2026-09-28
HomeEkintza SindikalaIgorreko Velatia taldeko lantegian behin-behinekotasunak dakarren prekaritatea salatu dugu

Igorreko Velatia taldeko lantegian behin-behinekotasunak dakarren prekaritatea salatu dugu

LABek mobilizazioa egin du Bilbon, Lan Ikuskaritzaren aurrean, eta salaketa bat aurkeztu du bertan Igorreko Velatia taldeko lantegiko aldi-baterakotasun handiaren aurrean. Sindikatuaren arabera, egoera hau ez da legezkoa eta prekaritate handia dakar langileentzat.

Velatia taldeko Igorreko lantegian, guztira dauden 500 langiletatik 150 langile baino gehiago dira behin- behinekoak. Lantegi hori hiru enpresatan banatuta dago (Tecnichapa, Ormazabal eta OPA), eta behin-behineko langileen kopurua enpresa bakoitzeko langileek egin dituzten borroken araberakoa da. Adibidez, Tecnichapan, enpresak behin-behineko langileen % 60ren finkatze-prozesua hasi du, plantillako borroken ondorioz. Taldeko beste enpresa batzuetan, ordea, enpresaren zikoizkeriagatik eta beste sindikatuen utzikeriagatik, enpresak egin nahi dituen kontratu finkoen kopurua hutsaren hurrengoa da. Ormazabalen, adibidez, behin-behineko 9 langile finko bihurtzeko proposamena egin du, eta 90 dira behin-behineko langileak guztira.

Lotsagarria iruditzen zaigu 500 milioi euro baino gehiago irabazten dituen enpresa batek % 30 inguruko behin- behinekotasuna izatea. Gainera, azken urteotan, ekoizpena eta etekinak handitu ahala, behin-behineko langileen ehunekoa handitu egin da, argi eta garbi egiturazkoak diren lanpostuak prekarizatuz eta aspalditik erabiltzen dugun leloa egia bihurtuz: “zuen irabaziak gure miseriaren kontura dira”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ez dugu sinatu Gipuzkoako enpresa transitarioen sektoreko hitzarmena

LAB Sindikatuak ez du Gipuzkoako Enpresa Transitarioen sektoreko hitzarmena sinatu ATEIAk, sektoreko patronalak, egin duen azken eskaintzak ez dielako sektoreko langileek dauzkaten behar errealei erantzuten. Pasa den hitzarmenaren iraunaldia amaitu baino lehen, gure komunitatearekin batera saretze lana egin eta lanketa berezia burutu genuen sektoreak zeuzkan egiazko beharrak identifikatu eta aldarrikapen plataforma integrala egiteko. Hala, hitzarmen berria negoziatzeari ekitean, 16 puntuz osatutako plataforma aurkeztu genion ATEIAri. Ordea, patronalak entzungor egin die aldarrikapen guzti horiei eta iraunaldian, soldata-taulen gaineko soldata igoeretan eta lanaldi murrizketan baino ez du fokua jarri. Itxura batez akordio ona dirudienak, baina, mamia falta du. Izan ere, langileen ehuneko handi batek soldata taulen gaindiko soldatak dauzka aspaldi eta akordioak aurreikusten dituen soldata igoerek ez dute langileen ehuneko handi horrengan eraginik, izan ere, hitzarmenak ez du soldata errealen gaineko soldata igoerarik aurreikusten. Gainera, hitzarmenak hainbeste lan-kategoria edukita, horietako bakoitzaren funtzioen definizioen arteko aldea oso txikia da, ondorioz, maiz egin behar izaten ditu langileak haren lan-kategoriari ez dagozkion funtzioak. Hori konpontzeko, barne promozio automatikoak arautu izan ditugu iraganean, oraingoan, ordea, patronalak ez dio arazo horri konponbiderik eman nahi izan. Hori gutxi ez eta, gainera, zenbat eta denbora gehiago pasa, orduan eta zaharragoa da bertan lan egiten duen langilearen profila. Horri konponbidea eman eta sektorea gaztetzeko, errelebo kontratuak derrigor egitea arautu nahi genuen, baina, beste behin, ATEIAK ez du ezer konpondu nahi izan. Horregatik guztiagatik, sektoreko LABen komunitateko langileekin edukia aztertu balantzan jarri ondotik, hitzarmena ez sinatzea erabaki dugu. Aurrerantzean, sektoreko hitzarmenaren testuinguruan erdietsi gabeko edukiak lortzeko, enpresaz enpresa lan eta borroka egingo dugu tokian tokiko hobekuntza paktuak eginez. Era berean, akordio hori aski ez dela uste duten langileei deia luzatzen diegu LABekin batera bidea egin eta lan-baldintzak behar bezala hobetzeko.

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...