2026-04-20
Blog Page 445

Elkarretaratzea eta bi orduko lanuztea egin dituzte Eusko Jaurlaritzan, Lakuako egoitzan zendutako langilea gogoan

Lan heriotzen odolusteak mobilizatzera eraman gaitu berriro; Eusko Jaurlaritzaren egoitza aurrean, kasu honetan. Hain zuzen ere, elkarretaratzea eta bi orduko lanuztea egin dituzte bertako langileek, joan den ekainaren 8an Lakuako egoitzan zendutako lankidea gogoan.

LABeko Jaurlaritzako ordezkariek azaldu bezala, “kontzentrazio honetarako gure lehen xedea da lankidearen senide eta gertukoei gure babes eta elkartasuna adieraztea. Halaber, salatu gura dugu, berriro ere, Eusko Jaurlaritzan lan arriskuak ekiditeko eta batez ere gaitz psikosozialak prebenitzeko plangintza eta kultura falta larrian gaudela aspaldi. Izan ere, ia 8.000 langilek osatzen dugun plantillarako Administrazioaren Prebentzio Batzordeak 4 langile besterik ez ditu. Erabat eznahikoa dela iruditzen zaigu”.

Aurten, gutxienez, 27 langile hil dira Euska Herrian.

Tubacex-eko grebalariak Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean mobilizatu dira enpleguaren defentsan

Tubacex-eko langileek greban 130 egun baino gehiago daramaten honetan iritsi da Enplegu Erregulazioko Espedientearen (EEE) epaiketa. Astelehenean eta asteartean izango da, Laudio eta Amurrioko Tubacex TTIko eta Aceria de Alavako espedienteei dagokiena. Hala, EEEa bertan behera uzteko aldarria Bilbora eraman dute grebalariek, haien senideek eta hilabete hauetan guztietan langileei elkartasuna adierazi dieten herritarrek. Hain zuzen ere, EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean bildu dira guztiak, kaleratzeen aurka protesta egiteko, pandemia gisako egoera koiuntural bat aitzakia hartuta egiturazko neurriak hartzea zentzugabekeria dela salatzeko.

LABetik enpresa-batzordeak EEEaren epaiketen aurrean antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dugu, baita bihar Bilboraino egingo den martxan parte hartzeko deia ere. 6:00etan, Laudioko enpresa-sarreratik abiatuko dira, eta, 11:30ean, enpresa-batzordeak mobilizazioa egingo du EAEko Auztegi Nagusiaren aurrean.

Salbuespenezko espetxe politikaren amaiera exijitu dugu Iruñean eta Bilbon

Presoen aldeko sindikatuen ekimenak ugaltzen ari dira. Iruñean manifestazio propioa antolatu dugu LABetik, eta, Bilbon, hainbat sindikaturekin batera, hilabeteroko ekimenari eman diogu jarraipena, Sareren “Izan bidea” dinamikaren baitan. Batean zein bestean, salbuespenezko espetxe politikaren amaiera exijitu dugu. Bizkaiko hiriburuan, era berean, euskal presoei laguntza juridikoa eta soziala emateagatik auzipetzen duen 13/2013 sumarioa artxibatzeko eskatu dugu LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, EHNE, HIRU eta ETXALDE sindikatuok.

Aipatu behar da ere Iruñean, ostegunean aurkeztu genuen bezala, uztailaren 3an manifestazio bat egingo dela presoen Euskal Herriratzea eskatzeko, Sareren “Ibilian ibilian” eta “Izan bidea” dinamiken barruan, sindikatuek eta Nafarroako hainbat lantokitako enpresa-batzorde ugarik deituta.

Bilboko mobilizaziora bueltatuz, honako irakurketa plazaratu dugu sindikatu deitzaileok (LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, EHNE, HIRU eta ETXALDE):

Gaur ikasturte honetako azken konzentrazioa da, eta “Izan bidea” ekimen sindikalaren barruan egiten ari garen dinamika honen eta bigarren ikasturte honen oso balorazio ona egiten dugu.

Oraindik ere balioa ematen diogu sindikatu gehienek bat egiteari, sinatzaile guztien  konpromisoari eta konstantziari, gure desberdintasunen gainetik aldarrikapen honetan batzen gaituena.

Argi daukagu dinamikarekin jarraitu behar dugula; izan ere, nahiz eta urratsak eman diren hurbilketei eta gradu aldaketari dagokienez, oraindik urrun gaude egiten ditugun aldarrikapenak lortzetik: legeria arruntean jasotako espetxe-onurak eskuratzea, gaixotasun larriak edo sendaezinak dituztenak espetxetik ateratzea, espetxetik ateratzen diren pertsonak lan-mundura itzultzea, eta kondenak salbuespenez luzatzeko legeria berrikustea.

Hiru hamarkada baino gehiago igaro behar izan dira, gaur bestelako egoera batez hitz egiteko. Baina gaur egun ere, preso askok Penintsulako iparraldean sakabanatuta jarraitzen dute, eta Hego Euskal Herriko espetxeetara noiz eramango dituzten zain daude.

Orduan hitz egin ahal izango dugu gure herriko bizikidetza normalizatzeaz.

Hasteko, larriki gaixo dauden pertsonak eta 70 urtetik gorakoak espetxetik atera beharko lirateke.

Espetxeratutako pertsona horien % 90ek baino gehiagok, irizpide hertsiki politikoetan oinarritutako sailkapen-politika baten xede izan ez balira, bigarren graduari dagozkion baimenak izan zitzaketen.

Herenak baino gehiagok bete ditu – zenbait kasutan, aspalditik – ezarritako zigorren 3/4ak.

7/2003 Lege Organikoa onartu ondoren epaitu eta kondenatu zituzten 60 euskal presoak, 40 urtera arteko askatasun-gabetze efektiboarekin eta hirugarren gradua eta baldintzapeko askatasuna eskuratzeko muga gaindiezinekin, salbuespenezko araudi batekin epaitu eta kondenatu zituzten, eta araudi hori araudi arruntera bihurtu behar da.

Frantziako Estatuko espetxeetan zigorra bete zuten 50 euskal presori “ad hominem” idatzitako lege bat aplikatzen ari zaie, soilik euskal presoentzat, eta horrek galarazi egiten die Europar Batasuneko espazioan askatasunik gabe pasatu duten denbora zenbatzea.

Era berean, euskal presoei laguntza juridikoa eta soziala emateagatik (13/2013 sumarioa) laster 8 pertsona epaituko direnez, hemen gauden sindikatuok honako hau adierazi nahi dugu:

  • Gure kezka eta gaitzespena adierazten dugu kaltetutako pertsonek adierazitako irregulartasunei buruz, eta bereziki, inkomunikazio-aldian tortura praktikatzeari buruz.
  • Kausa hori artxibatzea eskatzen dugu, bai aipatutako irregulartasunengatik, bai ekintza anakroniko bat delako, gure gizartean bake eta bizikidetza demokratikoaren eszenatoki baten aldeko gehiengoaren eskaria urratzen duena.
  • Espetxe-politikaren salbuespenaren amaiera behin eta berriz eskatu dugun bezala, salbuespen judizialaren amaiera ere eskatzen dugu. Euskal herritarrek eskubidea dute dagokien auzitegi arruntean epaituak izateko.

Bizikidetzan oinarritutako gizarte gisa berreraiki behar dugu, horregatik irailaren 17an, uztaila eta abuztuko etenaldiaren ondoren, berriz ere Eliptika plazan izango gara, hileko hirugarren ostiraletan mobilizatzen jarraituko dugu, kontzentrazio bakoitza modu zehatzean ezaugarrituz.

Ostiral honetan bultzada txiki bat eman nahi izan diogu mobilizazioari, gure afiliazioari dei zabalago bat eginez, sindikatuon aldetik aldarrikapenokin dugun konpromiso irmoa erakutsiz.

Borrokan diren langileek bat egin dute berriro enpleguaren defentsan

Petronor, Bilboko Argiak, Tubacex, Novaltia eta ITP-PCB-ko langileek deitutako mobilizazioak Bilboko kaleak hartu ditu, enpleguaren defentsan. Argi dago gaur egungo politikak eta bai EAE zein Madrilen gobernatzen dutenek patronalaren eta kapitalaren mesedetan dihardutela. Horren ondorio argia da enpresa horietan jasaten ari diren enplegu suntsiketa eta lan baldintzen okertzea. Hala, langile batasuna txalotuz, mobilizazioan izan gara.

Bien bitartean, langileak kaleak hartu dituzten honetan, Eusko Jaurlaritza eta Arantxa Tapia itsu, mutu eta gor daude. Are gehiago, aktiboen dagoen saila Segurtasunekoa dela salatu behar dugu. Politika hauen oinarria borroka duinak kolpatzea eta langile borrokalariak atxilotzea izaten ari da.

LABetik argi dugu, erreformen derogazioa ezinbesteko urratsa izan arren, askoz harago joan behar dela. Bada garaia Urkulluren gobernuak bertako langileak defendatzeko erabakia hartzeko. Berton erabaki behar dugu. Bertoko langileen etorkizuna, bizitza eta pertsonak erdigunean izango dituzten politiketaz hitz egiteko garaia da.

Langileen arteko elkartasuna ez dela delitua aldarrikatu dugu Amurrioko epaitegiaren eta Ertzaintzaren aurrean

LABetik gure babes osoa adierazi nahi diegu gaur Amurrioko epaitegian deklaratzera deitutako hiru pertsonei. Elkartasuna adieraztea izan da egin duten delitu bakarra eta Tubacex-eko grebalariei martxoaren 25eko piketeetan laguntzea, Aiaraldeko zein beste eskualde batzuetako enpresetako ehundaka langilek egin duten moduan.

Hala, Amurrioko epaitegietara hurbildu gara, bertan deitutako elkarretaratzera. Tentsio uneak bizi izan dira Ertzaintzarekin, bere jarrera oldarkorra erakutsi duenean. Baina, LAB sindikatutik, berriro diogu: langileen arteko elkartasuna ez da delitua.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako merkataritzako eta saltoki handietako langileek greba egingo dute ekainaren 25ean

LAB eta ELA sindikatuon ohar bateratua, gaur egindako prentsaurrekoaren harira:

LAB eta ELA sindikatuok jendartea eta erakunde publikoak ohartarazi nahi ditugu merkataritzako langileek bizi duten alarma gorri egoeraz. Alarma gorria diogu, sektorean erreferenteak diren enpresek enplegua suntsitzeko eta lan-baldintzak are gehiago prekarizatzeko apustua egiten dutelako. Horregatik, merkataritzako eta saltoki handietako langileok grebara goaz ekainaren 25ean.

Azken hilabeteetan, Inditex, H&M edota El Corte Ingles enpresek, besteak beste, dendak ixteko, plantillak murrizteko, bertan lanean urteak daramatzaten pertsonak langabeziara kondenatzeko eta lanaldi-murrizketen bidez enplegua prekarizatzeko prozedurak jarri dituzte martxan. Guzti hau aurrera daramate, azken urteotan irabazi handiak lortu arren.

Inditexek, 3.800 milioi euroko irabazi garbia lortu duen arren, azken 4 hilabeteetan 23 denda itxi ditu Hego Euskal Herrian, eta ondorioz, enplegua suntsitu eta lan-baldintzak okertu egin dira, langile askori lanaldia murriztearekin batera.

El Corte Inglesek 310 milioi euroko irabaziak izan baditu ere, Estatuan 15 denda ixtea eta ia 3.300 langile kaleratzea planteatu du.

H&M-ek 1.200 milioi euroko irabaziak izan zituen 2019an, eta hala ere, 26 denda itxi eta 900 lanpostu baino gehiago suntsituko ditu, ehunka langileren lan-baldintzak murrizteaz gain.

Prozesu guzti hauetan, enpresek negoziazioak estatu mailara eraman dituzte, bertako gehiengo sindikala ekidinez, euren asmoak aurrera eramateko alfonbra gorria jarriko dieten sindikatuekin bakarrik negoziatzeko. Honen aurretan, negoziaketa esparru propioa aldarrikatzen dugu.

H&Mren kasuan, gure borrokari esker, enpresak eta estatuko sindikatu sinatzaileek atzera bota behar izan dituzte Hego Euskal Herrian inposatu nahi zituzten kaleratze eta Lan Baldintzen funtsezko aldaketak.

LAB eta ELAren ustez, onartezina da onura handiak dituzten enpresek enplegua suntsitzea eta lan-baldintzak prekarizatzea berez prekarizatuta dagoen sektore batean, non soldata txikiak eta lanaldi partzialeko kontratuak diren arau.

Bien bitartean, komertzio txikiak ere pertsiana jaistera behartuta ikusten ari dira, korporazio handien eta plataforma digitalen abiadurarekin, ordutegiekin eta prezioekin lehiatu ezinean. Hori ere enplegu suntsiketa da.

LAB eta ELA sindikatuok uste dugu merkataritzan enplegua suntsitzeko prozesu hau hasi besterik ez dela egin, eta enpresa horiek beren estrategiarekin jarraitu eta beste asko batu egingo direla, baldin eta horren aurka mobilizatzen ez bagara.

Patronalari dei egiten diogu enpleguari eusten lagunduko duten negoziazio-elementuei heltzeko. Besteak beste, LABek eta ELAk aldarrikatzen dugu beharrezkoa dela hitzarmenetan gehienezko lanaldia nabarmen murriztea eta onlinesalmentaren ondorioz sortzen diren kategoria berriak arautzea. Kalitatezko eta bermedun enplegua nahi dugu.

Ezin dugu onartu, online salmenta areagotzearen aitzakian, enpresa horiek digitalizazio-prozesuak bultzatzea, gutxi batzuk are gehiago aberasteko, herri honetako langile-klasearen kaltetan, eta saltoki txikietako enplegua suntsitzeko.

Herri honetako erakundeei dei egiten diegu egoera honi amaiera eman diezaioten, alderdi politikoei dei egiten diegu behingoz beren gain har dezaten lan-erreformak indargabetzeko konpromisoa, irabazi handiak dituzten enpresek enplegua suntsitzea ahalbidetzen baitute.

Enpleguari eusteko eta hori babesten duten eduki duinak dituzten hitzarmenengatik, ekainaren 25ean grebara joango gara merkataritzako eta saltoki handietako langileak.

Animaliak Babesteko Zentroan izan diren jazarpen sexual eta sexistaren salaketen aurrean, Gasteizko Udalaren kudeaketa gaitzesten dugu

Gasteizko Udalaren Animaliak Babesteko Zentroan jazarpen sexual eta sexistaren inguruan izan diren salaketen aurrean, eta gertaera horiengatik epaiketa egiten ari den une hauetan, LABetik gure erabateko gaitzespena adierazten dugu edozein indarkeria matxistaren aurrean.

Gure elkartasuna helarazi nahi diegu egoera hori salatu duten emakume guztiei, argi eta garbi esaten dugu sinesten ditugula.

Salaketa horien aurrean, Gasteizko Udalak egindako kudeaketa tamalgarria salatu nahi dugu, ez baitu abian jarri sexu- jazarpeneko kasuetarako udaleko protokoloa, sindikatu honek hasieratik eskatu bezala.

Ez da lehenengo aldia Gasteizko Udalak zabarkeriaz jokatzen duela horrelako gertakarien aurrean. LABek behin baino gehiagotan salatu du hori.

Udalari eskatzen diogu indarkeria matxistaren prebentzioaren arloan dauden protokoloak aplika ditzala eta indarkeria mota hori erabiltzen ari direnei babesik ez ematea.

Mobilizazioa egin dugu Gasteizen, Euskotreneko zuzendaritzaren hizkuntza politika salatzeko eta euskal hiztunon eskubideak aldarrikatzeko

Euskotreneko LABen sail sindikaletik atsekabez eta arduraz bizitzen ari gara Euskotreneko zuzendaritza azken urte hauetan euskararen inguruan egiten ari den kudeaketa. Gure hizkuntzaren etorkizuna jokoan dagoen testuinguru berezi honetan, sistematikoak izaten ari dira euskarak eta euskal hiztunok Euskotrenen bizi dugun subordinazio egoera bere horretan jarraitzeko hartzen ari diren erabakiak.

Honen adibide garbia da Tranbiako Aginte Postuko barne deialdiko oinarrietan, B2 euskara hizkuntz eskakizuna derrigorrezko izateko, Euskotreneko LABen sail sindikaletik egindako alegazioari zuzendaritzatik jasotako ezezkoa. Lanpostu honetako funtzioetako bat bezeroei arreta ematea izango dela kontuan izanik, Gasteizko tranbiako erabiltzaileen hizkuntz eskubideen urraketa gertatzeko ateak parez pare zabaltzen dira, Araban eta Gasteizen azken hamarkadetan izandako bilakaera soziolinguistikoari balazta bat balitz bezala eraginez.

Nabaria da, beraz, euskararen normalizazio prozesuan urratsak eman beharrean, Euskaraldiaren bigarren edizioa oharkabean pasatzen utzi duen zuzendaritzak, euskararen aurkako erabakiak normalizatzeko apustua egin duela. Egoera honen aurrean, Euskotreneko LAB sail sindikaletik bi aukera posible ikusten ditugu, eskubideak urratzen dituen euskalduntasun diglosiko eta iruzurti baten gidaritzapean jarraitu edo justizia sozial eta berdinatsunean oinarrituko dena aldarrikatu. LABek aspaldi egin zuen bere hautua, eta, bide horretan, Gasteizko Legebiltzar aurrean elkarretaratze bat egin dugu, zuzendaritzaren hizkuntz politika salatzeko eta euskal hiztunon eskubideak aldarrikatzeko.

Aurreikusi bezala, Eusko Jaurlaritzak langile publikoon aldarrikapenei muzin egin die

Mahai Orokorraren bileran aurreikusita zegoen enplegu publikoaren gaiak ez du ustekaberik ekarri, sindikatuoi eta mobilizazioetan parte hartu duten langileei mespretxu hutsa izan da. Bilera eskaerari ez erantzun eta negoziazio mahaiak propaganda egiteko erabiltzea erabat salagarria da, Gobernuak ez duelako inolako proposamen seriorik aurkeztu.

Sindikatuon adostasunik ez duen kidego eta eskalen legearen lehen xedapenean oinarritzea proposatu dute konponbide bakar bezala, lanpostuan esperientzia zerbait balioestea alegia. Gogoratu behar da, euskal administrazioetan enpleguaren egoera kezkagarria dela, batez ere behin-behinekotasun tasak onartezinak direlako. Jaurlaritza baieztapen honekin bat datorrela esaten badu ere, egoera larria bere horretan mantentzeko jarrerari eutsi dio.

Hainbat mobilizazio eta greba egun bat egin ondoren, etsigarria da gobernuak negoziazio mahaietan duen jarrera. Momentuz, ez da gai izan behin-behineko langileak lanpostuetan kontsolidatzeko proposamen eraginkorrik egiteko. Bide beretik, lanpostuak sortzeko arazoekin topatzen ari gara, baita ezkutuan dauden lanpostuak azalarazteko arazoekin ere. Jaurlaritzak iragarritako kopuruekin enplegu publikoa suntsitzen jarraituko du. LABek azken urteetan aldarrikatzen duen ildotik, enplegua sortu eta egonkortzeko tresna legal propioak behar dira; ezinbestekoa da Legebiltzarrak Kontsolidazio Lege propio bat onartzea. 

Bilerako gai honek ematen duena ikusita, LABeko kideok mahaitik altxatu egin gara ELAko eta CCOOko kideekin batera. Bilera antzuak pasata, LABen gero eta garbiago dugu egoera konpondu nahi badugu mobilizazioekin jarraitu behar dugula, eta udazkenean horretan jarraituko dugula.