2026-07-24
Blog Page 442

Jaurlaritzak bi anbulantzia gehiago kendu ditu, eta beste 20 langile gehiago kaleratu

Urriaren 8an, Eusko Jaurlaritzak Covid-19ak kutsatutako pazienteak lekualdatzen zituzten 6 anbulantzia kendu zituen osasun-garraioko zerbitzutik, eta, horrekin batera, 60 langile inguru kaleratu zituen, guztiak zaintzeko lehen lerroan lanean aritu direnak.

Pandemia baino lehen ere ez zen nahikoa asistentziazko eta ez-asistentziazko osasun-garraioa Euskadin. Hobekuntza bat behar zuen: dauden baliabideen kopurua handituz zerbitzu hobea emateko, bai anbulantzia asistentzialetan, bai ez-asistentzialetan.

Erabaki horri erantzuteko, LAB, ELA, UGT, CCOO eta ESK sindikatuok elkarretaratzeak deitu genituen hiru lurraldeetan, gure desadostasuna adieraziz eta garraio sanitarioko zerbitzua hobetzeko eskatuz, publifikazioaren bidez, eta Gotzone Sagarduy osasun-sailburuarekin eta Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoekin bilerak eskatuz. Gaur beste elkarretartaze bat egin dugu sindikatuok, Donostia Ospitalearen aurrean oraingoan.

Bada, azaroaren 4an, Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen Bizkaiko lurraldean oraindik zerbitzua ematen zuten 2 baliabideak alde batera uztea, eta horrek langileak kaleratzea ekarri zuen.

Pandemiaren bilakaerari buruzko datuekin: txertaketa masiboaren, covid kasuen jaitsieraren eta askok dena amaitu dela pentsatzearen ondoren, Eusko Jaurlaritzak kaleratzea erabaki du, zerbitzua hobetu beharrean.

Erabaki hori onartezina iruditzen zaigu, eta, beraz, LAB, ELA, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek salatu nahi dugu pandemiaren 18 hilabete hauetan ez dela ezer ikasi; izan ere, osasunean inbertitutakoa mantendu beharrean, erretiratu egiten da eta pandemia aurreko prekaritate-egoera berera itzultzen da, ez da osasun publikoa indartzen, lehentasun osoa izan behar duela ikusi denean.

Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakia herritarren zerbitzura egongo den osasun publiko indartsua sustatzearen aurkakoa da, eta ez arlo horretan negozioa egin nahi duten enpresen interes ekonomikoen zerbitzura egongo dena. Horregatik guztiagatik, LAB, ELA, UGT, CCOO eta ESK sindikatuok urriaren 26an bilera eskaera bat erregistratu genuen Gasteizen, eta aste honetan bertan, gai horri heltzeko premiazko bilera eskatu diegu Gasteizko Legebiltzarreko alderdi politikoei, Osasun Sailak oraindik ez baitigu idazkiari erantzun.

Bilera egitea eskatzen diogu publikoki Osasuneko sailburuari, EAJ ez beste alderdi guztiak gurekin harremanetan jarri baitira bilera bat egiteko, eta ez da ulergarria gaur egun, bilera eskatu zenetik 10 egun baino gehiago igaro ondoren, gurekin harremanetan jarri ez izana.

Langileak berriz hartzeko eta ezabatutako 8 anbulantziak berriro martxan jartzeko eskatzen dugu, eta, era berean, Administrazioak zerbitzu garrantzitsu hori benetan eta zuzenean kontrolatzeko eskatzen dugu, anbulantzia asistentzialak eta ez-asistentzialak publifikatuz. 

Espainiako Gobernuari zuzenduko gatzaio, lan erreforma bertan behera uzteko promesa bete dezan eta pentsio publiko duinak berma ditzan eskatzeko

LAB sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiak agerraldia egin dute, Madrilen lan erreforma eta pentsioen erreformaren inguruan datozen egunotan har ditzaketen erabaki garrantzitsuenen harira.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “LAB mobilizazio-ziklo berri bat irekitzeko lanean ari da, Greba Orokor bat ortzi-mugan. Madrili begira, bai, baina Madrilen posible ez dena Euskal Herrian posible egiteko izaerarekin. Bide orri propio bat elikatu behar dugu, Euskal Bidea”.

Hala, langileek lana, pentsioa eta bizitza duina izan dezaten, azken urteetan erreformen bitartez eraikitako egitura guztia bertan behera utzi eta indargabetu behar dela nabarmendu du; hots, lan-harremanak eta pentsio-sistema eraldatu eta erreformatu behar direla.

Idazkari nagusiaren arabera, “azken urteetako politikak erabateko eraldaketa bateruntz zuzendu behar dira. Eraldaketa horretarako, LABek bi lege-proiektu aurkeztu ditu: euskal Lan Kodea eta Gizarte Segurantzaren lege propioa; Gasteiz eta Iruñeko Parlamentuetan erregistratu ditugun proposamenak, hain justu”.

Bada, datozen asteotan erabaki garrantzitsuak hartuko dira lan erreforma eta pentsio-erreformen inguruan, eta, hortaz, sindikatuaren ustez, orain da unea Madrilen irekitako eztabaidetan eragiteko. “LABek eta Euskal Herriko gehiengo sindikalak ez dute ordezkaritzarik lan erreforma indargabetzeko edo pentsioen itun berri baterako eztabaida horietan. Horregatik, gutun bana helaraziko diegu Madrilgo Gobernua osatzen duten PSOE eta Podemos alderdiei”, iragarri du Garbiñe Aranburuk.

Zer eskatuko diegu?

-Lan erreforma indargabetzeko emandako hitza betetzea. Indargabetzea indargabetzea da, eta ez dugu onartuko hitzekin jolastea.

-Pentsio publiko duinak bermatzeko eskatzen diegu. Diru-sarrerak handitu behar dira, soldatak hobetuz eta gutxieneko soldata igoz, eta kotizazioen bidez diru-sarrerak handitu behar dira, kotizazioari mugak kenduz eta patronala gehiago zergapetuz. Horrekin nahikoa ez bada, aurrekontuen eta fiskalitatearen bidez.

-Lehenengo bi eskaerak betetzeko, CEOEren aurrean amore ez ematea eskatzen diegu. Indargabetzea eta patronalarekin adostasunak lortzea ez da uztargarria; pentsio publikoak bermatzea eta patronalarekin adostasunak lortzea ezta ere. Hori patronalari beto eskubidea ematea litzateke.

-Eskutitz horretan, halaber, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua edukiz hornitzeko dugun eskubidea errespetatzeko eskatuko dugu, gure lan eta bizi baldintzei buruzko inolako esku-sartzerik gabe erabakitzeko dugun eskubidea errespetatzeko.

EH Bildu eta EAJri ere

EH Bildu eta EAJri ere bidaliko dizkiegu gutunak: EAJri eskatuko diogu langileok ez dugula AHTrik behar, lan eta bizi baldintza duinak behar ditugula, eta EH Bilduri lan erreforma indargabetzeko akordioa defendatzeko eskatuko diogu.Azken finean, botoak Euskal Herriko langileen zerbitzura jartzea eskatzen diegu, erreformak indargabetzeko eta murrizketa gehiago saihesteko.

Garbiñe Aranburuk nabarmendu bezala, “klase politikoa interpelatu behar dugula uste dugu. Horixe egin zuen LABek Gasteizko eta Iruñeko Parlamentuetan, eta horixe egingo dugu eskutitz hauekin. Izan ere, akatsa litzateke hartuko diren erabakien zain geratzea. Akatsa da Elkarrizketa Sozialetik aterako denaren zain egotea, beto-gaitasuna duen patronalarekin eta presio sozialerako inolako gaitasunik ez duen Estatuko sindikalismoarekin”.

Mobilizazioak patronalaren aurrean

Orain da unea. Kalera irten behar dugula berretsi du idazkari nagusiak: “Euskal Herrian dagoen gehiengo sindikal eta sozialak kalera irten behar du denbora gehiago galdu gabe. Orain mobilizazioan urrats berriak emateko unea da, irmotasunez jokatzea dagokigu”.

Honen harira, LABek mobilizazioak egingo ditu azaroaren 17an, CONFEBASK eta CEN patronalen aurrean, “Madrili begira presioa egitea dagokigulako, bai, baina baita Madrilen posible ez dena Euskal Herrian posible egiteko ere”.


Enplegua egonkortzeko LEPak: NUPen utzikeria hizkuntza-politikan

Azaroaren 2an Negoziazio Mahaia izan genuen. Mahai horretan LABek galdetu zuen unibertsitateak hizkuntza-eskakizunei buruz duen planteamenduari buruz, egonkortze-prozesuen ondorioz laster oposizio-lehiaketara aterako diren ia 90 plazetan.

Gure harridurarako, desatsegina noski, jakinarazi ziguten ez dela euskarazko hizkuntza-eskakizunik ezarriko egonkortze-prozesuan aterako diren lanpostuetan, eta esan ziguten, egonkortze-plazak direnez, hizkuntza-eskakizuna aldatzen bazaie, oso posiblea zela gaia epaitegietara eramatea eta epaitegietan galtzea. Hau da, euskara normalizatzeko neurriak hartuz gero zenbait jende, eragile edota sindikatu haserretzen direnez, neurri horiek ez dira hartzen eta kito.

Gogoan izan behar da, berriz ere, bere garaian NUPeko Hizkuntza Normalkuntzarako Batzordeak onartutako dokumentu bat dagoela, hizkuntza-eskakizunak ezartzeko irizpideak finkatzen dituena, eta NUPeko Gobernu Kontseiluak onartuko ziren hurrengo LEPetan betetzeko konpromisoa hartu zuela. LABek, egonkortze-prozesuak abian jarriko zirela jakin zuenean, behin baino gehiagotan galdetu zion unibertsitateari dokumentu horri buruz eta dokumentu hori betetzeko konpromisoari buruz; unibertsitatearen erantzuna beste aldera begiratzea izan zen beti. Ildo horretan, arbuiatu beharrean gaude NUPeko Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzak denbora honetan guztian izan duen papera, ez baitu jarraipenik egin akordio horiek betetzeko, eta ez baitu beste lan-ildorik garatu alor horretan.

10 urte baino gehiago igaro dira ordutik, eta, denbora honetan guztian, NUPek hizkuntza-politikari buruz izan duen anbiziorik eza nabarmena izan da; nahikoa da esatea 2016an onartutako Euskararen Plan Zuzentzailean ez zela inolako plangintzarik jasotzen AZLren eremuan euskararen normalizazioan aurrera egiteko, ez helbururik, ez eperik, ez neurri zehatzik, ezer ez.

Gainera, unibertsitateak beti justifikatu izan du aurrerapen falta hori esanez LEPak deitzen zirenean emango liratekeela; tira ba, orain deialdiak egingo diren honetan, esaten zaigu ezin direla hizkuntza-eskakizunak aldatu, eta, beraz, plantilla bat egonkortuko eta betikotuko da, non soilik lanpostuen % 5ek euskarazko hizkuntza-eskakizuna izango duten, eta hori ez da nahikoa inolaz ere unibertsitate-komunitateari hizkuntza-eskubideak bermatzeko.

LABek berriro azpimarratu nahi du, Nafarroako hainbat administrazio publikotan, Nafarroako Gobernuan barne, Euskarafobia nagusi den testuinguru honetan, Unibertsitate Publikoa eragile nagusi bihurtu beharko litzatekeela euskara sustatzeko, haren ezagutzari eta erabilerari prestigioa emateko eta guztion hizkuntza-eskubideak bermatzeko, baina horren aurrean erakusten duen utzikeria benetan etsigarria iruditzen zaigu.

Gipuzkoako papergintza sektoreko epaiketa irabazi dugu #LortuDugu

Donostiako Sozialeko 1. Epaitegiak arrazoia eman digu Gipuzkoako Papergintzako Sektore Hitzarmenaren soldata igoeraren auzian. Izan ere, 2021 urterako hitzartu zen soldata igoera aplikatzerakoan, ADEGIk, KPI negatiboa zenez, ez zuen %1,25ko soldata igoera aplikatu nahi izan: KPIa -%0,5koa izan zela argudiatuta %0,75eko igoera aplikatu nahi zuen. Gipuzkoako Papergintza sektorean adostu zena, KPIaren igoeraz gain, %1,25ko soldata igoera izan zen. 

Hitzarmenean ordezkaritza dugun sindikatuetako bik, LABek eta CCOOk epaitegira jo genuen ADEGIren erabakiarekin ados ez geundelako. Orain argitaratu den epaiak argi uzten du papergintzako langileek %1,25eko soldata igoera edukitzeko eskubidea dutela, bere egin baititu aurkeztu genituen argudioak. 

Langileek eros ahalmena galtzen ari diren une honetan, LABek berresten du aberastasunaren banaketaren aldeko borrokaren garrantzia, lantokiz lantoki, eta kasu honetan bezala, epaitegietan ere bai.

EITB Mediako albistegiak Eusko Jaurlaritzaren eta EAJren propagandarako tresna dira, inoiz baino gehiago

Eusko Jaurlaritza eta EAJ betidanik saiatu dira EITB Media beraien interesen arabera erabiltzen. Hori ez da nobedadea. Baina azkenaldian erabilera partidista hori eta presioa inoiz baino nabarmenagoak dira ETBn, Euskadi Irratian, Radio Euskadin edota eitb.eus atarian: Iñigo Urkullu lehendakaria eta bere Gobernuko sailburuak egunero agertzen dira albistegietan, esan dutenak balio informatiboa izan ala ez; Eusko Jaurlaritzak pandemian hartu dituen neurriak zalantzan jartzen dituzten adituen adierazpenak isilarazten saiatu dira; ezker independentistari lotutako albisteak bigarren maila batean aipatzeko aginduak eman dira; eta EAJk zuzendutako erakundeei edo kargu jeltzaleei buruzko edukiak ezabatu egin dira, nolako tratamendua eman zaien gustatu ez zaielako.

Adibide orokor batzuk baino ez dira, baina argi eta garbi esan beharra dago: hau guztia zentsura zuzena eta manipulazioa da. EITB Media Eusko Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiekin lerrokatu da,  aspalditik propagandarako tresnatzat dutenari inboluzioa eraginez. Badirudi Sabin Etxean urduri dabiltzala eta ez zaiela nahikoa iruditzen medioan bultzatu izan duen autozentsura eta kontrola. Eta ez da kasualitatea Andoni Aldekoaren iritsierarekin areagotu izana presioa albistegietako erredakzioetan; izan ere, frogatuta gelditu da asmo horrekin izendatu zutela EAJko kargu bat EITBko zuzendari nagusi: informazioa zorrotzago kontrolatzeko, EAJren eta PSE-EEren mesedetan. 

Gauzak horrela, Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusia da egoera honen erantzule nagusia, Arantza Ruiz EITB Mediako Albistegietako zuzendariarekin batera. Jokabide arduragabe horrekin, komunikabide publikoaren sinesgarritasunari kalte egiten ari zaie eta, aldi berean, bertako langileen profesionaltasuna zalantzan jartzen ari dira jendartearen aurrean.

EITB Mediak objektibotasuna, profesionaltasuna, aniztasuna eta neutraltasun politikoa bermatu behar ditu. Halaber, komunikabide publikoa den heinean, euskal herritarren zerbitzura egon behar du, eta ez EAJren edo Eusko Jaurlaritzaren zerbitzura. EITB Mediak euskal herritarrak profesionaltasunez eta objektibotasunez informatzea izan behar du helburu, aniztasuna eta neutraltasuna errespetatuz, eta ez besterik. 

Horrenbestez, EITB Mediako LABek beti bezala behar den guztietan salatzen jarraituko du zentsura eta manipulazioa eta ez du inoiz onartuko komunikabide publikoa interes partidisten arabera erabiltzea eta, are gutxiago, helburu horrekin langileei presiorik egitea.    

Ezinbestekoa da pentsio sistema publiko eta propioaren alde mobilizatzea, guztion etorkizunaren defentsan

Pentsiodunen mugimenduak agerraldiak egin ditu azaroaren 13an, larunbatarekin, egingo dituen manifestazioetarako deia zabaltzeko. Bada, LAB sindikatutik deialdiarekin bat egin dugu eta langileei kalera irtetzeko eskatu diegu, guztion etorkizuna baitago jokoan.

Ekintza Sozialeko idazkari Endika Perezen hitzetan, “pentsio erreforma ate joka dugun honetan, ezinbestekoa da pentsio sistema publiko eta propioaren aldeko lanak biderkatzea”. Perezen esanetan, “ezinbestekoa da langileok kalera atera gaitezen dagokiguna aldarrikatzeko, gure etorkizunaren defentsan”.

Hain zuzen ere, sistema publikoaren aurka Madrildik etor daitezkeen erasoen aurrean, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua indartzearen aldeko urratsak aldarrikatu nahi ditu sindikatuak, LABeko Helduen eta Pensiodunen Arloaren urteroko batzarrean urrian jakinarazi genuen bezala.

Gizarte Segurantzako Legea, erretiroa 60 urtera aurreratzea, 1.080 eurotik beherako pentsioak kopuru horretaraino osagarritzea eta gizon eta emakumeen artean dagoen pentsio-arrakala ezabatzeko neurriak hartzea dira pentsioen inguruan sindikatuak dituen proposamenak, guztiak ere gure Programa Sozioekonomikoan jasotakoak.

Mobilizazioak

Larunbatean leku hauetan egingo dira mobilizazioak: Gasteiz (12:00, Artium), Donostia (12:00, Alderdi Eder), Iruñea (12:00, Baluarte), Eibar (12:00, Untzaga) eta Bilbo (17:30, Moyua).

Bizkaiko Elikagaigintza sektoreko langileek hitzarmen duin bat aldarrikatu dute, Bilbon oraingoan

Elkarretaratzea egin dugu Bilboko Erribera merkatuan, LAB, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok deituta. Hain zuzen ere, iragarritako mobilizazioen harira egin dugu protesta, Elikagaigintza sektoreko langileen lan baldintza duinen defentsan, joan den astean Algortan eta Erandion egin bezala.

Epai bat irabazi diogu Vayven Amazoneko banaketa-enpresari #LortuDugu

LAB sindikatuak positibotzat jo du irabazitako epai judiziala. Epai horren arabera, VayvenAmazonen banaketa- enpresak Bizkaiko salgaien errepide bidezko garraioko hitzarmena aplikatu behar du.

Gaur arte, enpresa hori estatuko mezularitzako hitzarmena aplikatzen ari zen, non lan-baldintzak Bizkaiko garraio- hitzarmenekoak baino dezente okerragoak diren, lanaldian, dietetan eta soldatetan. LABetik egiaztatu ahal izan dugun kasu batzuetan ikusi dugu hilean 800 euro gutxiago kobratzen duten eta egunean 11 orduko lanaldi jarraituak egiten dituzten langileak daudela.

Hau ez da LABek demandatu duen eta Amazonentzat lan egiten duen lehen enpresa, eta Bizkaiko salgaien errepide bidezko garraioaren hitzarmena aplikatzera kondenatzen dutena.

LABek salatzen du Amazon-entzat lan egiten duten enpresek irabaziak handitzen dituztela beti langileen kontura. Borrokak merezi du.

Arabako Foru Aldundia aniztasun funtzionala duten pertsonentzako zerbitzu publikoen pribatizazio prozesuan sakontzen ari da

LABek mobilizazioa egin du gaur Gasteizko Probintzia plazan, Arabako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. Bertan, salatu dute irailaren 27an, Arabako Batzar Nagusietako politika orokorreko eztabaidan, Ramiro Gonzalez Ahaldun Nagusiak iragarri zuela aniztasun funtzionala duten pertsonentzako 30 egoitza-plaza itunduko zituela.

Sanitas erakunde pribatuaren adinekoentzako San Martin egoitza-zentroarekin, hamabost plaza hitzartu dira. Hitzarmen honek, zerbitzu publikoen pribatizazio-prozesuan sakontzea dakar, emaitza ekonomikoak erabiltzaileen eskubideen eta langileen eskubideen gainetik jartzen duen merkataritza-enpresa batekin hitzartzen baitu. Esan beharra dago Arabako lurralde historikoan ez dagoela hirugarren adinekoen zentroetarako sektoreko hitzarmen kolektiborik.

Erabaki horrek bertan behera uzten du garatzen ari den arreta-eredua zeinen funtsa den pertsonengan oinarritutako plangintza, eta adinari buruzko irizpide bakar batera mugatzen da, pertsonak ezgaitzen dituena haien bizimoduari buruz erabakitzeko.

Beste behin ere, LABek gizarte-zerbitzuen publifikazioa aldarrikatzen du, arreta integrala bermatzeko eta lan- baldintzen prekarietatearekin amaitzeko.