2024-04-26
HomeEkintza SindikalaHilaren 15ean greba egingo dugu Nafarroako Osasunbidean

Hilaren 15ean greba egingo dugu Nafarroako Osasunbidean

LAB, SAE, UGT, ELA eta CCOO sindikatuok osasun langileentzako berehalako lan eta soldata hobekuntzak exijituko dizkiogu Nafarroako Gobernuari, eta ireki dezala negoziazio prozesu bat ordezkaritza sindikalarekin arazo horiek konpontzeko

Bukatzear dagoen legealdi hau hasi zenean, inork ez zuen imajinatzen nolako lana egin beharko zuten osasun langileek Covid-19aren pandemiaren ondorioz. Harrezkero, agerian gelditu dira bai osasun sistemaren egiturazko defizitak, baita plantillak dituen arazo larriak ere.

Medikuek, gizarte-langileek, erizainek, administrariek, osasun arloko eta erizaintzako teknikariek, sukaldeetako eta garbiketako langileek, zeladoreek eta Osasunbideko gainerako langileek inoiz ezagutu gabeko pandemiari aurre egin zioten nork bere lanpostutik lanean, etxeko konfinamenduaren “babesetik” kanpo. Garai hartan, pandemiaren ondorioak erabat ezezagunak ziren, eta lehenengo olatuetan gaixotasun oso larriak eta heriotza ugari gertatu ziren. Eta ez dezagun ahaztu: kasu askotan, langile horiek babes neurri egokirik gabe aritu ziren lanean, norberaren eta ingurukoen osasuna arriskuan jarriz, mundu osoan babes ekipamendua falta zelako.

Bada, inor gutxik imajinatuko zuen orduan hainbat hilabeteko ahalegin eta sakrifizio izugarri horrek hain aitortza txikia izanen zuenik Estatuko eta Nafarroako gobernuen aldetik. Are, langile publikoen erosahalmenaren galera ere ekarri du horrek, pobretze bidean jarri dituelarik eta baldintzak are gehiago hondatu direlarik. Bere buruari Gobernu aurrerakoia deitzen badio ere, guztiz kontserbadorea izan da, legealdia bukatzen utzi baitu plantillako kolektibo profesionalen aldarrikapenei heldu gabe.

Eta ez hori bakarrik. Nafarroako Gobernuak negoziazio mahaiak debaluatu ditu, megafonia aparatu huts bat balira bezala erabiltzen baititu. Behean sinatzen dugun sindikatuok badakigu haien asmo bakarra dela itxurak egitea, alde bakarreko informazio hori negoziazio prozesu baten edo elkarrizketa sozialaren ondorioa dela aurkezteko, baina oso argi erakutsi dute ez dutela eztabaida-bide horietan sinesten. Eta larriagoa dena: sindikatuekiko konfiantza giroari traizio egin diote. Izan ere, legealdi osoan sindikatuen eskakizunei ezetz esan diete; esaten ziguten legez ezinezkoa zela soldatak igotzea, eta orain, kolektibo profesional jakin batzuetarako igoerak proposatzen dituzte..

Abalatu duten premisa bakarra hau da: “Banatu, eta irabaziko duzu”. Ezer gutxi inporta zaie lan baldintzak eta zerbitzu publikoak hobetzea.

Laburbilduz: Nafarroako Gobernuak Osasunbideko plantilla erabat desmotibatzea lortu du; Mahai Orokorra, Mahai Sektoriala eta negoziazio prozesuak hutsaren hurrengoa dira berarentzat; eta sindikatuen ordezkariak gogaitu ditu, engainatuak eta gutxietsiak sentitzen direlako. Gainditzeko zaila den errekorra, benetan. Duela urtebete, Osasunbideko sindikatu guztiek protesta-ekintza bat antolatu zuten “Osasuneko langileak abandonatuak” lelopean, lan baldintzak hondatzen ari zirelako eta aurrekontuetan beren eskakizunei erantzuteko partida ekonomikorik jasotzen ez zelako.

Eskakizun horiek egin zirenetik urtebete igaro da eta ez dute bat ere onartu. Hori dela eta, Osasunbideko LAB, SAE, UGT, ELA eta CCOO sindikatuok uste dugu osasun langileentzako lan eta soldata hobekuntza horiek ezin direla gehiago atzeratu, eta Nafarroako Gobernuari erreklamatzen diogu ireki dezala negoziazio prozesu bat ordezkaritza sindikalarekin arazo horiek konpontzeko.

Hori helburu, ikusirik Foru Administrazioak ez duela ezer egiten eskakizun horiei erantzuteko, hemen bildu garen sindikatuok zenbait mobilizazio eginen ditugu hurrengo egunetan. Besteak beste, greba-deialdi bat iragartzen dugu otsailaren 15erako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan. Eta Nafarroako Gobernuaren aldetik erantzun egokirik jaso ezean, ez dugu baztertzen orain iragartzen dugun greba hori luzatzea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enpresak Imegarreko grebalarien aurka erakutsitako jarrera onartezina salatu eta borrokaren zilegitasuna aldarrikatu dugu

Egun hauetan mobilizatzen aritu dira Imegarreko langileek, eta enpresari beren lankideak berriz onartzeko eta gatazka konpontzeko eskatu diote. Aldiz, enpresak, jarrera desafiatzailea eta mehatxagarria izan du. Behin baino gehiagotan, kontseiluko kideek aurre egin diete langileei, mehatxatu eta iraindu egin dituzte. Baina ez hori bakarrik; izan ere, salatu nahi dugu pikete batean parte hartzen zegoen LAB-eko kide bati salaketa jarri diotela, akusazio faltsupean. Horregatik, gaur, enpresak bere langileekiko eta langileei laguntzera joan diren pertsonekiko izan duen arduragabekeria publikoki salatu dugu.

Alex Aranzabalek egindako kudeaketa txarra salatu nahi dugu

Informazio-ohar honen bidez, azken hilabeteetan Aguirre y Aranzabal (AYA) enpresan eta Alex Aranzabal gerentearekin izandako gertakariak argitu nahi ditugu. Lehen pertsonan ikusi dugu nola igaro den denbora, eta nabarmenki gertatu da gainbehera kudeaketaren esparru guztietatik.

Bollera izatea, aske egiten gaituen erabakia. Askatasunez bizi nahi dugun erabakia. LANTOKIETAN ASKE!

Lesbiana izateagatik jazartuak eta zigortuak izatea oraindik orain gutako askok bizi dugun egoera da.