2024-03-28
HomeEkintza SindikalaErantzukizun politikoak argitzea eta azken ondorioetaraino iristea ezinbestekoa da Zaldibarren

Erantzukizun politikoak argitzea eta azken ondorioetaraino iristea ezinbestekoa da Zaldibarren

Otsailaren 6an, bi urte beteko dira Zaldibarko Verter Recycling zabortegiaren hondamenditik. Bi langile, Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze, zabor artean lurperatu zituzten.

Euskal gehiengo sindikalak ohar bateratua atera dugu urtemugaren harira, eta salatu dugu langileen heriotzak, istripuak eta gaixotasun profesionalak merke ateratzen zaizkiela patronalari eta nabarmendu dugu horrek horrela jarraitzen duen bitartean gauzak ez direla aldatuko.

Otsailaren 6an, igandean, bi urte beteko dira Zaldibarko Verter Recycling zabortegia erori zela. Bi langile, Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze, zabor artean lurperatu zituzten. Hori dela-eta, otsailaren 6an mobilizazio bat antolatu da. ELAk bat egiten du ekimenarekin.

Peritu txostenen arabera eta hasieratik gehiengo sindikalak –ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde, Hiru– salatu duenez, enpresako arduradunak jakitun ziren zabortegian zeuden kalteez, lurrean pitzadurak zeudela ohartariak zeuden, kolapsoa gertatzeko arriskua zegoela ere jakin bazekiten, eta txosten teknikoek jarduera gelditzeko gomendatu zieten enpresako arduradunei.

Nahiz eta egoera larriaren jakitun izan, enpresak ez zuen ezer egin erorketa saihesteko, ez zituzten langileak ohartarazi eta ez zuten gailu berezirik ezarri eta ez zen ekoizpena gelditu. Katastrofea gertatu zen eta bi langile hil zituen.

Frogatuta geratu da Verter Recyclingek zuzeneko erantzukizuna duela hildako langileen gainean eta, horregatik, Zaldibarko Zabortegiko hiru arduradunei, Jose Ignacio Barinaga (enpresaren jabea), Arrate Bilbao (gerentea) eta Juan Etxebarriari (ingeniari-burua) bi langileen zuhurtziagabekeriazko homizidioa eta langileen segurtasunaren aurkako delitua egotzi zizkieten.

Arduradunek euren erantzukizuna onartu dute espetxean ez sartzearen truke, eta enpresak biktimen familiei kalte ordain ekonomikoa ordaintzeko konpromisoa hartu du.

Agerian geratu da, patronalak langileen heriotzetan duen erantzukizun zuzena frogatu arren, diru kopuru baten truke kartzela zigorrak saihestu daitezkeela. Egiaztatu dugu langileen heriotzak, istripuak eta gaixotasun profesionalak merke ateratzen zaizkiela patronalari, eta horrek horrela jarraitzen duen bitartean gauzak ez direla aldatuko.

Zaldibarko zabortegiaren lur erortzea, erantzukizuna ezin zaio enpresari mugatu; izan ere, administrazio publikoek zuzeneko erantzukizuna izan dute, ez baitute zaintza eta kontrol lanik egin. Horregatik, garrantzi berezia du erantzukizunak argitzeak, baita politikoak ere.

Laneko odolusteak ez du etenik, egiturazko arazo larri baten aurrean gaude. Lan istripuek, urtez urte, gora egiten dute. Horrela, 2021ean gutxienez 62 langilek galdu dute bizia lanean eta aurten 6 dira jada lan istripuz hildako langileak. Azpikontratazio maila handia, behin-behinekotasuna gero eta handiagoa eta enplegu eta lan baldintzen prekarietatea dira egoera horren atzean dauden faktore nagusiak.

Hala eta guztiz ere, Gasteizko gobernuak oraindik ez ditu segurtasun eta osasun arloko politikak aldatu nahi, eta agerian geratu da politika horiek ez direla eraginkorrak eta ez direla nahikoak ezbehar tasaren gaitz soziala ezabatzeko.

Era berean, ingurumen politikek eta hondakinak kudeatzeko politikek klase nagusiek eta haien interesek markatutako bide neoliberal eta ekozidari jarraitzen diote. Politika horiek ez dituzte, inola ere, herri klaseen premiazko arazoak konpontzen eta beren lehentasunen artean ez dute lehenesten beren erabakiek eta politikek eragiten duten drama ekologiko nabarmena, tokikoa zein globala.

Politikak aldatzeko garaia da, alternatibak ditugu. Borondate politikoa besterik ez da falta, bizitza eta osasuna beste guztiaren gainetik jarriko dituen sistema alternatibo bat garatzeko.

Gehiengo sindikaletik, Zaldibarko zabortegian gertatutako guztia salatzeaz gain, babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu Alberto Sololuze eta Joaquin Beltranen familiei, baita lanean edo horren ondorioz hildako langile guztiei ere. Bada garaia laneko heriotzek eragiten duten sarraskia bertan behera uzteko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

0-3 urtekoen zikloko sindikatuak berriz mobilizatu dira, Hezkuntza Departamentuari eskatzeko behingoz har dezan alor honetako ardura

Nafarroako 0-3 hezkuntza zikloko sindikatu guztiek (LAB, ELA, STEILAS, AFAPNA, UGT eta CCOO) elkarretaratzea egin dute gaur Iruñean, Hezkuntza Departamentuaren egoitza nagusiaren parean, Gobernuak ziklo honi dagokionez erakusten duen jarrera axolagabea salatzeko. Ildo berean, apirilaren 11n manifestazioa eginen dutela iragarri dute, Departamentuaren egoitzatik 17:30ean abiatuko dena.

Grebak Arabako aisialdi hezitzailea eta animazio soziokulturalean apirilaren 2a eta 4an, hitzarmenaren negoziazioan akordiorik ez dagoelako

Agerraldia egin dute gaur Gasteizen sektoreko langileek bi greba egunak iragartzeko. Hitzarmen duinik ez badago, zerbitzurik ez dela egongo adierazi dute.

Iruñeko eremu urdinean jarduera ia geldirik egon da grebaren hiru egunetan

Enpresa Batzordeak (LAB, ELA, UGT eta CCOO) astelehenetik egiten ari den grebaren balorazio positiboa egin du, eta ohartarazi du Dornierrek ez badu aurrerapausorik ematen lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmenaren negoziazioan, mobilizazioekin jarraituko dutela.