2026-10-09
HomeEkintza SindikalaBizkaiko eraikuntzako patronalak ez du nahi sektoreko lan baldintzak duinduko dituen hitzarmen...

Bizkaiko eraikuntzako patronalak ez du nahi sektoreko lan baldintzak duinduko dituen hitzarmen bat

Bizkaiko Eraikuntzako Hitzarmenaren negoziazio-mahaiaren hirugarren bilera egin da. Bigarren bileraren ondoren sindikatu guztiok gure plataformak aurkeztu genituen eta, gaurko bileraren aurretik, LABek patronalari eskatu zion berea aurkez zezala. 

Patronala esku hutsik etorri da, ez du inolako plataformarik ekarri. Argi utzi duena izan da bere asmoa ez dela sektoreko langileek bizi duten egoerari konponbideak emango dizkien hitzarmena negoziatzea, oso txikiak izango diren soldata igoeretan oinarritutako gutxieneko akordio bat negoziatzea baizik, hau da, apurrak eskaintzen dizkigu. Mahai gainean jartzen duen aitzakia da ez dela momentua egungo egoera dela eta, eta LABetik gogora arazten diogu patronalarentzat inoiz ez dela une egokia izan sektoreko lan-baldintzak duintzeko. 

LABen oso argi dugu ez dugula onartuko soilik soldata igoera oso txikiak jasoko dituen hitzarmen bat eta horregatik, hitzarmen honetan, funtsezko bi helburu zehaztu ditugu. Batetik, hitzarmena derrigor bete beharrekoa izatea eta bestetik, sektoreko prekaritatea murriztea.

Horretarako aldarrikapen hauek jaso ditugu gure plataforman:

  • EAEko KPIaren gainetik dauden soldata igoera duinak.
  • Sindikatu guztiok, patronalak eta lan ikuskaritzak osatutako Batzorde baten sorrera, hitzarmena eta lan-osasun eta segurtasuneko araudia betetzen direla bermatuko duena orokorrean, eta zehazki azpikontratetan.
  • Hitzarmena betetzen ez duten enpresei kontratua desegitea.
  • Sektoreko lan-egutegia eta aparteko orduak ezabatzea. 
  • Lanaldia murriztea.
  • Sektoreko langileak lan erreformatik babestuko dituzten neurriak.
  • Subrogazioa azpikontratetako langile guztientzat edozein delarik bere jarduera edo lan mota, publikoa edo pribatua.
  • Berdintasun Batzorde baten sorrera sexuagatiko edozein diskriminazio mota ezabatzeko helburuarekin.
  • Erretiro partziala eta errelebo kontratua.
  • Gure plataformak kolektibo espezifikoetako egoerak ere jaso nahi izan ditugu, hala nola errepideen mantenua, lan bertikalak…

Ez du ematen patronala negoziazioan gai hauei ekiteko prest dagoenik eta beldur gara nahi duena dela akordio bat ixtea sektoreko lan-baldintzak hobetuko dituen benetako neurririk hartu gabe. Horregatik, LABen uste dugu patronalaren asmoen aurrean dagoen bide bakarra sektorearen aktibazio eta mobilizazioa dela.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Postako langileak kalera atera dira zerbitzu publikoaren eta beren eskubideen defentsan

Elkarretaratzea egin dute Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren aurrean. Honako neurri hauek eskatu dituzte, hemen erabaki nahi dituztelako beren lan-baldintzak: - Posta Zerbitzu Unibertsalaren finantzaketa indartzea kalitatezko...

EAEko udal sektoreko greba eguna arrakastatsua izan da eta langileek argi eta garbi adierazi diote EUDELi negoziazioaren blokeoa ez dutela onartuko

Bizkaiko eta Gipuzkoako zonalde askotan greba jarraipena zabala izaten ari da, hainbat udaleta udal zerbitzu itxi direlarik. LABek eta ELAk argi adierazi nahi diegu Eudeleko mahaia osatzen duten alderdiei Udalhitzen negoziazioaren blokeoa ez dugula onartzen eta aurrera pausuak emateko garaia dela.

LABek Euskal Herrian azaroaren 11rako greba orokorra deitzea proposatuko dio bihar bere Nazio Biltzarrari

Eragile sindikal eta sozialekin deialdi bateratuaren alde egindako lanaren ondorioz eta Espainiako Estatuko Maizterren Konfederazioarekin harremanetan egon eta gero, azaroaren 11n etxebizitza eskubidearen eta soldata duinen aldeko greba orokorra antolatzeko erabakia proposatuko dio LABek bere Nazio Biltzarrari bihar arratsaldean.