2026-10-07
HomeZerbitzu PublikoakEnplegu PublikoaApirilaren 22rako EAEko sektore publikoan deitutako greba erregistratu dugu

Apirilaren 22rako EAEko sektore publikoan deitutako greba erregistratu dugu

Enplegu publikoa sortu eta milaka behin behineko langileren kontsolidazioa galdegiteko mobilizatuko gara LAB, ELA, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuok.

Deitzaileon ohar bateratua:

EAEko zerbitzu publikoek bizi duten egoera larriaren aurrean, martxoaren 1ean, LAB, ELA, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuok publiko egin genuen greba deialdia, sektore publiko osorako, datorren apirilaren 22rako.

Zoritxarrez, hilabete bat baino gehiago igaro denean, esan dezakegu ez Eusko Jaurlaritzak, ez gainerako instituzioek, ez alderdi politikoek, ez dutela urratsik eman sektore publiko osoak jasaten duen behin-behinekotasunaren eta enplegu publikoaren suntsipenaren arazo larriari konponbidea emateko. Argi dago, erakutsitako borondaterik ezaren aurrean, mobilizazioa beste biderik ez digutela utzi; horregatik, gaur goizean bertan, apirilaren 22rako greba-deialdiaren erregistro ofiziala egin dugu. Sektore publikoa osatzen duten eremu guztiak daude deituak: Udalak, Foru Aldundiak, Osakidetza, Hezkuntza, Administrazio Orokorra, Justizia, Garraio Publikoa, Hedabide publikoak eta gainerako sektoreak.

Enplegu publikoa sortzea eta sektore publikoko milaka behin-behinko langileen kontsolidazioa ezinbesteko aldarrikapena da azken urteetan martxan jarritako politikei aurre egiteko: murrizketak, austeritatea, pribatizazioak, lan-baldintzen prekarizazioa, enplegu suntsipena, eta gure sektore publikoaren etengabeko ahultzea, besteak beste. Izan ere, langile horiek urte luzez aldi baterakoak izan arren (behin-behinekotasun egoeran erretiratzera ere iristen dira), zerbitzu publikoak aurrera ateratzen dituzte egunero, eta horien ahalegina eta inplikazioa ezinbestekoa izan da egungo pandemiari aurre egiteko.

Administrazio guztietan daukagun behin-behinekotasun tasa onartezina da. Eusko Jaurlaritzak berak onartu du gure sektore publikoak Espainiako eta Europako behin-behinekotasun tasa handiena duela. Tasa %40tik gorakoa da, eta ez da salbuespena, administrazio, sektore eta eremu guztietan sistematikoki, modu orokorrean eta kasu askotan iruzurrez errepikatzen den errealitatea baizik.

Premiazkoa da egoera horri irtenbide egoki bat ematea; zalantzarik gabe, egun mahai gainean dauden lege proiektuak ez dira konponbide egokia, ez bait dira nahikoak. Gogoratu beharra dago, gainera, huts egin dutela, Auzitegi Konstituzionalak kontrako epaia eman baitu.

Erantzun egokirik jaso ez dugun heinean, aurrera jarraituko dugu datorren apirilaren 22rako deitutako grebarekin. Aldez aurretik, apirilaren 15ean, elkarretaratzeak egingo ditugu lan zentroetan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hobekuntza gehiago lortzeko aukerak egon arren, Arabako kirol jardueretan deitutako lanuzteak desaktibatu dira

LABek patronalari eduki gehiago ateratzeko aukera zegoela uste bazuen ere eta burututako asanbladetan borroka mantentzea defendatu duen bitartean, gainerako sindikatuek nahikotzat jo dute patronalaren azken proposamena eta, ondorioz, asteazkenean, urriak 7, hastekoak ziren lanuzteak bertan behera uztea defendatu dute.

LABen greba orokorrerako prest gaude, eta deialdia adosteko lanean ari gara beste sindikatuekin

Langileen aldeko politika birbanatzaileen alde presioa areagotzeko momentua da: errentismoaren eta espekulazioaren kontra eta soldata duinen alde.

Bizkaiko suhiltzaileak kalera itzuliko dira berriz, lan-osasuna bermatzeko neurriak eskatzera

Bizkaiko Foru Aldundiko Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko suhiltzaileek mobilizazioei ekingo diete berriro, eta bihar, urriaren 7an, kalera aterako dira osasunaren eta segurtasunaren arloko hobekuntzak aldarrikatzeko, bai eta beren kategoriako errekonozimendu profesionala aldarrikatzeko ere. 11:00etatik 12:00etara egingo dute mobiliizazioa, Batzar Nagusietatik abiatuta, Bilboko Hurtado Amezaga kalean eta Foru Jauregiaren aurrean amaituta, Kale Nagusian.