2026-06-30
HomeZerbitzu PribatuakGarbiketaBilboko Metroan mobilizatu gara Pikete Feministaren eskutik, garbiketako sektorean pairatzen dituzten sexu...

Bilboko Metroan mobilizatu gara Pikete Feministaren eskutik, garbiketako sektorean pairatzen dituzten sexu erasoak salatzeko

Lantokian gertatutako beste sexu-eraso baten albisteak kalera atera gaitu berriro; oraingoan, garbitzaile baten aurkako erasoa izan da Sestaon. Sopelan gertatutako erasoa eta aste gutxira gertatu da. Sopelan, 71 urteko enplegatzaileak adin ertaineko etxeko langile bat bortxatu zuen.

Ez da gertaera isolatu bat. Ez da lehen aldia garbitzaile bat bere lantokian, lanera bidean edo etxera itzultzean, erasotzen dutela.

Gehiegi dira garbiketako langileek azaldutako kontakizunak: uniforme zuri berriak zein ondo geratzen zaizun komentario deserosoa, gaua denean eta korridorearen beste aldean norbait dagoela dirudienean sentitzen den hotzikara, zein Metro Bilbaon izandako gertaera antzekoa. Kasu honetan, Sestaoko geltokia garbitzen ari zela jasan zuen bortxaketa saiakera. Aipatutako kontakizun horiek guztiak indarkeriak dira.

Pikete Feministako kideek Portugalete eta Sestao arteko metro ibilbidean egindako ekintza dela-eta jakinarazitakoaren arabera, “mobilizatu egin gara, emakume eta garbiketako langile garen aldetik, nazkatuta gaudelako indarkeria hainbat eratan jasateagatik: indarkeria matxista, lan-indarkeria, gizarte-indarkeria. Nazkatuta gaude ikusezinak, gutxietsiak eta erasotuak izaten jarraitzeaz”.

Esan bezala, hori guztia salatzeko, Pikete Feminista egin dugu Portugaleteko metrotik Sestaoraino: “Bertan, emakume garbitzaileok jasaten ditugun indarkeria matxistak salatu ditugu 20 kontakizun eramanez eta metroaren erabiltzaileei esku-orriak banatuz. Ondoren, Sestaoko geltokian eskegi ditugu kontakizun horiek, gure lankideari eraso egin zioten lekuan, emakume eta garbitzaile izate hutsagatik jasaten ditugun egoerak salatzeko, eta, aldi berean, gure egoera agerian uzteko”.

Eraso horien aurrean, LAB sindikatuak enpresei eta administrazioei eskatu diegu beren erantzukizuna euren gain hartzeko eta emakume langile gisa ditugun eskubideak zainduko dituzten politikak garatzeko eta lan egiten dugun baldintza espezifikoen jarraipena egiteko.

Emakumeen aurkako erasoei ez! Ez lanean, ez inon! Bat erasotzen badute, denak erasotzen gaituzte!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Maderas de Llodioko enpresa batzordeak eta Garnica enpresak akordioa erdietsi dute 284 greba egunen ostean gatazkari amaiera emateko

Gaur, ekainak 29, Maderas de Llodioko langileek eta enpresa batzordeak Laudioko Herriko plazan agerraldia egin dute 283 greba egunetan zehar aurrera eramandako borrokaren balioa nabarmentzeko. Maderas de Llodion enplegua defendatzeko eginiko borroka izan da, baina baita Aiaraldea eskualde osoan lanaren eta industriaren etorkizuna defendatzekoa ere.

Salatzen dugu segregazio mahaiak ez duela balio izan eskola segregazioari aurre egiteko itun soziala lortzeko

EAEko Hezkuntza Sailak prozesua baliatu du Hezkuntza Legea legitimatzeko eta bere erabakien propaganda egiteko

Osakidetzako ESI guztietako lan osasun batzordeetan beroaren protokoloa garatzeko eskatu dugu

LAB sindikatutik Osakidetzari eskatu diogu lan osasunerako araudia bete eta bitarteko kolektiboak ipini ditzala beroaren arriskuari aurre egiteko, hala nola estres termikoari buruzko azterketak garatzeko. Osakidetzak langile eta erabiltzaileak babesteko bermeak eskaini behar ditu instalazio guztietan. Bistan da klima aldaketaren eraginez urtez urte areagotzen ari den arrisku horren aurrean egiturazko erabakiak hartu behar direla.