2026-01-23
Blog Page 430

Langileen txertaketa prozesuan utzikeria eta planifikazio eza salatu dugu

Osasun krisiaren hasieran oinarrizko zerbitzu deituak izan ziren eremuetako milaka langilek babes neurri egokirik gabe lanean aritu zirenean, jendarteak garbi ikusi ahal izan zuen Euskal Herriko agintariek langileen bizitzak zaintzearekin duten konpromiso eskasa. Inork ez zuen uste horrelako egoerak errepikatuko zirenik; bada, oinarrizko zerbitzuetako langileak izendatuak izan diren horiek bigarren txertoa jasotzerako orduan ere politikariek duten maila eskasa erakutsi dute. Txertaketa prozesua farmazia-enpresa handien menpe jarri da, eta erakunde publikoak langileekin begirune oso gutxi adierazten ari dira. 

Ziurgabetasun handia egon da eta badago, langileok erabilpen sentsazioa daukagu. Langileok ez dugu txertoak aukeratzeko nahikoa informaziorik. Espainiako Gobernuak hartutako erabaki bati men eginez, Eusko Jaurlaritzak zein Nafarroako Gobernuak langileen esku utzi dute txertoaren bigarren dosiaren aukera, Astra Zeneca enpresarekin izan diren arazoak direla medio. Gure ustez, gobernuek erakutsi duten jarrera hori onartezina da, eta oso agerian uzten du agintariek utzikeriaz jokatzen ari direla. Hori guztia gutxi balitz, administrazioari ardura kenduko dion dokumentua sinatu behar dute Astra Zeneca jarri nahi duten langileek. Zertarako behar dugu bere ardurak hartzen ez dituen gobernu bat?

Osasun krisiaren hasieran, gobernuei planifikazio falta nabaria leporatzen genien, oinarrizko langileak izendatu zituzten horiek babesteko gai ez zirelako. Gaurkoan, salaketa bera egin beharra dugu; lan munduan kutsatuak ez izatea, berriro ere, langileon esku geldituko baita. 

Manifestazioa egin dugu Gasteizen, sektore publikoaren behin-behinekotasun tasa handiei konponbide errealak eskatzeko eta zerbitzu publikoen pribatizazioaren amaiera eskatzeko

LAB, ELA, CCOO, SATSE, ESK eta STEILAK sindikatuok deituta, sektore publiko osoan burututako mobilizazioen eta apirilak 22ko greba-egunaren ostean, Eusko Jaurlaritzak, instituzioek eta alderdi politikoek ez diete erantzunik eman sindikatuok eta greba eta mobilizazio horietan modu aktiboan parte hartu zuten euskal sektore publikoko milaka langileek egindako eskaerei. 

Egoera horren aurrean, greba deitu genuen sindikatuok bilerak eskatu ditugu gaur Eusko Jaurlaritzarekin, EUDELekin eta euskal alderdi politikoekin, haien esku dagoelako, eta ez beste inoren esku, zerbitzu publikoak indartzeko enplegu publikoa sortzea eta behin-behinekotasunaren gaitza pairatzen duten 60.000 langile baino gehiagori beraien enplegua kontsolidatzea. 

Bilera eskaera horiek direla eta, manifestazio jendetsua izan da Gasteizko kaleetan, sektore publikoaren behin-behinekotasun tasa handiei konponbidea eskatzeko eta baita zerbitzu publikoen pribatizazioaren amaiera eskatzeko. Premiazkoa da behin-behinekotasunaren gaitza pairatzen duten 60.000 langile publiko baino gehiagoren enplegua kontsolidatzea, baita agintariek aitortzen ez dituzten milaka lanpostu azalaraztea ere. 

Eusko Jaurlaritzak, propaganda-adierazpenak alde batera utzita, langile horiek kontsolidatzeko benetako urratsik eman gabe jarraitzen du, eta, Europako behin-behinekotasun ranking altuenaren lehen tokian dagoen bitartean, pribatizazioaren aldeko apustuarekin jarraitzen du. Legebiltzarrean, Kidegoen eta Eskalen Lege Proiektuan barneratutako proposamen baten alde egiten jarraitzen du. Proposamen hori ez da nahikoa, eta behin-behinekotasunaren gaitza pairatzen duten langile gehienak bere aplikaziotik at uzten ditu. Ez Mahai Orokorrean, ez eta mahai sektorialetan ere, ez du enplegu publikoa kontsolidatzeko bidean aurrera egiteko borondaterik agertzen.

Gainerako erakundeei eta euskal alderdi politikoei dagokienez, egun ez dugu proposamenik ikusten hemen, gure herrian, zein zerbitzu publiko nahi eta behar ditugun erabakitzeko, eta euskal enplegu publikoa kontsolidatzeko.

Maiatzaren 14an adierazi genuen bezala, LAB, ELA, CCOO, SATSE, ESK eta STEILAS sindikatuok helburu hori lortzeko beharrezkoak diren mobilizazioak eta greba-egunak bultzatzen jarraituko dugu. Gogoratu behar da, gaurko manifestazioaren ostean, ekainaren 1ean elkarretaratzeak deituko ditugula EAEko sektore publikoko lan zentru guztietan, eta ekainaren 5ean manifestazioak deituko ditugula EAEko hiru hiriburuetan. 

Nafarroako helduen egoitzetarako hitzarmen propio eta duin bat aldarrikatu dugu

Nafarroako helduen egoitzetako lau sindikatu nagusiok (LAB, ELA, UGT eta CCOO) elkarretaratzea egin dugu, Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean, sektoreko hitzarmen baten beharra aldarrikatzeko.

Salatzen jarraitzen dugu EAEko Hezkuntza Saileko sukaldari eta garbitzaileen ordezkapenak ez direla betetzen

Maiatzaren 6an egin genituen elkarretaratzetan eta ostean EAEko Hezkuntza Sailarekin izandako bileretan sukalde eta garbiketako langileen ordezkapenak ez direla betetzen salatu dugu. 15 egun geroago egoerak okerrera egin du, batez ere Bizkaia eta Gipuzkoako eskoletan.

Sukaldarien kasuan, ordezkoak ez bidaltzeagatik, ikasleak plastikozko platerretan bazkaltzen ari dira, jantokian ematen den zerbitzua kaltetuz. Pandemia garaian funtsezko langileak izaten ari diren garbitzaileek, greba egunetan %100eko gutxieneko zerbitzuak dituztenek, ohiko egunetan, aldiz, ez dute ordezkorik. Ematen duten zerbitzuaren kalitatea murriztu, lankideen lan zama handitu eta ikastetxeetako erabiltzaileen osasuna arriskuan jartzen ari da administrazioa. Gela batzuk edota eraikinen erdia garbitu gabe geratzen ari da.

Noiz arte pairatu beharko dugu egoera hau? Funtzio publikoko feminizatuenak eta prekarioenak are eta egoera prekarioagoan ari gara.

Gauzak horrela eta egoera betikotu edota larriagoa izan baino lehen ahalik eta lasterren ordezkaritzetan falta diren langileak kontratatzea eskatzen dugu, ordezkapenak egiten direla berma dadin.

Pentsiodunen mugimenduak larunbaterako deitutako mobilizazioetarako deia egin dugu, pentsio duinen defentsan

Euskal gehiengo sindikalaren izenean, agerraldia egin genuen astelehenean pentsiodunen mugimenduak deitutako mobilizazioekin bat egiteko. Hala, maiatzaren 29an, kalean izango gara, murrizketarik gabeko pentsioen alde. Hego Euskal Herriko hiriburuetan izango dira manifestazio nagusiak: Gasteizen (17:00, Artium), Donostian (17:00, Alderdi Eder), Iruñean (18:00, Baluarte) eta Bilbon (18:00, Jesusen Bihotza).

Eibarren (12:00, Untzaga plazan), Ondarroan (12:30, Zaldupe) eta Altsasun ere (18:30, Foru plaza) deituta daude mobilizazioak.

Bizkaiko egoitzetako hitzarmenaren negoziazioa blokeatzea leporatzen diegu Aldundia eta patronalari

Covid-19ak agerian utzi du, norbaitek oraindik zalantzan jartzen bazuen, eredu berri baten beharra dagoela gure adinekoak zaintzeko. Bizkaiko Foru Aldundiak adinekoen zaintza merkantilizatzen duen eredua inposatu du. Zenbat eta diru gehiago irabazi, orduan eta hobeto, hori da eredu honen helburua, eta hori bateraezina da zerbitzu eta lan-baldintza duinekin.

Egungo ereduak egoiliarrei, haien senideei eta langileei ekarri dizkien ondorio larrien erantzule egiten ditugu Rementeria eta Murillo. Ondorio horietako batzuk konponezinak direla ez dugu inoiz ahaztuko (Covid-aren ondoriozko heriotzen %40 nagusien egoitzetan gertatu da).

Eredu berri baten beharra gizarteak aurre egin beharko dion eztabaida da, premiazkoa dena. Eztabaida hau agenda sozialean kokatu behar dugu eta honen alde lan egiteko konpromisoa hartzen dugu, eta gure ekarpena egingo dugu eredu publiko, doako eta komunitario berri baten alde.

Gaur egun, patronalak eta Aldundiak ez dute Bizkaiko hitzarmena negoziatu nahi. Langileekin hitz egiteari uko egin diote eta mahai negoziatzailea blokeatu dute, negoziatzeko garaia ez dela argudiatuta.

LABek argi du sektore honi kalte egiten dioten defizit larriei aurre egiteko garaia dela. Egoiliarren zaintza eta, ondorioz, langileen lan-baldintzak duinduko dituzten benetako urratsak emateko unea da. Orain ez bada, urte eta erdi honetan gertatutakoaren ondoren, noiz izango da?

LABentzat ezinbestekoa da negoziazioan publifikazio-prozesu bati aurre egin eta gure adinekoen zaintza enpresa-etekinen logikatik ateratzea. Prozesu honetan malguak izateko konpromisoa hartzen dugu, baina zaintza lanak duindu egingo dituen eta sektoreko langileak bidean utziko ez dituen prozesua izan beharko du. Ildo horretan gure ekarpena egiteko konpromisoa hartzen dugu.

Prozesu honetan, benetako urratsak eskatzen dizkiegu patronalari eta Aldundiari:

– Lan-baldintzak parekatzea gure lan bera egiten duten administrazio publikoko langileekin. Lan berdinari lan-baldintza berdinak. Une honetan parekatze horretatik %50era gaude Aldundiko langileekin alderatuta. Parekatze horrek egungo pribatizazioa eta merkantilizazioa geldiaraziko lituzke.

– Ratio humanoagoak. Ezinezkoa da gure lana eta adineko pertsonen zaintza lanak duintzea egungo lan-kargekin. Adineko pertsonek zuzeneko arreta gehiago merezi dute, eta guk, berriz, gure osasuna arriskuan jartzen ez dituzten lan-erritmoak. Ezinbestekoa da ratio desberdinak izatea zerbitzu duin bati buruz hitz egin nahi badugu.

Patronalak eta Aldundiak egungo hitzarmena ere betetzen ez duten eta langileen aldarrikapenei buruz hitz egin nahi ez duten testuinguru batean, LABen ustez gurea denaren alde borrokatzeko hartu dugun erabakia helarazi nahi diegu langileei eta, oro har, gizarteari osoari.

Guztiok merezi dugulako.

Bat egin dugu Nizan ekainaren 5erako deitutako mobilizazio egunarekin, harresirik gabeko Europa baten alde

10.000 feminista espero dira Nizan ekainaren 5ean, Toutes aux Frontieres-en Asanblada Feministak antolatutako mobilizazio egunaren harira. Hainbat mobilizazio eta ekitaldi izango dira, eta LABek bat egingo du horiekin guztiekin, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxako kide den neurrian. Manifestazio bat egingo da goizean eta kultur topaketak, arratsaldean.

Hain zuzen ere, ekainaren 5ean, Europako migrazio politikak salatuko ditugu, mugen militarizazioa, pertsona migratzaileen eta solidarioen kriminalizazioa eta erbesterako bidean emakumeek eta genero gutxiengokoek pairatzen duten indarkeria.

Sidenorreko Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientearekin lotutako akordioaren kontra agertzen gara

Epaiketaren egunean, inongo bilerarik izan zutela jakin gabe, UGT, CCOO eta USO sindikatuek enpresarekin akordio batera ailegatu zirela esaten ziguten LAB, ELA, eta ESK sindikatuoi.

LAB, ELA eta ESK sindikatuon oharra:

Maiatzaren 19an ERTEa (Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea) aplikatzeko Sidenorrek planta guztietan hartutako aldebakarreko erabakiaren aurkako epaiketa egin behar zen,

Kontsultaldian ez zen akordiorik egon, enpresak ezin izan zuen neurri hau justifikatu.

Enpresaren egoerari eta izandako gertaera guztiei buruzko datuek agerian uzten zuten ez zegoela arrazoi ekonomikorik edo produktiborik ERTE bat aplikatzeko.

Epaiketaren egunean ELA, LAB eta ESK sindikatuei , UGT, CCOO eta USO sindikatuek enpresarekin akordio batera ailegatu direla esaten digute.

ELA , LAB eta ESK sindikatuak akordio honen kontra azaltzen gara, arrazoi hauengatik:

Hasiko gara garrantzitsuenarekin; CCOO, UGT eta USO sindikatuek onartu egin dituzte enpresak ERTEa (ABEEa) aplikatzeko alegatu zituen arrazoiak.

ERTEaren (ABEEaren) kausak onartzeak esan nahi du etorkizunera begira, langileei babesgabe uzten dituztela zuzendaritzaren benetako planak aplikatzearen aurrean. Plan horietako batzuk ITASU aholkularitzak enpresak negoziaziorako egin zuen txosten teknikoan jasotzen ziren: ekoizpenen kontzentrazioa planta jakin batzuetan, mugikortasun geografikoak, plantetako batzuen itxiera posibleak…

Bigarrenik, Madrildik langileen bizkar egindako akordioa da. Berriz ere, hiru sindikatu horiek enpresari laguntza ematea erabaki dute. Enpresa ERTEaren (ABEEn) balizko deuseztapenetik eta horrek ekarriko lituzkeen ondorioetatik salbatzen du, hala nola ladiru publikoa itzuli eta langileei  soldataren % 100 ordaintzetik.

Beste behin ere argi geratu da negoziazioak Euskal Herrian eta hemengo lantokietan egitearen garrantzia. Negoziazioak marko Estatalean egiten diren bakoitzean, Euskal Herriko plantillak diskriminatu egiten dira, eta haien lan-baldintzak kaltetu

Nahiz eta CCOO, UGT eta USO sindikatuak ERTEa deusezteko bide juridikoa galerazten saiatu diren eta, era horretan langileek soldata guztiak berreskuratu ahal izateko bidea oztopatu duten,  ekintza doilor eta arduragabe honi aurre egiteko bide juridikorik onena zein den aztertzen ari gara.