2024-04-19
HomeEkintza SindikalaSindikatuok bi greba egun deitu ditugu Osakidetzan

Sindikatuok bi greba egun deitu ditugu Osakidetzan

Osasun Sailaren immobilismoaren eta konponbiderik ezaren aurrean, otsailaren 25erako greba deitu dugu lehen arretan eta otsailaren 28rako Osakidetzako esparru guztietan. Gainera, otsailaren 26an, manifestazioak deitu ditugu hiru hiriburuetan.

LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuon oharra:

Urtarrilaren 23an egindako manifestazio jendetsuen ondoren, argi eta garbi esan dezakegu Osakidetzak eta Osasun Sailak ez dutela pauso bakar bat ere eman, eta ez dutela neurri bakar bat ere proposatu Osakidetzak dituen arazo larriak konpontzeko.

Zalantzarik gabe, mobilizazio horien jarraipen masiboa, gure osasun-sistema publikoaren desegitearen eta prekarizazioaren aurrean, langileen eta herritarren gogaitasunaren isla da. Hala ere, Osasun Sailak bere bidea jarraitzea erabaki du, eta Osakidetzaren arazo larriei irtenbide bakar bat ere ez planteatzeaz gain, murrizketa berriak abiarazi ditu, hala nola Gasteizko Santiago Ospitaleko larrialdiak ixtea. Itxiera hori, gainera, pandemia betean murgilduta gaudenean egiten da.

Manifestaldiak eta gero, Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak adierazi zuen pandemiak eragindako behin-behineko egoera baten aurrean gaudela, eta Osasun Sailak kontratatzeko borondatea duen arren, hori egiteko ezintasun materiala duela, ez baitago familiako medikurik, ezta pediatrarik ere. Esan behar da adierazpen horiek, errealitatea ez islatzeaz gain, Eusko Jaurlaritzaren erantzukizuna ezkutatu nahi dutela. COVID-19aren krisiak larriagotu egin du lehen ere gertatzen ari zen egiturazko egoera bat.

Zailtasunak daude kategoria batzuetako langileak kontratatzeko, baina Osasun Sailak azken urteetan hartutako erabaki politikoen ondorio dira: alde batetik, 50 urteko batez besteko adina duen plantillaren belaunaldi-erreleboa planifikatzeko erabateko falta egon da, non sisteman sartzen direnak baino profesional gehiago erretiratzen ari diren; eta, bestetik, Osakidetzak bere plantillari ematen dion tratu txar sistematikoaren ondorioz, langileek ihes egiten dute lehen arretarik arreta espezializatura, osasungintza pribatura, edota atzerrira. Datu gisa aipatu daiteke atzerrira lan egitera irteteko egokitasun-ziurtagirien eskaerek gora egin dutela nabarmen; eta mugikortasun-prozesuetan lehen arretan hutsik geratzen diren lanpostuen kopurua handitu egin dela ere.

Zoritxarrez, egoera hau ez da lehen arretan bakarrik ematen. Gauza bera gertatzen da arreta-maila guztietan eta kategoria guztietan.

Horrez gain, lan-gainkarga sistematikoa, hobekuntza-ikuspegirik eza eta baliabiderik eza ikusita, langile askok erretiroa hartzea erabakitzen dute aukera eduki bezain laster.

Horrela, lan zentroetan bizi den egoera gero eta prekarioagoa den bitartean, Osakidetzaren erantzuna da propaganda egitea eta aitzakiak bilatzea, neurri bakar bat ere proposatu gabe eta aldarrikapen bakar bati ere erantzun gabe. Are gehiago, pandemia aitzakia ezin hobea bihurtu da murrizketa, prekarizazio, inbertsio falta, pribatizazio eta osasun publikoaren desegite politikekin aurrera jarraitzeko. Kolapso egoera eta osasun-arreta jasotzeko zailtasunak agerikoak dira herritarren artean; paraleloki langileen nekea argi eta garbi islatzen da, bai azken asteetan deitutako mobilizazioen jarraipen masiboan, baita irekita dauden hainbat gatazketan: Lehen Arreta, TGEEZ, Urdulizko Ospitalea, Txagorritxuko Larrialdi Pediatrikoak, Gurutzetako Larrialdiak, Santiago Ospitaleko Larrialdiak, Bizkaiko Osasun Sarea, Arabako Osasun Sareko sukaldea; Donostia Ospitaleko mantenua; Gurutzeta Ospitaleko mantenua; etabar luze bat.

Gure osasun-sistema publikoa etengabeko erasoa jasaten ari da, eta horrek aliantza bat eragin du Osakidetzako langileen eta herritarren artean, azken asteetan ikusi dugun bezala. Aliantza horrek jartzen ditu zalantzan EAJren gobernuaren osasun-politikak.

Hori gutxi balitz, Osasun Saila Mahai Sektoriala edukirik gabe utzi egin du. Aspaldidanik, informazioa emateko esparrua da hori; bertan ez da ezer negoziatzen, eta Osakidetzak inposatu egiten ditu bai landu beharreko gaiak, baita horien edukia. Hain da okerra egoera, Osakidetzak ez dituela betetzen bertan hartutako akordioak. Sindikatuekiko elkarrizketa gutxiesten du, gure osasun sistema publikoaren kudeatzaileen izaera antidemokratikoa gero eta larriagoa delarik.

Horregatik guztiagatik, egoeraren larritasuna ikusita eta Osakidetzaren immobilismoa ikusita, bi greba egun deitzea erabaki dugu:

-Otsailaren 25ean, lehen arretan.

-Otsailaren 28an, Osakidetzaren esparru guztietan.

Bi greba egun horiekin batera, manifestazioakdeituko ditugu 3 hiriburuetan otsailaren 26an, larunbata, goizeko 12etan. Osakidetzako langileei ez ezik, herritarrei, gizarte-mugimenduei eta gainerako erakundeei ere parte hartzeko deia egiten diegu, osasun publikoa, unibertsala, doakoa, kalitatezkoa eta herritar guztientzat irisgarria izango dena defendatzeko beharrezkoa den aliantza elikatzen jarraitzeko.

Mahai Sektoriala osatzen dugun sindikatuok Osakidetzari eskatzen diogu bere jarrera erabat aldatzeko eta langileen aldarrikapenei erantzuteko, gabezia horiek guztiak konpontzeko. Gainera, iragarri nahi dugu ez dugula berriro Mahai Sektorialean parte hartuko benetako negoziazioa eta edukiak planteatu arte.


Hauek dira Osakidetzak martxan jarri behar dituen aldarrikapenak:

-Osakidetzaren aurrekontua handitzea 2023. ekitaldirako, EBko batez bestekora iritsi arte (BPGren %7), horren %25 lehen arretara bideratuz.

-Plantillak egoki dimentsionatzea, milaka lanpostu sortuz, lan-kargak arrazionalizatzeko eta herritarrei kalitatezko arreta emateko.

-24.600 langilek baino gehiagok pairatzen duten behin-behinekotasunarekin amaitzea, %8ra jaitsi arte, plantillak kontsolidatuz.

-Galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea eta murrizketa guztiak lehengoratzea, Garapen Profesionalean aplikatutakoa barne.

-EAGetan aplikatutako murrizketa guztien rebertsioa: berriro irekitzea edota arreta-ordutegiak berrezartzea.

-Kategoria guztietan, erretiroak, bakanteak, bajak eta bestelako absentziak berehala, osorik eta lehen egunetik betetzea.

-Arrisku psikosozialak ebaluatzea eta neurri zuzentzaileak aplikatzea, arreta berezia jarriz lan-kargetan eta pandemiaren ondorioetan.

-Malgutasunerako edota lana eta familia bateragarri egiteko neurri eraginkor eta errealak.

-Irekita dauden gatazkak konpontzea: txanda osagarria, %4ko osagarria; osagarri espezifikoa eta Santiago Ospitaleko larrialdien itxiera.

-Plantillaren aurretiazko erretiroa erraztuko duten neurriak.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ez du sinatu EAEko anbulantzietako aurreakordioa, hilabete luzetako borrokan planteatutako gutxieneko hobekuntzak ez baititu jasotzen

Anbulantzietako langileentzat Osakidetzako lankideekiko homologazioa eta soldataz haragoko bestelako hobekuntzak alde batera utzi dituzte azken asteetan LABi bizkar emanda aritu diren ELA, CCOO eta UGTk. LABek ez du sinatu aurreakordioa.

Patronalaren eta instituzioen utzikeriak dirauen bitartean prekaritateak hiltzen jarraitzen duela salatu dugu Gasteizen

Iragan asteburuan bi Euskal langileren heriotzen berri izan dugu, garraiolari bat Lleidan eta langile autonomo batena, Gasteizen. Gure elkartasuna eta besarkada beroena hurbilekoei.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iragarritako Herri Ekimen Legegileari babesa adierazi dio LABek, gutxieneko pentsioak 1080 eurotara premiaz osagarritu daitezen

Atzo, apirilak 19, milaka euskal pentsiodun atera ziren kalera. Gasteizen egindako mobilizazioan, 1080 eurotako gutxieneko pentsioa behingoz berma dadin 170 udaletan baino gehiagotan aurkeztutako mozioak izan zituzten hizpide, baita horren segida izango den lantzen dabiltzan Legez besteko Proposamena ere. LABek mugimenduaren aldarriekin bat egiten du eta ekimen berri hau babesten duela adierazi du.