2026-07-27
Blog Page 493

Bankaren azken asmoen inguruan ohartarazi nahi dugu

Banka komunikabideen bidez saltzen ari da asmo handiko plan bati ekin nahi diola eraginkortasuna hobetzeko eta kostuak jaisteko; besteak beste, langileen “beharrezko” doikuntza ekarriko du horrek. Bada, BBVA eta Caixabank/Bankian martxan daude 2 EEE eta berregituraketak.

“Helburua langileentzako onuragarria izango den eta erakundeen lehiakortasunari eustea ahalbidetuko duen akordio bat lortzea” dela, esan dute, baina zoritxarrez badakigu, eta datuek hala baieztatzen dute, koska bat estutu nahi dutela langileen egoera, milaka lanpostu desagerrarazi eta hauek presionatuz.

Bulegoak ixtea eta plantillak doitzeko plan bat, sektoreko enplegu suntsiketaren bidea markatzen jarraitzen duena. Langileak oso kezkatuta daude ikusten dutelako ahalegin handiak egin dituzten arren, bereziki pandemian, zenbakiak baino ez direla eta patronalari gutxi axola diola euren etorkizunak.

Uste dugu horrekin guztiarekin batera plan bat egin beharko litzatekeela, bezeroei ahalik eta profesionaltasun handienarekin zerbitzuak eskaintzen jarraitzea ahalbidetuko duena; konfidantza, lasaitasun, borondatezkotasun eta etorkizunerako bermeetako giroan, baina ez dugu horrelakorik ikusten.

Aitzitik, bezero eta langileek gero eta gutxiago axola diegu. Bulegoak ixten dituzte, operatiboa zailtzen dute, komisio handiak kobratzen dizkiete eta langileak presionatzen dituzte, egunak joan eta egunak etorri.

Finantza-erakundeetako zuzendaritzek beren emaitzei eta ordainsariei baino ez diete begiratzen. Ez lukete soilik onura gehiago eta gehiago lortzea pentsatu behar, baizik eta langileen etorkizuna baldintza duinetan bermatuko duen proiektu bideragarri bat egitea, bai borondatez erretiroa hartzea erabakitzen dutenena, bai gizarteari zerbitzua ematen jarraitu behar duten finantza-erakundeetan geratuko direnena.

Ez da onargarria herritar guztiok ordaintzen dugun diru publikoarekin bankua erreskatatzen den bitartean aberasten jarraitzea, BBVAk, Caixabankek eta Bankiak iaz aitortu zituzten irabaziak ikusten besterik ez dago (1.305, 1.381 eta 230 milioi euro, hurrenez hurren) enplegua suntsitzearen alde egiten duten bitartean.

Datozen egunetan, BBVAko eta Caixabank/Bankiako zuzendaritzen benetako asmoak zein diren egiaztatuko dugu. Beldur garen bezala enplegua suntsitzen jarraitzearen eta langileak eta bezeroak baldintzatzearen aldeko apustua egingo duten, eta horrela bada aurrean aurkituko gaituzte; edo gai izango diren langileen etorkizuneko baldintza duinak eta erretiroa hartzea aukeratzen duten pertsonen borondatezkotasuna bermatuko dituen prozesu bati ekiteko.

LABek langileak defendatzen jarraituko du, eta baita euren enplegua eta lan-baldintzak eta gizartearen zerbitzura dagoen sektore horren etorkizuna ere.

Enplegua sortzeko eta egonkortzeko eskatu dugu EAEko sektore publikoko lantokietan

Enplegu publikoa sortzeko eta egonkortzeko aldarria kalera atera dugu berriro, EAEko sektore publikoko sindikatuok deitutako beste mobilizazio egun baten bitartez, apirilaren 22ko greba jomuga. Hain zuzen ere, lantokien aurrean mobilizatu gara, enplegu publikoa sortu eta milaka behin behineko langileren kontsolidazioa galdegiteko. LABetik delegatuekin gogoeta egin genuen astelehenean, greba ardatz, baita Donostian mobilizatu ere. Gaurkoan, sindikatuekin modu bateratuan egin ditugu protestak.

Munduko Medikuak erakundearen Nafarroako hiru langileren kaleratzea salatu dugu

Hilabete hasieran LAB sindikatuak jakinarazi zuen bezala, Munduko Medikuak erakundearen estatuko zuzendaritzak Iruñeko Arrosadia auzoan aurrera eramaten ari zen Zure auzoa, zure etxea programako hiru langile kaleratu ditu.

Enpresak arrazoi ekonomiko objektiboak alegatu ditu programaren itxiera eta hiru langileen kaleratzea argudiatzeko. Harrigarria eta ulertezina da hori, izan ere, enpresak uko egin dio Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketako Departamentuaren dirulaguntzen azken deialdietara aurkezteari, iaz parte hartu arren. Aurten, harrigarriki, ez du parte hartu nahi izan. Hala, Nafarroako egoitzako koordinatzailearen gaitasun ezaren ondorioz, dirulaguntzaren 9.881 € kobratzeko aukera galdu zen, langileak ez kontratatzeagatik eta 2020an eginiko gastu batzuk behar bezala ez justifikatzeagatik.

Enpresak alegatzen dituen antolaketa-arrazoien artean, zuzendaritza-taldearen motibazio teknikoak daude. Proiektuak auzoan izan duen eragina baloratu dute, eta, ustez Munduko Medikuak erakundearen lerro estrategikoekin bat, proiektuari balorazio “ertain-baxua” eman diote. Horretarako, 2016ko azterlan batean oinarritu dira. Baina kontua da urte hartan proiektuak urtebete baino ez zeramala martxan. Lantalde teknikoak auzoari buruzko dokumentazioa, argudioak eta laguntza ugari bildu ditu erabaki horri aurre egiteko, bost urteko ibilbidean egindako lan bikaina azpimarratzeko eta, azken finean, proiektuak erakunde publikoekin, elkarte-sarearekin eta auzoko bizilagunekin lankidetzan jarraitu beharra erakusteko. Baina enpresak ez die datu horiei kasurik egin.

Hasieran enpresak itxiera ordenatua eta mailaz mailakoa izanen zela jakinarazi arren, ez dute horrela jokatu, inola ere. Kaleratzeen berri burofax baten bidez eman dute, legeak ezarritako 15 eguneko aurreabisua egin gabe, hainbat jarduera programatuta zeudela, zerbitzu teknikoak kontratatuak eta erabiltzaileak konfirmatuak, baina Munduko Medikuak erakundeko langile arduradunik gabe, ez akonpainamendua egiteko, ez finantzak justifikatzeko beharrezkoa den dokumentazioa biltzeko. Programa ixteak, halaber, proiektuari atxikitako boluntario-taldearen jarduera etetea ekarri du.

Zerbitzu hori ixtea kolpe izugarria izan da hiru langileentzat, eta ez zaie aukerarik eman beste lanpostu batean jarraitzeko. Estatuko zuzendaritzak bere benetako aurpegia erakutsi du horrela. Erabakiak, gainera, Arrosadia auzoko kulturen arteko bizikidetzan aurrera egiteko funtsezko zerbitzu bat ixtea ekarri du.

Gehien galdu dutenak auzoa eta programaren erabiltzaileak dira. Horri loturik, ezin dugu ahaztu Iruñeko Udalak duela gutxi onartu zuela auzoko ijitoekiko bizikidetzarako esku-hartze programaren plegua, eta orain bertan behera gelditu den programa, hain zuzen, hura garatzeko funtsezko zutabea zela.

Munduko Medikuak erakundearen estatuko zuzendaritzak hartu duen azken erabaki horren funtsa eta formak salatu nahi ditu LAB sindikatuak. Kaleratutako langileak berriz hartzea eskatzen dugu, bai eta zerbitzua ixtea eragozteko beharrezkoak diren neurri guztiak hartzea ere, hala nola dirulaguntzen deialdira aurkeztea. Auzoak, erabiltzaileak eta langileak errespetatuak izan daitezela eskatzen dugu. Eta, azkenik, zuzendaritza batzorde autonomiko bat osatzeko behar diren urrats guztiak eman daitezela erreklamatzen dugu, Nafarroan gure ordezkaritza-organoa izan dezagun.

Auto karabana bat egin dugu Gasteizen, Arabako metalgintzarako hitzarmen duin bat aldarrikatzeko

Soilik aktibazioarekin eta mobilizazioekin lortuko ditugu garaipenak lan baldintzetan, kontratazioan, berdintasunean eta lan osasunean. Hala aldarrikatu dugu ekimenarekin, martxoaren bukaeran patronalaren egoitza aurrean berretsi bezala.

Hain zuzen ere, COVID19ak eragindako krisiak gogor jo du Arabako metalgintza: EREak, aldi bateko langileen kaleratzeak, ERTEak, ziurgabetasuna, informazio falta,… Horri gehitu behar zaio Arabako Metalgintzako Mahaia urtebetez ez dela bildu eta patronala oso eroso egon da negoziazioa abiatu zenetik, batere mugitu gabe. Orain arte nagusiki LABek egin ditu mobilizazioak.

Gainera, SEAk ez du asmorik sektorearen arazoei erantzuteko: soldata baxuak (17.480€ gordin txikiena); iruzurra kontratazioan (aldi bateko kontratuak %90 baino gehiago dira); prekaritatea, are handiagoa azpikontratetan; lanaldi luzeena Hego Euskal Herrian (1735 ordu); malgutasun handia (100 ordu); lan istripuak (urtean 2000 inguru); emakumeen diskriminazioa (soldata arrakala %24koa, kontratazioa soilik %20 ingurukoa), kontziliazio eta erantzunkidetasunerako zailtasunak…

Horregatik, LABek metalgintzarako hitzarmen duin bat ozen aldarrikatu nahi du, eduki minimo hauekin:

-APLIKAZIOA BERMATU: eragin osokoa, lan erreformari eta estatalizazioei aurre egiteko eta enpresa guztietarako minimoa.

-SOLDATA DUINA, LANALDIA JAITSI: soldata igoera linealak KPItik gora, hilean gutxie- nez 1200€ garbi kobratzekoeta igoera errealak sektore osoan. Lanaldia 1708 ordura jaistea, horrela lana banatuz eta enplegua defendatuz.

-LAN BALDINTZA DUINAK, Bizitza erdigunean: malgutasuna murriztu, baimenak lan egunetan disfrutatzea; hobekuntzak zaintza lanetarako, kontziliazioan eta erantzunkidetasunean, eta migratzaileentzat.

-ENPLEGU DUINA, KONTRATAZIO DUINA: Azpikontratatutako langileentzat subrogazioa; ETTrik ez; aldi bateko kontratazioa murriztu eta iruzurraren kontrako bermeak; Praktikak eta Formazio DUALa duindu

-EMAKUMEEN ESKUBIDEAK BERMATU: Berdintasun Batzorde eraginkor bat, soldata arraka- la ezabatzeko eta emakumeen kontratazioa handitzeko eta Berdintasun plan eraginkorrak.

-LAN OSASUNA: Segurtasun Batzorde eraginkorrak, prebentzio delegatuei ahalmen gehiago eman, bajan egon da soldata ez galtzea, langileei 20 orduko formazioa eman…

Hori dela eta, LABek uste du soilik aktibazio eta mobilizazioekin lortuko dela hitzarmen duin bat. Hortaz, sindikatuak mobilizazio eta ekimen dinamika bat martxan jarri du, langileen aktibazioa bilatuz eta aipatutako aldarrikapenak gauzatzeko helburuz.

Bizkaiko elikadura merkataritzarako hitzarmen duin bat exijitu dugu

Elkarretaratzea egin dugu Bilboko Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean, Bizkaiko elikadura merkataritzaren hitzarmenaren negoziazio batzordearen bilera egin bitartean. Hain zuzen ere, Bizkaiko elikadura merkataritzako 8.000 langile baino gehiagoren aurrean patronalak duen nagusikeria salatu dugu.

Bizkaiko eraikuntzako patronalak ez du nahi sektoreko lan baldintzak duinduko dituen hitzarmen bat

Bizkaiko Eraikuntzako Hitzarmenaren negoziazio-mahaiaren hirugarren bilera egin da. Bigarren bileraren ondoren sindikatu guztiok gure plataformak aurkeztu genituen eta, gaurko bileraren aurretik, LABek patronalari eskatu zion berea aurkez zezala. 

Patronala esku hutsik etorri da, ez du inolako plataformarik ekarri. Argi utzi duena izan da bere asmoa ez dela sektoreko langileek bizi duten egoerari konponbideak emango dizkien hitzarmena negoziatzea, oso txikiak izango diren soldata igoeretan oinarritutako gutxieneko akordio bat negoziatzea baizik, hau da, apurrak eskaintzen dizkigu. Mahai gainean jartzen duen aitzakia da ez dela momentua egungo egoera dela eta, eta LABetik gogora arazten diogu patronalarentzat inoiz ez dela une egokia izan sektoreko lan-baldintzak duintzeko. 

LABen oso argi dugu ez dugula onartuko soilik soldata igoera oso txikiak jasoko dituen hitzarmen bat eta horregatik, hitzarmen honetan, funtsezko bi helburu zehaztu ditugu. Batetik, hitzarmena derrigor bete beharrekoa izatea eta bestetik, sektoreko prekaritatea murriztea.

Horretarako aldarrikapen hauek jaso ditugu gure plataforman:

  • EAEko KPIaren gainetik dauden soldata igoera duinak.
  • Sindikatu guztiok, patronalak eta lan ikuskaritzak osatutako Batzorde baten sorrera, hitzarmena eta lan-osasun eta segurtasuneko araudia betetzen direla bermatuko duena orokorrean, eta zehazki azpikontratetan.
  • Hitzarmena betetzen ez duten enpresei kontratua desegitea.
  • Sektoreko lan-egutegia eta aparteko orduak ezabatzea. 
  • Lanaldia murriztea.
  • Sektoreko langileak lan erreformatik babestuko dituzten neurriak.
  • Subrogazioa azpikontratetako langile guztientzat edozein delarik bere jarduera edo lan mota, publikoa edo pribatua.
  • Berdintasun Batzorde baten sorrera sexuagatiko edozein diskriminazio mota ezabatzeko helburuarekin.
  • Erretiro partziala eta errelebo kontratua.
  • Gure plataformak kolektibo espezifikoetako egoerak ere jaso nahi izan ditugu, hala nola errepideen mantenua, lan bertikalak…

Ez du ematen patronala negoziazioan gai hauei ekiteko prest dagoenik eta beldur gara nahi duena dela akordio bat ixtea sektoreko lan-baldintzak hobetuko dituen benetako neurririk hartu gabe. Horregatik, LABen uste dugu patronalaren asmoen aurrean dagoen bide bakarra sektorearen aktibazio eta mobilizazioa dela.

Hitzarmen duina eskatzen diogu CECOBIri Bizkaiko elikadura merkataritzan, langileek egindako lana baloratzeko

Supermerkatuetako langileak ezinbesteko langileak izan gara, gara eta izango gara. Herritarrak etxean itxita zeuden bitartean, gu lehen lerroan egon ginen gure onena ematen. Beldurra, babes-neurrien falta, urduritasuna eta estres maila jasanezinak jasaten genituen.

Une honetan, Bizkaiko Elikaduraren Hitzarmen Kolektiboa negoziatzen ari gara, eta bertan islatu beharko litzateke egin dugun ahalegina eta gure zerbitzuaren funtsezko izaera, gure lan-baldintzak hobetuz.

Baina, errealitatetik urrun, CECOBIren proposamen atzerakoiak aurkitu ditugu, hala nola soldata-igoerak emaitza ekonomikoei lotzea, edo ELAren proposamena, handizkako enpresen kolektiboko 1.700 lankide baino gehiago atzerapenik gabe uztea planteatuz. CECOBIk eta ELAk egin azken proposamenean bitan zatitu nahi du sektorea eta lehen eta bigarren mailako beharginak sortu nahi ditu. LABek ez du bereizketa hori onartuko.

CECOBIrentzat dena gutxi da. Hau ez da murrizketa bakarra eta gehiago nahi ditu:

–  Lanaldia 4 ordutan murriztu nahi du bi urtetan.

–  Urtean lau larunbat libratzea.

–  Udako larunbatetan lan egitearekin negoziatzeko aukera zabaldu nahi du.

–  Jaki prestatuen salerosketa igandetara zabaldu nahi du.

–  Eguberri eta gabon zahar egunetan 18:00etan itxi nahi du.

–  Soldata-igoerak, 2019rako +%1,2a, 2020rako +%0,80a eta 2021, 2022 eta 2023rako KPI + %0,50a; handizkako enpresetako langileek ez dute atzerapenik kobratuko.

CECOBIk murrizketak baino eskaintzen ez dituen bitartean, iraingarria da ikustea sektoreko enpresa garrantzitsuak beren emaitza ekonomikoak publiko egiten hasi direla, adibidez; 2020. urteko ekitaldian BM Supermercados-en salmentak nabarmen hazi ziren, %23, 954 milioi euro metatzeraino.

Garaia da patronala jarreraz aldaraz dezagun, eta negoziazio kolektiboari egiten dion blokeoa amai dadin, horrela Bizkaiko elikaduran dihardugun beharginok bizi dugun egoerari aurre egin ahal izan diezaiogun egiazki, eta soldata igoerekin eta aberastasuna banatuz, prekaritatea eta bazterkeria desagerraraz daitezen, alegia, Bizkaian dauden sektoreko 8.000 langile baino gehiagori lan baldintzak hobetuz, bizitza duina izan dezagun.

LABek jarrera-aldaketa eskatzen du, ad hoc ez aplikatzeko proposamena baztertzeko, eta sektoreko problematikari erantzuna emango dion herrialdeko hitzarmen bat ahalbidetzeko, funtsezkoak garela eta azken urte honetan egindako ahalegina kontuan hartuko dituena, eta gure lanari balioa emango diona. Borrokak batu behar ditugu patronalari ahalik eta erantzun irmoena eta sendoena eman diezaiogun, horrela, sektorea osatzen duten enpresetan langile kopurua handia nahiz txikia izan, ez dadin negoziazio kolektiboak eta gure hitzarmenak hamarkadetan izan duten erreferentzialtasuna galdu.

Bihar asteazkena, apirilaren 14an, 15:00etan, elkarretaratzea egingo dugu Hitzarmenaren Negoziazio Batzordearen bilera egiten den bitartean Bilbooko Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean (Urkixu Zumarkalea, 2), Bizkaiko elikadura- merkataritzako 8.000 langile baino gehiagoren aurrean patronalak duen nagusikeria horren aurrean gure gaitzespenik sakonena adierazteko. Izan ere, aho betean “ezinbestekoak” garela diote, baina, egia esateko, haien aitorpena gu mehatxatzera mugatzen da, Bizkaiko elikadura arloko langileen borrokaren ondorioz hainbat hamarkadatan lortutako lan eskubideen murrizketarekin irents dezagun.

“CCOOk eta UGTk berriz ere saldu gaituzte”

Apirilaren 13aren etorrerarekin zen hastekoa Nafarroan Garbiketen lau eguneko greba, baina CCOO eta UGTren saldukeriagatik bertan behera gelditu da. Hala salatu dute langileek Iruñean.

Hain zuzen ere, LAB, ELA eta Solidari sindikatuok deituta, garbitzaileek batzarra egin dute, eta, ondoren, mobilizatu dira. CCOO eta UGTren egoitzatik igaro dira, Nafarroako Gobernuaren aurrean amaitzeko, zein ere patronalarekin lerratu da auzi honetan.

Sestaoko kaleak hartuko ditugu larunbatean, Ezkerraldearen etorkizunaren defentsan

Hainbat enpresa batzordek, eragilek eta sindikatuk agerraldia egin dugu, larunbaterako deitutako manifestazioa iragartzeko. Sestaoko Kasko plazatik abiatuko da mobilizazioa, 12:00etan.

Hau da igorritako oharra, gaurko prentsaurrekoaren harira:

GAURKO BORROKA, EZKERRALDEAREN ETORKIZUNA

Ezkerraldeko zein Meatzaldeko hainbat enpresa-batzorde, herri-mugimendu eta sindikatuk kalera irteteko deia egin nahi dugu, eskualdean enplegu eta bizimodu duina izateko eskubidearen alde.

Modu bakarra dugu etengabe jasaten ari garen erasoei aurre egiteko: kalera irten eta erantzun kolektiboa ematea. Geuk pasa behar dugu erasora, politiken oinarria pertsonen bizitza izan dadin, eta ez kapitala esku gutxitan metatzea. Horregatik, ozen aldarrikatu nahi dugu gaurko borrokak Ezkerraldeko jendearen etorkizuna markatuko duela.

UNEAREN IRAKURKETA

Eskualdean desindustrializazio prozesu lazgarria ari gara pairatzen. Garai batean euskal industriaren aitzindari izan zena gaur langabezia eta prekarietate tasarik handienak dituen eskualdea dugu; merkataritzako multinazional erraldoiek hartu dute industriaren lekua, eta gure lan baldintzak prekarizatu dituzte. Gaur La Navaleko ateetan gaude; hemen ere badirudi ontziolaren ordez planta logistiko bat sortuko dela, enplegu gutxi sortuko duena, eta gainera oso kaskarra.

Azken hiletan sektore, enpresa eta kolektibo ugari atera gara kalera injustizia hauek salatzeko. Hainbat borrokaren lekuko izan gara: Erresidentziak, Osakidetza, ITP-PCB, San Juan de Dios, Petronor, Mediapost… Sektoreen borrokak, esaterako zaintzako langileena, etxegabetzeen kontrako mugimenduarena, mugimendu feministarena edota pentsiodunena; hauek pentsio duinak aldarrikatzen dituzte, gutxienez 1.080€koak; ostalaritzako langileen borroka ere hor dago: lehenago hila amaitzeko lanak zituzten, baina orain ezin dute hasi ere, erakundeek ahaztu egin baitituzte, albo- kalte gisa hartzen dituztelako.

Azpian sinatzen dugun kolektibo eta enpresa-batzordeek aldarrikatzen dugu kalitatezko gizarte- zerbitzuak behar ditugula, gertukoak eta ondo kudeatuak; gastu sozialera diru gehiago bideratu behar da, ez gastu militarrera, ez eta burdinbidearen hegoaldeko saihesbidera ere. Salatu beharra dago ere europar funtsak jasotzeko derrigorrezkoak izango direla murrizketa sozialak, eta lan erreforma edo pentsioen erreforma ez dituztela inola ere indargabetu nahi; azaleko aldaketa batzuk egin eta kitto, hori nahi dute.

MOBILIZAZIOA. APIRILAREN 17A. SESTAOKO KASKO PLAZA, EGUERDIKO 12AK

Asko dago jokoan. Unea oso larria da. Pandemiatik atera gaitezke justizia sozial handiagoa lortuz; baina, beti bezala, gure lepotik aberasten jarraitu nahi dute, eta ez gaude prest krisi hau ere ordaintzeko. Ezin dugu beste aldera begira geratu. Inor ez da salbu. Egoera hau ez da banakoen arazoa, enpresa edo sektore jakin batena. Inoiz baino areago mobilizatu beharra dago, enpleguaren alde, lan- eta gizarte-eskubideen alde, kalitatezko zerbitzu publikoak eta gizarte-gastu handiagoa aldarrikatzeko, zerga-erreforma egin dadin gehien dutenek gehiago ordain dezaten… Hots, enplegu eta bizimodu duinaren alde; gure eskualdearentzako etorkizunaren alde.

Horregatik, dei egiten dugu Sestaoko kaleak hartzera, datorren zapatuan, hilak 17, eguerdiko 12etan Kasko Plazatik hasita. Manifestazio plural honetan protagonismo berezia izango du ITP-PCB, San Juan de Dios, Petronor eta Mediaposten borrokak; indarrak bat egingo ditugu borrokatzeko, nork bere lan eremutik harago, azpian aipatzen diren kolektiboekin batera, Ezkerraldeak etorkizuna izan dezan.