2024-03-28
HomeIrakaskuntzaHezkuntzaDekalogo bat aurkeztu dugu EAEko Hezkuntza Itunerako proposamen gisa

Dekalogo bat aurkeztu dugu EAEko Hezkuntza Itunerako proposamen gisa

Hezkuntza Itunaren inguruko eztabaida ireki da EAEn eta, era berean, gogoeta Euskal Herri osora zabaltzeko ekimenak abian jarri dira. Honen aurrean, LABetik egiten dugun irakurketa plazaratu dugu Bilbon egindako agerraldian, Garbiñe Aranburu idazkari nagusi eta Irakaskuntzako arduradun Irati Tobarren eskutik. Hala, akordioari begirako LABen dekalogoa aurkeztu dugu. Segregazioa gainditzea, murgiltze eredu orokortua ezartzea, ituntze unibertsalarekin amaitu eta finantziazio publikoa baldintzatzea, titularitatean eragitea eta hezkuntza langileen baldintzak hobetzea dira LABen eskakizun nagusienak.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “Euskal Herrirako Hezkuntza Sistema propio eta burujabea eraikitzea da gure helburua, Euskal Eskola Publiko Komunitarioa sortzea dugu ortzi-mugan. Herri eta auzo eskolaz osatutako sare bakarraren aldeko apustua egiten dugu. Autonomian eta parte hartzean oinarritutako dena, titularitate publikokoa. Diru publikoz osoki finantzatua, familia guztientzat, jaiotzetik hezkuntza-prozesu osoa bermatuko duena. Herritar guztiei hezkuntza feminista, laikoa, inklusiboa, euskalduna, antiarrazista eta berdintzailea bermatuko diena. Euskal Curriculumean oinarrituta egongo dena”.

78ko itunen ondorioz, Espainiako Estatuan Estatu ezarri zen hezkuntza sistema duala eta hizkuntza eredua gainditu beharra dagoela adierazi dute Garbiñe Aranburuk eta Irati Tobarrek. Egun indarrean dagoen eredu dualetik sare bakarrerako bidea konfluentziatik sortu behar dela iritzi dugu LABetik. Bide bat egin behar da. Sare bakarrerako trantsiziorako ezinbestekotzat hurrengo urratsak ditugu:

Hezkuntza sistema dualaren oinarrian dagoen kontzertazio unibertsalarekin bukatu egin behar da

Finantziazio publikoa jasotzen duen ikastetxeak baldintza batzuk bete behar ditu: ezin du kuotarik kobratu, doakotasuna bermatu beharko luke eta bestelako betebeharrak ere bete behar ditu. Segregazio oro gainditu eta inklusiboak izatea, euskarazko murgiltze eredua bermatzea, laikoa izatea, hezkidetza egiturazko izatea, edota parte hartzea bultzatzea.

Administrazio publikoaren finantziazioa jasotzen duten ikastetxeetan, horrek isla izan behar du ikastetxe hauen titularitatean. Sare bakarra ortzimugan, nortasun juridiko propioa duten eskolen kasuan, titularitate partekaturantz urratsak eman beharko dira.

Honela, trantsizio gisa, baldintza eta betebehar berberak izango lituzketen ikastetxez osatutako sistema berria sortuko litzateke. Batzuk titularitate publikoa izango lukete eta besteak titularitate mistoa, baina denak egongo lirateke udal eta eskualde mailako planifikazio publiko bateratuan txertatuta. Matrikulazioekin dagoen lehiarekin nahiz segregazio joera ororekin amaitzeko, udal mailako planifikazio eta eskolaratze prozedura bateratua martxan jarriz. Doakotasun erreala bermatuz, kuotak desagerraraziz.

Eskola publikoa ardatz duen publikotasun berri baten alde egin behar da 

Egungo egoeran, eskola publikoarekiko desoreka egin behar du administrazioak, baliabidez hornitu eta erdigunean jartzeko garaia da.

Egun administrazioa ez da behar besteko inbertsiorik egiten ari eskola publikoan. Deszentralizazioan sakondu eta eskola bakoitzak hezkuntza egitasmo iraunkor, autonomo, parte hartzaile eta eraginkorrak garatu ahal izateko, plantillak egonkortzea lehentasunezko neurria da.

Euskalduntzen duen eredu orokortu bat ezarri behar da  

Hezkuntza Akordioa mugarria izan beharko luke euskalduntzeari dagokionez. Euskararen murgiltze eta mantentze eredu orokortu bat beharrezkoa dugu. Euskalduntze prozesua ataka batean dago, politika publikoen gabezien ondorioz eta erdaraz mintzo diren teknologi berrien eraginez ere. Hizkuntza ereduak gainditu beharra dago, ez dutelako euskalduntzen eta baita segregazio aldagai direlako. Euskalduntze politika ausart, integral eta erradikalak behar ditugu.

Hezkuntza langileen aitortza eta baldintzen hobekuntza

Hasi irakasleetatik garbitzaile, jantokiko begirale edota sukaldarietara. Lan baldintza okerren dituzten eta prekarizaturik dauden kolektibo feminizatu horiekiko zor bat dauka Hezkuntza Sailak eta hezkuntzako patronalek, eta bada ordua ordain dezaten.

Era berean, irakasle-ikasle zein hezitzaile-ikasle ratioen jaitsiera orokorra aldarrikatu dugu, ikasle bakoitzari eskainitako hezkuntza arreta eta hezkuntza kalitatea hobetzeko eta jaiotze tasen beherakadaren aurrean enpleguari eusteko. Pribatizazioarekin eta azpikontratazioaren amaitu behar dela azpimarratu dugu. Hain zuzen ere, jangileen egonkortasunarekin eta kontziliazio neurriekin batera, prestakuntzan arreta jartzea eskatu dugu LABetik, bereziki egiturazko jotzen ditugun euskalduntze eraginkorrerako estrategietan, hezkidetzan, inklusio eta aniztasunaren trataeran zein pedagogia kritikoetan oinarrituriko berrikuntza metodologikoetan.

Lan baldintzei dagokienez, eremu publikoan zaharkituta dauden lan hitzarmenak adostasunez berritzea eta eremu itunduan homologazio prozesuak abiatzeko eskatu dugu, hezkuntza langile guztiek baldintza berberak izateko norabidean. Era berean, kontrol publiko eta sindikala izango duen sarbide sistema bakarrerantz urratsak ematea eskatu dugu; hautagaien aukera berdintasun, gaitasun eta merituetan oinarrituriko prozesu gardenak izan behar dituena.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

0-3 urtekoen zikloko sindikatuak berriz mobilizatu dira, Hezkuntza Departamentuari eskatzeko behingoz har dezan alor honetako ardura

Nafarroako 0-3 hezkuntza zikloko sindikatu guztiek (LAB, ELA, STEILAS, AFAPNA, UGT eta CCOO) elkarretaratzea egin dute gaur Iruñean, Hezkuntza Departamentuaren egoitza nagusiaren parean, Gobernuak ziklo honi dagokionez erakusten duen jarrera axolagabea salatzeko. Ildo berean, apirilaren 11n manifestazioa eginen dutela iragarri dute, Departamentuaren egoitzatik 17:30ean abiatuko dena.

Grebak Arabako aisialdi hezitzailea eta animazio soziokulturalean apirilaren 2a eta 4an, hitzarmenaren negoziazioan akordiorik ez dagoelako

Agerraldia egin dute gaur Gasteizen sektoreko langileek bi greba egunak iragartzeko. Hitzarmen duinik ez badago, zerbitzurik ez dela egongo adierazi dute.

Iruñeko eremu urdinean jarduera ia geldirik egon da grebaren hiru egunetan

Enpresa Batzordeak (LAB, ELA, UGT eta CCOO) astelehenetik egiten ari den grebaren balorazio positiboa egin du, eta ohartarazi du Dornierrek ez badu aurrerapausorik ematen lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmenaren negoziazioan, mobilizazioekin jarraituko dutela.