2026-06-20
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintza"Osasun Sailak ez badu aurrerapausorik ematen Osakidetzaren egoera larriari buelta emateko, mobilizazioekin...

“Osasun Sailak ez badu aurrerapausorik ematen Osakidetzaren egoera larriari buelta emateko, mobilizazioekin jarraituko dugu”

Lehen Arretan greba egin genuen ostiralean eta hiriburuetan manifestazioak gauzatu genituen larunbatean. Bada, astelehenaren etorrerarekin, Osakidetza osoan egin dugu greba, LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok deituta, osasungintza publikoaren desegite politikei erantzuteko. Mobilizatzeko eta Osakidetza bere posizioak mugitzera behartzeko unea dela azpimarratu dugu, Osasungintza publikoaren egoera larriaren eta Jaurlaritzako Osasun Sailaren konponbiderik ezaren aurrean. “Osasun Sailak ez badu aurrerapausorik ematen Osakidetzaren egungo egoera larriari buelta emateko, mobilizazioekin jarraituko dugu”, ohartarazi dugu sindikatuok.

Hain zuzen ere, lan zentroetan bizi den egoera gero eta prekarioagoa den bitartean, Osakidetzaren erantzuna da propaganda egitea eta aitzakiak bilatzea, neurri bakar bat ere proposatu gabe eta aldarrikapen bakar bati ere erantzun gabe. Are gehiago, pandemia aitzakia ezin hobea bihurtu da murrizketa, prekarizazio, inbertsio falta, pribatizazio eta osasun publikoaren desegite politikekin aurrera jarraitzeko. Kolapso egoera eta osasun-arreta jasotzeko zailtasunak agerikoak dira herritarren artean; paraleloki langileen nekea argi eta garbi islatzen da, bai azken asteetan deitutako mobilizazioen jarraipen masiboan, baita irekita dauden hainbat gatazketan.

Sindikatuon iritziz, hauek dira Osakidetzak martxan jarri behar dituen aldarrikapenak:

-Osakidetzaren aurrekontua handitzea 2023. ekitaldirako, EBko batez bestekora iritsi arte (BPGren %7), horren %25 lehen arretara bideratuz.

-Plantillak egoki dimentsionatzea, milaka lanpostu sortuz, lan-kargak arrazionalizatzeko eta herritarrei kalitatezko arreta emateko.

-24.600 langilek baino gehiagok pairatzen duten behin-behinekotasunarekin amaitzea, %8ra jaitsi arte, plantillak kontsolidatuz.

-Galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea eta murrizketa guztiak lehengoratzea, Garapen Profesionalean aplikatutakoa barne.

-EAGetan aplikatutako murrizketa guztien rebertsioa: berriro irekitzea edota arreta-ordutegiak berrezartzea.

-Kategoria guztietan, erretiroak, bakanteak, bajak eta bestelako absentziak berehala, osorik eta lehen egunetik betetzea.

-Arrisku psikosozialak ebaluatzea eta neurri zuzentzaileak aplikatzea, arreta berezia jarriz lan-kargetan eta pandemiaren ondorioetan.

-Malgutasunerako edota lana eta familia bateragarri egiteko neurri eraginkor eta errealak.

-Irekita dauden gatazkak konpontzea: txanda osagarria, %4ko osagarria; osagarri espezifikoa eta Santiago Ospitaleko larrialdien itxiera.

-Plantillaren aurretiazko erretiroa erraztuko duten neurriak.

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gaur, berriro ere Udalhitzeko mahaia blokeatu dute EAJk eta PSEk, aurrerapausorik ez dutelako eman euskararen gaian zein zerbitzu publikoen kudeaketan

EAJk eta PSEek, Enplegu Publikoaren euskal Legearen moldaketaren eztabaida aitzakiatzat erabiliz, lan-hitzarmen batek jaso ditzakeen klausuletan ez dute aurrera egin nahi izan, eta merkantilizazioa...

HHEEetako zerbitzu orokorretako langileak beharra sortzen denean bertan ordezka ditzaten exijitzen dugu

Dagoeneko bi ikasturte oso daramatzagu Nafarroako Gobernuko haur eskoletako zerbitzu orokorretako langileen ordezkapenak egiteko arazo larriekin. Horrelako kontratazioak, egiten badira, oso berandu egiten dira, zoritxarrez. Eta batzuetan enpresa pribatuetara ere jotzen dute kontratazioak egiteko. Horrek tentsio larria eta gainkarga handia eragiten die langileei, horretarako beharrik izan gabe.

Bilboko udal eraikinetako garbitzaileek udalari exijitu diote behingoz ardura har dezala gatazkan

Lan baldintzak hobetzeko bederatzi greba aste egin ostean, atseden hartzeko unea iritsi zaie, baina ohartarazi dute datorren ikasturtean indartsu berrekingo diotela borrokari.