2026-04-25
Blog Page 391

Lacteos de Navarra enpresako ia langile guztiek babestu dute hurrengo hiru urteetarako hitzarmen-akordioa, lan-baldintza onak bermatzen dituena #LortuDugu

Zenbait hilabetez negoziatzen eta mobilizatzen aritu ondoren, Kaiku taldeko Lacteos de Navarrako langileen %98k oniritzia eman dio zuzendaritzaren eta Enpresa Batzordearen artean lortutako hitzarmen-aurreakordioari (LABen gehiengoa du, 9 kideko 6 kiderekin), zeinak lan-baldintza onak bermatzen baititu hurrengo hiru urteetarako —bertzeak bertze, KPIaren soldata-igoerak eta dagozkien atzerapenak—. LABek zorionak eman nahi dizkie langileei, baldintza duinen alde tinko eta etengabe borrokatu baitira.

2021eko abenduaren 29an, 24 orduko bigarren lanuztearen egunean, aurreakordio bat lortu zen hurrengo greba-egunak bertan behera uzteko. Bertan, KPIaren soldata-igoerak bermatzen ziren, dagozkien atzerapenekin, enpresak malgutasuna sortzeko asmoa ken zezan, hurrengo urtean orduak emanez eta kategoria berririk sartu gabe.

Hurrengo lanuzteak bertan behera uzteko baldintza lortutako akordioaren edukia izan zen, eta gainerako hitzarmena epe laburrean negoziatzea. Eta hilabete eskasa izan da, negoziazio gogorren ondoren aurrerapauso nabarmenak lortu baitira.

Alde batetik, enpresak hitzarmenaren egungo baldintzak okertzeko egiten zituen proposamen guztiak kendu dira, hala nola malgutasuna handitzea, produkzio-egunak luzatzea edo langile batzuen eguneroko lanaldia egokitzea norberaren aukerako egunak murrizten.

Eta horrez gain, soldatetatik harago dauden baldintzak hobetzea lortu da, lana eta familia bateragarri egiteko hobekuntzak eginez, egutegiak eta lan-txandak gehiago antolatuz, mutualitateak kontingentzia arruntetarako erabiltzea debekatuz, telelana arautuz eta bertze hobekuntza sozial batzuk eginez.

Horren ondorioz, ia langile guztiek eman dute hurrengo hiru urteetarako lan-baldintza onak bermatzen dituen hitzarmen kolektiboa sinatzearen aldeko botoa.

LAB sindikatuak Lacteos de Navarrako langileak zoriondu nahi ditu, bere lan-baldintzak defendatu dituztelako eta baldintza horiek hobetzeko borrokatu direlako, enpresa-hitzarmena nabarmen hobetzea eta urte hasiera honetan hain lehiatua izan den erosteko ahalmena bermatzea lortuz.

Prekaritateak makina matxuratu arriskutsuak erabili arazten dizkigu langileoi nahiz eta honen arriskua ezagutu

Beste lan-istripu hilgarri bat deitoratu eta salatu behar dugu, kasu honetan Barakaldon, urteko 2. hildakoa udalerri honetan, hain zuzen. Oraindik datu gutxi dugun arren, jakin dugu 62 urteko eraikuntzako langilea obran lanean ari zela altueratik objektu bat erori eta azpian jota hil zuela atzo. Antza denez, kargak igotzeko gailua behar bezala ez zebilelako gertatu zen. Hildako langileak Construcciones y reformas Andrasa enpresarentzako azpikontratatuta ziharduen lanean Portugaleko JPSP izeneko enpresan. Berriro ere beste istripu hilgarri bat eraikuntzaren eta birgaitzearen sektorean. LAB sindikatutik gure elkartasuna adierazi nahi diegu langilearen familiari, gertukoei eta lankideei.

Egoera horren aurrean, norbaitek sinets al dezake kasualitatea edo zorte txarraren aurrean gaudenik? Administrazioei, lan- istripuen eta lanbide-gaixotasunen gaitz horri aurre egiteko azalpenak eta berehalako neurriak, kontrol handiagoa eta politika zehatzak eskatzen dizkiegu.

Hildako langile berri horrekin, gutxienez 7 langilek galdu dute bizia aurten Euskal Herrian, 2022tik hilabete eta erdi igaro ez denean, eta horietatik 3 eraikuntza sektorekoak dira.

Prentsak ohartarazi duenez langileak azpikontratatuta ziharduen lanean. Nahiz eta kargak igotzeko gailuak arazoak zituen eta jakin, zergatik ez du aktibitatea geldituarazi obrako “errekurtso prebentiboak”? Prekaritatea jaun eta jabe den honetan, langile askok bere burua behartuta ikusten dute egoera arriskutsu horietan lanean jarraitzen. Lana bizitzaren aurretik alegia. Salatu nahi dugu azpikontratetan diharduten langileek are zailtasun gehiago dituztela euren eskubideak betearazteko baita lan osasun arloan ere, horregatik, istripu eta gaixotasun profesionalak pairatzeko arrisku handiagoa dute. Hau onartezina da.

Erakundeei azalpenak eskatzen dizkiegu, bereziki eraikuntzan inspekzio eta jarraipenak areagotu ditzaten segurtasun arauak integratuaraziz. Modu honetan beharrezko neurriak har daitezen eta benetako prebentzio-politikak egin ditzaten. Tamalez, badakigu praktikan laneko ikuskaritza eta Osalan ez direla inon ageri. Bestalde, sektoreak eta langileek ezin dute egoera hau normaltzat eman, ezta honetara ohitu ere.

Azkenik, dei egiten dugu ostegun arratsalderako herri eragileek deitu duten elkarretaratzean parte hartzera. Mobilizazioa 19:00etan izango da Barakaldoko Bide Onera plazan, langileen segurtasuna eta osasuna defendatzea lehentasun izango duen eredu baten alde. Honetaz gain, euskal gehiengo sindikalak ere elkarretaratzea egingo du laneko heriotza honen aurrean. Ostiralean izango da, otsailararen 11n, 11:30ean Barakaldoko Bide Onera plazan.

Sektore prekarioetara gehiago zabaltzeko afiliazio sistema berritu dugu

Duela bost urte sindikalismoa birpentsatu eta langile sektore berrietara gerturatzeko egindako apustuak bere fruituak eman ditu. Bost urtetan %12,4ko afiliazio hazkundea izan dugu eta jada 46.178 afiliatu ditugu. Hauteskunde Sindikalei dagokienez, gehien hazi den sindikatua gara eta maximo historikoetan gaude. Halaxe jakinarazi dute LABeko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok eta Antolakuntza idazkari Izaskun Garciak. Bide honetan sakonduz, diru-sarreren araberako kuota sistema ezarri dugu, sektore prekarioenen afiliazioa errazteko asmoz. 

Izaskun Garcia Bordagarai Antolakuntza Idazkariak bost urteko afiliazio datuak aurkeztu ditu: 2017an 41.083 afiliatu zituen LABek; 2021an, aldiz, 46.178. Horietatik, 19.758 (% 42,78) emakumeak eta 26.222 (% 56,78) gizonak. Parekorik ez duen afiliazio igoera da hau: 5.095 afiliatu gehiago bost urtetan, % 12,4ko igoera. 

“Esanguratsua da azken bost urte hauetan izandako afiliatu berri horietatik % 56 emakumeak izatea”, adierazi du Garciak “sindikatuaren antolaketa eta ekintza sindikalean emandako urrats feministen ondorio”. Hego Euskal Herriko hauteskunde sindikalei dagokionez, LABek 4.668 ordezkariekin itxi du urtea, horietatik % 37,22a emakumeak eta % 62,78a gizonak. Iaz baino 150 gehiago eta duela bost urte baino 433 gehiagoarekin bukatu dugu 2021a. Portzentaietan inoizko emaitzarik onena lortu du, % 19,24. 

EAEri erreparatuta, aurreko urtean baino 108 ordezkari gehiago eta duela bost urte baino 264 gehiago lortuta, bigarren postuari eutsi egiten dio.

Nafarroari dagokionez, aurreko urtean baino 50 ordezkari gehiago eta duela bost urte baino 169 gehiago eskuratu ditu LABek. %17,29ko portzentaia lortuta, LAB lehen sindikatutik zazpi puntura dago.

Diru sarreren araberako afiliazio kuotak, sektore prekarioetara gehiago gerturatzeko

Aurreko Biltzar Nagusian sindikalismoa sektore prekarioetara gerturatzeko egindako ahaleginean sakondu asmoz, kuota sistema berritu egin du LABek. “Lan eta bizi baldintzen prekarizazioaren eraginez, Sindikatuak inoiz baino beharrezkoagoak diren honetan, LAB langile guztiontzako tresna eraginkorra izan eta LABen afiliatzeak denon eskura egon behar du”. 

Igor Arroyo Idazkari Nagusi ondokoak afiliazio sistemaren irizpide berriaren balio politikoa azpimarratu du: “Justizia sozialaren oinarrizko premisetako baten arabera berritu dugu gure afiliazio politika: bakoitzak ahal duen neurrian, bakoitzari behar duen neurrian; eta beti ere klase elkartasuna oinarri izanda”.

Honela, langile bakoitzak duen diru-sarreren araberako kuota ezarri du LABek, diru-sarrera gutxiago dutenen sindikalizazioa errazteko asmoz. “Inor ez dadila geratu babes sindikalik gabe bere egoera ekonomikoaren ondorioz” aldarrikatu du Arroyok. 

Honela, 2.000 eurotik gehiagoko soldata dutenek apur bat gehiago ordainduko dute, soldata baxuagoak dutenek afiliatzeko aukera izan dezaten. Eta batzuk nahiz besteek sindikatuaren baliabideak erabiltzeko aukera berdina izango dute, nork bere beharraren arabera: aholkularitza sindikala, aholkularitza juridikoa, formakuntza, parte hartze espazioak eta greben ondoriozko diru-sarreren galerei nahiz isunei aurre egiteko balio duen borroka kutxa.

“Ideia honek sindikatuen muinarekin harremana du. Sindikatuak badira langile bakoitzaren egoerari konponbidea emateko tresnak. Baina sindikatuek, batez ere, langileon arteko elkartasuna praktikan jartzeko eta klase bezala ahalduntzeko tresnak behar dute izan”, adierazi du Arroyok, eta afiliatzeko deia egin du: “izan norberak pairatzen duen egoerari aurre egiteko, izan langile klase osoaren eskubideak defendatzeko, langile orok afiliatuta egon beharko luke. Gaurtik aurrera, zailago duten horiei errazago jarriko diogu”. 

Honako hau da LABek ezarritako kuota sistema berria:

KUOTA 1 (5 euroko kuota): 

DSBE (gaur egun 706€) jasotzen duten edo hau baino diru sarrera apalagoak dituztenak. 

KUOTA 2 (9,11 euroko kuota): 

Enplegua, pentsio edo subsidio bidez, DSBEaren (gaur egun 706€) eta LGSren (Lanbide arteko Gutxieneko Soldata: gaur egun 965€) arteko zenbatekoa jasotzen dutenak.  

KUOTA 3 (13,66 euroko kuota): 

Enplegua, pentsio edo subsidio bidez, hilean LGS (965€) eta 1.200€ artean jasotzen dituzten langileak. 

KUOTA 4 (18,30 euroko kuota): 

Enplegua, pentsio edo subsidio bidez, hilean 1201€ eta 2000€euro jasotzen dituzten langileak. 

KUOTA 5 (21,33 euroko kuota): 

Enplegua edo pentsio bidez, 2001€ baino gehiago jasotzen dituzten langileak.

Erabat gaitzesten dugu Bilboko metroko geltokien garbiketa-zerbitzuko langile batek lanean ari zela jasandako eraso matxista

LAB Ilunion (garbiketa kontrata) eta LAB Metro Bilbaotik erabat gaitzesten dugu metroko geltokien garbiketa-zerbitzuko langile batek lanean ari zela jasandako eraso matxista. Gure babes osoa emakumeari, eta behar duen guztian laguntzeko prestasuna eta eskaintza ere bai. Era berean, bi atal sindikalek Sestaoko talde feminista EMARIk deitutako mobilizazioarekin bat egin dute. Asteazkenean izango da protesta, 19:00etan, udaletxe aurrean.

Zoritxarrez, sektore feminizatuek, garbiketakoak, besteak beste,  indarkeria jasateko arrisku handia dute. Askotariko indarkeria, hala nola, enpresena (azpikontratazioa, subrogazioak…), erakundeena (ez-ikustea, zerbitzu publikoak ez sustatzea eta sortzea,  babesik ez, eskubide-bermerik ez…), jendartearena (egiturazko matxismoa, familietan, etxeetan, doan egiten dugun lana, edo pandemian “funtsezko” izendatu dituzten sektoreetan, non nagusiki emakumeak aritzen garen), baita sindikatuena ere, zergatik ez esan. Azken alderdi horrek izugarri kezkatzen gaitu, gainera, zuzenean ukitzen gaituelako, kasu honetan.

Gure ardura  da Metro Bilbaon gure alboan lanean ari diren pertsonen lana segurua eta duina izan dadin zaintzea eta ziurtatzea. Lankide ditugu, eta baten aurka jotzea denon aurka jotzea da. Enpresa-batzordeoi kostatzen ari zaigu elkarrekin irtetea. Penagarria eta gehiago. Azkar eta tinko erantzun behar dugu, kontu akzesorioetan denbora galdu barik. Beste eraso batzuen aurrean bestela erantzun izan dugu. Enpresa-batzordeak eta sindikatuak zer eta zelan erantzun koordinatu eta adosteko gai ez izateak agerian utzi du emakumeen aurkako indarkeria ez zaigula asko axola. Alferrik dira enpresen eta sindikatuen berdintasun-planak eta martxoaren 8ko eta azaroaren 25eko adierazpenak, benetan erantzun behar dugunean koherentziaz, zintzotasunez eta konpromisoz jokatzen ez badugu.

Helegitea aurkeztuko dugu Iruñeko Haur Eskoletako LEParen aurka, berme juridikorik ez duelako

LAB sindikatuak helegitea aurkeztuko du Iruñeko Udal Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren Gobernu Batzordeak 2021erako onartutako Udal Haur Eskoletarako LEParen aurka; izan ere, aztertu ondoren, ondorioztatu du Lan Eskaintza Publikoan aurreikusitako hainbat lanpostuk ez dutela berme juridikorik. Behin deialdiak abian jarri ondoren, berme falta horrek deialdiak geldiaraz litzakeen errekurtso-andana bat eragingo du, horrek dakartzan kalte eta eragozpen guztiekin.

LABek uste du beharrezkoa dela Iruñeko Haur Eskoletarako plazak sortzea eta LEPak egitea, are gehiago azken deialdiak 2003an (20 plaza) eta 2007an (3 plaza soilik) egin zirela kontuan hartuta; horrek behin-behinekotasun-tasa oso handia eragiten du eskola horietan lan egiten duten pertsonen artean. Baina, aldi berean, eskatzen dugu lan-eskaintza publiko horiek ordenamendu juridikoak ezarritako bermeak bete ditzatela, eta hori ez da gertatzen Gobernu Batzordeak 2021eko abenduaren 10ean egindako bilkuran onartutakoan. Izan ere, deialdi horretako 51 lanpostuk arazoak sor ditzakete dotazio ekonomikorik ez izateagatik (47 egonkortzekoak eta 4 ordeztekoak), LEPa onartu zenean indarrean zegoen plantilla organikoan jasota ez zeudelako, ordezte-tasarik ez dutelako edo deialdia epez kanpo argitaratu zelako.

LABek Haur Eskoletako langile guztien eskubideak defendatu nahi ditu, eta, oposizio baten aurrean egin beharreko ahalegina eta lan izugarria kontuan hartuta, hautaketa-prozesuek berme juridiko guztiak izatea lortu nahi du, hala, ondorengo ziurgabetasun, ustekabe eta atzerapausoak saihestuz. Errekurtso honen helburua da Enrique Maya Iruñeko alkatearen eta Navarra Suma alderdiaren LEP lardats honek eragin ditzakeen ondorioak saihestea.

Mercedeseko ABEE baztertu eta enplegu duina aldarrikatu dugu

Aldi Baterako Enplegu Erregularzioaren (ABEE) azken bileran, bai enpresak bai UGTk beren jarrerak mantendu dituzte, beraz, ez da akordiorik lortu. LABek baztetu egiten du ABEEren ezarpena, enpresak argudiatzen dituen arazoak berriz ere langileei egozten dizkielako. Gogora ekarri nahi dugu Mercedesk 276 milioiko irabaziak izan zituela 2020an, eta horiek dibidenduetan banatu dituela, ekoizpen historikoaren aurreikuspenarekin, ehunka ordu estra eginda, lan-erritmo oso gogorrekin,…

Gure ustez, ABEEra jo aurretik beste neurri batzuk har zitezkeen, hala nola lan-erritmoak jaistea, beti ere enpleguari eutsiz, eta neurri horiek langileen lan-baldintzak hobetu egingo lituzkete, okertu beharrean.

LAB hasieratik saiatu da enpresak argudiatutako arrazoiak alderatzen, dokumentazioa eskatuz eta argibideak eskatuz, baina ez dira aintzat hartu. Halaber, kontsultaldiaren garapenean utzikeria nabarmendu behar da, eta fede txarra eta arintasuna erakutsi baititu prozedura prestatzean, langileen batzordeak «begiratu gabe» sinatzea nahi izan duelarik. Horregatik guztiagatik, LAB ABEEren aurka agertu da, eta juridikoki ABEE honen aurka egiteko aukerak aztertuko ditu, ahal bada modu kolektiboan.

Azkenik, gogorarazi nahi dugu LAB azken unera arte saiatu dela enpresako enplegu duinarekiko konpromisoan oinarritutako akordio batera iristen, enpresak bere egin ditzakeen alderdi batzuk bermatzeko, baina enpresak ez du nahi izan, “hau hartu edo utzi” planteatuz. Esan eta errepikatu egiten dugu: egungo mozkinekin, ekoizpen historikoarekin, aparteko orduekin, erritmo eskuraezinenekin eta abarrekin, enpresak konpromiso argiak hartu behar ditu langileen aurrean.

Euskararen dekretuak dakarren eskubide-galera salatu dugu eta ostegunean Iruñean mobilizatzera deitu dugu

LAB sindikatuak kezkaz hartu du Funtzio Publikora sartzerakoan euskarak duen balorazioari buruzko dekretuaren zirriborroa, Nafarroako Gobernuak berriki aurkeztua, Nafarroako euskaldunak mespretxatzen baititu, lardaskeria teknikoa da eta eskubideak murrizten ditu. Hori dela eta, ortzegunean, hilak 10, LAB sindikatuak, ELA eta Steilas-ekin batera, kalera ateratzera deitu du, euskara eta hizkuntza eskubideak defendatzera eta dekretu berriaren aurkako jarrera azaltzera. Elkarretaratzea 17:00etan izanen da, Nafarroako Jauregiaren parean (Karlos III.a etorbidea), Iruñean.

Lehenik eta behin, LAB sindikatuaren iritziz, euskararen dekretua ezagutzen dugun moduan onartzen bada, biztanle guztientzako eskubideak galtzea ekarriko du.

Bigarrenik, LABek arduraz ikusten du nola PSNk eskuineko jarrerei jarraitzen segitzen duen, hizkuntza-politikaren arloko jarrera guztiz atzerakoiak diren jarrerei jarraitzen. Hala, UPNk bakarrik babesten du PSNk aurkeztutako dekretua. Lan-erreforma ez indargabetzea baliozkotzearen harira, Madrilen biek egindako lan tamalgarri eta zatarraren ondoren, ez dakigu han gertatu zen truke ustel haren ondorioz, hemen ere eskuinaren esku utzi ote duten beto-eskubidea, dekretuaren koma bakar bat ere ez aldatzeko. Nolanahi ere, euskararekin PSN geometria aldakorraz baliatzen da. Hala ere, herritarrek oroimena dute, eta badakite zer esan nahi duten UPNren eta PSNren arteko akordioek, bazterketa- eta diskriminazio-garai ilunek, azken batean, eskubideak urratzeak.

Era berean, LABek esan behar du ez dituela ulertzen, ezta onartzen ere, Gero Baik, Nafarroako Gobernuan PSNren bazkidea denak, egin dituen adierazpenak, dekretu atzerakoi hau zuritzearen ildoan.

LABek anitzetan adierazi du, eta berriz eginen du: ez dago arrazoirik herritarren hizkuntza-eskubideak irizpide geografikoen mende egoteko, ez dago justifikaziorik eremu mistoan eta eremu ez-euskaldun deiturikoan hizkuntz eskubideak ezberdinak izateko edo, zuzenean, ez existitzeko. Mespretxu hori dela eta, azpimarratu behar da eremu mistoko 14 lanpostuk bakarrik izanen dutela euskarari ematen zaizkion hondarrak jasotzeko zortea, bat gehiago ere ez; nahiz eta eremu mistoan dauden Nafarroa osorako begirako lanpostu guztiak, eta lanpostu horiek funtsezkoak eta nahitaezkoak diren Nafarroako biztanle guztiendako. Iraina da Nafarroan alemana, ingelesa edo frantsesa euskara baino gehiago baloratzea, haien supremazismoaren erakustaldia,  euskaraz bizi nahi duten Foru Komunitateko herritarrei egiten zaien mespretxu garbia.

Lehen lehendakariorde eta Funtzio Publikoko kontseilari Javier Remirezek aurkeztutako dekretua benetako lardaskeria teknikoa da, eta foru dekretu hau oharkabean pasatzea, euskararen ezagutza modu irrigarrian puntuatzea eta, behingoz, euskara behar bezala arautuko duen arauari ez heltzeko helburua adierazten du. Euskara da milaka nafarren ohiko komunikazio-hizkuntza, garenaren zati den hizkuntza, Nafarroako kultura-ondarearen zati dena, bereziki errespetatu eta babestu behar dena. Botere publikoek ekintza positiboa eta proaktiboa jarri behar dute beren egoera gutxitua zuzentzeko, eta, horretarako, administrazio publikoek benetako eskaintza egin behar dute.

Hau ez da etorkizuneko kontua. Nafar guztiei eskubide berberak aitortzea orainaren kontua da, eta euskararen ofizialtasuna Nafarroan ere bai.

Trafiko mozketa bat egin dugu Bilbon, Bizkaiko helduen egoitzetako hitzarmenaren negoziazioaren desblokeoa eskatzeko

Elkarretaratzea egin dugu Bilbon, Batzar Nagusien egoitzaren aurrean, Bizkaiko egoitza pribatuen sektoreko bigarren greba egunean. Gainera, trafikoa moztu dugu Hurtado Amezaga kalean nagusien egoitzetako hitzarmenaren negoziazioaren desblokeoa eskatzeko.

Patronalak negoziazio-mahaia blokeatzen jarraitzen du, negoziatzeari uko eginez eta sindikatuek aurkeztutako plataformei jaramonik egin gabe. Bizkaiko Foru Aldundiak desagertuta jarraitzen du lan gatazka honetan, eta hitzarmen honen negoziazioan aktiboki parte hartu behar duela eskatzen jarraitzen dugu.

Berriro ere esaten dugu premiazkoa dela egoitza pribatuetako langileen lan-baldintzak sektore publikoko langileekoekin parekatzea. Lan bera egiten dugu; horregatik, lan-baldintzak parekatu egin behar dira.

Eusko Jaurlaritzak ezarritako gehiegizko gutxieneko zerbitzuak salatzen ditugu beste behin, sektoreko langileei gure lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko eskubidea debekatuz. LABek lan-gatazketan greben zilegitasuna eta beharra defendatzen jarraituko du, nahiz eta debekatu.

Hitzarmenaren negoziazioaren blokeoaren erantzuleak Sergio Murillo Gizarte-Ekintzako diputatua eta GESCA, LARES eta ELBE patronalak dira.

Sindikatuok bi greba egun deitu ditugu Osakidetzan

Osasun Sailaren immobilismoaren eta konponbiderik ezaren aurrean, otsailaren 25erako greba deitu dugu lehen arretan eta otsailaren 28rako Osakidetzako esparru guztietan. Gainera, otsailaren 26an, manifestazioak deitu ditugu hiru hiriburuetan.

LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuon oharra:

Urtarrilaren 23an egindako manifestazio jendetsuen ondoren, argi eta garbi esan dezakegu Osakidetzak eta Osasun Sailak ez dutela pauso bakar bat ere eman, eta ez dutela neurri bakar bat ere proposatu Osakidetzak dituen arazo larriak konpontzeko.

Zalantzarik gabe, mobilizazio horien jarraipen masiboa, gure osasun-sistema publikoaren desegitearen eta prekarizazioaren aurrean, langileen eta herritarren gogaitasunaren isla da. Hala ere, Osasun Sailak bere bidea jarraitzea erabaki du, eta Osakidetzaren arazo larriei irtenbide bakar bat ere ez planteatzeaz gain, murrizketa berriak abiarazi ditu, hala nola Gasteizko Santiago Ospitaleko larrialdiak ixtea. Itxiera hori, gainera, pandemia betean murgilduta gaudenean egiten da.

Manifestaldiak eta gero, Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak adierazi zuen pandemiak eragindako behin-behineko egoera baten aurrean gaudela, eta Osasun Sailak kontratatzeko borondatea duen arren, hori egiteko ezintasun materiala duela, ez baitago familiako medikurik, ezta pediatrarik ere. Esan behar da adierazpen horiek, errealitatea ez islatzeaz gain, Eusko Jaurlaritzaren erantzukizuna ezkutatu nahi dutela. COVID-19aren krisiak larriagotu egin du lehen ere gertatzen ari zen egiturazko egoera bat.

Zailtasunak daude kategoria batzuetako langileak kontratatzeko, baina Osasun Sailak azken urteetan hartutako erabaki politikoen ondorio dira: alde batetik, 50 urteko batez besteko adina duen plantillaren belaunaldi-erreleboa planifikatzeko erabateko falta egon da, non sisteman sartzen direnak baino profesional gehiago erretiratzen ari diren; eta, bestetik, Osakidetzak bere plantillari ematen dion tratu txar sistematikoaren ondorioz, langileek ihes egiten dute lehen arretarik arreta espezializatura, osasungintza pribatura, edota atzerrira. Datu gisa aipatu daiteke atzerrira lan egitera irteteko egokitasun-ziurtagirien eskaerek gora egin dutela nabarmen; eta mugikortasun-prozesuetan lehen arretan hutsik geratzen diren lanpostuen kopurua handitu egin dela ere.

Zoritxarrez, egoera hau ez da lehen arretan bakarrik ematen. Gauza bera gertatzen da arreta-maila guztietan eta kategoria guztietan.

Horrez gain, lan-gainkarga sistematikoa, hobekuntza-ikuspegirik eza eta baliabiderik eza ikusita, langile askok erretiroa hartzea erabakitzen dute aukera eduki bezain laster.

Horrela, lan zentroetan bizi den egoera gero eta prekarioagoa den bitartean, Osakidetzaren erantzuna da propaganda egitea eta aitzakiak bilatzea, neurri bakar bat ere proposatu gabe eta aldarrikapen bakar bati ere erantzun gabe. Are gehiago, pandemia aitzakia ezin hobea bihurtu da murrizketa, prekarizazio, inbertsio falta, pribatizazio eta osasun publikoaren desegite politikekin aurrera jarraitzeko. Kolapso egoera eta osasun-arreta jasotzeko zailtasunak agerikoak dira herritarren artean; paraleloki langileen nekea argi eta garbi islatzen da, bai azken asteetan deitutako mobilizazioen jarraipen masiboan, baita irekita dauden hainbat gatazketan: Lehen Arreta, TGEEZ, Urdulizko Ospitalea, Txagorritxuko Larrialdi Pediatrikoak, Gurutzetako Larrialdiak, Santiago Ospitaleko Larrialdiak, Bizkaiko Osasun Sarea, Arabako Osasun Sareko sukaldea; Donostia Ospitaleko mantenua; Gurutzeta Ospitaleko mantenua; etabar luze bat.

Gure osasun-sistema publikoa etengabeko erasoa jasaten ari da, eta horrek aliantza bat eragin du Osakidetzako langileen eta herritarren artean, azken asteetan ikusi dugun bezala. Aliantza horrek jartzen ditu zalantzan EAJren gobernuaren osasun-politikak.

Hori gutxi balitz, Osasun Saila Mahai Sektoriala edukirik gabe utzi egin du. Aspaldidanik, informazioa emateko esparrua da hori; bertan ez da ezer negoziatzen, eta Osakidetzak inposatu egiten ditu bai landu beharreko gaiak, baita horien edukia. Hain da okerra egoera, Osakidetzak ez dituela betetzen bertan hartutako akordioak. Sindikatuekiko elkarrizketa gutxiesten du, gure osasun sistema publikoaren kudeatzaileen izaera antidemokratikoa gero eta larriagoa delarik.

Horregatik guztiagatik, egoeraren larritasuna ikusita eta Osakidetzaren immobilismoa ikusita, bi greba egun deitzea erabaki dugu:

-Otsailaren 25ean, lehen arretan.

-Otsailaren 28an, Osakidetzaren esparru guztietan.

Bi greba egun horiekin batera, manifestazioakdeituko ditugu 3 hiriburuetan otsailaren 26an, larunbata, goizeko 12etan. Osakidetzako langileei ez ezik, herritarrei, gizarte-mugimenduei eta gainerako erakundeei ere parte hartzeko deia egiten diegu, osasun publikoa, unibertsala, doakoa, kalitatezkoa eta herritar guztientzat irisgarria izango dena defendatzeko beharrezkoa den aliantza elikatzen jarraitzeko.

Mahai Sektoriala osatzen dugun sindikatuok Osakidetzari eskatzen diogu bere jarrera erabat aldatzeko eta langileen aldarrikapenei erantzuteko, gabezia horiek guztiak konpontzeko. Gainera, iragarri nahi dugu ez dugula berriro Mahai Sektorialean parte hartuko benetako negoziazioa eta edukiak planteatu arte.


Hauek dira Osakidetzak martxan jarri behar dituen aldarrikapenak:

-Osakidetzaren aurrekontua handitzea 2023. ekitaldirako, EBko batez bestekora iritsi arte (BPGren %7), horren %25 lehen arretara bideratuz.

-Plantillak egoki dimentsionatzea, milaka lanpostu sortuz, lan-kargak arrazionalizatzeko eta herritarrei kalitatezko arreta emateko.

-24.600 langilek baino gehiagok pairatzen duten behin-behinekotasunarekin amaitzea, %8ra jaitsi arte, plantillak kontsolidatuz.

-Galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea eta murrizketa guztiak lehengoratzea, Garapen Profesionalean aplikatutakoa barne.

-EAGetan aplikatutako murrizketa guztien rebertsioa: berriro irekitzea edota arreta-ordutegiak berrezartzea.

-Kategoria guztietan, erretiroak, bakanteak, bajak eta bestelako absentziak berehala, osorik eta lehen egunetik betetzea.

-Arrisku psikosozialak ebaluatzea eta neurri zuzentzaileak aplikatzea, arreta berezia jarriz lan-kargetan eta pandemiaren ondorioetan.

-Malgutasunerako edota lana eta familia bateragarri egiteko neurri eraginkor eta errealak.

-Irekita dauden gatazkak konpontzea: txanda osagarria, %4ko osagarria; osagarri espezifikoa eta Santiago Ospitaleko larrialdien itxiera.

-Plantillaren aurretiazko erretiroa erraztuko duten neurriak.