Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko LABen atal sindikaletik salatu nahi dugu Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilari Javier Remirezen eta Barneko zuzendari nagusi Amparo Lópezen utzikeria eta konpromiso falta herritarrentzat hain garrantzitsua den Suhiltzaileen Zerbitzurako erregelamendu bat onartzeko orduan.

Legegintzaldiaren hasieran, Barne Departamentuko arduradunek hitz eman zuten sindikatuekin erregelamendu bat negoziatuko zutela, gure zerbitzuan urtetan pairatutako kaosari bukaera emango ziona, eta hori lehenengo 6 hilabetean egingo zutela.

Legegintzaldia aurrera doa, eta ikusten dugu gure barne-funtzionamendu osoa arautuko duen erregelamendurik gabe jarraitzen dugula. Gai garrantzitsu asko airean daude oraindik, hala nola sarbidea, lekualdatzeak, sustapena, talde bereziak, gutxieneko segurtasun neurriak, lizentziak, aginte-egitura eta abar. Urte hauetan ez dute pauso bat ere eman horiek arautzeko.

LAB Suhiltzaileak taldearen betebeharra da jendaurrean oroitaraztea ezin dugula horrela jarraitu. Erantzukizun politikoak hartzen direnean eta konpromiso publikoak adosten direnean, horiek bete behar dira, baina badirudi hori ez dela gobernu honen asmoa.

Departamentuaren arduragabetasuna eta utzikeria ikusita, egoera salatzeaz gain, LABek eztabaida bat abiarazi du langile guztien artean, erregelamendu bat prestatzeko eta, ondoren, negoziatzeko. Horretarako, abiapuntuko dokumentu bat aurkeztu dugu, langile guztien artean banatu duguna, oinarri gisa balio dezan, eta kolektiboaren mota guztietako ekarpenetara irekita dagoena.

Era berean, Nafarroako gehiengo politiko eta sozialak gure aldarrikapenarekin bat egiten duela sinetsita, talde parlamentarioei eskatzen diegu Gobernuari exiji diezaiotela konpromiso hori bete dezala, 2022ko Aurrekontuei buruzko Legearen aurreko akordio parlamentarioan jasota dagoen bezala.

XXI. mendean ongi sartuak gaudela, onartezina da gurea bezalako larrialdietako zerbitzu integral batek, gero eta handiagoa denak, erregelamendu arautzailerik gabe jarraitzea oraindik.