

Unipapel lantegiko Enpresa Batzordeak atzo zuzendaritzarekin adostutako akordioa ezagutzera eman dute gaur. Zuzendaritzak urte eta erdian ez ditu soldatak jaitsiko, ez du produkzioa beste lantegi batera eramango eta ez ditu kaleratzeak egingo. Proposamena langileek gehiengoak babestu du, 56 langiletatik 51k.
Duela hilabete eskas, lantegia jabez aldatu behar zutela jakinarazi zuen, eta honekin batera neurri gogorrak eta alde bakarrekoak hartzea aztertzen ari zela esan zuen zuzendaritzak. Neurri hauen artean: produkzioaren zati gehiena beste lantoki batzuetara eramatea, soldata jaitsiera berriak, despidoak, etab.
Momentu horretan, UNIPAPEL-eko langileak planto egitea erabaki zuten, lanpostuak eta lan-baldintzak bermatzeko eta hartu beharreko neurriak adostuak izateko asmoz. Aho batez hartutako erabakia izan zen gainera.
Gatazka gogorra eta korapilatsua izan da dudarik gabe.
Orain dela lau egun Ertzaintzak arrastaka ibili gintuen leku honetan, izan ere, delitua betetzen utzi, 3 kamioiei kargatuta ateratzen utzi, eta gainera delitua egiten ari ginenak gu ginela sentiarazi eta jakinarazi zitzaigun. Aski da, langileen kontrako erasorik ez! Gure helburu bakarra gure lanpostu eta eskubideak defendatzea da.
Baina gaurkoan, hainbeste egunetan egon garen leku honetan bertan, langileen borrokak merezi izan duela esatera etorri gara. Langile borroka baita, egun pairatzen ari garen eraso guzti hauen aurrean beste irtenbide bat posible egingo duen tresna bakarra. Egoerak horixe erakutsi digu, askotan beldurrak, zalantzak… baditugu ere, borrokaren bidez gure helburuak bete daitezkeela berriro ere argi ikusi dugu.
Atzo, UNIPAPEL-eko zuzendaritza eta langile ordezkariak adostasun batera iritsi ginen:
Zuzendaritzak urte eta erdian ez ditu soldatak jaitsiko, ez du produkzioa beste lantegi batera eramango eta ez ditu kaleratzeak egingo.
Datorren astean, negoziaketa berriak hasiko dira langile eta zuzendaritzaren artean, irtenbide adostuak eta ez traumatikoak bilatzen saiatzeko, batez ere aurretiko erretiroen aukera landuz, eta Adunako lantegiaren bideragarritasuna bermatzeko helburuarekin.
Adostasuna lortuko bagenu, lanpostuak eta lan-baldintzak epe luzeagorako bermatuko dira.
Atzo egindako langile batzarrean, gehiengo zabal batek proposamena babestu zuen, izan ere 56 langiletatik 51k alde bozkatu baitzuten.
Langileak, urtarrilaren 20ean hasitako greba mugagabea bertan behera utzi, eta gaur bertan lanean hasi dira.
Beraz, aste gutxitan, aldaketa nabarmena izan da: alde-bakarreko aukeretatik adostutako aukerak negoziatzera pasatu gara, neurri traumatikoetatik ez mingarrietara, lantokiaren eraispenetik produkzioa hemen mantentzeko konpromisoetara, eta azken finean, lantokiaren bideragarritasuna lantzeko langileen hitza errespetatzea lortu dugu.
Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiogu euren elkartasuna adierazi eta UNIPAPEL-eko langileei modu batean edo bestean laguntza eta babesa eman duen jende guztiari. Baina bereziki: Adunako Udalari, Antaliseko langileei -gogoratu eurek ere borrokan jarraitzen dutela-, eta beste hainbat enpresetako langile eta ELA eta LAB sindikatuetako militanteei.
LABek lanaldi partziala duten langileen artean sinadura bilketa kanpaina bat jarriko duela martxan iragarri du gaur. Ekimenak bi helburu ditu, Gasteizko zein Iruñeako Parlamentuei diskriminazio egoera honekin amaituko duen araudi propioa garatzeko eskatzea eta hori lortu bitartean, aurrekontuen partida bat bideratu dezatela pentsio horiek izan beharko luketenerako tartea osatzeko exijitzea eta espainiar Gobernuari aldarrikapen hauei erantzungo dien jubilazio legedia onar dezala eskatzea.
Pasa den urtean, Europako Justizia Auzitegiak epai bidez jubilazio pentsio eskubidea izateko kotizazioen zenbatekoaz aritzen zen espainiar araudiak emakumeekiko diskrimazioa eragiten zuela adierazi zuenean, LABek lanaldi partzialean aritzen diren emakumeengana jo zuen, informatu eta 7.000 eskaera baino gehiago jaso eta bideratu zituen gizarte segurantzara.
Eskarietan aldarrikapen argia eta zehatza egiten zen: pentsioa jasotzeko baldintzak berriz arautzean, lanaldi partzialean lan egindako egun bakoitza kotizatutako egun bezala kontuan izatea.
Aipatutako eskaerek ez dute Gizarte Segurantzaren aldetik inolako erantzunik izan. Eta Gobernuak, gaiari heldu beharrean, emakumeoi iruzur berri bat egin digu, partxeo neurrien alde eginez.
Datorren otsailaren 13an Gasteizko Gizarte Segurantzan izango da LAB aldarrikapen berekin.
Lanaldi partzialetan diharduten emakumeek jubilazio pentsio duinak izan ditzaten kanpaina [Info]
Campaña para reclamar el derecho de las trabajadoras a tiempo parcial a una pensión de jubilación digna [Info]
Euskal Herriko herri ezberdinetan asanblada eta elkarretaratzeak egin ziren atzo Arkaitz Bellonen heriotza salatu eta espetxe politikari honi ezetza emateko. Gaur eguerdiko 12:00etan elkarretaratzeak daude deituta Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Iruñeako udalen aurrean.
LABetik euskal langileoi bereziki eta jendarteari orohar Bellonen heriotza ekarri duen espetxe politika ankerra salatu eta dispertsioaren aurka kalera ateratzeko deia luzatzen diogu, sufrimenduaren soka luze honekin lehenbailehen amaitzeko.

LAB sindikatuak elkarretaratzea egin zuen atzo, osteguna, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako eraikinaren aurrean 10 urte Lan Hitzarmenik gabe daramatzaten Heziketa Bereziko EAEko langileentzako hitzarmen duin bat aldarrikatzeko eta murrizketen amaiera eskatzeko.
Heziketa Berezian hamar urte daramatzagu Lan Hitzarmenik gabe. Urte guzti hauetan, era guztietako murrizketak baino ez ditugu jasan.
Hezkuntza Sailak , behin eta berriz, INKLUSIBITATEAREN alde lan egiten duela adierazten du. Tamalez, errealitatea, oso bestelakoa da.
Azken urteotan, aitzindari izan ondoren Europa mailan, Administrazioak, lortutako guztia mantendu ez ezik atzera ere egin du Hezkuntza Premia Bereziak dituzten ikasleen zerbitzuaren kalitatean eta duintasunean.
Kalitate hori bermatzeko ezinbestekoa da Heziketa Berezian lan egiten dugun kolektibo guztien(espezialistak, fisioak, lan terapeutak, zeinu hizkuntzako interpreteak, logopedak…) lan baldintzak hobetzea eta hori ez da lortzen Administrazioak emandako azken proposamenarekin:
-40 ordu baino gehiagoko lanaldiak ezartzen
-koordinatzeko eta material prestaketarako orduei garrantzia kentzen
-lan ordutegitik kanpo utziz desplazamenduak, langileen arteko diferentziak areagotzen
-Terapeuta Okupazionalen eta Logopeden kasuan hitz egitera ere iritsi gabe
-Zeinu Hizkuntzako Interpreteak gure 2004ko Lan Hitzarmenean ez dira existitzen. Eta hori gutxi balitz, gaur egun ez daude gure Lan Zerrendan(RPTan) ere!
LABen ustetan, Heziketa Premia Bereziak dituzten ikasleak ezin dira izan murrizketen politika bortitz hau pairatzen dutenak, ikasle guztiek eskubide berdinak izan behar dituzte.
Premia Bereziak dituzten ikasleek berdintasunean integratzeko erantzun berezituak behar dituzte eskola komunitatearen aldetik; horretarako, Hezkuntza Sailak baliabide gehiago jarri behar ditu eta ez gutxiago. Ikasle hauen beharrak ekonomiaren egoeraren gainetik egon behar dute. Lotsagarria deritzogu bai aurreko Hezkuntza Administrazioak, baita egungoak ere, laguntza gehien behar duten ikasleekin horrela aritzea.
Ikasle hauen familiei argi eta garbi adierazi nahi diegu profesionalok ez dugula etsiko gure eskaera eta erantzunean, jatorriz ahula den kolektibo honekin lanean gogoz aritzen eta arituko garela.
Hezkuntza Sailari, eta, bere buru den Kristina Uriarte Sailburuari, Hezkuntza Bereziko langileoi zor zaigun Lan Hitzarmen duin bat exijitzen diogu.