2026-10-27
HomeEkintza PolitikoaErabat gaitzesten dugu Bilboko metroko geltokien garbiketa-zerbitzuko langile batek lanean ari zela...

Erabat gaitzesten dugu Bilboko metroko geltokien garbiketa-zerbitzuko langile batek lanean ari zela jasandako eraso matxista

LAB Ilunion (garbiketa kontrata) eta LAB Metro Bilbaotik erabat gaitzesten dugu metroko geltokien garbiketa-zerbitzuko langile batek lanean ari zela jasandako eraso matxista. Gure babes osoa emakumeari, eta behar duen guztian laguntzeko prestasuna eta eskaintza ere bai. Era berean, bi atal sindikalek Sestaoko talde feminista EMARIk deitutako mobilizazioarekin bat egin dute. Asteazkenean izango da protesta, 19:00etan, udaletxe aurrean.

Zoritxarrez, sektore feminizatuek, garbiketakoak, besteak beste,  indarkeria jasateko arrisku handia dute. Askotariko indarkeria, hala nola, enpresena (azpikontratazioa, subrogazioak…), erakundeena (ez-ikustea, zerbitzu publikoak ez sustatzea eta sortzea,  babesik ez, eskubide-bermerik ez…), jendartearena (egiturazko matxismoa, familietan, etxeetan, doan egiten dugun lana, edo pandemian “funtsezko” izendatu dituzten sektoreetan, non nagusiki emakumeak aritzen garen), baita sindikatuena ere, zergatik ez esan. Azken alderdi horrek izugarri kezkatzen gaitu, gainera, zuzenean ukitzen gaituelako, kasu honetan.

Gure ardura  da Metro Bilbaon gure alboan lanean ari diren pertsonen lana segurua eta duina izan dadin zaintzea eta ziurtatzea. Lankide ditugu, eta baten aurka jotzea denon aurka jotzea da. Enpresa-batzordeoi kostatzen ari zaigu elkarrekin irtetea. Penagarria eta gehiago. Azkar eta tinko erantzun behar dugu, kontu akzesorioetan denbora galdu barik. Beste eraso batzuen aurrean bestela erantzun izan dugu. Enpresa-batzordeak eta sindikatuak zer eta zelan erantzun koordinatu eta adosteko gai ez izateak agerian utzi du emakumeen aurkako indarkeria ez zaigula asko axola. Alferrik dira enpresen eta sindikatuen berdintasun-planak eta martxoaren 8ko eta azaroaren 25eko adierazpenak, benetan erantzun behar dugunean koherentziaz, zintzotasunez eta konpromisoz jokatzen ez badugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Frantses Kanonaren aurka herri harresia osatzera dei egiten dugu

Eskuin muturreko Canon Français edo Frantses Kanona taldeak antolatutako otordua egitekoa da Miarritzeko Irati aretoan azaroaren 28an. Bada, hainbat eragilerekin batera, hitzordu horri aurka egin eta herri harresia sortzeko deia luzatzen diegu langileei LAB sindikatutik.

Euskara, baliabideak, segregazioa eta digitalizazioa dira hezkuntza arloko lehentasunak LABentzat

Sindikatuak gaur Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean egindako agerraldian adierazi duenez, PISA txostena erreferentziatzat hartzen ez duen arren, datuak kezkagarriak dira. Emaitzetan eragina izan duten faktoreen artean lau dira premiaz jorratu beharrekoak: euskararen ezagutza eta erabilera indartzea, ikastetxeetako baliabideak bermatzea, segregazioari aurre egitea eta digitalizazio-eredua berrikustea.

Gipuzkoako Moeve gasolindegietako greba bertan behera utzi du enpresa batzordeak

Gipuzkoako Moeve gasolindegietako Enpresa Batzordeak urriaren 27tik abenduaren 23ra iragarrita dituen greba egunak bertan behera uztea erabaki du. LAB eta ELA sindikatuek osatzen dute Enpresa Batzordea eta ahobatezko erabakia izan da greba egunak bertan behera uztea. Iragarpen horren arrazoia bat eta bakarra da: konpainiak, CCOO sindikatua baliatuta, edozein negoziazio aukera zapuztu du hauteskunde sindikalak egiteko aurreabisua Lan Delegaritzan erregistratu baitu.