2026-09-26
HomeZerbitzu PublikoakEnplegu PublikoaIgor Arroyo: “Medikuen Sindikatuak eskatzen duenak ez dauka ez hanka eta ez...

Igor Arroyo: “Medikuen Sindikatuak eskatzen duenak ez dauka ez hanka eta ez buru: esklusibotasunagatiko gehigarria kobratzen jarraitzea eta, aldi berean, kontsulta pribatua ireki ahal izatea”

Nafarroako osasungintza publikoan esklusibotasuna kentzearen inguruko eztabaidari buruz galdetu diote gaur goizean LABeko koordinatzaile orokorrari, Igor Arroyori, Naiz Irratian. Bada, kritiko azaldu da Gobernuarekin nahiz Medikuen Sindikatuak egindako eskaerarekin, zeina “xelebre” gisa deskribatu duen. Klasismoa leporatu die esklusibotasuna kendu baina, hala ere, Osasunbidean soilik jarduteko konpromiso horren truke ordaintzen den gehigarria jasotzen jarraitzeko eskatzen duten sendagileei. Gogorarazi du, hala ere, Medikuen Sindikatuak ez dituela osasungintzako langile guztiak ordezkatzen, eta azpimarratu du badirela klase kontzientziadun profesionalak, horietako zenbait LABen dihardutenak.

Horrez gain, baina, aktualitateari lotutako beste hainbat kontuz mintzatu da Arroyo mikrofonoaren aurrean, hala nola Espainiar estatuak atzo bertan iragarritako neurriari buruz. Horren arabera, gutxieneko soldata 1.080 eurokoa izatera pasako da. Albiste ona dela uste badu ere, azpimarratu du laburregi geratzen dela Hego Euskal Herriko errealitateari erantzuteko. Izan ere, gutxieneko soldata herrialdeko batez bestekoaren %60aren pare egoteko irizpideari jarraikiz, hegoaldeko lau lurraldeetan 1.400 eurokoa izan beharko litzatekeela gogorarazi du.

Esteka honetan entzun daiteke elkarrizketa osorik: https://irratia.naiz.eus/eu/info_irratia/20230201/medikuen-sindikatuak-etekin-pertsonalari-begiratzen-dio-ez-zerbitzu-publikoari

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.