2024-04-23
HomeEkintza SindikalaBizkaiko Metalgintzaren patronalak uko egin dio aberastasunaren bidezko banaketari eta lan baldintzak...

Bizkaiko Metalgintzaren patronalak uko egin dio aberastasunaren bidezko banaketari eta lan baldintzak duintzeari

Bizkaiko metalaren negoziazio-mahaiaren hirugarren bilera izan da gaur. Bilera honetan FVEM patronalak bere plataforma aurkeztu du. LABek uste du aurkeztutako proposamena sektoreko langileentzako iraina dela.

%2ko soldata-igoerak planteatzen ditu, KPIaren inolako erreferentziarik gabe. KPIa bermatuta ez dagoenez, agerikoa da langileek erosteko ahalmena galtzen dutela. FVEMek enpresen aberastasuna eta etekinak banatzeari uko egiteaz gain, sektoreko langileek lanera joateagatik dirua galtzea nahi du. Hitzarmena artikulutik kentzea proposatu du, hitzarmeneko taulen gainetik dauden soldatak dituzten langileei soldata-igoerak ekarriko baitizkie, eta hori atzerapen nabarmena da.

Uko egin dio 2003tik berdina den lanaldi-orduak murrizteari, eta, gainera, malgutasun- orduak gehitzea proposatu du, beste atzerapen argi bat. Neurri horiek lanpostuak sortzea eragozten dute, eta, bestetik, lan-baldintzak are gehiago prekarizatzea dakarte.

Urte honetan 6 pertsona hil dira beren lanpostuetan, eta 2021ean 62 izan ziren Euskal Herrian. Datu hauekin, patronala ausartu da bere plataforman lan-istripuagatiko bajetan osagarriak mugatzea proposatzera, bere ustez, lan-istripua zer den zehaztuz. Hala ere, hitzarmenean eskuratutako eskubideak kentzeaz gain, ez du proposamen bakar bat ere egiten sektoreko langile guztien osasuna eta bizitza bermatzeko prebentzio-neurrietan.

Patronalaren proposamenarekin argi geratzen da inporta zaion gauza bakarra etekinak handitzea dela, ez dute sektoreko lan-baldintzak duintzeko inolako asmorik, bestela planteatutako plataforma ez da azaltzen, atzerapenak besterik ez baititu jasotzen.

LABek berretsi egiten du aurkeztutako gure plataforma. Plataforma horrek enplegua sortzeko neurriak, aberastasuna modu bidezkoan banatzeko neurriak (KPIari lotutako igoerak eta soldata errealen igoerak), neurri feministak, prekarioenen enplegua duintzeko neurriak (gazteak eta dibertsitate funtzionala duten pertsonak), laneko osasuna eta segurtasuna zaintzeko neurriak, lan-erreformaren aurkako neurriak… biltzen ditu.

Gaurko proposamenarekin argi dago patronalak ez digula ezer emango, ez digula erraz jarriko; horregatik, argi dago Bizkaiko metaleko langileek behar duten hitzarmena lortzeko bide bakarra sektore osoaren aktibazioa eta sektore osoaren borroka dela, ahalik eta batasun sindikal eta sozial zabalenetik.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

ZF LEMFORDER TVAn kaleratzerik ez dugu onartuko

LABetik Ermuko ZF LEMFORDER TVA enpresako langile gazte baten kaleratzea salatzen dugu. Enpresak langileari deitu zion antzinatasunagatik hurrengo errelebo kontratua izatea tokatzen zitzaionean, baina, ordea, enpresak jakinarazi zion egun hori zela enpresan lan egingo zuen azken eguna.

Babestu egin dugu oraindik aitortua ez zuten Osasunbideko osasun langileentzako Lanbide Karreraren ezartzea, baina osasun arlokoak ez diren langileei zabaltzea eskatzen dugu

Gaur eguerdian Iruñean egin den Osasunbideko mahai sektorialean, LAB sindikatuko kideok aldeko botoa eman diogu C eta D mailetako osasun langileentzako Lanbide Karreraren lege proiektuari. Lege proiektu hau LABek bere garaian Osasun Departamentuarekin lortu zuen akordioaren gauzatzea da, eta neurri garrantzitsua da horren onura jasoko duten 3.000 pertsona baino gehiagorendako. Hala ere, bidegabetzat jotzen dugu osasun arlokoak ez diren langileak kanpoan gelditu izana; beraz, borrokan jarraituko du Osasunbideko langile guzti-guztien lan baldintzak erabat duindu arte.

Osakidetzak ez du Euskara Plana betetzen eta iluntasunez jokatzen du konpromisorik eza ezkutatzeko

Osakidetzak urteak daramatza bere pasibotasunarekin EAEko osasun sistema publikoa benetan euskalduntzea eragozten. Propaganda engainagarriaz harago, eta bertako langileek beren zereginak euskaraz egin ahal izateko euskalduntze prozesua eragozteaz gain, ez du bermatzen erabiltzaile euskaldunek arreta euskaraz jasotzeko duten eskubidea.