2026-08-03
HomeEkintza SindikalaArabako ardogintzaren industriako aurreakordioa sinatzea #LortuDugu, hamarkadetan hobetu gabe zeuden alderdiak hobetzen...

Arabako ardogintzaren industriako aurreakordioa sinatzea #LortuDugu, hamarkadetan hobetu gabe zeuden alderdiak hobetzen dituena

Gaur, otsailak 2, oniritzia eman dio LABek Arabako Ardogintza Industriako aurrekordioa sinatzeari. Atzoko egunez, sindikatuaren asanbladak baiezkoa eman zion aho batez. Akordio honekin jarraipena eman zaio iaz sinatutako hitzarmenari, % 4ko igoerak eta atzerapenak jasotzen baitzituen, KPIa -%0,5 izan zenean.

Hona hemen lortutako edukiak:

  • Indarraldia: 2022-2025
  • Ultraaktibitate mugagabea
  • Ez aplikatze klausula
  • Soldata-igoerak: %6,5 2022an (urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin), %2 2023an, %2 2024an eta %2 2025ean.
  • Soldata-igoera bermatua (ezin da konpentsatu, ezta xurgatu ere). Igoeren kopuru gordinak bermatzen dira.
  • Lanaldi-murrizketa: 2025tik aurrera, 1740 ordu.
  • Laneko gertakizunengatiko bajen osagarrietan hobekuntzak: % 100ekoa izango da 10. hilabeterarte (300 egun).
  • Lizentziak eta baimenak: araudira egokitzea, baimenak lehenengo lanegunean hartzen hastea. Erretiroagatiko oporrak: hilabete gehiago egoera bakoitzerako.
  • Kontingentzia profesionalengatiko aseguru-poliza: 2.500 euro gehiago
  • Arriskuen prebentzioa: azterketa medikoa egiteko aukera, aldi baterako ezintasuna hilabetetik gorakoa izan bada.
  • Sektoreko berdintasun-plana.

Beraz, sektoreko hobekuntzak nabariak dira. Gainera, sektoreko gutxieneko soldatak jasotzen du LABen aldarrikapen nagusi bat, 19.600 euroko gutxieneko soldata (14 ordainsari, 1.400 euro), eta hori 2023an lortzen da. Horrez gain, lan-gaixotasunagatiko estaldura % 25 hobetzea lortzen da, 240 egunetan zegoena, gutxienez 1999tik; eta hamarkada batetik gora mugiezin zegoen lanaldia murrizten da.

Zoritxarrez, aipatzekoa da ELA sindikatuak negoziazio osoan izan duen jarrera. Erabateko utzikeria, errespetu falta eta arduragabekeria, nahiz eta sektorean gutxiengoan egon. Horren erakusgarri da ez dutela sinatu negoziazio-mahaiaren eraketa-akta urrira arte (negoziazioa otsailean hasi bazen ere), maiatzean atzeratu behar izatea negoziazioa ELAren ordezkaritzak ez zielako erantzuten bileretarako deiei, edo uztailean ez agertzea beste bilera batera. Gainera, joan den abenduaren 19an bilera eguna eta ordua aldatu ziren haiek eskatuta, eta ez ziren agertu, ezta ohartarazi agertuko ez zirela ere. Negoziazioaren une garrantzitsuenean, desagertuta egon dira. Horri gehitu behar zaio ekainean ere baztertu egin zutela sindikatuen arteko dinamika bateratuan parte hartzeko edozein aukera, proposamenik entzutea ere onartu gabe (ezin dute aitzakia merketzat jarri metalaren hitzarmena sinatzea). Gainera, hilabete hauetan ez diote proposamen bakar bat ere aurkeztu negoziazio-mahaiari, eta ez dute mobilizazio-dinamikarik planteatu, ez beren aldetik, ez gainerakoekin. Argi dago ardoaren sektorearen negoziazioak ez diola bere interes korporatiboei erantzuten, erabat utzia izan dute, eta beraz, sektore horretan lan egiten duten 1.000 familiak alde batera utzi dituztela. Ez dugu kritikarik ezta ikasgairik ere onartzen beren aldetik.

LABen pozik gaude akordioarekin. Sektorean gehiengoa izanik, sektorearen aldarrikapenak gizarteratzeko negoziazioa eta dinamika gure gain hartu ditugu. Ideiak eta jendea ekarriz, anbizioz eta arduraz. Sektorean gehiengoa garenetik negoziazio kolektiboa irauli egin da, eta, beraz, eskubide batzuk ez dira aldatzen beste batzuk mantentzeagatik. Beti hobetzen da. Beraz, beharrezkoa da LABek sektorean duen ordezkaritza hobetzen eta handitzen jarraitzea, konkista horiei jarraipena emateko.

Eskerrak eman nahi dizkiegu langileei, ostalaritzari, Arabako Errioxako biztanleei eta beste hainbeste pertsonari, horiek gabe ezinezkoa izango baitzen akordio hau lortzea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ikuskizun eta ekitaldietako teknikariek greba egingo dute Araban abuztuaren 5ean

Joan den ekainaren 21ean iragarri bezala, Ikuskizun eta Ekitaldien lehen Hitzarmena negoziatzen ari garen sindikatuok 3 greba-egun deitu ditugu EAEko hiru lurraldeetan, hiru hiriburuetako...

Gasteizko lan-arloko epaitegiak baliogabe jo du Casa Primicia upategian aurkeztutako Aldi Baterako Lan-Erregulazio Espedientea

Hala, arrazoi eman dio auzia epaitegietara eraman zuen LAB sindikatuari. Gasteizko epaitegiak argitaratutako epaia irmoa bihurtu da. Epai horren bidez, Casa Primician aurkeztutako Aldi Baterako...

Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen Hitzarmenaren aurreakordioa sinatuko dugu, langileen gehiengo zabalaren babesa jaso ondoren

Sektoreko enpresetan egindako langileen batzarren ondoren, langileen gehiengo zabal batek patronalak aurkeztutako Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen Hitzarmenerako proposamena babestea erabaki du. Horrenbestez, LABek...