2026-04-21
Blog Page 434

Kontzentrazioa egin dugu Galdakaoko anbulategian lehen mailako arretako zentroetako egoera jasanezina salatzeko

Aurtengo udan, berriro ere, Osakidetzako anbulatorioak eta osasun-zentroak muturreko egoera pairatzen ari dira, langile faltaren eta lan-kargen igoeraren ondorioz. Izan ere, kasu askotan, biztanleek ospitale-larrialdietara jo behar izaten dute, beren erreferentziazko osasun-zentroetan ezin izaten dutelako arreta normalizatua jaso. Pediatriako arretaren kasuan, kaosa are handiagoa da.

Egoera larriaren aurrean, kontzentrazioa egin dugu Galdakaoko anbulategian. Berau aukeratu dugu hiru lurraldeetako Osakidetzako zentro gehienetan bizi den egoeraren adibide gisa. Bertan, erizaintzako eta medikuntzako langileak falta dira, bajan edo oporretan daudelako, eta ez da ordezkapen bakar bat ere egin; beraz, erizaintzako eta medikuntzako agendak behartuta daude; ohiko lanaz gain, gero eta PCR gehiago kudeatu behar dira, eta, beraz, egoera jasanezina da. Barakaldoko Zaballako anbulatorioan, 8 medikuetatik 3 bakarrik egon dira lanean ordezkapenik ez zegoelako, eta erabiltzaileek egunero deitu behar zuten ea zorterik zegoen, eta egun horretarako hitzordua lortzen zuten. Eta horrela, ESIz ESI eta lurraldez lurralde jarrai genezake.

Koktela lehergarria da. Kolapsoaren ertzean dagoen lehen mailako arretari udan langilerik ez izatea gehitzen badiogu, kontrataziorik ez dagoelako eta ordezkatzeko langilerik ez dagoelako, eta COVIDek eragindako lan-kargaren igoera gehitzen badiogu, emaitza negargarria da.

Ildo horretan, salatu nahi dugu egoera honek eragin larria duela jada oso prekarizatuta dauden langileen lan-baldintzetan, eta era berean, osasun-zentro batera joan behar duten herritarren asistentzia-kalitatearen galera eragiten duela.

Beste behin ere, argi dago Osakidetzako zuzendaritzaren aurreikuspenik eza; izan ere, lehen mailako arretarako ibilbide-orri argirik ez dagoenez, beste behin ere neurriak inprobisatzea eta premiazko eta sakoneko neurriak behar dituen egoerari partxeak jartzea erabaki du. Izan ere, martxan jarritako neurri bakarra, hain zuzen ere, anbulatorioen ordutegia murriztea izan da, arratsaldeko 5ak arte soilik irekita egonda, lan-baldintzen prekarietatea areagotuz, baldintza kaskarrak jasaten dituzten langileen presioa areagotuz, eta herritarrei osasun-arreta murriztuz, hain zuzen ere, COVIDeko boskarren olatu baten erdian.

Uda guztietan errepikatzen den egoera hau ez da koiunturala, estrukturala baizik. Urteak daramatzagu salatzen lehen mailako arreta bertan behera utzi dela eta estrategia bat behar dela dituen gero eta arazo handiagoei aurre egiteko; baina Osakidetzak, bere diskurtso mediatikoetatik harago, ez du mahai gainean jartzen lehen mailako arretarako eredu alternatiborik, egungo parametroekin eta euskal jendartearen beharrekin bat datorrena.

Gaur egun, lehen mailako arreta noraezean dabilen itsasontzia da, ESI bakoitza eta ia zentro bakoitza bere kasa abandonatu dago, kaosa da nagusi eta eskaintzen den osasun-arreta aurrera ateratzen da langileen borondate onari esker. Biztanleek zita bat lortzeko borrokatu behar dute, eta anbulatorioetako langileek eskura dituzten baliabide urriekin atera behar dute aurrera lana. Hori guztia tentsio eta amorru handia sortzen ari da, eta, ondorioz, erabiltzaileen eta Osakidetzako langileen arteko liskarrak ugaritzen ari dira, mota guztietako erasoak biderkatuz.

LABek premiazko eta epe luzeko neurriak eskatzen dizkie Osakidetzako zuzendaritzari eta Osasun Sailari, lehen mailako arretaren egoera bideratzeko. Lehen mailako arretaren eredu berri baten aldeko apustu serioa egiteko garaia da, eremu horrek behar dituen baliabideak ziurtatuz. Honekin batera, Enplegu Plan Estrategikoa egiteko garaia ere bada, langile faltarekin, prekarietatearekin eta %40ko behin-behinekotasunarekin behingoz amaitzeko.

USOAko gerentzia eta arduradun politikoen jarrera manipulatzailea salatzen dugu

Irmotasunez salatu nahi dugu Barakaldoko USOA tailerreko kudeatzaile eta arduradun politikoak (EAJ-PSOE) manipulatzen ari direla.

USOAko langileentzako hitzarmen-aurreakordio bat lortu ondoren, gerentziak nahi zuen, sinaduraren truke, uko egitea plantillaren zati batek duen eskubideari, hots, udaleko langileei aplikatzen zaien soldata-igoerari. Gai hori ez zen eztabaidatu negoziazioetan, eta, beraz, gerentziaren inposizioa eta itxikeria ikusita, LABen atal sindikalean erabaki genuen gure sinadura aurreakordio horretatik kentzea. LABek gehiengo absolutua du USOAko enpresa batzordean.

LABi ez zaio uzten langileekin lanorduetan hitz egiten, baina langileen eskubideei uko egitearekin aurreakordioa babesten duten sindikatutako ordezkariei lanpostuetatik joaten utzi zitzaien, aurre-akordiora atxikitzeko sinadura eskatuz, langileei horrek zer esan nahi zuen azaldu gabe.

USOAko gerentziak eta arduradun politikoek aurreko astean esan ziguten negoziatzeko prest zeudela, betiere aurreikusitako mobilizazioak bertan behera uzten baditugu, eta uko egiten diogu horri. Bilera horiek egiten ari ginen egunean bertan, haien eskakizuna berretsi ziguten, eta hainbat komunikabidetan agertu ziren haien manipulazioak. Horrek esan nahi du haien helburu bakarra mobilizazioak desaktibatzea zela, eta ez USOAko langileen eskubideak errespetatuko dituen akordio batera iristea.

LABek ez dio uko egingo soldatak parekatzeko helburuari, ezta USOAren plantillak dituen eskubideak ezabatzeari ere, gerentziari eta arduradun politikoei akordioaren lorpenaren eta lan-gatazkaren amaieraren argazkia errazteko.

Zaldibar Argitu eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta Zaldibarko hondamendiaren kasutik kanpo utzi dituzte

Zaldibar Argituk eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Zaldibarko hondamendiaren kasuan, langileen eskubideen aurkako deliturik egon den argituko duen prozedimentutik kanpo utzi gaituztela salatu nahi dugu.

Apirilaren 30ean, Zaldibarko hondamendian langileen eskubideen aurka deliturik egon zen argitzeko kausatik kanpo utzi gintuzten eta maiatzaren 11ean helegitea aurkeztu genuen. Orain berriro ere langileon eskubideak defendatzeko herri akusazio gisa aurkezteko eskubiderik ez dugula esan digute. Baina juridikoki ez dago arrazoi nahikorik prozedimentu honetatik kanpo uzteko:

– Autoaren arabera, interes gehigarri berezia akreditatu behar da, baina hori ez dago inon horrela araututa.

– Delitu publiko baten aurrean gaude eta gu herritarrak garen heinean, herri akusazio gisa aurkezteko eskubidea dugu.

Gertaera honen, eta orokorrean Zaldibarren gertatutako guztiaren atzean, argitu gabeko auzi asko daude. Eusko Jaurlaritzaren eta enpresa pribatuen arteko harreman eta interes ilunak, langileon segurtasunaren eta eskubideen urraketak, ingurumenaren kontrako jarduerak… Gertatutakoaren aurrean, inork ez du erantzukizunik beregain hartzen; ez enpresak, ez Eusko Jaurlaritzak. Horregatik ezinbestekoa da herri akusazio indartsu bat izatea, eta hain zuzen ere horregatik utzi gaituzte kanpoan, ez dutelako inongo interesik benetan gertatu zena argitzeko.

Zaldibar Argitu eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun eragileok Zaldibarko hondamendia argitzeko borrokan dihardugu, eta Zaldibarko kasuaren atal honetan edo ingurumen delituaren atalean, horretan jarraituko dugu.

Langileak, osasuna eta erantzukizunak ORAIN!

Fiskaltzak ikerketa zabaldu du Hondaleako lanen esleipen prozesuan salatu genituen ustezko irregulartasunen ondoren

Santa Klara uharteko lanen esleipenean ustez epiniko irrepulartasunak aurkitu ondoren, joan den ekainean Donostiako LABeko Sail Sindikaletik eskuraturiko informazioa Eneko Goia alkatearen eta Fiskaltzaren eskuetan utzi genuen, hauek hartu behar ziren neurriak har zitzaten. Eneko Goia alkateak horretarako inolako arrazoirik ez zuela ikusten esan zuen arren, Fiskaltzak diligentziak zabaltzea erabaki du.

Bi delitu identifikatu genituen Udalaren kudeaketa lanean eta Gipuzkoako Fiskaltzaren eskuetan utzi genituen. Batetik, ustez LKS eta Fhecor enpresek Fizkaziorik gabe eskuratu zutela eraikina birgaitzeko exekuzio proiektua idazteko eta zuzendaritza teknikoa egiteko lana. Funtzio horretatik. gerora Moyua enpresak gastuetan egindako %23ko gainkostuei onespena eman zieten enpresa horiek, Donostiako proiektu eta obren departamenduko zuzendaritzaren oniritziarekin. Hori da txostenak jasotzen duen lehen irregulartasuna.

Eneko Goia Donostiako alkateak adierazi zuen Hondalea proiektuan, hiriko beste proiektuetan bezala, ezarrita dauden prozedurak gauzatuz jardun dela. Udal Gobemuak lehiaketari eta esleipenari buruz emandako ebazpenen bidez. eta inoiz ez dela egon idazkariaren eta kontu-hartzailearen txostenik horren aurka. Beraz, Eneko Goia alkatearen ustez, eragin behar diguten lege-aginduak iarraitzen dira. Udala gardena dela eta Fiskaltzak eskatzea erabakiko balu, beharrezko espedienteak helaraziko zizkiotela adierazi zuen. Gauzak horrela, alkateari lanean jartzeko ordua iritsi zaio. Juan Calparsoro Fiskalak LABen salaketari garrantzia eman eta ikerketarako diligetziak irekitzea erabaki baitu.

Izan ere. Proiektu Bateratuaren exekuzio prciektuaren idazketa eta birgaitzerako zuzendaritza teknikorako lank egiteko ardura LKS-Fhecorri lizitazionk gabe eman izana delitua izan liteke. Proiektua onartzeko bideratu zen txostena onartu zuen Udalak, baina bertan ez zen inolako zuzendaritzarako edota idazketarako adjudikaziorik finkatzen. Proiektu eta Obretako zuzendaritza izan zen egoera horretan lan hori LKS-Fhecorri tramitatu ziona. Horrez gain. LKS enpresak berak aitortu du lan hori Udalaren ‘enkarguz’ egin duela. LABen ustez, jokabide horren atzean zuzendaritza horren funtzioen abusua gertatu da, eta prebarikazioa ere izan liteke.

Bestalde, diru publikoaren erabilera okerra ere salatu dugu. Izan ere. LKS-Fhecorrek uharteko eraikinaren birgaitze Jana zuzentzeko lanaren gastua, Alfa Arte enpresak ordaindu duela jakin du LABek. Alfa Artek aurkeztu zuen proiektuan eta aurrekoan ordea, ez zegoen LKS-Fhecorrek egin zuzendaritza lana ordaintzeko diru partidarik. Alfa Artek bere diru partidatik gastu horiek ordaindu baditu, Proiektu eta Obretako zuzendaritzak hori egitea eskatu duelako izan omen da, eta gure ustez, bigarren irregulartasunaren aurrean gaude, Udal Aurrekontuaren diru publikoren erabilera okerra egin baita.

Gauzak horrela, Donostiako LABeko Sail Sindikalak eskatzen du Donostiako Udaleko Gobernu Taldeak gai honetan egin duen kudeaketa eta diru publikoaren erabilera okerra bertan ordezkatuak dauden talde politikoek ikertu dezatela eta hala balitz, ardura politikoak eska ditzatela.

Bilboko Argiak ABEEko langileen asanbladak borroka eredugarriaren ostean lortutako akordioa onartu du

Hainbat hilabetetako gatazkaren eta 95 eguneko grebaren ostean, Bilboko Argiak Aldi Baterako Enpresa Elkarteko (ABEE) langileak akordio batera iritsi dira eta grebari amaiera eman diote.

Bilboko Argiak enpresako langileek tinko jarraitzeko eta ahalik eta borroka aktiboena egindako apustua dela eta, Zuzendaritzak alde batera utzi behar izan du negoziatzeko borondaterik eza, eta, horren ondorioz, akordio bat lortu da, langileen lan-baldintzak nabarmen hobetzen dituena eta aldarrikapen nagusia jasotzen duena: kaleratutako lankidearen berronarketa.

Zuzendaritzaren jarrera itxiaz gain, LABek Bilboko Udalak eta, zehazki, EAJ buru duen Gobernu Taldeak gatazka honetan izan duten papera ere salatu nahi du. Gogoratu nahi dugu Bilboko Argiak Aldi Baterako Enpresa Elkartea (ABEE) Bilboko Udalaren azpikontrata bat dela. Bilboko Udalak bereari eutsi dio eta bizkarra eman die Bilboko Argiak ABEEko langileei beste behin ere.

LABetik argi daukagu borroka dela langileriak bere lanpostuak, lan-baldintzak eta ondorioz, bizitza duina defendatzeko duen bide bakarra. Bilboko Argiak-eko langileek egindako borroka eredugarria izan da, eta borroka horretan funtsezkoa izan da borrokan ari diren enpresa desberdinen arteko aliantza; ITP,Tubacex, Petronor, H&M… hainbat manifestazio egin dituzte Bilbon, gizartearen babes zabalarekin, eta, gainera, elkarri lagundu diogu unean uneko mobilizazioetan. Horiei guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu jasotako babesagatik, eta LABetik, bereziki, ITP eta Tubacex-eko langileei adierazi nahi diegu haiekin batera borrokan jarraituko dugula kaleratutako pertsona guztiak beren lanpostuetara berme guztiekin itzuli arte.

Azkenik, LABek bere poza helarazi nahi die langileei, lortutako akordio onagatik eta haiekin batera bidea egin ahal izateagatik. Gora langileon borroka!

Tubacexen negoziatzeko borondaterik eza eta Eusko Jaurlaritzaren arduragabekeria salatzen ditugu

Enpresa-batzordeak uztailaren 26an, astelehenean, egindako eskaerari erantzunez, enpresa-zuzendaritzak eta batzordeak bilera bat egin genuen. Bileran, Zuzendaritzak proposamen bat helarazi zuen, eta Batzordearen ustez ez zen nahikoa, kaleratzeei eusten baitzien.

Asteleheneko 10 orduko bilera antzerki bat baino ez zen izan, langileak eta iritzi publikoa engainatzen saiatzeko eta haien jarrera justifikatzeko, eta beste behin ere prestigioa kentzeko kanpaina bat jarri zen abian hainbat komunikabideren bidez. Tamalgarria da komunikabide gehienak patronalarekin lerrokatzea eta langileen arteko konfrontazioa bilatzea.

170 egun greban eman ondoren, enpresak duela urtebeteko asmo eta jarrera berarekin jarraitzen du. Enpresak ezer garrantzitsurik negoziatzeari uko egin dio eta greba bertan behera urteko eta kaleratzeko helburu bakarrarekin jarraitzen du. Ez du EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia onartzen eta Auzitegi Gorenaren epaia atera arte denbora irabazi nahi du.

Tamalgarria iruditzen zaigu Eusko Jaurlaritzak Tubacexeko enpresa-batzordearekin bilera bat egiteari uko egin izana. Berriro ere jarrera horrekin, Eusko Jaurlaritza Tubacexeko zuzendaritzaren kudeaketari abala ematen ari zaio. Kaleratzeekin aurrera jarraitzen duen bitartean soldatak igotzeko zalantzarik ez duen zuzendaritza bat. Beraz, Arantxa Tapia andreari eta Urkullu jaunari galdetu nahi diegu, oraindik ere zuzendaritza intransigente eta zeken horren alde jarraitzen duzue? Zer nahi duzue negoziatzea, kaleratzeak? Gogora ekarri nahi diegu Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak kaleratze horiek baliogabetzat jo dituela, bai eta eskualde oso bat zein euskal gizartearen gehiengoa kaleratze horien aurka agertu dela esan daitekela. Bada garaia argi hitz egiteko, Eusko Jaurlaritzak enpresa-batzordearekin bilera bat egin nahi ez baina zer eta nola negoziatu behar dugun argitzeko gai zarete?

Halaber, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu, langileek zerbait axola badiete, langileei eta hilabete hauetan Tubacexen borrokarekin elkartasuna erakutsi duten pertsona guztie iristen hasi zaizkien isunak eta egozpenak kentzeko, eta azken egunetako jazarpen- eta identifikazio-kanpainari amaiera emateko.

Bukatzeko, argi utzi nahi dugu gaur egun lanpostuak mantentzea bermatzen duen gauza bakarra helegitea kentzea dela. Grebak aurrera jarraitzen du, enpresako zuzendaritzak hala erabaki duelako da. Langileok egiten dugun gauza bakarra da gure lanpostuak, gure familien etorkizuna eta eskualde oso baten etorkizuna defendatzeko daukagun bide bakarra erabiltzea. Greba hasi zen enpresak egoeraren araberako egoera bat baliatu nahi izan zuelako bidegabeki kaleratzeko, eta gaur, uztailak 30, hala nahi izaten jarraitzen du, nahiz eta bere erabakiak hainbat gorabehera izan dituen. Beraz, LABek uste du greba hasteko genituen arrazoiek bere horretan jarraitzen dutela, eta, ondorioz, uste dugu ez dagoela borroka uzteko arrazoirik, eta borrokatzeari urteko unea dela uste duenari galdetzen diogu: zer aldatu da otsailaren 15etik?

Azken urtean sortutako lau enplegutatik hiru aldi baterakoak dira, berreskuratutakoaren kalitate ezaren isla

Urte hasiera oso ezkor baten ondoren, Hego Euskal Herriko lan merkatuaren egoera susperraldi zantzuak ematen hasi da bigarren hiruhilekoan, 18.700 lanpostu sortuz. Hala ere, lehen hiruhilekoan galdutako enplegu kopurua baino txikiagoa da.

Atzera begiratuz pandemiaren inpaktuaren premiazko balantzea egiteko, gogoratu behar dugu birusaren agerpenak eragindako lehen kolpeak eta kutsatzea geldiarazteko hartutako neurriek 43.200 lanpostu suntsitu zituztela; hori, Enplegu-Erregulazioko Espediente batek edo jarduera eteteak eragindako dozenaka mila pertsonak kontuan hartu gabe.

Ordutik, EPA inkestaren arabera, krisiaren hasieran galdutako enpleguen %62 inguru berreskuratu dira. Horrek esan nahi du oraindik 16.500 lanpostu inguru falta direla koronabirusa agertu aurreko lan-okupazioaren mailara iristeko.

Horri ekainaren amaieran Hego Euskal Herri osoan oraindik Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espendienteetara lotuta zeuden 22.000 pertsona inguru gehitu behar zaizkio.

Gainera, bada kezkatzeko beste arrazoi bat berreskuratutako enpleguaren kalitateari dagokionez. Izan ere, azken urtean sortutako lau enplegutatik hiru aldi baterakoak dira, eta horrek pandemia aurreko mailetara (% 23,5) itzultzen du behin-behinekotasun tasa.

Adostasun sozial zabala dago enpresaburuek aldi baterako kontratazioaz egiten duten gehiegizko eta justifikaziorik gabeko erabilerari buruz. Hala ere, azken hamarkadetan onartutako lan-erreformek ez dute anomalia hori zuzendu, eta horrek anormaltasun-egoera bat eragin du, Europan lehen postuan jartzen gaituena lan-ezegonkortasunean eta prekaritate-baldintzetan.

Gobernu zentralak beste erreforma bat agindu du kontratazio modalitateak hirura murrizteko, behin-behinekotasuna murrizteko eta lan merkatuaren dualtasunarekin amaitzeko. Hala ere, orain arte ez da PPren lan erreforma bertan behera uzteko konpromisoa betetzeko gai izan.

Gainera, prezioen igoera etengabea izan arren, Lanbidearteko Gutxieneko Soldatak izoztuta jarraitzen du, inflazioa %3 inguru igo baita.

Arabako kirol-jardueren enpresa handienetakoa den DISPORT EKIren administratzaileak eragindako indarkeria salatu dugu Gasteizko Justizia Jauregiaren aurrean

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Gasteizko Justizia Jauregiaren aurrean, DISPORT EKI kirol-jardueratan aritzen den enpresaren administratzaileak erabilitako indarkeria salatzeko, erasoa jasan zuen langile batek enpresaren aurka jarritako demandaren epaiketa eguna dela baliatuta.

COVID-19 bidezko kutsatzea lan-istriputzat hartu behar da osasun-sektoreetako eta sektore soziosanitarioetako langile guzti-guztien kasuan

Gizarte Segurantzak, 2020ko azaroan, osasun-sektoreetan eta sektore soziosanitarioetan paziente kutsatuei arreta ematen dieten osasun-langileei Covid-19agatik gaixotzea lan-istriputzat hartzea  erabaki zuen, garbitzaileak, administrariak, mantentze-lanetako langileak eta abar alde batera utzita. LAB sindikatutik erabaki hori salatu genuen.

Jarraian, kanpaina bat abiarazi genuen, beren lanbidea zentro sanitario eta soziosanitarioetan garatzen duten COVID-19k kutsatutako langile guztien kutsatzea lan-istriputzat aitortzeko, ondorio guztietarako, aurreko Errege-Dekretuan jasota zegoen bezala (indargabetuak gero), bai eta langileen osasuna bermatzeko behar diren neurri guztiak hartzea eskatuz ere.

Hori dela eta, hilabete hauetan zehar INSSari, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari, Covid-19arekin kutsatutakoen kontingentziei buruzko zehaztapenetan aldaketak egiteko eskatu diogu; gaixotasun arruntatzat hartu beharrean lan-istriputzat hartzea, hain justu. Azkenean, arrazoia eman digu Gurutzetako mantentze-lanetako langile baten kasuan, LAB sindikatuak aurkeztutako errekurtsoari esker: lan-istriputzat jo du mantentze-lanetako lankide horrek izan zuen Covid-agatiko kutsatzea. Mutuak ez du errekurtsorik aurkeztu, eta INSSaren ebazpena onartu du. 

Ebazpen honek erakusten du enpresetan oro har, eta Osakidetzan, bereziki, gertatzen diren kutsatzeak saihestu egin daitezkeela eta saihestu egin behar direla prebentzio eta babes neurrien bidez, eta hori gertatzen ez bada, enpresak erantzukizuna duela beharrezkoak diren neurriak ez hartzeagatik, eta, beraz, COVID-19 bidezko kutsatzea lan-istriputzat hartu behar dela. Gainera, Osakidetzaren kasuan, gaindituko litzateke lan kategoria desberdinen artean sortutako desberdinkeria, aitortuz osasun eta soziosanitario arloetan lan egiten duen langilegoaren zati honek ere egiten duen lan garrantzitsua.