2026-01-24
Blog Page 364

Behin-behinean dauden lanpostu guztiak finko egin eta bertako langileen egonkortasuna helburu ekingo diegu sektore publikoko negoziazio prozesuei

Ez diegu erakundeen iruzur berririk onartuko eta orain arte kontratuen metaketaren bidez bete izan diren lanpostu guztiak finko egitea proposatuko dugu sektore publikoko negoziazio mahaietan. Horrekin batera, behin-behineko langileek bere lanpostuetan egonkortzeko neurriak proposatuko ditugu. Horrela adierazi dute Gorka Berasategi eta Eider Casanova Zerbitzu Publikoen Federazioko arduradunek, gaur egindako agerraldian.

Euskal erakundeetan dagoen behin-behinekotasun maila onartezina dela ez du inork ukatzen. Horrelaxe adierazi zuen 2016 urte amaieran Europako Auzitegiak, erakunde publikoen kudeatzaileen utzikeria eta egoeraren ez-legezkotasuna azpimarratuz.  Gobernuetako administrazioek diskurtsoan ere onartezina dela errepikatzen bazuten ere, urte luzeetan enplegu publikoa ez egonkortzeko apustu garbi bat egin dute, zerbitzu publikoak ahuldu eta pribatizatzeko xedea zuena.

Egoera horri aurre egiteko salbuespenezko neurriak erabaki behar zirela aldarrikatu dugu. LABeko kideok euskal negoziazio esparruan kokatu izan ditugu balizko salbuespeneko neurri hauek, enplegu publikoa kontsolidatzeko euskal  legeak, hain zuzen ere. Euskal erakundeen beharretara egokitzen den araua aldarrikatu izan dugu, baina, azkenean, Espainiako Diputatuen Kongresuak arautu ditu salbuespenezko prozesu hauek.

Ongi azaldu genuen moduan, lege honek ez du euskal instituzioetan dagoen behin-behinekotasunaren arazoa konponduko. Legea irakurrita, milaka lanpostu prozesu hauetatik kanpo geldi daitezke, eta horren ondorioz milaka langilek egoera berean jarraituko lukete. Legeak lanpostuen ezaugarrietan jartzen du arreta, ez ordea, langilearen egoeran. Negoziazio kolektiborako mugak nabariak izan daitezke, beti ere erakundearen borondatearen arabera, eta azken hitza berak du. Gure ustez, negoziazio mahaietan prozesuak gatazkatsuak izango dira eta mobilizaziora jo beharko dugula argi dugu borondate horiek baldintzatzeko.

Hori guztia horrela izanda, LABk negoziazio prozesu hauetarako bere lehentasunak zehaztu ditu. Arestian esan dugun moduan, LAB sindikatuak enplegu publikoa egonkortzeko prozesu hauek zerbitzu publikoak indartzeko eta erakunde publikoetako langileak bertan egonkortzeko baliatu nahi ditu. Hori dela eta, hauek izango dira negoziazio prozesu horietan ezinbestez defendatuko ditugun aldarrikapenak:

  • Behin- behinean dauden lanpostu guztiak deialdi hauetan atera behar dira. Hemen barneratzen ditugu programa kontratu guztiak, zerbitzu eginkizun guztiak, baita kontratu metaketaren bidez bete diren lanpostuak ere.
  • Dagoeneko indarrean dauden deialdiak prozesu hauen baldintzetara egokitzeko eskatuko dugu.
  • Lanpostuari egokitzen zaion gaitegia erabiltzea eskatuko dugu, gaitegi orokorrak alboratuz.
  • Bertako langileak egonkortzeko neurriak eskatuko ditugu, hala nola lan eskarmentua lehenestea, erakunde deitzailean lan egindako denbora lehenestea edo eta plaza atera ezean erakundean egonkortasuna bermatzeko neurriak. Arreta berezia jarri nahi dugu urte luzez enplegu deialdirik egon ez den emakumeen kolektiboetan, zerbitzu publikoak aurrera atera dituzten langileak bertan egonkortu daitezen.

Eusko Jaurlaritzari eta gainontzeko erakundeei jakinarazten diegu, negoziazio prozesuetan arestian esandako neurriak izango direla gure bide orria. Zerbitzu publikoen defentsan eta langileen eskubideen defentsan iruzur berrien aurrean tinko mantenduko gara.

Azken lan heriotza salatu dugu Barakaldon

Euskal gehiengo sindikalak deituta, azken lan heriotza salatu dugu Barakaldon. Hain zuzen ere, 62 urteko eraikuntzako langilea obran lanean ari zela altueratik objektu bat erori eta azpian jota hil zen asteartean.

Eraikuntza sektoreak eta langileek ezin dutela egoera hau normaltzat eman nabarmendu dugu, ezta honetara ohitu ere.

“Garbiketa funtsezko zerbitzua izan da, baina, hala ere, patronalak soldatak izoztea proposatu digu. Onartezina da”

Gipuzkoako Aldundiko garbitzaile azpikontratatuek elkarretaratzea egin dute, Foru jauregiaren aurrean. Erosmen ahalmenaren galerarik gabeko hitzarmen bat aldarrikatu dute, eta hori lortu arte ez dutela etsiko nabarmendu dute.

Hitzarmen kolektiboa 2021eko maiatzetik ari da negoziatzen. Hainbat bilera egin ondoren, EULEN enpresak (zerbitzuaren arduraduna) argi utzi du bere jarrera: ez du KPIarekin lotutako planteamendu ekonomikorik egingo. LAB, ELA eta ESK sindikatuontzat ezinbestekoa da soldata-proposamenak KPIarekin lotzea, ezinbestekoa da langileek erosteko ahalmena gal ez dezaten, baina, ez hori bakarrik, enpresa honek 2021erako langileen soldata izoztu nahi du. 2021 pandemia urtea izan da, garbiketa funtsezko zerbitzua izan da, baina, hala ere, patronalak soldatak izoztea proposatu digu. Onartezina da.

Sindikatuok badakigu Gipuzkoako Foru Aldundiak ere baduela erantzukizunik zerbitzu honetan. Izan ere, pleguak argitaratu berri dira, eta administrazio publikoak erabaki behar du langileen interesak edo patronalaren interesak zaindu nahi dituen. Hainbat bilera-eskaera egin ondoren, aste honetan bertan erantzun digu Foru Aldundiak, astelehenerako bilera bat ezarriz. Bilera horretan Aldundiari eskatuko diogu pleguak preziorik baxuenean ez esleitzeko, hori bere erantzukizun zuzena baita.

Jaurlaritzari exijitu diogu Larrialdiak-Maiz Aldi Baterako Enpresa Elkarteko langileei zor zaiena berehala ordaintzeko

Mobilizazioa egin dugu Gasteizko Legebiltzarraren aurrean, “Gu kobratu gabe eta dirua Gibraltarren. Eusko Jaurlaritza erruduna” leloarekin. 2019an Larrialdiak-Maiz Aldi Baterako Enpresa Elkarteak utzi egin zuen Araba eta Bizkaiko anbulantzia zerbitzua, langileei soldatak zorretan utzita. Sententzien exekuzioak ezin dira burutu, egin beharreko ordainketa horiek kubritzeko abala Gibraltarren dagoelako. Hori salatzeko egin dugu protesta.

Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritza da zerbitzuaren eta lizitazio publikoen gainean duen kontrol faltagatik sortu den egoera honen erantzulea.

Borrokako urteak eta urteak, 7 hitzarmen desberdin, urteko 2.000 lanordu baino gehiago, EPIekin etengabeko arazoak, zerbitzu defizitarioa… tratu txarrak jaso dituen sektore bat da Anbulantzietakoa, eta sektore horri ez zaio eman ez garrantzia, ez merezi duen balioa. Eusko Jaurlaritzak herritarrentzako funtsezko zerbitzu bat azpikontratatzen jarraitzen du, zerbitzu pobrea mantentzen du, hirugarrenen eskuetan, eta horrek diruak kezkatzen ditu, inoiz ez arabarren edo euskaldunen osasunak.

Sektore hori giza balioaz eta langileen gogoaz elikatzen da; izan ere, 2019ko abenduaren 31n, etxean geratu edo grebara joan beharrean, aparteko ordainsaria, jaiegunak eta abenduko gauak kobratu ez arren, eta kasu batzuetan askoz diru gehiago behar bazuten ere, lanera joatea erabaki zuten zerbitzua emateko. Administrazio publikoari zerbait ahaztu zaiolako, 2020ko urtarrilaren 1ean Bizkaian eta Araban larrialdiko anbulantziak egon baziren, ez zen izan enpresa bat anbulantziak jartzera etorriko zelako, baizik eta langileek.

2019ko abenduaren 31n, garai hartan Araban eta Bizkaiko zati batean zerbitzua ematen zuen enpresak, Larrialdiak-Maiz ABEEak, anbulantzia-lehiaketa utzi zuen, eta langileei aparteko ordainsaria, gaueko eta jaiegunetako ordainsariak eta kopuruak kobratu gabe utzi zizkien, kasu batzuetan aurreko hilabeteetatik arrastaka genbiltzan neurriz kanpoko kopuruak.

Bi urte baino gehiagoko epaiketen ondoren, langileen aldeko epaiak betearazi behar izan dira, zerbitzua utzi zuen enpresak ordainketarik egin ez zuelako. Eusko Jaurlaritzak atxiki egin zuen enpresa horrek zerbitzua ustiatzeko lizitazioa eraman zuenean aurkeztu behar izan zuen abala.

Bada, abal hori Gibraltarren dago, eta horrek esan nahi du ezin dela abala Eusko Jaurlaritzaren beraren zerbitzu juridikoen arabera gauzatu. Non zeuden zerbitzu juridikoak enpresak abal hori aurkeztu zuenean? Zer kontrol erreal du administrazio publikoak enpresei eta enpresek zerbitzua emateko aurkeztu behar dituzten abalei buruz?

Eusko Jaurlaritza da kontrol horren arduraduna, ez baitzuen kontrol hori egin, eta oso larria iruditzen zaigu lehiaketetara aurkezten diren enpresa pribatuen gaineko inolako kontrolik ez egitea, ezta horiek aurkezteko abalak kontrolatuz eta, ondoren, baldintza-agiriak betetzen dituzten kontrolatuz ere.

Zerbitzuaren arduraduna den aldetik, Eusko Jaurlaritzak zerbitzua eman zuten langile horiei ordaindu behar die, eta zerbitzua utzi zuen enpresari bidezkotzat jotzen duen erreklamazioa egin ondoren. Langileek ez dute administrazioaren kontrol faltaren pagano izan behar, ez eta pagotxa ere, dirua egitera bakarrik datozen enpresek eraman eta langileei egin eta egiten duten lanagatik ordaintzen ez dietelako.

Egitateak oso larriak dira, baina egitate horiek berriro gerta daitezke. Eusko Jaurlaritzak ba al daki non dauden anbulantzia-zerbitzua kudeatzen duten enpresen abalak? Zer gertatuko litzateke baten batek zerbitzua uzten badu, Larrialdiak-Maiz ABEEak 2019an egin zuen bezala? Eusko Jaurlaritzak berriro emango al du zerbitzua esku pribatuetan?

LABek exijitzen du Eusko Jaurlaritzak Larrialdiak-Maiz ABEEak langileei zor dizkien zenbatekoak berehala ordaintzea eta anbulantzia-zerbitzua argitaratzea, zerbitzua publiko egiteak zerbitzua hobeto kudeatzea ekarriko baitu, enpresa pribatuak diruarekin geratu gabe eta euskal gizarteari askoz garestiago atera gabe ustiapenerako esku pribatuei ematen zaien zerbitzu publikoa.

Bilboko Metroan mobilizatu gara Pikete Feministaren eskutik, garbiketako sektorean pairatzen dituzten sexu erasoak salatzeko

Lantokian gertatutako beste sexu-eraso baten albisteak kalera atera gaitu berriro; oraingoan, garbitzaile baten aurkako erasoa izan da Sestaon. Sopelan gertatutako erasoa eta aste gutxira gertatu da. Sopelan, 71 urteko enplegatzaileak adin ertaineko etxeko langile bat bortxatu zuen.

Ez da gertaera isolatu bat. Ez da lehen aldia garbitzaile bat bere lantokian, lanera bidean edo etxera itzultzean, erasotzen dutela.

Gehiegi dira garbiketako langileek azaldutako kontakizunak: uniforme zuri berriak zein ondo geratzen zaizun komentario deserosoa, gaua denean eta korridorearen beste aldean norbait dagoela dirudienean sentitzen den hotzikara, zein Metro Bilbaon izandako gertaera antzekoa. Kasu honetan, Sestaoko geltokia garbitzen ari zela jasan zuen bortxaketa saiakera. Aipatutako kontakizun horiek guztiak indarkeriak dira.

Pikete Feministako kideek Portugalete eta Sestao arteko metro ibilbidean egindako ekintza dela-eta jakinarazitakoaren arabera, “mobilizatu egin gara, emakume eta garbiketako langile garen aldetik, nazkatuta gaudelako indarkeria hainbat eratan jasateagatik: indarkeria matxista, lan-indarkeria, gizarte-indarkeria. Nazkatuta gaude ikusezinak, gutxietsiak eta erasotuak izaten jarraitzeaz”.

Esan bezala, hori guztia salatzeko, Pikete Feminista egin dugu Portugaleteko metrotik Sestaoraino: “Bertan, emakume garbitzaileok jasaten ditugun indarkeria matxistak salatu ditugu 20 kontakizun eramanez eta metroaren erabiltzaileei esku-orriak banatuz. Ondoren, Sestaoko geltokian eskegi ditugu kontakizun horiek, gure lankideari eraso egin zioten lekuan, emakume eta garbitzaile izate hutsagatik jasaten ditugun egoerak salatzeko, eta, aldi berean, gure egoera agerian uzteko”.

Eraso horien aurrean, LAB sindikatuak enpresei eta administrazioei eskatu diegu beren erantzukizuna euren gain hartzeko eta emakume langile gisa ditugun eskubideak zainduko dituzten politikak garatzeko eta lan egiten dugun baldintza espezifikoen jarraipena egiteko.

Emakumeen aurkako erasoei ez! Ez lanean, ez inon! Bat erasotzen badute, denak erasotzen gaituzte!

Eskola publiko komunitario, euskaldun, inkusibo, laiko eta feminista eratzeko urrats sakonagoak eskatu ditugu

LABen iritziz, Hezkuntza Akordioarako Ponentzia Batzordeak aurkezturiko zirriborroak azaleko irakurketak egiten ditu, idazkerak zalantzak sortzen ditu eta ez dio hezkuntza-sistemaren gabezien muinari heltzen. Hain da horrela, aurkeztutako zirriborroak diagnostikorik ere ez duela eta ikuspegi kritikorik ezean, nekez lortu daiteke egungo hezkuntza-sistema herri bezala ditugun beharretara egokitzea. 

Interpretazio oso ezberdin eta zabalak izan ditzakeen testua da. LABek uste du hitzarmenaren helburuetako bat ituntze-sistema unibertsalarekin amaitzea izan beharko litzatekeela. Are gehiago, konfluentziatik abiatuta titularitate publikoko sare bakarreranzko trantsizioa egin beharko litzatekeela, eskola publikoa sistemaren ardatza izanik eta deszentralizazioan nahiz hezkuntza komunitatearen parte hartzean oinarrituriko publikotasun berria eraikiz. Egungo egoeran, administrazioak eskola publikoa erdigunean jarri eta baliabidez hornitu behar du.

Trantsizio honetan, diru-publikoa jasotzeko baldintzak ezartzearekin batera, -euskaren murgiltze eredua, hezkidetza, laikotasuna, inklusioa, doakotasuna eta euskal curriculuma-, diru publikoa jasotzen duten ikastetxeetan parte hartze publikoa bermatu beharko litzateke, titularitate partekatuko formulak erabiliz. Alegia, trantsizio aldian, hezkuntza zerbitzu publikoan bi titularitate mota leudeke, publikoa bata eta partekatua bestea.  

LABen ustez zirriborroak ez dio herri gisa dugun euskalduntze erronkari behar bezala erantzuten. Euskararen murgiltze eta mantentze eredua definitu eta ezarri behar da hezkuntza komunitate osoarentzat 0 urtetatik Lanbide Heziketa bitarte.

Era berean, 0-18 urte bitarteko hezkuntza sistema ez-unibertsitarioaren eredu eta antolaketari erantzun beharko lioke hitzarmenak, zirriborroan aipatu ere egiten ez den  Haur Hezkuntzako lehen zikloa (0-3) hezkuntza sistemaren barruan eta eskola mapetan integratuz. Administrazioak diru-laguntzen txeke politikarekin amaitu eman beharko luke, hori egin ezean haurrekin eskolek duten matrikulazio lehia betikotuko baita. Bide horretan, ezinbestekoa da Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna bermatzea.

LABek proposaturiko herri mailako eskolaratze eta planifikazio batzorde bateratuak aipatzen ditu testuak. Hala ere, gaiaren garrantziak sakontasun gehiago eskatzen du. Matrikulazio guztiaren planifikazioa egiteko Hezkuntza Sailaren eta udalen arteko ko-gobernantza formulak garatu ahal izateko sortu beharreko batzordeek baliabideak, eskuduntzak eta izaera loteslea behar dituzte ezinbestean. Soilik horrela lortu daitekeelako tokian tokiko beharrei erantzunez segregazioa gainditzeko proposamen integralak garatzea.

LABek bere dekalogoan jaso zuen ikasleen oinarrizko hezkuntza beharrak %100 finantzatuko direla, eta ez besterik. Haur eta ikasleen oinarrizko hezkuntza beharrak, eremu sozialari, ongizate fisiko eta psikikoari eta akademikoari erantzuten dietenak dira eta hauei lotuta, garapeneko autonomia, jolasa, emozioak, segurtasun afektiboa, natura, esperimentazioa, hizkuntza, jakintza, elikadura, gorputza, harremanak eta pentsamendu kritikoa. Hortaz, bertatik kanpo leudeke orain hilabete ezagutu ditugun praktikak, igerilekuak edo bestelako azpiegiturak finantzatzea alegia.

Akordio proposamenak hutsune larria du kontrol publikoari dagokionez. Izan ere, ez da nahikoa doakotasun erreala edota euskalduntzea bezalako gurariak aurkeztea gero ez badira hauen ebaluazioak garatuko. Sistemaren eta finantziazioaren kontrola gauzatzeko instituzioen auditoriak eta ikuskaritza propioak beharko dira. 

Programa-kontratuekin kontu handia izan behar da. Ikastetxe bakoitzak Hezkuntza Sailarekin hezkuntza egitasmoa burutzeko beharrezko dituen baliabideak adostu ditzakeen arren, hezkuntza-sistemak egiturazko curriculuma izan behar du, hezkidetza, aniztasunaren trataera eta inklusioa, laikotasuna eta euskara eta euskal kultura ikastetxe guztien hezkuntza egitasmoaren oinarri izan behar dira. Klase-sozialen, sexu-generoaren edo/eta arrazializazioan oinarrituriko zapalkuntzei hezkuntzak era integral eta kritikoan erantzun behar die, ezin da hautazkoa izan. Aipatutakoaz gain, mekanismoak ezarri beharko dira programa-kontratuak ikastetxeen arteko lehia sustatu ez dezaten eta segregazio-iturri bilakatu ez daitezen.

Afera laboralari dagokionez, irakasleei buruz bakarrik ari da zirriborroa, eta gainontzeko hezkuntza langileak alboratzen ditu. Irakasleen prestakuntzaz aritu behar dela aitortuta ere, ikastetxeko hezkuntza egitasmoaren eta horren helburuen ardura langile guztiona da. Publiko bilakatu behar diren azpikontrataturikoena ere. Langile guztion aitortza ezinbestekoa da, hezkuntza bere adierarik zabalenean ulertu eta eraldatzeko asmoa badago, behintzat.

Langileen sarbideari buruzko adostasunak jaso beharko lituzke zirriborroak, sarbide sistema bakarrerantz urratsak emanez eta, hautagaien aukera berdintasun, gaitasun eta merituetan oinarrituriko prozesu gardenak ezarriz. Era berean, irakasle-ikasle zein hezitzaile-ikasle ratioen jaitsiera adostasunak jaso beharko lituzke testuak, ikasle bakoitzari eskainitako arreta eta hezkuntza kalitatea hobetzeko eta jaiotze kopuruaren beherakadaren aurrean enpleguari eusteko neurri gisa. Langileen lan-baldintzen, egonkortasunaren eta homologazioaren inguruan sakondu beharra dago.

Bukatzeko, LABek adierazten du, plazaratu berri duen dekalogoa oinarri hartuta zirriborroari ekarpenak egingo dizkiola. Egun, oso interpretazio ezberdin eta zabalak izan ditzakeen testua dela baloratuta, eztabaidagai batzuk argitu, definitu eta itxi beharra azpimarratzen du. Egungo ituntze-sistema betikotu edo berau mugatu eta trantsizio bidean jartzea bi gauza oso ezberdin baitira. LABek Hezkuntza Akordioan eragin nahi du eta eragingo du.

Xilema Fundazioak bost langile kaleratu dituela salatu dugu

LAB sindikatua datorren astelehenean, otsailaren 14an, kontzentratuko da Xilemaren Iruñeko egoitzaren aurrean, fundazio horrek adingabeen oinarrizko egoitza-harreretako hezitzaileen artean egin dituen bost kaleratzeak salatzeko. LABen iritziz, Nafarroako Gobernuak oraindik ez du kalitatezko arretarik bermatzen babesik gabe dauden adingabeei laguntzeko zerbitzuetan. Hori dela eta, diru publikoarekin erabat finantzatzen diren enpresa edo fundazioek arbitrariotasunez funtzionatzen dute, eta horrek ez du inola ere laguntzen plantillak egonkortzen.

Sektorean lan egiten dugunontzat, aski ezaguna da gaur egun Xilema Fundazioak kudeatzen duen adingabeen baldintza-agiria oso urria dela, esku-hartze zuzeneko profesionalen kopuruari dagokionez. Izan ere, Nafarroako Gobernua ez zen gai izan LAB sindikatuak helarazi zizkien eskaerak eta beharrak entzuteko.

Hala eta guztiz ere, Xilema Fundazioak erabaki zuen baldintza-agirien gainetik Oinarrizko Egoitza Harreretan arratsaldeetan laguntzeko hezitzaile bat sartzea, hau da, guztira bost pertsona. Orain, Xilema Fundazioak argudiatu du horrek gainkostu handia dakarkiola, eta ezin duela hori bere gain hartu, Gobernuak ez baititu figura horiek finantzatzen, beharrezkotzat jotzen badira ere.

Xilema Fundazioaren Zuzendaritzak arrazoi ekonomikoak argudiatu ditu, baina Enpresa Batzordeari arrazoi hori justifikatzen duen dokumentu objektiborik aurkeztu gabe eta Batzordeari zenbaki bakar bati buruzko informaziorik eman gabe; azken bi urteetan galerak izan dituztela baino ez dute adierazi, hitzez gainera. Horrek ez du justifikatzen bost lanposturen amortizazioa, ez horixe.

Xilemak dioenez, Gobernuak eskatzen zienaren gainetik jartzen aritu dira; jakina, diru nahikoa (publikoa, zergadun guztiena) Gobernuak injektatzen zielako, beste gauza batzuekin egiten duten bezala. Orain aurreztuko duten dirua da, zertara bideratuko duten ere ez dakigun diru hori bera; lehentasunen kontua.

Jakin dugu lanean jarraitzen duten gainerako taldekideei ordutegiak aldatuko zaizkiela. Hezitzaileei beren funtzioak eta lan-gainkarga areagotuko zaizkie. Honezkero, edonor konturatuko zen zerbitzuaren kalitateak okerrera eginen zuela.

Nafarroako Gobernuak babesgabetasun-egoeran dauden adingabeei arreta emateko zerbitzuetan kalitatezko arreta bermatu gabe jarraitzen du. Gainera, oraindik ez du urratsik egin adingabeentzako gizarte-zerbitzuen baimenei, homologazioei eta funtzionamenduari buruzko dekretua arautzeko, eta gaur egun 1991koak indarrean jarraitzen du.

Gizarte-zerbitzuak kudeatzeko modu hori kaltegarria da langileentzat eta erabiltzaileentzat. Erregulaziorik gabe, plantillak batzuen eta besteen arbitrariotasunen eraginpean gaude, titulazioetan irizpideak aldatzen dira, guztion diru publikoaren kudeaketan profesionalik ez dago, kaleratze libreak eta ordutegi-aldaketak daude, eta abar. Hain sektore ahulean, plantillen egonkortasuna hain beharrezkoa denean, ez dugu borondate politikorik ikusten, ezta sakoneko irtenbiderik ere.

Horiek guztiak kontuan hartu ditugu langileok eta horren arabera jokatuko dugu, jarduera horiek behar diren lekuetan salatuz. Aspaldi esan genuen bezala, sektoreko hitzarmena irabazi ondoren, hurrengo ekintza-frontea langile-ratioak hobetzera bideratu behar dugu, lanean osasuna galdu gabe eskaintzen dugun arretaren kalitatea hobetu dadin. Esku-hartzea egin nahi dugu, ez asistentzialismoa.

Horregatik, Xilema Fundazioaren aurrean gure gaitzespena adierazi nahi dugu, kaleratzeak salatzeko eta arreta ratio duinak eskatzeko, azken finean, Nafarroan adingabeen arretarako kalitatezko zerbitzuak bermatzeko helburuz. Horretarako, elkarretaratzea eginen dugu datorren astelehenean, otsailaren 14an, 11:30ean, Xilemaren bulegoen aurrean, Civicanen aurrean, Iruñean.

Arabako Metalgintzako sindikatuok manifestaziora deitu dugu otsailaren 19rako, hitzarmen duin baten defentsan

LAB, ELA, CCOO, USO, ESK eta CGT sindikatuon ohar bateratua:

Abenduaren amaieran, ELA-CCOO-LABek erreibindikazio taula bat aurkeztu zion SEAri, Arabako metalaren aldarrikapenekin, sektoreak bizi duen prekarietateari erantzuteko, bizitzaren garestitzeari aurre egin ezin dioten soldatekin, EAEko lanaldi altuenarekin, malgutasun handiarekin, kontratazioan iruzurra, azpikontratazioaren erabilera eta abusua eginez, ABLEekin, emakumeak diskriminazioa sektore maskuliniztuan, istripu askorekin, gaur egungo garaietare egokitu gabeko baimenekin,..

Urtarrilean, SEAk hilabete bat eskatu zigun gure proposamenari erantzuteko eta mahaira zerbait ekartzeko. Gogoratu behar dugu Arabako metalean 3 urte baino gehiago daramatzagula sektoreko hitzarmena negoziatzen, eta patronalak negoziazioa blokeatuta duela eta geldirik dagoela. Horregatik, otsailaren 14ko hurrengo bileran, espero dugu SEAk taktika aldatzea, immobilismotik ateratzea eta sektorearen beharrei erantzun egokiak emango dizkien plataforma bat aurkeztea.

Errealitate horren aurrean, ELA, CCOO eta LAB sindikatuok, ordezkaritza sindikalaren gehiengo zabala osatzen dugunok eta oso kultura sindikal desberdinetatik gatozenok, dinamika bateratu bati ekitea erabaki genuen, sektorea aldatzeko beharra gizarteratzea eta Arabako Metalaren Hitzarmenaren aldeko Manifestazio bat deituz otsailaren 19an 17:30ean Bilbo plazatik. Manifestazio horrekin eta aurkeztutako aldarrikapen-plataformarekin bat egin dute USO, ESK eta CGT sindikatuek, eta hainbat enpresa-batzorde atxiki dira, hala nola Mercedes eta azpikontratak, Tubos Reunidos, Fiasa, CIE Automotive, Atusa, Gestamp Arasur, Condesa, SNA Europe, JEZ, Inauxa, Amurrio Ferrocarril y Equipos,… langileen ordezkari eta ordezkari ugariz gain eta atxikimenduak jasotzen jarraitzen dugu.

Eskaera argia da, eta espero dugu SEAren erantzuna bat etortzea metalurgikoek sortutako aberastasuna sektore osora iristeko eskatzen denarekin. Zentzu horretan, aldarrikapenak argiak dira:

– KPIaren gaineko soldata-igoerak, 1400 euroko gutxieneko soldatarekin, 14 ordainsaritan.
– Lanaldiaren jaitsiera nabarmena. 
– Azpikontratetako langileentzako subrogazioa
– Kontratazioko iruzurraren aurkako neurriak
– Behin-behinekotasuna eta malgutasuna mugatzea
– Benetako berdintasun eraginkorra lortzeko neurriak
– Lan-osasuna bermatzeko neurriak
– Baimenak hobetzea eta pertsonak zentroan jartzen dituzten beste lan-baldintza batzuk
– Hitzarmena aplikatzeko bermeak: ultraktibitatea, alde bakarreko ez aplikatzea eragoztea eta aplikatzeko lehentasuna ematea.

Azkenik, adierazi nahi dugu egungo blokeo-egoerak bere horretan jarraitzen badu eta planteatutako aldarrikapenei erantzun egokia ematen ez bazaie, datozen hilabeteetan lanuzteak eta grebak izango direla Arabako metalgintzan.

Horregatik guztiagatik, otsailaren 19an, 17:30ean Bilbo plazatik egingo den Manifestazioan parte hartzera gonbidatzen ditugu sektoreko langileak eta herritarrak oro har.

Batzar Nagusietara eraman ditugu Gipuzkoako helduen egoitzetako langileen aldarriak

Gipuzkoako Batzar Nagusietan Agenda 2023-2030 transizioko Gizarte Politiken inguruko agerraldia egin du Maite Peñak, aurrera begirako erresidentzia modelo berri bat aurkezteko asmoz. LAB eta ELA sindikatuotako kideok agerraldia eten dugu sektoreko langileon aldarrikapenak mahai gaineratu, eta berriro ere, negoziazio kolektiboa aktibatzeko beharra azpimarratuz eta Diputazio, patronal eta sindikatuen arteko elkarrizketarako deia eginez.

Erresidentzietako egoera benetan larria da eta gehiegi luzatu den gatazka honi irtenbide bat aurkitzeko hamaika bilera eskaera formal egin ditugu dagoeneko eta ez dugu inolako erantzunik jaso Gipuzkoako Foru Aldundiaren partetik.

Esan bezela, azpikontratatutako langileak muturreko egoera batean daude, gehiegizko lan kargak, bajak edota opor egunak ez dira behar bezala kubritzen, erresidentzia ezberdinen artean soldata eta lan baldintzen arteko aldeak agerikoak dira, protokoloen etengabeko aldaketak, etab. Langileen hitzetan, egoera jasanezina bihurtu da.

Egoera hau diru publikoz finantzatutako gizarte zerbitzuen pribatizazioaren ondorio zuzena da, sektore feminizatuen errekonozimendu sozial eta ekonomiko ezarekin batera.

Sektoreko hitzarmen kolektiboaren negoziazioa blokeatuta dago patronalaren jarreragatik, eta nola ez, irtenbide bat bilatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren borondate faltagatik; izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak 3 urte baino gehiago luzatzen den gatazkaren aurrean uzkurtuta jarraitzen du. Langile nahikorik ez egoteak lan-erritmo biziak eta karga fisiko eta psikologiko jasanezina dakar. Laneko arrisku ergonomiko eta psikosozialen eraginpean egotea orokorra bezain onartezina da.

41/1998 Dekretuarekin alderatuta, langile-ratioak handitzea ezinbestekoa da, ratio horiek hobetu nahi ditugu, arreta pertsonalizatuaren printzipioan sakondu ahal izateko. Behar hori berresten dute pertsonen higienerako arretan emandako denbora luzeek, zainketa pertsonalak, elikagaiak hartzen diren momentuak edota autonomia pertsonala sustatzen emandako denborak.

LAB sindikatutik, berriro ere, bestelako zaintza-eredu baten bidean, Zaintza Sistema Publiko Komunitarioaren bidean, aurrera pausuak emateko beharra azpimarratu nahi dugu, Zaintza eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema publiko, unibertsal, doako, kalitatezko eta kudeaketa publiko eta zuzeneko baterantz. Jakin badakigu, ordea, ezinezkoa dela aurrera egitea, gaurko gatazka eta urgentziei irtenbiderik eman gabe.

Datozen egunetan burutuko ditugun mobilizazio ezberdinetan parte hartzeko deia ere luzatu nahi dugu:

Otsailak 16, Greba Eguna: Manifestazioa, 11:00etan, Bulebarretik.

Gora emakume langileon borroka!