2026-01-15
Blog Page 314

Intersindical Valencianarekin bilera izan dugu bi sindikatuon arteko harremana estutzeko helburuarekin

Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorra eta Koldo Saenz nazioarteko idazkariak bilera izan dute gaur Valentzian, Intersindical Valencianako ordezkaritza batekin, Beatriu Cardona bozeramailea, Vicent Mauri bozeramaile ohia, Marc Candela, Marco Llerena, Pedro Rovira eta Manel Álamok osatua. Bileran, egun bizi dugun testuinguruaren inguruko hausnarketa egiteaz gain, sindikalismo soberanista saretzeko eman beharreko pausoak eta bi sindikatuen arteko harremana estutzeaz aritu gara.

Langabeziak behera egin arren, enpleguaren kalitatea da kezka iturri nagusia

Hego Euskal Herrian 2.423 langabetu gutxiago daude ekainean, maiatzean baino %1,7 langabe gutxiago. Lurraldeka, Gipuzkoan jaitsi da gehien langabezia (%2,8 ), ondoren Nafarroan %2,2a jaitsiz.

Gizon eta emakumeen artean ezberdintasunak daude, emakumeen langabezia %0,6 jaitsi den bitartean, gizonezkoena %3,1a jaitsi baita. Aldea 25 urtetik beherakoen kasuan areagotu egiten da. Izan ere, adin tarte honetan emakumezkoen langabeziak %2,9 egin du gora. Egungo sistemaren ezaugarritzearen ondorioz, lan merkatuak emakumea eta gaztea izatea modu bikoitzean zigortzen du, lan baldintza prekarioetara eta langabezia tasa handiagoetara zigortuz.

Maiatzean aldizkako finkoen kontratuak %926 hazi dira urtarrilarekin alderatuta. Dena den, Hego Euskal Herrian aldizkako kontratu finkoak maiatzean sinatu diren kontratuen %20,7a dira (espainiar estatuko %43tik oso urrun). Lanaldiari erreparatuta, urtarriletik maiatza bitarte sinaturiko kontratu partzialak %131 igo dira.

Langabeziak behera egin arren, enpleguaren kalitatea okertzen ari da progresiboki eta etenik gabe, horren adibide garbia dugu kontratu partzialen gorakada. Egoera honi langileok erosahalmenean izaten ari garen galera gehitu behar zaio, oinarrizko produktuak garestitzen ari diren bitartean, soldatak edota pentsioak KPI-aren azpitik eguneratzen ari direlako. INE-k aurreraturiko datuen arabera, ekaineko inflazioa %10,2-koa izango da eta epe ertainean goranzko joerarekin jarraituko du. Honek guztiak langile klase osoari eragiten badio ere, egoera zaurgarrian daudenei modu bortitzagoan eragiten die: emakume migratuak nagusi diren sektore feminizatuetan lan baldintza prekarioak; gazteei zabor-enpleguak aukera bakar gisa salduz, etorkizun duina eraikitzeko aukerak murriztuz; zahartzaroan ere pentsio ez-nahikoekin bizirautera kondenatuz… Espainiako lan erreformak ezegonkortasun forma berriak zabaltzea ekarri du aldizkako kontratu finkoen ugaritzearekin.

Enpleguaren prekarizazioak langileon eta lurralde osoaren pobretzea ere dakar ondorio gisa, aberastasunaren banaketa ez baita modu orekatuan banatzen eta bertako herritarron arteko ezberdintasunak handitzen ditu. Hori dela eta, LAB sindikatuak langileon lan eta bizi baldintzen hobekuntza eta herri gisa ditugun erronkei aurre egiteko prestatuago egongo den eredua borrokatzen jarraituko dugu.

Negoziazioan aurrerapausorik egon ezean, sindikatuok beste 4 greba egun deitu ditugu Arabako esku-hartze sozialeko sektorean

Ekainean greba-jardunaldi batzuk egin ondoren, Arabako esku-hartze sozialeko sektorearen parte handi bat mobilizatu dutenak, eta langile guztien haserrea entzun ondoren, gaur, uztailak 4, berriro biltzen gara gatazkaren egungo egoeraren berri emateko.


Grebaren lehen egunean, ekainaren 17an, esku-hartze sozialeko sektoreak Gasteizko Udalean aurkeztutako mozioaren eztabaidara joan ginen. Bertan, udalaren osoko bilkurari eskatu genion, beharrezko finantziazioa berma zedin, AISA patronalak eta sindikatuok sinatzen dugun hitzarmen kolektiboaren aplikazioa bermatuz. Mozioa aho batez onartu zen.


Ekainaren 23an, eta azken greba egunaren ondoren, AISAk negoziazio mahaian jakinarazi zigun ez zuela proposamen berririk, eta berretsi egiten zela greba egunak baino lehenago egindako azken proposamenean. Gaur, berriro ere, sindikatuok patronalari eskatzen diogu hurrengo bilerarako, uztailaren 6rako, behingoz proposamen berri bat aurkez dezala, non sektorearen aldarrikapenak jasotzen diren.


Joan den astean, sindikatuok Emilio Sola diputatuarekin eta bere taldearekin elkartu ginen, eta jaso dugun erantzun bakarra AISAk ematen digun informazioaren kontrakoa da. Beraz, beste behin ere, pilota elkarri pasatzen diote, eta erakundeen eta patronalaren gelditasunaren ondorioak betikoek jasaten dituzte, SEKTOREKO LANGILEEK.


Horregatik, eta gaur egun patronalaren mugimendurik ez dagoenez, sindikatuok iragartzen dugu garaiz eta forman erregistratu ditugula 4 GREBA egun gehiago: uztailaren 14an eta irailaren 13an, 14an eta 15ean.


Sektorearen aldarrikapena argia da: KPIa BAI ala BAI, sektorearen balioa orain aitortu behar da, eta langileen erosteko ahalmena bermatu behar da.

Bi laneko heriotza izan dira bi egunetan

Lehenengoa ekainaren 30ean izan zen, Luiaondon. Furgoneta bateko gidaria trafiko-istripu batean hil zen, antza denez Portugaleteko azoka txikian salmentalanak egin ondoren etxera itzultzen ari zela. Eta bigarrena uztailaren 1ean, Zornotzako
Aludium (garai bateko Alcoan). Makineria mantenuan ari zen azpikontrata bateko langile batek bizia galdu du makina gainera erori zaionean. Azken bi hauekin, gutxienez 42 dira urte hasieratik Euskal Herrian hildako langileak. Lehenik eta behin LAB sindikatutik gure elkartasuna eta babesa helarazi nahi diegu hildakoen senide eta lankideei.

Gertatutakoa ez da berria, urtero ditugu honelako lan istripuak. Azpikontratako langileak hil egiten dira lan baldintza kaskarrengatik. Ez dago aitzakiarik hiru lanegunetik behin langile bat hiltzeko. Argi daukagu lan istripuak ez direla zoriak edo kasualitateak sortuak, ematen diren lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta azpikontratazioaren emaitza dira.

Langileok bizi ahal izateko egiten dugu lan eta ez saiakera horretan bizia galtzeko. Lan istripuak ez dira bizitzako gertakari arruntak. Langile bat hiltzea ez da lanaren ezaugarri bat. Ez, lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza eta lan egiteko moduen emaitza dira.

LAB sindikatutik argi dugu, bizi eta lan duinak behar ditugu, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu. Norbanakoena, familiena eta gizarte osoarena den lakra honekin bukatzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza dira. Lan harremanen eta joku arauen aldaketa batetik etorriko da aldaketa. Eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena ekonomia- eta ekoizpen-irizpideen gainetik.

Horretarako, lanean jarraituko dugu lan-istripu hauei eta guztiei erantzuteko, kontzientziazioa eta mobilizazioa baitira bide bakarra

Arkautek Donostiara bidalitako udako udaltzain berri ia guztiak erdaldun elebakarrak dira

Donostiako Udaleko Euskara Batzorde Teknikoaren azken bileran LABek irmotasunez salatu zuen Donostiako Udalak onartu berri duen Arkauteko akademiatik bidalitako udako udaltzain berrien zerrendan, 60 bat udaltzain berrien artean, %90ak ez dakiela euskaraz eta, beraz, ez dutela dagokien Hizkuntza Eskakizuna betetzen. Gauzak horrela, ez dira herritarren hizkuntza hautua errespetatzeko gai.

Ez da arazo berria, urtez urte Arkautek bidaltzen dituen udako udaltzainen artean beti izaten baitira euskara ez dakitenak. Gauzak da azken hiru urteotan egoera okertzen joan dela, hasieran salbuespena zena egun gehiengo handia bihurtuz. Gauzak horrela Donostian herritarren hizkuntza eskubideak etengabe bortxatuko dira uda honetan, euskaraz egin nahi duten herritarren hitzak ulertzeko gai ez diren eta euskaraz erantzuteko inolako ezagutzarik ez duten udaltzainez beteko baita Donostia.

LABen aldetik salatu nahi dugu Arkautek bidalitako zerrendak ez dituela inondik inora kontratazio hori bideratzeko baldintzak betetzen eta, beraz, ez dugu ulertzen Donostiako Udal Gobernuak nola onartu duen Arkauteren eskaintza. Izan ere, Udalak berak finkaturiko baldintzak hankaz gora bota ditu Udalak, segurtasunari lehentasuna eman behar dio aitzakia erabiliz. Jokabide hori prebarikaziotik ez dago urruna. Horren guztiaren aurrean, kontratazio hori bertan behera utzia izan dadin eskatzen diogu Donostiako Udalari eta bere premiazkoa deialdia egin dezan eskatzen dugu..

Izan ere, irtenbidea, egon badago. Donostiako Udalak, bere deialdia egin beharko luke, udan lan egingo luketen udaltzain euskaldunen lan poltsa osatzeko. Hori izan da duela hiru urte arte egin izan duena. Horretarako aukera du eta hautagai horiei formakuntza saioa emateko modua ere badago. Egun asko dira Euskal Herrian Arkautetik pasa gabe horrela jokatzen duten Udalak. Borondate politikoaren kontua da.

Honengatik guztiarengatik, Donostiako Udaleko Langile Batzordeak Eneko Goia alkateari Arkautek bidalitako udako udaltzainen zerrenda bertan behera utz dezan eskatzen dugu eta ahalik eta azkarren udako udaltzainen lan poltsa osatzeko deialdia egin dezala eskatzen dugu.

Patronalari negoziazio mahaian eseri eta edukiak eskaintzeko exijitu diote berriro Bizkaiko metalgintzako langileek

Urteko hirugarren greba eguna egin dute Bizkaiko metalgintzako langileek, osteguneko mobilizazio egunari jarraipena emanez. Lantokiak hustu eta kaleak bete dituzte berriro, hitzarmen duin baten defentsan. Patronalari negoziazio mahaian eseri eta edukiak eskaintzeko exijitu diote Bilbon egindako manifestazio jendetsuan.

Hain zuzen ere, Bizkaiko hainbat enpresa esanguratsuetan produkzioa eten egin dute: ITP, Arteche eta Estampaciones Bizkaia enpresetan, besteak beste. Enpresa txiki askotan ere grebaren jarraipena zabala izan da.

Tamalez, berriro ere, bidezkoa den hitzarmen bat lortzeko eskubidea zapaldu nahi izan dute. Gogor salatu nahi dugu poliziaren basakeria, greba egun hauetan langileon eskubideen aurkako jarrera bortitza, kolpeak, identifikazioak, miaketak, katxeoak, atxiloketak eta abar. Aski da!

FVEM patronalak gatazkaren aldeko apustua hartu duela argi dago eta bere jarrera alboratzea exijitzen diogu. Egun hauetan kalera irten eta borrokan aritu diren milaka langileen aldarrikapenak entzun ditzala eskatzen diogu. Langileok argi dute: bidezkoa den hitzarmen bat lortu bitartean borrokan jarrraituko dugu.

Patronalaren mehatxuak edota poliziaren bortizkeriak ez gaituzte kikilduko. Izan ere, Bizkaiko metalgintzako langileek, Euskal Herrian borrokan dauden beste hainbat sektore eta herrialdeetako langileek bezala, lan eta bizi baldintzak okerrera egin ez dezaten borrokan tinko jarraituko dute.

Zailtasun guztien aurrean, patronalaren eta poliziaren mehatxu eta presioen aurrean, langileen arteko elkartasuna eta konpromisoa gailendu dira. Grebak jarraipen zabala izan du eta hitzarmen duinaren aldeko borrokan urrats garrantsitsua eman dugu. FVEM patronalari dagokio orain erantzukizunez urrats berriak ematea. 

Hitzarmen duin baten aldeko aldarria ADEGIren egoitzara eraman dute Gipuzkoako helduen egoitzetako langileek

Beste bi greba egun egin dituzte Gipuzkoako langileek aste honetan, beste bi mobilizazio egun hitzarmen duin baten eta kalitatezko zerbitzu baten defentsan. Negoziazio mahaiaren blokeoa bezperan modu ikusgarrian salatu ondoren, manifestazioa egin dugu ostiralean Donostian, eta ADEGIren egoitzara jo dugu langileek bizi duten egoera jasanezina berriro ere salatzeko.

Ez gara Osakidetzako Mahai Sektorialean izan, gai zerrendan ez baitira sartu sindikatuok proposatutako puntuetako bat bera ere

Sindikatuon oharra:

Osakidetzako LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT, ESK eta SME sindikatuok, aho batez, ez dugu parte hartu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostegun honetarako, uztailaren 30erako, 09:30erako deitutako mahai sektorialean, ez baitira sartu sindikatuok proposatutako puntuetako “bat bera ere” gai-zerrendan. Bereziki deigarria da Osakidetzak Lehen Mailako Arretaren egoera hobetzeari buruzko aldarrikapenik jaso ez izana, zenbait osasun-zentrotan mobilizazioak egin eta Bilbon manifestazio jendetsu bat egin eta egun batzuk geroago, joan den igandean, hilak 26, Euskadi osotik etorritako euskal erakunde publikoko milaka profesional bertaratu baitziren, auzo-elkarte eta -plataforma askoren babesarekin.

Horrela, “sindikatuok berriz ere adierazi diogu Osakidetzako Zuzendaritzari uko egin diogula euskal erakunde publikoak deitzen dituen bilera sektorialetan parte hartzeari, gure aldarrikapenei buruzko benetako negoziaziorik ez dagoen bitartean. Izan ere, bilera horiek edukirik gabekoak dira eta propaganda-kutsu argia dute; izan ere, ohikoa denez, informazio guztia aldez aurretik komunikabideei helarazten zaie”.


24 ordu baino gutxiago

Joan den ekainaren 27an, “sindikatuok komunikatu bat bidali genion Giza Baliabideen Zuzendaritzara, gure aldetik aztertu beharreko gaien zerrendarekin”. Gai horiek guztiak bat datoz azken hilabeteetako aldarrikapenekin, eta Euskal Osasun Zerbitzuaren egiturazko arazo larriak konpontzera bideratuta daude. Berriz, atzo, 15:00ak pasata, jaso zen behin betiko gai-zerrendaren berri izan ondoren, hau da, 24 ordu baino gutxiagoko aurrerapenarekin, “proposatutako gaiak sakon aztertzeko aukera ematen duen Euskadiko Osasun Zerbitzuaren gairik ez dugu jaso”.

Horregatik guztiagatik, “sindikatuok eskua luzatzen diogu berriro, eta benetan, Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuari, behingoz abian jar ditzan benetako negoziazio kolektibo eraginkorra berreskuratzeko bideak eta/edo mekanismoak, euskal langileei eta herritarrei benetan interesatzen zaizkien gaiei erantzuteko”.

Ildo beretik, “sindikatuok euskal gizarteari, oro har, jakinarazi nahi diogu duela hilabete askotatik egiten ari garen borrokaren ardatza lan-baldintzak ez ezik, sindikatu deitzaileok uste dugula langileak eta erabiltzaileak elkarrekin mobilizatzen garela gure osasun-sistema publikoaren narriaduraren aurrean”.

Azkenik, LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek berretsi egiten dute erabateko konpromisoa dutela euskal osasun publikoarekin eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik jasaten ari den erasoen aurka. Horrekin batera, “argi eta garbi esaten dugu mobilizatzen eta borrokatzen jarraituko dugula Osakidetzak propagandarako tresna izateari utz diezaion, eta langileen beharrei eraginkortasunez erantzun diezaien, EAEko herritarrez gain”, sindikatuek ondorioztatu dutenez.

Bizkaiko eta Arabako metalgintzako langileek lantokiak gelditu dituzte kaleak betetzeko

Bizkaiko eta Arabako metalgintzan borrokan ari dira, lan hitzarmen duin baten defentsan. 70.000 langile inguru deitu ditugu grebara, eta mobilizazio egunak jarraipen zabala izan du bi herrialdeetan. Sindikatuok mezu garbi bat helarazi diegu patronalei: bidezkoa den hitzarmen bat lortu bitartean borrokan jarraituko dugu.