Zibilaren jazarpena jasan duten pertsona guztiei; izan ere, poliziak despistatu samar ibili dira, eta atzendu dute legez kanpoko lan horiek gelditzea. Hortaz, LABek exijitzen du obrak behin betiko gelditzea, eta Zuzenbidearen aurkako obren hasieran tartean diren arduradun politikoei eta enpresaburuei eska dakizkiekeen erantzukizunak argitzea.

Era berean, LABek Nafarroako Gobernuari eskatzen dio Aroztegia proiektua amaitutzat eman dezala, inguruko biztanleek adierazitako borondate herrikoi eta demokratikoa kontuan harturik. Trantsizio eko-sozialista eta feminista abian jartzeko unea da, Baztanen lan eta bizitza duina bermatuko duten proiektuak, ingurunea zainduz eta inguruko behar eta errealitate sozio-ekonomikoaren arabera.

Azkenik, LABek bere atxikimendua erakutsi nahi dio maiatzaren 15erako Aroztak herri ekimenak antolatu manifestazioari (Elizondoko plazatik plazatik abiatuko da 17:30ean). LABek langile klaseari dei egiten dio Aroztegia proiektua behin betiko gelditzeko ekimenetan parte hartzera.

EAEko Hezkuntza Saileko sukaldari eta garbitzaileen beharrak kontuan hartuko dituen lan hitzarmenaren alde lan egingo dugu

Bilbo eta Donostiako Jaurlaritzaren ordezkaritzetan elkarretaratzea gauzatu dugu, Hezkuntza saileko sukaldari eta garbitzaileen lan hitzarmenaren negoziazioa seriotasunez har dezaten eskatzeko. Egun indarrean dugun Sukaldari eta Garbitzaileen lan hitzarmena 2009koa da.  Data horretatik hona, ikastetxeetako errealitatea zeharo aldatu da eta egoerari egokitzen zaion hitzarmena behar dugu. 

Beste aldetik, agerian utzi nahi izan dugu Administrazio publikotik kategoria baxuenean dagoen kolektiboa dela hau; beste esparru batzuetan, gainera, funtzio berdinekin beste kategoria batean kokatuta dagoena.

2018an, Irakaskuntzako gainontzeko kolektiboekin batera hainbat greba eta mobilizazio dinamika luzearen ondoren, akordioa sinatu genuen. Horretan, aurrerapausu nabarmenak lortu ziren kolektiborako eta lan hitzarmen berria negoziatzeko oinarria jarri zen. Hala ere, salatu behar dugu kolektibo hauetan akordioan sinatutako ordezkapenen puntua ez dela betetzen ari, esaterako ordezkapenak ez baitira egiten ari.

Ikasturte honetan hezkuntza publikoan lan hitzarmen berrien negoziazioa abiatu da,  Irakasleena, hezkuntza laguntza espezialistena eta Haurreskolak Partzuergoarena. Behin eta berriz eskatu ostean, lehengo mahaia  astelehenerako, hilak 10, deitu dute, azkenak gara eta ez da kasualitatea!,  Kolektibo feminizatuena gara; bataz besteko adina oso altua duena. Halaber, pandemia garaian oinarrizko zerbitzua izendatu gaituzte eta greba egunetan %100eko gehiegizko zerbitzu minimoak dituen kolektibo bakarra izan gara. Akaso Hezkuntza Sailak zerbitzuetako pribatizazioan sakontzea du helburu?

LABek lan hitzarmen berria behar dugula argi du, urteetan aldarrikatzen ari garen gaiak landu eta negoziatu behar dira, besteak beste:

  • Kolektiboaren aitortza
  • Urteetan eman den zerbitzu hauen pribatizazioarekin bukatu  
  • Langileen egonkortasuna eta kontsolidazio prozesua.
  • Kolektiboetako funtzioak definitu eta aitortu
  • Metrajeak eta ratioak jaitsi
  • Jubilazio pizgarriak behar ditugu.
  • Langileen formazioa eta kolektiboaren euskalduntzea
  • Lanpostuen balorazioak, gaixotasunak eta istripuak saihestea, lanpostuen egokitzapena

Gauzak horrela, LAB sindikatuak kolektibo hauen beharretara egokitutako lan hitzarmen duina lortzeko bidea egingo du, langileen ekarpenak jaso eta mahaietara eramanez.

“Osakidetzak eta garbiketa enpresek gure lana aintzatestea eskatzen dugu”

Osakidetzako garbitzaileak euren lan baldintzen defentsan mobilizatu dira. Hain zuzen ere, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ospitaleetan elkarretaratzeak egitera deitu dugu LAB, ELA, UGT, CCOO eta ESK sindikatuok, maiatzaren 27rako iragarritako grebaren aurrekari, Osakidetzaren mendeko zentroetako garbitzaileek bizi duten egoera ikustarazteko. “Funtsezkoak bagara, lan-baldintza duinak nahi ditugu”, nabarmendu dute.

Garbitzaileen hitzetan, “2020ko martxotik ari gara lehen lerroan, osasun-jarduera garatzeko aukera ematen, gure eta gure ingurunearen osasuna arriskuan jarriz. Hala ere, gure lanaren funtsezkotasuna aitortu arren, ez da konpentsatu baldintza duinekin. Ezin gara txalo eta txalo zaparradekin konformatu. Osakidetzak eta garbiketa enpresek gure lana aintzatestea eskatzen dugu”.

Langabezian dauden pertsonen gehiengoak ez du prestaziorik jasotzen

Langabeziak apirilean izan duen bilakaerak atseden txiki bat eman du Hego Euskal Herrian. Enplegu zerbitzu publikoek zabaldutako datuen arabera, 3.781 pertsona gutxiago daude langabezian.

Hileroko hobekuntza lurralde guztietan nabaritu da, bi sexuetan, baita 25 urtetik beherakoen artean ere, baina ahulago. Hala ere, lasaitasun hori ez da batere kontsolagarria langabezian jarraitzen duten 168.727 pertsonentzat eta ezta oraindik enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente egoeran dauden 32.474 langileentzat.

Bestalde, gogoratu behar da iazko otsailetik (birusa agertu aurreko azken erregistroa) 17.513 langabe gehiago daudela Hego Euskal Herrian, hau da, %11,6 gehiago. Dena den, beti bezala, belaunaldi gazteenek izan dute kolperik gogorrena, gazteen langabezia %35 baino gehiago hazi baita pandemiaren hasieratik.

Hemendik aurrera, enplegua sortzen modu iraunkorrago baten sortzen hasiko da ziurrenik, batez ere txertaketak aurrera egin eta azken mendeko kolapso ekonomiko handiena eragin duten inguruabarrak gainditu ahala, baina oraindik izango dituzu estropezu eta atzerakadak.

Nolanahi ere, garrantzitsua da aurreko finantza-krisiaren irteeran gertatu zen gauza bera gertatzea saihestea. Orduan, susperraldi ekonomikoaren kostua langileriak jasan zuen, 2012ko lan-erreformaren babesean soldata jaitsiera handiak eta lan-baldintzen okertze larria jasan baitzituen, eta muturreko kasuetan lan-esklabotzarekin alderatu zitezkeen egoerak gertatu ziren.

Duela ia hamarkada bat ezarritako lan-neurri gogor haiek oraindik indarrean jarraitzen dute. Bitartean, krisiaren luzapenak eragindako beste kezka-faktore bat iraupen luzeko langabeziaren igoera da, eta horrekin batera langabeziagatiko prestazioen amaiera.

Gaur egun, guztira, 77.741 pertsona daude langabezia-prestazioen onuradun, enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente egoeran daudenak barne. Baina prestazioen %58 baino ez dira kotizaziopekoak, eta gainerakoek 452 euro baino gutxiagoko laguntza-prestazioa jasotzen dute, batez beste.

Era berean, salatu behar dugu ofizialki 114.700 pertsona daudela langabezian eta, hala ere, ez dutela inolako langabezia- prestaziorik jasotzen, beren prestazioak agortu dituztelako edo prestazioak jasotzeko legezko eskubiderik sortu ez dutelako.