Etxeko langileak Bilbon mobilizatu dira, indarkeria matxistak eurena bezalako sektore prekarioan dituen adierazpide zehatzak salatzeko. LAB lanean ari da eurekin, Trabajadoras No Domesticadas-eko kideekin batera, sektorerako EAE mailako hitzarmen bat erdiesteko. Azaroaren 25aren testuinguruan egin dute ekintza. Hain zuzen ere, diskurtso ofizial eta hegemonikoek ezkutatu egiten dituzte etxea eta zaintzaren esparruan gertatzen diren biolentziak. Ez dira kasu isolatuak, etxeko langileen artean ematen diren ohiko bizipenak dira.

Ane Escondrillas-ek, LABeko Idazkaritza Feministako kideak, hartu du hitza Bilboko mobilizazioan: «Historikoki, zorretan gaude etxeko langileekin. Gure atarietan, ondoko ateetan, garraio publikoan, kaleetan, gure etxeetan… badaude, existitzen dira».