2026-07-17
Blog Page 388

Bizkaiko merkataritzako langileek greba eta mobilizazio eguna egin dute, hitzarmen duin baten defentsan

LAB, ELA eta ESK sindikatuok deituta, Bizkaiko ehungintza, larrugintza eta oinetakoen sektoreko langileek datozen egunotarako deitutako hiru greba egunetatik lehena egin dute, patronalek hitzarmenaren negoziazioan planteatutako proposamen atzerakoien aurrean. Maiatzaren 6 eta 13rako ere deitu dituzte greba egunak.

Gaurkoan, manifestaziora deitu dute Bilbon, Arriaga plaza eta Confebask patronalaren egoitza artean.

Langileak aldarrikapen hauek defendatzen ari dira:

-Soldata igoerak KPI-aren gainetik, eta aurreko urteetako atzerapenekin. 

-Lanaldi partzialentzako lanaldiaren egonkortzea. 

-Eraldaketa digitala gauzatzen duten enpresetako langileentzako lanaldi murrizketa, enplegua babesteko neurri gisa. Gero eta online salmenta handiagoa, orduan eta lanaldi txikiagoa. 

-Digitalizazioari lotutako kategoria eta funtzio berrien erregulazioa: bezero-arreta, paketeen prestaketa eta banaketa…

-Digitalizazioari lotutako lanentzako plusak.

-Genero-arrakalari aurre egiteko, Bizkaiko lurralde-eremuko lantokietarako Berdintasun Plana edukitzeko betebeharra. 

Arcelor Mittalen kontrako zigorra berretsi dute; amiantoaren biktima den langile baten familiari alarguntza-pentsioaren %50eko igoera ordaindu beharko dio #LortuDugu

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko lan-arloko salak ezetsi egin du Arcelor Mittalek haien aurka ezarritako zigorraren aurka jarritako errekurtsoa, eta Teo Vilaren familiari alarguntza-pentsioaren %50eko igoera ordaintzera zigortu du enpresa. Vila, lanean amiantoaren eraginpean egoteagatik hil zen 2016an, mesotelioma baten ondorioz. Gainera, enpresa kostuak ordaintzera kondenatzen du, lanaren heriotzagatiko erantzukizuna berretsiz.

LAB sindikatuak eta ZUZENKI bulegoak urteak daramatzagu kasu honetako erantzukizunak aitortzeko. Teo Vila irundarra Lesakako Laminaciones ohiko langilea izan zen 30 urte baino gehiagoz, eta 2016an hil zen lanean izandako esposizioak eragindako mesoteliomaren ondorioz.

Arcelor Mittali eta beste enpresa batzuei exijitzen diegu gaixo dauden langileen eta haien senideen sufrimendua luzatzeari uzteko, hori krudela iruditzen baitzaigu. Era berean, erantzukizunak har ditzatela eskatzen diegu, amiantoa erabili zutela eta horretaz baliatu zirela onar dezatela, prebentzio- eta babes-neurri egokiak ezarri gabe, eta horrek milaka langile gaixotzea eta hiltzea ekarri zuela.

Atzo, apirilak 28, laneko segurtasun eta osasunaren nazioarteko egunean egin genuen bezala, salatu nahi dugu gure ekintza sindikal eta juridikoan ikusten dugula milaka langilek beren lanean gaixotzen jarraitzen dutela, bai amiantoagatik, Nafarroan zein EAEn oraindik milaka instalaziotan dagoena, bai beste substantzia batzuengatik, ez dela behar bezalako prebentzioa, eta bidea, gaixotasunak berak ez ezik, mutuen segurtasunak ere larriagotu egiten duela.

Konpentsazio-legea onartzea, neurri gehiago ezartzea, dagoen amiantoa kentzea eta osasun-arazo publikoaren tratamendua ematea eskatzen dugu, eraginpean dauden langileei eta biztanleei egin beharreko mediku- kontrolak eginez.

Lesakako Laminaciones lantegian amiantoarekin lan egin zen, eta ziur gaude gutxienez Labeak, Galdara eta Berroneratzean eta eroanbide ezberdinetan izan dutela harremana material hiltzaile horrekin.

Arcelor Mittalek, altzairutegian lan egin zuten langile gehienek fabrika horretan amiantoa etengabe manipulatu dutela onartzeko egiten ari garen bidea luzea izaten ari da.

Modu kolektiboan lan egiten saiatzen ari gara, enpresan amiantoa erabili izana onar dadin, eta, horrela, eraginpean egon izan diren langileei azterketa medikoa egitea, bai jarduneko plantilla bai gaur egun erretiratuta dauden langileak kontrolatzeko eta diagnostikatzeko. Azken kasu horretan, Osasunbideak egiten du osasun- kontrola.

Lehengo edo egungo langile guztiak gonbidatzen ditugu elkarrizketak borondatez egiten jarraitzera, LABekin, batzordearekin edo zuzenean Nafarroako Osasun Institutuarekinn harremanetan jarriz. Horrela, kolektiboki, amiantoaren eraginpean egon diren langile eta lanpostu gehiago aitortuz, indar handiagoa egingo dugu.

Aitortzaren bidez, gure osasunaren kontrola eta jarraipena egitea lortzen dugu, eta amiantoarekin lotutako gaixotasunen bat garatuz gero, laneko gisa onartu ahal izatea.

Azkenik, eta ez garrantzi gutxiagokoa, besarkada handi bat bidali nahi diegu Teo Vilaren alargunari eta senideei, bai eta enpresa bereko beste hainbati ere, patronalaren eta administrazioen krudelkeriaren ondorioz antzeko egoerak jasan dituzten, jasaten ari diren eta jasango dituztenei.

Historiatik ikasi behar da, eta langile bakar batek ere ezin du osasuna eta bizitza galdu lanera joateagatik.

Aldarrikapen egun ez ezik, jai egun ere bilakatuko dugu Maiatzaren Lehena

Hemen da Maiatzaren Lehena. Bilbo, Donostia, Eibar, Gasteiz, Baiona, Maule, Iruñea, Azkoien, Lizarra, Tafalla, Tutera, Doneztebe, Altsasu, Leitza… Hego zein Ipar Euskal Herriko hainbat tokitan mobilizatuko gara, “Altxa! Egin dezagun posible. Zaintza lanak, enplegua, ondasuna banatu” leloarekin, eta horrekin batera, manifestazioen ostean, espazio ludikoak antolatuko ditugu.

Hiriburuetan, esaterako, Bilbo Zaharreko plazan, disko jartzaile bat, kale animazioa eta umeentzako jolasak egongo dira; Donostian, pintxo potea egingo dugu Trinitate plazan; Iruñean, Jarauta kalean, Txoko Gorria izenekoa atonduko dugu, kalejira musikatua, luntxa eta musika lagun.

Bestalde, Maiatzaren Lehen honetarako ekarri ditugun berritasunekin jarraituz, nabarmendu nahi dugu aurten ez dugula plastiko serigrafiaturik erabili igandeko data esanguratsua iragartzeko. Ez dugu plastikozko 12.800 metro jarri. Urrats asko egin behar ditugu trantsizio ekosozialistaren alde, eta hori da horietako bat.

Hauek dira Maiatzaren Leheneko LABen deialdiak:

-Bilbo. 11:00etan, Zabalburutik

-Donostia. 12:00etan, Easo plazatik

-Eibar. 12:00etan, Untzaga plazatik

-Gasteiz. 12:00etan, Andra Mari Zuria–Mateo Morazatik

-Iruñea. 12:00etan, Gaztelu plazatik

-Azkoien. 12.00etan, BMko aparkalekutik

-Lizarra. 12.30ean, geltokitik

-Tafalla. 13.00etan, Nafarroako Plazatik

-Tutera. 12.30ean, Queiles pasealekutik

-Doneztebe. 12.00etan, Avia gasolindegitik

-Altsasu. 12.30ean, Foruen plazatik

-Leitza. 12:00etan, Herriko plazatik

-Baiona. 11:00etan, Lan Burtsatik  

-Maule, 11:00etan, Gurutze Xuritik

Izugarria da PAI Nafarroako hizkuntz eredu bihurtzea, diskriminatzailea eta segurtasun juridikorik gabea baita

Gaur goizean Nafarroako Parlamentuan eginiko osoko bilkuran, Gobernuaren lehendakaritza duen PSN alderdiak, Navarra Suma koalizio eskuindarraren aldeko botoarekin, PAI ingelesez ikasteko programaren inguruko bere lege-proposamena onestea lortu du, orain arteko sarbidea arautzen zuen legeriaren gainetik pasatuz, sindikatuon eta Gobernuko zein oposizioko gainontzeko alderdien iritziari entzungor eginez eta prozesu parlamentarioen denbora errekor guztiak hautsiz. LAB sindikatuaren ustez izugarria da PAI Nafarroako hizkuntz eredu bilakatu izana, eta lege berria diskriminatzailetzat eta segurtasun juridikorik gabekotzat jo du.

PAIren inguruko lege honek atzerriko hizkuntzaren betekizuna duen foru-hezkuntzako funtzionario kidego berri bat sortuko du, egun arte ezinezkoa zena Estatuko araudiarekin, irakasle funtzionarioen lanpostuak hautatu eta betetzeko 276/2007 Errege Dekretuarekin eta 270/2022 Errege Dekretuarekin, hain zuzen.

Arau hauen arabera, irakasle funtzionarioak Estatukoak dira. Foru-lege hau onartzearekin batera, PSNk Nafarroako Administrazio Publikoaren menpeko irakasle-kidego bat sortuko du, atzerriko hizkuntzetan C1 eskatuz, eta horrek berekin ekarriko du bi irakasle-funtzionario mota desberdin egotea, lan-eskubide desberdinekin, funtzio berberak bete arren. Faktore hori eta beste batzuk direla eta, foru lege hau arau diskriminatzailea eta segurtasun juridikorik gabea da, eta horrek izugarri kezkatzen du LAB. Euskara meritu gisa Nafarroa osoan baloratzearen kontra azaltzen diren PSN eta Navarra Sumak oraingoan ingelesa hizkuntza ofizialen gainetik jarri eta betikotuko dute.

276/2007 Errege Dekretuak, irakaskuntza-plazak lortzeko, gaztelaniaren eta autonomia-erkidegoetako hizkuntza koofizialen ezagutza ezartzen du eskakizun gisa, baina ez atzerriko hizkuntzena; zuzeneko konfrontazioan, foru lege berri honek atzerriko hizkuntzen titulazioa eskatuko du (ingelesa, frantsesa edo alemana) Nafarroako hizkuntza ofizialen gainetik, eta atzerriko hizkuntzetan C1 duten irakasleek funtzionarizatzeko aukera izanen dute. Gure hizkuntza propioen profila bai baina atzerriko hizkuntzetakoa ez duten irakasle askok, beraz, ez dute aukerarik izanen plaza horietara hautatzeko, nahiz eta haien esperientzia handiagoa izan. Hortaz, diskriminatuko ditu irakasle hauek.

PSNk hau guztia egin du, gainera, Navarra Sumari men eginez, orain arte “programa” zirenak eredu bihurtzeko pausoak emanen direlako trukean. Hots, D, G eta A ereduen pare jarriko dituzte hemendik aurrera, bertako hizkuntza den euskarari ostikadak eman bitartean ‒gogoratzekoa da euskara meritu gisa baloratzeari uko egiten diola PSNk behin baino gehiagotan‒ingelesa, frantsesa edo alemanari Nafarroa osoan, zonifikaziorik gabe, alfonbra gorria zabaltzen dion bitartean. Horrekin, PSNk berriz ere erakutsi du eskuinak bultzatzen dituen politikak egonkortzeko edozein zirrikitu edo trikimailu aurkitzeko edo sortzeko gai direla. Halako asmakizunak ezinezkoak direla erraten du, noski, langileon lan eta bizi baldintzak duintzeko edo, hizkuntzen inguruan ari garela, euskararen egoera hobetzeko eskatzen zaiolarik. Bistan denez, Erregimen zaharraren zutabeetako bi berriz ere elkarlanean aritu dira.

Lege berri honi esker, PAIn ikasi nahi duten denentzat erraztasunak jartzen saiatuko omen dituzte: garraioa, jantokia, etabar. Zer gertatuko da, ordea, PAIn ikasi nahi ez dutenekin, eta beren herrietan bakarrik PAI aukera dutenekin ‒Beriainen bezala‒? PAI gabeko irakaskuntzarik eskainiko al zaie baldintza beretan?

LAB sindikatua irakasle guztiak egonkortzearen alde dago, baina diskriminaziorik sortu gabe eta ziurgabetasun juridikoa eragotziz, lege honekin bermatuta ez dagoena. Zer gertatuko da lege honen bitartez plaza eskuratzen duten pertsonekin? Beldur gara ez ote diren labirinto juridiko amaiezin batean eroriko, helegite ezberdinek behin eta berriz zalantzan jar baitezakete haien lanpostua. Horrez gain, nahi izanda ere, irakasle hauek ezinen dute gainontzeko irakasle funtzionarioek beste plaza batzuetara mugitzeko dituzten eskubide berberak izan.

LABek, halaber, eleaniztasunaren aldeko apustua egiten du, baina atzerriko hizkuntzak era orekatu eta koherentean landu behar direla pentsatzen du, gainontzeko konpetentzien eskurapena eta bertako hizkuntzen menperatzea galarazi gabe, egun programa hauekin gertatzen ez dena.

Honengatik guztiagatik, LAB ez dago ados PAI, PAF eta PALE bezalako programekin, ezta hauek bermatuko dituen zalantzazko legezkotasuneko foru-arau honekin ere, eta haien aurka mobilizatzen jarraituko du.

Egoerak sakoneko aldaketak eskatzen ditu: enplegua, zaintza eta ondasunak banatzea

Gaur Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datuak egin dira publiko. Hego Euskal Herrian aurreko hiruhilekotik nabarmen egin du gora langabe kopuruak, 4.500 langabe gehiago, 124.400 langabe orotara.

Datu zehatzak aztertuz, emakumeen langabezia izan da igoera handiena jasan duena. Izan ere, igo den langabe kopuruaren % 95,55 emakumeak dira, 4.300 pertsona hain zuzen ere. Datu hori bat dator sektorekako azterketa kontuan hartzen badugu, zerbitzuen sektorea izan baita langabezia igoera handiena jasan duena. Zerbitzuetan daude sektore feminizatu gehienak, sektore horiek dira enplegu ezegonkorrena sortzen dutenak. Koiunturaren arabera inpaktu azkarrena jaso eta gora beherak pairatzen dituzte enplegu horien ezaugarriengatik: behin- behinekoa edo enplegu ezegonkorra eta, oro har, prekarioa. Erabili eta botatzeko enplegua da, merkatuaren arabera sortu eta desagertzen dena: urte garaiaren arabera, edo sortzen diren krisi desberdinen arabera.

Bestetik, langile migratuen langabezia tasa izugarria azpimarratu behar dugu, tasa orokorraren (% 10,44 Nafarroako Foru Erkidegoan eta % 8,69 Euskal Autonomia Erkidegoan) hirukoitzera iritsi baita hiruhileko honetan (% 31,69 eta % 24,24 hurrenez hurren). Langile migratu eta kasu askotan arrazializatuek pairatzen dituzte lan merkatuaren ondorio ankerrenak: esplotazio maila altuenak, lan prekarioak eta langabezia zein pobrezia tasa altuenak ere bai. Maiz lan baldintza horiek legez kanpo egon arren, atzerritarren legearen ondorioz sortzen den errealitatea da, kapitalak esku-lan merkea baliatzen baitu irabaziak handiagoak metatzeko.

Epe-luzeko langabeziari dagokionez, azken urteetan gero eta langile gehiago daude egoera honetan, urte bete edo gehiago lan bila. 2020an langabetuen % 40,30 baziren, 2022an % 53,86ra igo da, langabe guztien erdia baino gehiago epe luzekoak izanik. Lan merkatu dinamiko bat saldu nahi badigute ere, datuok argi erakusten dute egoera estrukturala dela eta behin langabezian egonik, lanpostu bat lortzea oso zaila dela, hainbat baldintza determinanteak izanik: adina, ikasketa maila, sexu-generoa, jatorria…

Egoera larria da. Langabeziak gora egin du, inflazioak gora, erosahalmenak behera, pentsioen errebalorizazio ez- nahikoa… Eta arazoaren muinera jo ordez langileon soldata jarri da jo puntuan patronalaren eta instituzioak kudeatzen dituzten alderdien aldetik.

Gaur, nazioarteko lan osasunaren eguna da. Bada garaia langileon beharrak, langileon osasuna, erdigunean kokatzeko. Igandean mundu osoko langileriak kaleak beteko ditu Maiatzaren Lehenean, langileon eskaera eta aldarrikapenen bozgorailu izango da. Erronka globala da, baina herrialdez herrialde gauzatu beharrekoa. Euskal Herrian egin ahal izateko estatu tresnak behar ditugu: Euskal Lan Kodea eta Euskal Gizarte Segurantza. Burujabetza eskuratu behar dugu, Madrilen eta Parisen posible ez diren aldaketak Euskal Herrian gauzatu ahal izateko. Egin dezagun posible.

Lanak gaixotzen eta hiltzen jarraitzen duela salatu dugu Lan Segurtasun eta Osasunaren Egunean

Prekaritateak langileak hiltzen dituela eta lan heriotzak salatzeko, LAB, ELA, ESK, STEILAS, Etxalde eta Hiru sindikatuok manifestazio bana egin dugu Bilbon eta Iruñean, Lan Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunean, eta lore eskaintza banarekin omendu ditugu hildako langileak. LABetik ere Donibane Lohizunen egin dugu elkarretaratzea, Ipar Euskal Herriko zenbait sindikaturekin batera.

Murrizketen eta Covidaren ondorioz lan jarduerak behera egin duen arren, Hego Euskal Herrian lan ezbeharren kopuruak gora egiten jarraitzen du, modu kezkagarrian: 2021ean %10,2ko igoera izan da EAEn eta  %16,7koa Nafarroan. Iaz, gutxienez, 68 langile hil ziren lanean, 48 EAEn eta 20 Nafarroan, eta aurten jada 20 langile hil dira Hego Euskal Herrian, 17 EAEn eta 3 Nafarroan.

Lan gaixotasunei dagokionez, azpi erregistroa salatzen jarraitzen dugu estatistika ofizialetan. Hego Euskal Herrian bakarrik, gutxienez, 17 pertsona hil dira amiantoarekin lotutako gaixotasunen ondorioz, esaterako.

Mutualitateak eta enpresak dira egoera horren erantzule nagusiak. Prebentzio zerbitzuen eta mutualitateen jardunbide txarren aurrean, baina, erakundeek ez dute behar besteko kontrol eta neurririk hartzen. Giza baliabide gehiago behar dira, bikoiztu behar dira inspektoreak, esaterako.

Horregatik, kaleetan aldarrikatu dugu lanak gaixotzen eta hiltzen jarraitzen duela, eta prebentzio neurriak bermatu ezean, milaka langilek jarraituko dute behar besteko babesik gabe; bereziki, prekarioen daudenak.

Ertzaintza sindikatuaren eta langileen kontrako tresna moduan ez erabiltzeko exijitzen diogu Eusko Jaurlaritzari

Gaur goizean Ertzaintzak, LAB sindikatuko Eskumaldeko Industria arduradun Aritz Azkona Dominguez jipoitu eta erretenitu du. Egin duen bakarra Irizar Group Taldekoa den Berangoko Alconza enpresan greban dauden langileekin batera kontzentrazio batean parte hartzea izan da. Jipoien ondorioz ospitalera joan behar izan du.

Ertzainek gogor jipoitu eta erretenitu dute, eta gerora aske utzi duten arren, auzibidea irekitzeko mehatxua egin diote. Zorionez ikusi ahal izan diren irudiek argi erakusten dute erasotzaile bakarrak ertzainak izan direla, eta izatekotan hauek izan beharko luketela epaituak.

59 egun daramatzate Alconzako langileak greban. Aste honetan enpresak produkzioari berrekin nahi izan dio. Astelehenetik hasita, Ertzaintzak jarrera erasokorra eta bortitza izan du grebalarien eta elkartasuna adieraztera joan diren herritarren aurka.

LABentzat ez da zorizkoa Azkonari emandako jipoia eta Ertzaintza lan gatazketan edukitzen ari den jarrera. Eusko Jaurlaritza, lan gatazketan enpresarien alde lerratzea nahikoa ez dela konturatu da. Izan ere, Tubacex edo PCB moduko lan gatazketan, kaleratzeak publikoki babestu dituzten arren, langileek ez dute etsi eta borrokan jarraitu dute.Hortaz,Jaurlaritzakerabakidulangatazketanpoliziaerabiltzealangileenkontra .

LAB sindikatuko kideen kontrako isun, mehatxu eta jipoiak ugariak izaten ari dira lan gatazketan, funtsezko eskubideak urratzen ari zaizkie. Konfrontaziozko sindikalismoa da gurea, eta langileen lan eta bizi baldintzen defentsan lehen lerroan egon garela eta egongo garela demostratu dugu, eta patronala zein Eusko Jaurlaritza horren beldur dira.

LABek, borrokan diren langileei elkartasuna adierazteaz gain, Azkonaren kontrakoa erasoa ikertu eta bere kontra auzibiderik ez irekitzea exijitzen dugu. Ertzaintza LABen eta langileen kontrako tresna moduan ez erabiltzeko exijitzen diogu Eusko Jaurlaritzari.

Sindikalismo borrokalariarekin horrela amaitu nahi badute, jai dute. Alconzan kaleratzerik ez!

Greba eguna izan dute Nafarroan; mahai negoziatzailea Gipuzkoan

Borrokan dira Hego Euskal Herriko helduen egoitzetako langileak. Bada, greba eguna izan dute Nafarroan, hitzarmen duin baten defentsan. Bizkaian eta Araban ere daude borrokan, eta, Gipuzkoan, Lan Harremanen Kontseiluan elkarretaratzea egin dugu sindikatuok Donostian. Izan ere, mahai negoziatzailea bildu da bi urte geroago, berriro hitzarmena negoziatzen hasteko, hainbat greba egunen ostean

Donostia Ospitalean mobilizatu gara, kalitatezko osasungintza publiko baten defentsan

Sindikatuok mobilizazioekin jarraitzen dugu, osasungintza publikoaren defentsan. Donostia Ospitalearen aurrean bildu gara oraingoan, Osakidetzaren mahai sektorialaren bilera deituta zegoen egunean; joateari uko egin diogun hitzordua, alegia. Elkarretaratzearen ondoren, ospitaleko sarrera okupatu dugu, eta bertako gerentearekin hitz egin ahal izan dugu.

Hain zuzen ere, sindikatuok iragarri genuen mahai sektorialera ez ginela joango ez bada aldaketarik ematen langileek aldarrikatutako norabidean, eta protestekin jarraituko dugula berretsi genuen. Halaxe egin dugu gaur, Donostia Ospitalaren sarrera okupatuta, langileen aldarriak ozen entzun daitezen.