2026-10-25
HomeEkintza SindikalaPrekaritateak makina matxuratu arriskutsuak erabili arazten dizkigu langileoi nahiz eta honen arriskua...

Prekaritateak makina matxuratu arriskutsuak erabili arazten dizkigu langileoi nahiz eta honen arriskua ezagutu

Beste lan-istripu hilgarri bat deitoratu eta salatu behar dugu, kasu honetan Barakaldon, urteko 2. hildakoa udalerri honetan, hain zuzen. Oraindik datu gutxi dugun arren, jakin dugu 62 urteko eraikuntzako langilea obran lanean ari zela altueratik objektu bat erori eta azpian jota hil zuela atzo. Antza denez, kargak igotzeko gailua behar bezala ez zebilelako gertatu zen. Hildako langileak Construcciones y reformas Andrasa enpresarentzako azpikontratatuta ziharduen lanean Portugaleko JPSP izeneko enpresan. Berriro ere beste istripu hilgarri bat eraikuntzaren eta birgaitzearen sektorean. LAB sindikatutik gure elkartasuna adierazi nahi diegu langilearen familiari, gertukoei eta lankideei.

Egoera horren aurrean, norbaitek sinets al dezake kasualitatea edo zorte txarraren aurrean gaudenik? Administrazioei, lan- istripuen eta lanbide-gaixotasunen gaitz horri aurre egiteko azalpenak eta berehalako neurriak, kontrol handiagoa eta politika zehatzak eskatzen dizkiegu.

Hildako langile berri horrekin, gutxienez 7 langilek galdu dute bizia aurten Euskal Herrian, 2022tik hilabete eta erdi igaro ez denean, eta horietatik 3 eraikuntza sektorekoak dira.

Prentsak ohartarazi duenez langileak azpikontratatuta ziharduen lanean. Nahiz eta kargak igotzeko gailuak arazoak zituen eta jakin, zergatik ez du aktibitatea geldituarazi obrako “errekurtso prebentiboak”? Prekaritatea jaun eta jabe den honetan, langile askok bere burua behartuta ikusten dute egoera arriskutsu horietan lanean jarraitzen. Lana bizitzaren aurretik alegia. Salatu nahi dugu azpikontratetan diharduten langileek are zailtasun gehiago dituztela euren eskubideak betearazteko baita lan osasun arloan ere, horregatik, istripu eta gaixotasun profesionalak pairatzeko arrisku handiagoa dute. Hau onartezina da.

Erakundeei azalpenak eskatzen dizkiegu, bereziki eraikuntzan inspekzio eta jarraipenak areagotu ditzaten segurtasun arauak integratuaraziz. Modu honetan beharrezko neurriak har daitezen eta benetako prebentzio-politikak egin ditzaten. Tamalez, badakigu praktikan laneko ikuskaritza eta Osalan ez direla inon ageri. Bestalde, sektoreak eta langileek ezin dute egoera hau normaltzat eman, ezta honetara ohitu ere.

Azkenik, dei egiten dugu ostegun arratsalderako herri eragileek deitu duten elkarretaratzean parte hartzera. Mobilizazioa 19:00etan izango da Barakaldoko Bide Onera plazan, langileen segurtasuna eta osasuna defendatzea lehentasun izango duen eredu baten alde. Honetaz gain, euskal gehiengo sindikalak ere elkarretaratzea egingo du laneko heriotza honen aurrean. Ostiralean izango da, otsailararen 11n, 11:30ean Barakaldoko Bide Onera plazan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Etxebizitza politika okerren eta utzikeriaren ondorioa da Gasteizko etxegabetzea

Gasteizko Udalak larrialdi egoerei aurre egiteko baliabideak eta etxebizitza parke publikoa ez zaintzeak ekarri du egoera hau.

Vicinayn proposatutako kaleratzeak eta ABEE berria arbuiatzen ditugu, eta operazioaren atzean dauden interesei buruzko zalantza adierazi dugu

Plantillak hainbat urte daramatza Aldi Baterako Erregulazio Espedienteak pairatzen eta sakrifizioak egiten, eta orain enpresaren jarduerarekin loturiko arazoak ere langileek ordaindu behar izatea onartezina da sindikatuarentzat. Damaso Quintanak bultzatutako eta Eusko Jaurlaritzak babestutako operazioaren lehentasuna, enplegua eta Vicinayren industria-etorkizuna bermatzea baino, enpresaren lursailak ez ote ziren planteatu du LABek.

Amarratzaileen aurkako jazarpen sindikal larriaz ohartarazi du LABek, eta langileen antolaketarekiko konpromisoan berresten da

Sindikatuak agerraldia egin du Bilboko Portuan, sektorean askatasun sindikalaren aurkako erasoak etengabeak direla salatzeko eta arduradunei argi uzteko LABek ez duela bazter utziko langile klasearen eskubideen alde borrokatzeko bere betebeharra. Enpresak LABeko hiru ordezkari kaleratu ditu eta hainbat zigor ezarri ditu, mehatxuak eta xantaia baliatzeaz gainera.