2026-01-24
Blog Page 433

Greba eta mobilizazioak bultzatzen jarraituko dugu, enplegu publikoa kontsolidatu eta sortzeko beharrezko pausuak eman eta zerbitzu publikoak indartu arte

LAB, ELA, CCOO, SATSE, ESK eta STEILAS sindikatuok EAEko sektore publiko osorako deitutako mobilizazioei eta apirilak 22ko grebari buruzko oso balorazio positiboa egiten dugu. Horrela jakinarazi dugu Bilbon, komunikabideen aurrean egindako agerraldian.

Milaka langile publikori greba-eskubidea ukatzen zieten gutxieneko zerbitzuak ezarri eta pertsonen mugikortasuna asko baldintzatzen zuen pandemia egon arren, 18.000 langilek baino gehiagok parte hartu zuten EAEko hiru hiriburuetan deitutako manifestazioetan.

Ez dugu balorazio bera egiten Eusko Jaurlaritzak, erakundeek eta alderdi politikoek sindikatuek eta mobilizazioetan aktiboki parte hartu zuten euskal sektore publikoko milaka langilek egindako eskaerei emandako erantzunari buruz.

Eusko Jaurlaritzak, propaganda-adierazpenak alde batera utzita,euskal sektore publikoko 60.000 langile baino gehiago kontsolidatzeko benetako urratsik eman gabe jarraitzen du ,eta, Europako behin-behinekotasun ranking altuenaren lehen tokian dagoen bitartean, pribatizazioaren aldeko apustuarekin jarraitzen du.

Eusko Jaurlaritzak, Eusko Legebiltzarrean, Kidegoen eta Eskalen Lege Proiektuan barneratutako proposamen baten alde egiten jarraitzen du. Proposamen hori ez da nahikoa, eta behin-behinekotasunaren gaitza pairatzen duten langile gehienak bere aplikaziotik at uzten ditu.  Ez Mahai Orokorrean, ez eta mahai sektorialetan ere, ez du  enplegu publikoa kontsolidatzeko bidean aurrera egiteko borondaterik agertzen.

Gainerako erakundeei eta euskal alderdi politikoei dagokienez, egun ez dugu benetako proposamenik ikusten hemen, gure herrian, zein zerbitzu publiko nahi eta behar ditugun erabakitzeko, eta euskal enplegu publikoa kontsolidazteko finkatzeko.

Egoera horren aurrean, grebara deitu dugun sindikatuok  bilerak deituko ditugu berehala Eusko Jaurlaritzarekin, Eudelekin eta euskal alderdi politikoekin; haien esku dagoelako, eta ez beste batzuetan, zerbitzu publikoak indartzea eta behin-behinekotasunaren gaitza pairatzen duten 60.000 langile baino gehiagori enplegua kontsolidatzea.

Horrekin batera, hemen gauden sindikatuok helburu hori lortzeko beharrezkoak diren mobilizazioak eta greba egunak bultzatzen jarraituko dugu. Hori dela eta, datozen asteetarako honako mobilizazio hauek adostu ditugu.

  • Maiatzaren 25a: Manifestazioa-mobilizazioa Gasteizen.
  • Ekainaren 1a: Kontzentrazioak EAEko sektore publiko osoko lantokietan.
  • Ekainaren 5a: Manifestazioak EAEko hiru hiriburuetan: Donostian, Bilbon eta Gasteizen.

Bizkaiko eraikuntzako akordioa baztertzen dugu

LABek baztertu egiten du CCOO, UGT eta ASCOBI, AVE-BIE eta AMPVk Bizkaiko eraikuntzako hitzarmenean lortutako akordioa ez delako nahikoa eta ez dielako erantzuten sektorearen beharrizanei.

4 urtetako iraupena duen akordioak, bake soziala eskaintzen du nahikoak ez diren soldata-igoera batzuen eta oso txikia den lanaldi murrizketaren truke (4 ordu 4 urtetan eta 2024an murriztuko direnak). Urte horretarako lanaldia 1.700 ordutan zehaztuta geratuko da, baina aparteko orduak erabiltzen jarraitzea sustatzen da, hauetaz “gozatzerako” orduan gehiegikeriak errazten dituen arauketaren bidez.

Sinatutako akordioak ez ditu sektoreko langileen lan-baldintzak hobetzen eta ez ditu bermatzen LABentzat lehentasunezkoak diren helburuak: hitzarmena bete beharrekoa izatea eta sektoreko prekarietatea murriztea.

Gainera, ez zaio konponbiderik jartzen sektorean gehiegizkoa den azpikontratazioari, pairatu beharko dugun prekarizazio prozesuaren faktorerik garrantzitsuena, ezta enpresariek duten erabateko malgutasunari ere. Azpikontratentzako subrogaziorako eskubidea ere ez da arautu.

Ez dago inolako konpromisorik errelebo kontratuaren inguruan ez delako jasotzen bere derrigortasuna, eta ez die erantzuten ezta errepideen mantenua edo lan bertikaletan ari diren langile-kolektiboek egindako eskariei.

Sektorean hitzarmen duinaren alde antolatu eta borrokatzeko aukera bat galdu da. LABek lan egingo du enpresetan akordio hau hobetzeko.

Eskola jantokietako langileek elkarretaratzea egin dute Iruñean, Hezkuntza Departamentuaren aurrean

LAB, UGT eta ELA sindikatuon oharra:

Maiatzaren amaieran gaude eta oraindik ez dakigu zein ordutegi izango duten ikastetxeek datorren ikasturtean. Ikasturtea amaitzeko hilabete bat baino ez denean geratzen, eskolako jantokietako ehunka langilek ez dakite datorren ikasturtean lanik izango duten.

Ez da onargarria horrela egotea, eta are gutxiago, ikastetxe guztietan lanaldi jarraitua berriro ezartzen saiatzea, Covid19ko aitzakiarekin. Alarma-egoera amaituta, ezarritako lanaldi jarraia ez da gehiago egon beharko.

Kontuan hartu behar da ikastetxe guztietan lanaldi jarraia ezartzeko erabakiak, gaur egungo osasun larrialdiari ezer ekartzen ez dionez gain, ondorio zuzen oso larriak dituela eskola jantokietako langileengan. Ehunka lanpostu desagertu dira eta lanaldietako murrizketak ezin dira beste ikasturte batean gertatu.

Sektore horretako langileen ia erdiak, berez, oso lan-baldintza eskasak izateagatik zigortuta daude, eta lanaldi partzial oso txikiak dituzte, eta horrek miseriazko soldatak dakartza. Horrez gain, ERTEan izan dira 2020ko martxotik. Horietako gehienek jada ez dute langabezia prestaziorik, eta egoera horrek jarraituko balu, Nafarroako Gobernuak onartu ezin duen bazterketa eta pobrezia arrisku handian jarriko lirateke.

Horregatik, Nafarroako Gobernuari, Hezkuntza Departamentuari eta kolektibitateen sektoreko enpresa guztiei erantzukizuna eskatzen diegu erabakiak hartzeko orduan. Ikastetxeek autonomia izan behar dute beren erabakiak hartzeko, ikastetxeko hezkuntza komunitate osoarekin batera, nahi duten eskola eguna eta jantokia zehazteko. Horregatik, ezarritako lanaldi jarraiak errealitate izateari utzi behar dio, eta pandemia aurreko ordutegietara itzuli, eskolaz kanpoko aukerak edo jarduera osagarriak bilatuz.

Aiaraldeko enplegua defendatzea eta eskualdearen etorkizunerako inbertsioak egitea eskatu dugu Gasteizko Legebiltzarrean

Atzo Eusko Legebiltzarrean Aiaraldeko suspertze sozioekonomikoaren inguruko ponentzian parte hartu ostean, LABek argi utzi nahi izan du enplegua suntsiketa gelditzeko premiazko ekintzak eta eskualdearen etorkizuna bermatzeko neurriak behar direla.

Instituzio nagusiek urte luzez alde batera utzi dute Aiaraldea, eta eskualdearekin dagoen zorra kitatu behar dela uste dugu. Aiaraldearen etorkizunean inbertitu behar da, bai eskualdeak azken urte luzeetan jasan duen desindustrializazioa geldiarazi eta honi aurre eginez, bai sektore ezberdinetan: sektore publikoa, zaintza, lehen sektorea, merkataritza eta ostalaritza…

Enpresek eta langileek bizi duten egoera azaldu dugu, baita eskualdeko enpresa txiki eta ertainak eta autonomoek bizi duten errealitatea ere. Gazteek bizi duten egoera eta azken urteotan egon den inbertsio falta ere azpimarratu nahi izan ditugu.

Beharrezkoa da erakundeen konpromisoa eta inplikazioa, Aiaraldeko enplegu-suntsiketa gelditzeko eta egungo egoera iraultzeko. Onartezina da ezer ez egitea edo zikoizkeriagatik bakarrik mugitzen diren enpresa-zuzendaritzek enplegua suntsitzeko hartutako neurriak babestea. Aiaraldean ezin da enplegu gehiago suntsitu, berehalako konpromisoak eskatzen ditugu Aiaraldearentzat enplegu duina eta kalitatezkoa lortzeko.

Oinarrizko azpiegitura eta zerbitzu publikoetan inbertsioak egitea eskatzen dugu, hala nola osasunean, zaintzan, garraio publikoan edo saneamenduan. Murriztuta dauden zerbitzuak hobetu behar dira, eta zerbitzu desberdinak zabaldu, kalitatezko zerbitzu publikoak lortzeko.

Egoera kaxkarrean dagoen eskualdeko sare sozioekonomikoa ere bultzatu behar da, eta erakundeek helburu hori lortzeko neurriak hartu behar dituzte. Neurri horiek ekonomikoak ere izan behar dute, baina argi utzi nahi dugu ezin zaiela enpresei laguntzarik eman trukean ezer eskatu gabe, batez ere handiei. Enpresek laguntza publikoak edo zerga-salbuespenak jasotzen badituzte, kontrapartidak izan behar dituzte, hala nola enplegua mantentzea.

Azken finean, argi utzi nahi izan dugu Aiaraldea alerta gorrian dagoela, eta beharrezkoa dela dagoeneko eskualdearen etorkizunaren alde eta bertan enplegu eta bizimodu duina izatearen alde jardutea.

Grebara deitu dugu Gipuzkoako helduen egoitzetan maiatzaren 20rako, lan baldintzak duindu eta zerbitzua hobetzeko

Covid-19ak sortutako osasun krisi honek modu bortitzean jo du helduen egoitzetako langile eta egoiliarren kontra, baina, ulergaitza eta bidegabea izan arren, egoerak berdin jarraitzen du langileentzat, 2012 urtetik herrialdeko hitzarmenik gabe eta ratio eznahikoekin. Gaur egun, Gipuzkoako Foru Aldundia AGENDA 30 trantsizioko gizarte politikak epe luzean landuko dituen programa bat lantzen ari da, baina ez du hitz egin nahi momentu honetan pairatzen ari garen benetako eta arazo larriei buruz, hau da, ratio eznahikoak izateagatik langileen lanaren kalitatea eta egoiliarren bizi kalitatean eragin zuzena duen egoerak.

Zer gehiago gertatu behar da helduen egoitzetako sisteman aldaketak egoteko? Noiz hasiko da Gipuzkoako Foru Aldundia bere ardura onartzen eta behar diren pausuak ematen egoera aldatu dadin?

Gipuzkoar guztion diruarekin aberasten ari diren sektoreko patronalak eta enpresak noiz hasiko dira herrialdeko hitzarmenari dagokion garrantzia ematen?

Ez dugu ahaztu behar langileak lanera joateagatik gaixotzen ari direla, lan karga eta lan erritmoek handitzen jarraitzen dutela eta enpresetan ez direla egiten legeak behartzen duen lan arriskuen ebaluazioak.

Ezin dugu onartu egoiliarrek eta langileek bizi duten egoera gogor hau denbora gehiagoan luzatzea, denon ardura delako zaintzan oinarrituta dagoen zerbitzu sozial hau defendatzea, jendartearen ardura delako pertsona hauen ongizatea.

Helduen egoitzetako langileek urte larregi daramate beraien eskubideen defentsan borrokan nahiz eta euren greba eskubidea %100eko zerbitzu minimoekin behin eta berriro urratuta izan den. Bizi duten egoera latz honen aurrean tinko helduko diote borrokari. Langileez gain jendartea aktibatzeko garaia da eta horregatik dei egiten dizuegu egingo diren mobilizazioetan parte hartzera.

Helduen egoitzetako sistema publikoa, doakoa, unibertsala eta pertsonak erdigunean jarriko dituena izateko garaia da eta hau lortzeko Gipuzkoako jendarte guztiaren parte hartzea ezinbestekoa da.

Altueratik erorita gertatzen diren lan-istripu guzti-guztiak saihestu daitezke prebentzio-neurri egokiak hartuta

Azpikontrata bateko langile bat hil da Basauriko Acenomar enpresan. Teilatuan zegoen lanean eta handik lurrera erori da eta bertan hil da zaurien ondorioz. Azken heriotza horrekin, gutxienez 22 langile hil dira lanean edo haren ondorioz Euskal Herrian urte hasieratik. Gainera, Joaquin Beltraneko desagertuta jarraitzen du Zaldibarko zabortegian duela 15 hilabete eta 7 egun.

Lehenik eta behin, LABek gure babes eta elkartasunik zintzoena adierazi nahi die hildakoen senideei eta gertukoei.

Altueratik eroritako istripu hilgarriak urtez urte errepikatzen dira, baina oraindik ez da prebentzio-neurririk hartzen berriro gerta ez daitezen. Horregatik, irmoki salatzen dugu azken istripu hau eta altueratik erorita gertatzen diren istripu hilgarri guztiak; izan ere, prebentzio-neurri egokiak hartuta saihestu daitezke. Ondorioz, istripu hilgarri hori ikertzea, erantzuleak seinalatzea eta erantzukizunak argitzea eskatzen dugu.

Istripu hilgarriek lan-prekarietatearen aurpegirik bortitzena erakusten dute. Istripuak enplegu- eta lan-baldintza eskasen, azpikontratazioaaren eta benetako prebentzio-faltaren eta babes-neurrien ondorio zuzenak dira. Larriena da horren guztiaren atzean dagoen arrazoi bakarra enpresen diru-gosea dela. Lan-kostuak murriztean prekarietatean sakontzen da, mozkin-tasei eutsiz, eta ez dira beharrezko prebentzio-neurriak hartzen.

Erakundeei eta gobernuei exijitzen diegu beste alde batera begiratzeari uzteko eta, behingoz, lan-osasuneko politikak errotik aldatzeko.

Laneko indarkeriarekin amaitzeko, bizitza eta lan duinak behar ditugu, lanetik onik itzultzeko eskubidea baitugu. Eredu berri bat garatu behar dugu, langileen bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena.

Langileen eskubideen, segurtasunaren eta osasunaren alde lanean eta borrokan jarraituko dugu LABen. Istripua salatzeko, antolatzen diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten diegu langileei.

Osakidetzako garbitzaileak berriro mobilizatu dira, lan baldintza duinen defentsan

Osakidetzako garbitzaileak euren lan baldintzen defentsan mobilizatu dira berriro, joan den astean EAEko ospitaleen aurrean egin bezala. Hain zuzen ere, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako osasun etxeetan egin dituzte elkarretaratzeak oraingoan, LAB, ELA, UGT, CCOO eta ESK sindikatuok deituta, maiatzaren 27rako iragarritako grebaren aurrekari. Osakidetzaren mendeko zentroetako garbitzaileek bizi duten egoera ikustarazteko egin dute protesta. “Funtsezkoak bagara, lan-baldintza duinak nahi ditugu”, nabarmendu dute. Gasteizen, manifestazioa egin dute.

Hiru urte baino gehiago daramatzate euren Hitzarmen Kolektiboa negoziatzen. Hala ere, enpresekin akordio batera iristetik urrun jarraitzen dute. Are gehiago, negoziazioak hilabeteak daramatza blokeatuta; ez dago aurrera pausurik. Enpresek ez dute negoziatzeko borondaterik. Negoziazio-mahaian ordezkaritza dugun sindikatuok uste dugu irtenbiderik gabeko kale itsu batean gaudela.

Horregatik, lan-baldintzak eta Hitzarmen Kolektiboa defendatzeko, lantokietan eta kalean mobilizatzea eta borrokatzea baino beste aukerarik ez diete utzi.

Ondorengoak dira aldarrikapen nagusiak:

  • 2012ko Garapen Profesionalera sarbidea.
  • Lanpostu hutsen estaldura arautzea, partzialtasunak suposatzen duen kondena saihesteko.
  • Txanda-kontratuari lotutako erretiro partziala hartzeko aukera.
  • Osasun-zentroetan ere plantilla-akordioak ezartzea.
  • Absentzien estaldura, lan-kargak saihesteko.
  • Zerbitzua publifikatzea, enplegua bermatuz.

Nafarroako Gobernuari eskatu diogu erantzukizuna bere gain hartzeko, adinekoen egoitzen lehen hitzarmenaren negoziazioan

LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuok Nafarroako adinekoen zentroen sektoreko lehen hitzarmen kolektiboa negoziatzeari ekin diogu, lan-baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko.

Sindikatuotako ordezkariek agerraldia egin dugu, eta Nafarroako Gobernuari eskatu diogu erantzukizuna bere gain hartzeko, hein handi batean diru publikoarekin sostengaritako sektorea baita. Era berean, sinadurak biltzeko kanpaina bat abiatu dugula eta maiatzaren 25ean Iruñean elkarretaratze bat egingo dugula jakinarazi dugu.

Txalotu dugu Mondelez-Vianako langileen irmotasuna, hitzarmen handi bat ekarriko duen akordioa lortu baitute #LortuDugu

Atzoko egunean, Mondelez-Viana enpresako langileek grebaren deialdia bertan behera utzi zuten, hitzarmen kolektiboaren aurreakordioa lortu baitzuten, malgutasun handiagoa ezarri nahi zuen enpresa batekin hainbat hilabetez negoziatu gabe egon ondoren. LABen ustez, langileek batzarretan eta grebaren aurreko orduetan erakutsitako irmotasuna izan da aurreakordioa lortzeko tresnarik handiena eta onena, eta, beraz, Vianako plantako langileak zoriondu nahi ditu.

LAB sindikatuak harrotasunez goraipatu nahi du eginiko lana, bere plataforma egiten hasi zenetik azken bilerara arte, afiliazioarekin eta plantillarekin harreman zuzenean beti. Une ahulenetan ere, erronkari eustea jakin da, eta lortu beharreko helburuak irmotasunez berbideratu dira.

Enpresak asmo argia zuen: plantilla malgutasun handiagoarekin makurraraztea eta jada eskuratutako eskubideak galaraztea, KPIari lotu gabeko 0,4ko igoera baten truke. Onartezina. LABek argi zuen, eta halaxe jaso zuen hasierako plataforman, alderdi ekonomikoez gain bertze helburu batzuk ere bazeudela, hala nola, erretiro partziala, mugagabeko kontratazioa, enplegu-poltsa bat sortzea, lanpostu batzuetan kategoria sustatzea, lanaldia edo gaueko txandako medikuarentzako baimenak.

Eta bukaera ailegatu zela zirudielarik, afiliazioaren babesak eta grebarako tresnak emandako indarrarekin, LABeko komunitateak presioa egiten jarraitu zuen, eta hori erabakigarria izan zen azken orduko hobekuntzak lortzeko. Akordioa horrela gelditu zen:

  • Hiru urteko indarraldia.
  • Kategoriak: kategoria igotzea atal jakin batzuetan, 6 hilabeteren edo 3 urteren buruan. [berria]
  • Aurreko gauean lan egiten duenarentzako baimen medikoak, justifikatuta eta ordu-mugarik gabe. [berria]
  • Lan-poltsa bat sortzea, Enpresa Batzordearen partaidetzarekin. [berria]
  • Norberaren aukerako egun bat hartu. [berria]
  • Hala eskatzen duten langile guztien aurretiko erretiroa.
  • KPItik gorako soldata-igoera (KPI+0,6, urtean, %1eko bermearekin).
  • 550 €/urteko plusa, astelehenetik igandera bitarteko kontratua duten langile guztientzat prestasunagatik –asteburuetan lan egin ala ez–. [berria]

Egungo eta etorkizuneko errelebo-kontratu guztiak mugagabe bihurtuko dira.