2026-10-02
HomeEkintza SindikalaGipuzkoako helduen egoitzetan greba egingo dugu martxoaren 24an, langileen, egoiliarren eta interes...

Gipuzkoako helduen egoitzetan greba egingo dugu martxoaren 24an, langileen, egoiliarren eta interes kolektiboaren defentsan

LAB sindikatutik Gipuzkoako helduen egoitzetako langileei martxoak 24ko greba egunera batzeko deia luzatzen diegu, bai eta Gipuzkoako jendarteari langileen aldarrikapenak babestu eta elkartasuna adierazteko eskatu ere.

Urriaren 28ko greba egunean bilera-eskaera formal eta publikoa egin genion Gipuzkoako Foru Aldundiari helduen egoitzetako egoeraz hitz egin eta irtenbideak bilatzen hasteko asmoz.

Azaroaren 12an ordea, erantzunik jaso ez genuenez beste greba egun bat burutu genuen; oraingoan, Gipuzkoako Foru Aldundiko ateak itxi zizkiguten muturren aurrean.

Abenduaren 17an, bilera egun baten zain jarraitzen genuenez, Gizarte Politiketako egoitza okupatu genuen.

Maite Peñak hitzordu bat emateko konpromisoa hartu zuen arren, gaur gaurkoz ez da sektoreko langileokin harremanetan jarri. Langileok ordea ez gara Markel Olano edota Maite Peñaren borondatearen zain geldituko.

Otsailaren 16ko greba egunean aldiz, 60 mugimendu sozialek babesa eman zioten sindikatuek egindako bilera eskaera eta aldarrikapenei; mugimendu feministak, mugimendu pentsionistak, auzo elkarteak,… Gero eta jende gehiago da egoera honi irtenbide bat eman behar zaiola exigitzen dugunok, baina Administrazio Publikoak entzungor egiten jarraitzen du.

Osasun larrialdia dela eta, jadanik larria zen egoera jasanezina bihurtu da Gipuzkoako helduen egoitza gehienetan; gehiegizko lan-kargak eta egoiliarrei behar duten atentzioa eskaintzeko denbora falta, soldata- arrakalak egoitza berean edota lan berbera egiten duten sektoreko langileen artean, egutegietan egiten diren etengabeko aldaketak, ordu sindikalak hartzeko oztopoak, lanpostuen egonkortze eza edo justifikaziorik gabeko kaleratzeak, balorazio psikosozialik ez egitea, protokoloen eta segurtasun-irizpideen etengabeko aldaketak, …

Argi diogu hau ez dela langile eta patronalaren arteko lan gatazka soil bat, Gipuzkoako jendarteari eragiten dion auzi soziala baizik. Kalitatezko zaintza zerbitzuak jasotzeko eskubidea edota zaintza lanak baldintzarik duinenetan eskaintzekoa urratua izaten ari da eta ezin dugu beste alde batera begiratu.

Zaintza negozio bihurtu dute eta diru publikoz finantzatutako zerbitzu publikoak kudeatzen dituzten enpresa pribatuak izugarrizko irabazi ekonomikoak izaten ari dira gure aiton-amonen zainketa lanaz eta helduen egoitzetako langileen esplotazioaz baliatuz. Hau ez da beraz, langileon eta patronalaren arteko lan gatazka soil bat; Gipuzkoako jendarte osoari eragiten dion auzi soziala baizik. Guztion eskubidea delako kalitatezko zaintza zerbitzuak jaso edota zaintza lanak baldintzarik duinenetan eskaintzea.

Gipuzkoan bizi dugun egoera gainera, ez da salbuespen bat eta modu sistematikoan errepikatzen ari da Euskal Herriko beste herrialdeetan ere; greba deialdiak egin dituzte Bizkaiko eta Nafarroako langileek, eta Araban bestalde, ez dago herrialdeko lan hitzarmenik.

Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Patronalaren erantzukizun osoa azpimarratu nahi dugu, irtenbideak bilatzetik urrun, urgentziazko egoera hau betikotzen ari direlako. Elite ekonomikoaren irabaziak handitzea edota gastu sozialaren gutxitzea lehenesten dituzte, langileen lan baldintza duinak edota egoiliarren kalitatezko zaintza zerbitzuak bermatzetik urrun; bestela nola uler daiteke diru publikoz finantzatutako enpresa pribatuek adinduen zaintza lanak baliatuz dirua egiten jarraitzea?

LAB sindikatutik behin eta berriz azpimarratu dugu egoera hau, zerbitzu publikoen pribatizazioaren, lan prekarietatearen eta sektore feminizatuek duten errekonozimendu sozial eta ekonomiko ezaren ondorio dela. Horregatik, zaintzaren eta Gizarte Zerbitzuen egiturazko eredu aldaketaren beharra mahai gainean jarri nahi dugu, kalitatezko zaintza sistema publiko-komunitario baten bidean. Bitartean, Gipuzkoako Helduen Egoitzetako Lan Hitzarmen Kolektiboa eta ratioak zehazten dituen katalogoa egungo egoerara egokitzea izango dira gatazka honi amaiera emateko behin behineko baldintza nagusiak.

Negoziazio kolektiboa berraktibatu eta gatazka hau desblokeatzeko momentua da, osasun larrialdian zehar langileek egindako esfortzu eta sakrifizioa mahai gainean jarri eta administrazio publikoari zein patronalari langileek merezi duten errekonozimendu sozial eta ekonomikoa exijitzeko momentua da. Jendartea sentsibilizatzen jarraitu eta borroka sindikalaren bitartez presio soziala biderkatzeko momentua da. Egoera hau betikotzeak edo gatazka honi irtenbide emateak jendarte osoaren etorkizuna baldintzatuko duelako, ezinbestekoa izango da sektore guztien inplikazio eta elkarlana, batasun sindikaletik hasi eta egoiliarren senideen elkarteen zein mugimendu sozial ezberdinen artean aliantzak eraikitzeraino.

Langileen, egoiliarren eta interes kolektiboaren defentsan, LAB sindikatutik martxoaren 24ko greba eguneko mobilizazioan parte hartzera deitzen dugu; ezinbestekoa baita guztion inplikazioa egoera irauli nahi badugu. Goizeko 11:00etan izango da, Donostiako Lan Harremanen Kontseiluan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.