2026-10-09
HomeEkintza SindikalaAltueratik erorita gertatzen diren lan-istripu guzti-guztiak saihestu daitezke prebentzio-neurri egokiak hartuta

Altueratik erorita gertatzen diren lan-istripu guzti-guztiak saihestu daitezke prebentzio-neurri egokiak hartuta

Azpikontrata bateko langile bat hil da Basauriko Acenomar enpresan. Teilatuan zegoen lanean eta handik lurrera erori da eta bertan hil da zaurien ondorioz. Azken heriotza horrekin, gutxienez 22 langile hil dira lanean edo haren ondorioz Euskal Herrian urte hasieratik. Gainera, Joaquin Beltraneko desagertuta jarraitzen du Zaldibarko zabortegian duela 15 hilabete eta 7 egun.

Lehenik eta behin, LABek gure babes eta elkartasunik zintzoena adierazi nahi die hildakoen senideei eta gertukoei.

Altueratik eroritako istripu hilgarriak urtez urte errepikatzen dira, baina oraindik ez da prebentzio-neurririk hartzen berriro gerta ez daitezen. Horregatik, irmoki salatzen dugu azken istripu hau eta altueratik erorita gertatzen diren istripu hilgarri guztiak; izan ere, prebentzio-neurri egokiak hartuta saihestu daitezke. Ondorioz, istripu hilgarri hori ikertzea, erantzuleak seinalatzea eta erantzukizunak argitzea eskatzen dugu.

Istripu hilgarriek lan-prekarietatearen aurpegirik bortitzena erakusten dute. Istripuak enplegu- eta lan-baldintza eskasen, azpikontratazioaaren eta benetako prebentzio-faltaren eta babes-neurrien ondorio zuzenak dira. Larriena da horren guztiaren atzean dagoen arrazoi bakarra enpresen diru-gosea dela. Lan-kostuak murriztean prekarietatean sakontzen da, mozkin-tasei eutsiz, eta ez dira beharrezko prebentzio-neurriak hartzen.

Erakundeei eta gobernuei exijitzen diegu beste alde batera begiratzeari uzteko eta, behingoz, lan-osasuneko politikak errotik aldatzeko.

Laneko indarkeriarekin amaitzeko, bizitza eta lan duinak behar ditugu, lanetik onik itzultzeko eskubidea baitugu. Eredu berri bat garatu behar dugu, langileen bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena.

Langileen eskubideen, segurtasunaren eta osasunaren alde lanean eta borrokan jarraituko dugu LABen. Istripua salatzeko, antolatzen diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten diegu langileei.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Postako langileak kalera atera dira zerbitzu publikoaren eta beren eskubideen defentsan

Elkarretaratzea egin dute Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren aurrean. Honako neurri hauek eskatu dituzte, hemen erabaki nahi dituztelako beren lan-baldintzak: - Posta Zerbitzu Unibertsalaren finantzaketa indartzea kalitatezko...

EAEko udal sektoreko greba eguna arrakastatsua izan da eta langileek argi eta garbi adierazi diote EUDELi negoziazioaren blokeoa ez dutela onartuko

Bizkaiko eta Gipuzkoako zonalde askotan greba jarraipena zabala izaten ari da, hainbat udaleta udal zerbitzu itxi direlarik. LABek eta ELAk argi adierazi nahi diegu Eudeleko mahaia osatzen duten alderdiei Udalhitzen negoziazioaren blokeoa ez dugula onartzen eta aurrera pausuak emateko garaia dela.

LABek Euskal Herrian azaroaren 11rako greba orokorra deitzea proposatuko dio bihar bere Nazio Biltzarrari

Eragile sindikal eta sozialekin deialdi bateratuaren alde egindako lanaren ondorioz eta Espainiako Estatuko Maizterren Konfederazioarekin harremanetan egon eta gero, azaroaren 11n etxebizitza eskubidearen eta soldata duinen aldeko greba orokorra antolatzeko erabakia proposatuko dio LABek bere Nazio Biltzarrari bihar arratsaldean.