2024-07-27
HomeEkintza SindikalaHauteskunde sindikaletan azken lau urte hauetan gehien hazi den sindikatua gara

Hauteskunde sindikaletan azken lau urte hauetan gehien hazi den sindikatua gara

Lau urtean behin egiten den hauteskunde sindikaleko epealdi trinkoaren lehen txanpa amaituta (2022ko iraila eta abenduak 31 bitartekoa), honako hauek dira ondorio nagusienak: EAEn %20ko langara gerturatu eta bigarren sindikatu gisa indartu da LAB; Nafarroan, berriz, %17aren gainetik egonkortu da, lehen sindikatutik 8 puntu baino gutxiagora.

2021etik 2022ra  bilakaerak motelaldia izan badu ere, LAB da azken lau urteko epealdian gehien hazi den sindikatua hala EAEn nola Nafarroan. Honela, azken garai trinkoarekin alderatuta (2018), LAB emaitza onak lortzen ari da eta datozen hilabeteetan, garai trinkoaren bigarren txanpan, emaitza horiek hobetzea da bere erronka.

Izan ere, hainbat hauteskunde prozesu atzeratu dira eta maiatza bitartean enpresa pribatu askotan eta bereziki administrazio publikoetan, non LABek ordezkaritza handia duen, egingo dira hauteskundeak (besteak beste EAEko irakaskuntza publikoa martxoa amaieran eta Nafarroako administrazio publiko osoa maiatzean).

Hauteskunde emaitzekin batera, afiliazioaren inguruko datuak nabarmentzekoak dira, parekorik ez duen hazkundea izan baitu LABek: kasik %14ko igoera azken lau urteotan.

Hauteskunde sindikalen emaitzak EAEn

Hona hemen EAEko behin behineko emaitzen arabera 2018 eta 2022 artean emandako eboluzioa:

Ikus daitekeenez, gora-behera handirik gabeko lau urteko epealdi honetan LAB da hazten den sindikatu bakarra (%0,50 gehiago), gainontzeko sindikatuek egonkor jarraitu (UGT, CCOO) edota beheranzko joera duten bitartean (ELA). Honela, EAEko bigarren sindikatu gisa indartu eta hirugarren sindikatua den CCOOekiko tartea handitu du LABek; kasik 200 ordezkari gehiago dauzka orain.

Hauteskunde sindikalak emaitzak Nafarroan

Nafarroan, berriz, honako hauek dira behin betiko emaitzak:

Honela, 2021etik 2022ra %0,13 jaitsita ere, Nafarroan LAB da lau urteotan gehien hazten den sindikatua (+%0,92) ELAren aurretik (+%0,34), CCOO iraun eta UGT beherantz egin duen bitartean. Honela, 2010etik hona ematen ari den aldaketa mantso baina sendoak jarraipena izan du azken lau urteotan. 2010ean lehen sindikatua zen UGTren eta LABen artean 18 puntuko aldea zegoen; gaur egun, aldiz, 8 puntu baino gutxiagokoa da, oraindik orain zenbait eremutan LAB sindikatuari hauteskundeetan berdintasunez parte hartzeko eskubidea bermatzen ez bazaio ere. Kontutan hartzeko beste datua, honako hau: 2010ean UGT eta CCOO %55,96 batzen zuten, 2022an berriz %48,8; alegia, bi sindikatu hauek jada ez dute gehiengorik Nafarroan.

Haueskunde sindikalen emaitzak Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herriko datuak, honako hauek:

Ikus daitekeenez, LAB da hazi den sindikatu bakarra, gainontzekoak mantendu (UGT, CCOO) ala apur bat jaitsi diren bitartean (ELA).

Hauteskunde sindikalen emaitzak Ipar Euskal Herrian

Jakina denez, hauteskunde sindikaletan Ipar Euskal Herria ez da hautes-barrutitzat hartzen eta ez dago sindikatu bakoitzaren ordezkaritzaren inguruko datu orokorrik. Edozein kasutan ere, LABen indarra areagotu da 2022an zehar, zerbitzu publikoetan eginiko hauteskundeetan lortutako emaitzei esker. Udaletan 5 ordezkari gehiago eskuratu eta hezkuntza publikoan lehen aldiz ordezkaritza izatea lortu du.

Afiliazioa Euskal Herrian

Afiliazioari dagokionez LABen hazkundea ikusgarria izaten ari da: kasik %14ko igoera izan du lau urtetan. Honela, 41.889 izatetik 47.742 afiliatu izatera pasa da, kasik 6.000 gehiago. LAB sindikatuak lan baldintza prekarioak dituzten sektoreengana gerturatzeko egiten ari den ahaleginaren emaitzetako bat da.

Aipatzekoa da emakumeek afiliazioan duten portzentaia areagotu dela azken lau urteotan: afiliatuen %41,9 izatetik %43,58 izatera igaro dira. LAB sektore feminizatuetan egiten ari den lanaren isla da hori.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

LAB sindikatuak Guggenheim Urdaibai proiektua bertan behera uzteko eskatzen die Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari, beste behin eta behingoz

Politika publikoen bultzadak balio behar du eskualderako etorkizun ekosozial justua bermatzeko, eta bertan bizi eta lan egiten duten langileentzat lan baldintza, bizi baldintza eta zerbitzu publiko duinak bermatzeko.

Eusko Jaurlaritzak onartutako langile publikoentzako soldataren igoerak erosahalmenaren galera eta Madrilekiko menpekotasuna dakar, beste behin ere

LABek Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak langile publikoentzat (*) onartu berri duen %2ko soldata igoera salatzen du. Ikasturte honetan hiru greba eta hainbat mobilizazio egin ditugu soldata eta enplegua hemen erabakitzeko, bertan negoziatu eta adosteko. Hauek dira Jaurlaritzak agindutako azken neurriaren aurka azaltzen ditugun argudioak:

Prekaritateak dakarren lan segurtasun ezak hil egiten du

Gipuzkoako Kale Garbiketa sektoreko alderdi sindikal guztiak, ELA sindikatua izan ezik, pasa den uztailarean 10ean, Iruñean, gaueko txandan bere lana egiten zuen bitartean, lan istripuan hildako FCC-ko (Iruñerriko Mankomunitateko azpikontrata) langilearen familia, lagun eta lankideei elkartasuna eta babesa helarazteko, gaur uztailak 24, elkarretaratzea egin dugu Gipuzkoako FCC-ko egoitza nagusiaren parean, Hernaniko Zubiondo poligonoan.