2026-01-24
Blog Page 367

Erantzukizun politikoak argitzea eta azken ondorioetaraino iristea ezinbestekoa da Zaldibarren

Otsailaren 6an, bi urte beteko dira Zaldibarko Verter Recycling zabortegiaren hondamenditik. Bi langile, Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze, zabor artean lurperatu zituzten.

Euskal gehiengo sindikalak ohar bateratua atera dugu urtemugaren harira, eta salatu dugu langileen heriotzak, istripuak eta gaixotasun profesionalak merke ateratzen zaizkiela patronalari eta nabarmendu dugu horrek horrela jarraitzen duen bitartean gauzak ez direla aldatuko.

Otsailaren 6an, igandean, bi urte beteko dira Zaldibarko Verter Recycling zabortegia erori zela. Bi langile, Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze, zabor artean lurperatu zituzten. Hori dela-eta, otsailaren 6an mobilizazio bat antolatu da. ELAk bat egiten du ekimenarekin.

Peritu txostenen arabera eta hasieratik gehiengo sindikalak –ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde, Hiru– salatu duenez, enpresako arduradunak jakitun ziren zabortegian zeuden kalteez, lurrean pitzadurak zeudela ohartariak zeuden, kolapsoa gertatzeko arriskua zegoela ere jakin bazekiten, eta txosten teknikoek jarduera gelditzeko gomendatu zieten enpresako arduradunei.

Nahiz eta egoera larriaren jakitun izan, enpresak ez zuen ezer egin erorketa saihesteko, ez zituzten langileak ohartarazi eta ez zuten gailu berezirik ezarri eta ez zen ekoizpena gelditu. Katastrofea gertatu zen eta bi langile hil zituen.

Frogatuta geratu da Verter Recyclingek zuzeneko erantzukizuna duela hildako langileen gainean eta, horregatik, Zaldibarko Zabortegiko hiru arduradunei, Jose Ignacio Barinaga (enpresaren jabea), Arrate Bilbao (gerentea) eta Juan Etxebarriari (ingeniari-burua) bi langileen zuhurtziagabekeriazko homizidioa eta langileen segurtasunaren aurkako delitua egotzi zizkieten.

Arduradunek euren erantzukizuna onartu dute espetxean ez sartzearen truke, eta enpresak biktimen familiei kalte ordain ekonomikoa ordaintzeko konpromisoa hartu du.

Agerian geratu da, patronalak langileen heriotzetan duen erantzukizun zuzena frogatu arren, diru kopuru baten truke kartzela zigorrak saihestu daitezkeela. Egiaztatu dugu langileen heriotzak, istripuak eta gaixotasun profesionalak merke ateratzen zaizkiela patronalari, eta horrek horrela jarraitzen duen bitartean gauzak ez direla aldatuko.

Zaldibarko zabortegiaren lur erortzea, erantzukizuna ezin zaio enpresari mugatu; izan ere, administrazio publikoek zuzeneko erantzukizuna izan dute, ez baitute zaintza eta kontrol lanik egin. Horregatik, garrantzi berezia du erantzukizunak argitzeak, baita politikoak ere.

Laneko odolusteak ez du etenik, egiturazko arazo larri baten aurrean gaude. Lan istripuek, urtez urte, gora egiten dute. Horrela, 2021ean gutxienez 62 langilek galdu dute bizia lanean eta aurten 6 dira jada lan istripuz hildako langileak. Azpikontratazio maila handia, behin-behinekotasuna gero eta handiagoa eta enplegu eta lan baldintzen prekarietatea dira egoera horren atzean dauden faktore nagusiak.

Hala eta guztiz ere, Gasteizko gobernuak oraindik ez ditu segurtasun eta osasun arloko politikak aldatu nahi, eta agerian geratu da politika horiek ez direla eraginkorrak eta ez direla nahikoak ezbehar tasaren gaitz soziala ezabatzeko.

Era berean, ingurumen politikek eta hondakinak kudeatzeko politikek klase nagusiek eta haien interesek markatutako bide neoliberal eta ekozidari jarraitzen diote. Politika horiek ez dituzte, inola ere, herri klaseen premiazko arazoak konpontzen eta beren lehentasunen artean ez dute lehenesten beren erabakiek eta politikek eragiten duten drama ekologiko nabarmena, tokikoa zein globala.

Politikak aldatzeko garaia da, alternatibak ditugu. Borondate politikoa besterik ez da falta, bizitza eta osasuna beste guztiaren gainetik jarriko dituen sistema alternatibo bat garatzeko.

Gehiengo sindikaletik, Zaldibarko zabortegian gertatutako guztia salatzeaz gain, babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu Alberto Sololuze eta Joaquin Beltranen familiei, baita lanean edo horren ondorioz hildako langile guztiei ere. Bada garaia laneko heriotzek eragiten duten sarraskia bertan behera uzteko.

Bizkaiko helduen egoitzetako 5.000 langileren grebarako eskubidea errespetatzeko eta egungo gutxieneko zerbitzuak kentzeko eskatu diogu Lan Sailari

Otsailaren 3an, Bizkaiko helduen egoitzetan otsailaren 8rako aurreikusita dagoen greba-eguna dela eta, Lan Sailak erabaki du berriz ere 5.000 langileren grebarako eskubidea urratzea.

Erabaki horrekin, Eusko Jaurlaritzak estaldura eman dio berriz ere lantokietako zaintzaren egiturazko arazoari, eta balantza, inolako orekarik gabe, patronalak eta Aldundiak azken urte eta erdian egindako 10 negoziazio-mahaietan azaldu dituzten interesen alde jarri du. Hau da, soldatak izoztea eta uko egitea enpleguko gaiak hobetzeari, kontratazio mugagabe eta lanaldi osokoari, langileak lehen egunetik ordezkatzeari… sindikatuok proposatutako neurriak ratioan, lan-kargetan eta zaintzaren duintasunean lan-baldintzak eta arreta-baldintzak hobetzera bideratuta daude.

Egoera horren aurrean, LABek eta ELAk Lan Sailari eskatu diote egungo gutxieneko zerbitzuak ken ditzala, sektoreko langileen grebarako eskubidea berma dezala eta zaintza-ereduaren aldaketa hobetzeko ahaleginak egin ditzala. Eredu horrek lan-baldintzak hobetzearen, plantillak handitzearen eta pertsonak negozioa baino lehen kokatzearen alde egingo du.

Madrilen ez da lan erreforma indargabetu: Euskal Herrian aldaketa posible egiteko garaia da

Estatuko Gobernu koalizioak hilabeteak eman ditu lan erreformaren indargabetzeari buruz hizketan, baina gaur argi geratu da PPk inposaturiko erreformaren edukien %95 indarrean mantenduko dela.

Aukera galdu da langileak azken hamar urteotan pairatzen ari diren egoera larriari amaiera emateko: aurrerantzean ere kaleratzeak egitea erraza eta merkea izango da; enpresek mugikortasuna eta malgutasuna inposatzen jarraitzeko aukera mantenduko dute; gure negoziazio kolektiboa zentralizatzen eta estatalizatzen segiko dute, eta enpresak hitzarmenetan adostutakoa ez betetzeko aukerari eutsiko diote. Madrilgo elkarrizketa sozialeko mahaian adostutakoa Kongresuan berrestearekin, 2012an PPk inposatu zituen neurri atzerakoienak zuritu egin dira.

Hori gutxi balitz, behin-behinekotasunari aurre egiteko adostutako neurriak guztiz eskasak dira, orain arte bezala iruzur egiteko aukera izango da aurrerantzean ere eta langileen egonkortasun eza mantendu egingo da.

Langileentzat iruzurra izan da elkarrizketa sozialeko mahaiko akordioa, eta iruzurra, hori bera gaur Kongresuan berretsi izana; patronalari prekaritatea inposatzen jarraitzeko tresna guztiak eskutan izatea bermatuko zaio. Hori da patronala hain pozik egoteko arrazoia.

Lan erreformaren aferari lotuta, LABetik beti esan izan dugu begi bat Madrilen eta hanka biak Euskal Herrian ditugula. Argi genuen Madrilen dagoen indar-korrelazioarekin oso zaila zela lan erreforma bertan behera uztea eta Madrilen lortu ezin zitekeena Euskal Herrian posible egin behar genuela, posible egin behar dugula.

Momentu hori heldu da. Madrilen ez dago zer eginik. Sindikatuek eta ezkerreko alderdiek eskuinak eginiko erreforma atzerakoia berretsi dute.

Euskal Herrian aldaketak bultzatzeko garaia da, lan erreformatik blindatuko gaituzten aldaketak. Hori izango da LABen helburua. Horretarako, Estatu mailan CCOO eta UGT sindikatuek erabiltzen ez dituzten tresnak baliatuko ditugu guk hemen: konfrontazioa, borroka eta greba.

Kaleratzeak badaude, borrokarekin erantzungo dugu. Borrokak sustatuko ditugu, behar diren guztiak, gure lan hitzarmenak berton negoziatzeko, kanpo injerentziarik gabe; eta borroka egingo dugu ere lan erreformari aurre egiten dioten lan hitzarmen eta akordioak lortzeko.

Euskal Herrian egin dezagun posible euskal langileen egoerari irtenbidea emango dion lan araudia.

Lan erreforma honi ez!

Bat egiten dugu Harro Topaguneak plazaratutako aldarrikapenekin

LABek bat egiten du gaur goizean Harro Topaguneak Hezkuntza Akordioari begira plazaratutako aldarrikapenekin, hala nola, eskola publikoa hezkuntza sistemaren erdigunean kokatzea, kontzertazio unibertsalaren politikarekin amaitzea, segregazioa gainditzeko neurri tinko eta eraginkorrak ezartzea edota euskalduntzen ez duen hizkuntza- ereduak finantzatzeari uztea.

Hala izanda ere, Hezkuntza Akordioari dagokionez, LABek badauka bere proposamena: urtarrilaren 24an aurkeztutako Dekalogoa, non hezkuntza sistema antolatzeko proposamen integrala eta eremu laboralari loturikoak biltzen dituen. LABek Euskal Eskola Publiko Komunitarioa sortzea proposatzen du, titularitate publikoko eta hezkuntza komunitatearen parte hartzean oinarritutako hezkuntza sare bakar eta burujabea.

Norabide horretan, egungo eredu dualetik sare bakarrerako konfluentziarako proposamena egiten dugu. Eta horretarako, Harrok plazaratutako aldarrikapenez gain, bestelako eskaera batzuk ere jasotzen ditugu; hala nola, tokian tokiko hezkuntza antolaketa publikoa, non planifikazio eta eskolaratze batzorde bateratuek matrikulazioaren eta diru publikoaren kontrola egingo duten, edota diru publikoa jasotzen duten ikastetxeen titularitatean parte hartze publikoa bermatzea.

Gauzak honela, Hezkuntza Akordioari begira LABek Dekalogoan bildutako bere proposamena landuko badu ere, gaur Harro Topaguneak azaldutako aldarrikapenekin bat egiten du eta Harro Topagunean parte hartzen jarraituko du.

Otsailaren 16an eta martxoaren 24an greba egingo dugu Gipuzkoako helduen egoitzetan

LAB sindikatutik Gipuzkoako helduen egoitzetako langileei otsailaren 16ko eta martxoak 24ko greba egunetara batzeko deia luzatzen diegu, bai eta Gipuzkoako jendarteari langileen aldarrikapenak babestu eta elkartasuna adierazteko eskatu ere.

Urriaren 28ko greba ygunean bilera-eskaera formal eta publikoa egin genion Gipuzkoako Foru Aldundiari helduen egoitzetako egoeraz hitz egin eta irtenbideak bilatzen hasteko asmoz. Azaroaren 12an, ordea, erantzunik jaso ez genuenez, beste greba egun bat burutu genuen; oraingoan, Gipuzkoako Foru Aldundiko ateak itxi zizkiguten muturren aurrean.

Abenduaren 17an, bilera egun baten zain jarraitzen genuenez, Gizarte Politiketako egoitza okupatu genuen. Maite Peñak hitzordu bat emateko konpromisoa hartu zuen arren, gaur gaurkoz ez da sektoreko langileokin harremanetan jarri. Langileok, ordea, ez gara Markel Olano edota Maite Peñaren borondatearen zain geldituko.

Osasun larrialdia dela eta, jadanik larria zen egoera jasanezina bihurtu da Gipuzkoako helduen egoitza gehienetan; gehiegizko lan-kargak eta egoiliarrei behar duten atentzioa eskaintzeko denbora falta, soldata-arrakalak egoitza berean edota lan berbera egiten duten sektoreko langileen artean, egutegietan egiten diren etengabeko aldaketak, ordu sindikalak hartzeko oztopoak, lanpostuen egonkortze eza edo justifikaziorik gabeko kaleratzeak, balorazio psikosozialik ez egitea, protokoloen eta segurtasun-irizpideen etengabeko aldaketak…

Argi diogu hau ez dela langile eta patronalaren arteko lan gatazka soil bat, Gipuzkoako jendarteari eragiten dion auzi soziala baizik. Kalitatezko zaintza zerbitzuak jasotzeko eskubidea edota zaintza lanak baldintzarik duinenetan eskaintzekoa urratua izaten ari da eta ezin dugu beste alde batera begiratu.

Zaintza negozio bihurtu dute eta diru publikoz finantzatutako zerbitzu publikoak kudeatzen dituzten enpresa pribatuak izugarrizko irabazi ekonomikoak izaten ari dira gure aiton-amonen zainketa lanaz eta helduen egoitzetako langileen esplotazioaz baliatuz. Hau ez da, beraz, langileon eta patronalaren arteko lan gatazka soil bat. Guztion eskubidea delako kalitatezko zaintza zerbitzuak jaso edota zaintza lanak baldintzarik duinenetan eskaintzea.

Gipuzkoan bizi dugun egoera, gainera, ez da salbuespen bat eta modu sistematikoan errepikatzen ari da Euskal Herriko beste herrialdeetan ere; greba deialdiak egin dituzte Bizkaiko eta Nafarroako langileek, eta Araban, bestalde, ez dago herrialdeko lan hitzarmenik.

Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta patronalaren erantzukizun osoa azpimarratu nahi dugu, irtenbideak bilatzetik urrun, urgentziazko egoera hau betikotzen ari direlako. Elite ekonomikoaren irabaziak handitzea edota gastu sozialaren gutxitzea lehenesten dituzte, langileen lan baldintza duinak edota egoiliarren kalitatezko zaintza zerbitzuak bermatzetik urrun; bestela, nola uler daiteke diru publikoz finantzatutako enpresa pribatuek adinduen zaintza lanak baliatuz dirua egiten jarraitzea?

LAB sindikatutik behin eta berriz azpimarratu dugu egoera hau, zerbitzu publikoen pribatizazioaren, lan prekaritatearen eta sektore feminizatuek duten errekonozimendu sozial eta ekonomiko ezaren ondorio dela. Horregatik, zaintzaren eta Gizarte Zerbitzuen egiturazko eredu aldaketaren beharra mahai gainean jarri nahi dugu, kalitatezko zaintza sistema publiko-komunitario baten bidean.

Bitartean, Gipuzkoako helduen egoitzetako Lan Hitzarmen Kolektiboa eta ratioak zehazten dituen katalogoa egungo egoerara egokitzea izango dira gatazka honi amaiera emateko behin behineko baldintza nagusiak.

Negoziazio kolektiboa berraktibatu eta gatazka hau desblokeatzeko momentua da, Osasun Larrialdian zehar langileek egindako esfortzu eta sakrifizioa mahai gainean jarri eta Administrazio Publikoari zein patronalari langileek merezi duten errekonozimendu sozial eta ekonomikoa exigitzeko momentua da. Jendartea sentsibilizatzen jarraitu eta borroka sindikalaren bitartez presio soziala biderkatzeko momentua da.

Egoera hau betikotzeak edo gatazka honi irtenbide emateak jendarte osoaren etorkizuna baldintzatuko duelako, ezinbestekoa izango da sektore guztien inplikazio eta elkarlana, batasun sindikaletik hasi eta egoiliarren senideen elkarteen zein mugimendu sozial ezberdinen artean aliantzak eraikitzeraino.

Langileen, egoiliarren eta interes kolektiboaren defentsan, LAB sindikatuak bi greba egunetara deitzen dugu, otsailaren 16 eta martxoaren 24rako. Egun horietan antolatuko diren mobilizazio eta ekimen ezberdinetan parte hartzeko deia ere zabaldu nahi dugu; ezinbestekoa izango da guztion inplikazioa egoera irauli nahi badugu.

Mobilizazioen deialdiak:

-Otsailak 11: Kontzentrazioak (Gipuzkoako Erresidentzia guztietan)

-Otsailak 14: 10:00etan, auto karabana (Domus VI Erresidentziatik)

-Otsailak 16: 11:00etan, manifestazioa Bulebarretik

Bizkaiko Metalgintzaren patronalak uko egin dio aberastasunaren bidezko banaketari eta lan baldintzak duintzeari

Bizkaiko metalaren negoziazio-mahaiaren hirugarren bilera izan da gaur. Bilera honetan FVEM patronalak bere plataforma aurkeztu du. LABek uste du aurkeztutako proposamena sektoreko langileentzako iraina dela.

%2ko soldata-igoerak planteatzen ditu, KPIaren inolako erreferentziarik gabe. KPIa bermatuta ez dagoenez, agerikoa da langileek erosteko ahalmena galtzen dutela. FVEMek enpresen aberastasuna eta etekinak banatzeari uko egiteaz gain, sektoreko langileek lanera joateagatik dirua galtzea nahi du. Hitzarmena artikulutik kentzea proposatu du, hitzarmeneko taulen gainetik dauden soldatak dituzten langileei soldata-igoerak ekarriko baitizkie, eta hori atzerapen nabarmena da.

Uko egin dio 2003tik berdina den lanaldi-orduak murrizteari, eta, gainera, malgutasun- orduak gehitzea proposatu du, beste atzerapen argi bat. Neurri horiek lanpostuak sortzea eragozten dute, eta, bestetik, lan-baldintzak are gehiago prekarizatzea dakarte.

Urte honetan 6 pertsona hil dira beren lanpostuetan, eta 2021ean 62 izan ziren Euskal Herrian. Datu hauekin, patronala ausartu da bere plataforman lan-istripuagatiko bajetan osagarriak mugatzea proposatzera, bere ustez, lan-istripua zer den zehaztuz. Hala ere, hitzarmenean eskuratutako eskubideak kentzeaz gain, ez du proposamen bakar bat ere egiten sektoreko langile guztien osasuna eta bizitza bermatzeko prebentzio-neurrietan.

Patronalaren proposamenarekin argi geratzen da inporta zaion gauza bakarra etekinak handitzea dela, ez dute sektoreko lan-baldintzak duintzeko inolako asmorik, bestela planteatutako plataforma ez da azaltzen, atzerapenak besterik ez baititu jasotzen.

LABek berretsi egiten du aurkeztutako gure plataforma. Plataforma horrek enplegua sortzeko neurriak, aberastasuna modu bidezkoan banatzeko neurriak (KPIari lotutako igoerak eta soldata errealen igoerak), neurri feministak, prekarioenen enplegua duintzeko neurriak (gazteak eta dibertsitate funtzionala duten pertsonak), laneko osasuna eta segurtasuna zaintzeko neurriak, lan-erreformaren aurkako neurriak… biltzen ditu.

Gaurko proposamenarekin argi dago patronalak ez digula ezer emango, ez digula erraz jarriko; horregatik, argi dago Bizkaiko metaleko langileek behar duten hitzarmena lortzeko bide bakarra sektore osoaren aktibazioa eta sektore osoaren borroka dela, ahalik eta batasun sindikal eta sozial zabalenetik.

Laser Goiken enpresako langileek greba mugagabera joko dute kaleratutakoak berronartzen ez badituzte

Laser Goikenen aurrean mobilizatu gara, eskualdeko langileekin batera, enpresak askatasun sindikala errespeta dezala eta lau kaleratzeak atzera bota ditzala eskatzeko.

Hain zuzen ere, LABek Laser Ken Taldeko Olaberrian kokatuta dagoen eta 70 langile dituen Laser Goiken enpresan gertatutakoa salatzen du: hauteskunde sindikalak egin nahi izateagatik 4 langile kaleratu ditu enpresak. Oinarrizko eskubidea da hauteskunde sindikalak egitea eta hala erabaki zuten langileek. Enpresak, aldiz, ez du begi onez ikusi langileek hartutako erabakitakoa, eta 4 langile jazarri, presionatu eta kaleratu ditu zigor moduan, langileak antolatzea eragozteko.

Langileek batzarra egin zuten astelehenean, eta ondorengo erantzuna adostu zuten. Batetik, gaur, Olaberriako Herribaso poligonoan manifestazioa egitea. Bestetik, hiru greba egun egitea, otsailaren 10ean, 15ean eta 17an. Enpresak atzera egiten ez badu, greba mugagabean hasiko dira.

Jazarpen sindikal kasu argi honek argi eta garbi uzten du diskurtso politen atzean hainbat enpresetan bizi den benetako egoera. LABetik exijitzen diogu Laser Ken Taldeari eta ADEGIri horrelako jarrerak alboratu eta kaleratutako langileak berehala lanera buelta daitezela.

Garbialdiko aldi baterako lan-erregulazioa baliogabetzat jotzea lortu dugu Tubacexeko lantokietan #LortuDugu

Gasteizko Lan Arloko 3. zenbakiko epaitegiak baliogabetzat jo du Garbialdi enpresak Tubacexek Laudion eta Amurrion dituen lantokietan 2021ean zituen lan-kontratuak eteteko eta lanaldia murrizteko lan-erregulazioko espedientea.

LABek oso positibotzat jotzen du aldi baterako lan-erregulazioaren deuseztasun- deklarazioa, epaitegiak arrazoia ematen baitigu jarritako demandan, eta frogatuta geratzen da langileek defentsa-gabezia nabarmena izan zutela. Epaian ondorioztatzen denez, LABeko ordezkari eta langileen ordezkari bakarrari ez zitzaion behar adina informazio eman aldi baterako lan-erregulazioaren kontsulta-aldiari berme osoz ekin ahal izateko. Gainera, epaitegiak uste du aldi baterako lan-erregulazioa ez dagoela justifikatuta, eta horrek berresten du Garbialdik nahi izan duela langileek ordaintea Tubacexen alde bakarreko ezarpenaren ondorioak.

Horrek agerian uzten du LABek aurretik erreklamatu eta salatu genuena. Izan ere, Amurrioko eta Laudioko Tubacex zentroetako aldi baterako lan-erregulazioko espedienteetan eta greba mugagabean, garbitzaileek ez zuten zor zitzaien begirunerik izan, ez Garbialdiko zuzendaritzaren aldetik, ezta Tubacexeko zuzendaritzaren aldetik ere.

Amaitzeko, epaiari men egiteko eta errekurtsorik ez aurkezteko eskatzen diogu Garbialdiri.

LABek lanean jarraituko du Tubacexen lantokietan eta garbiketaren sektorean langileen eskubideak defendatu eta errespeta daitezen.

Arcelor Olaberriako emakume langile bat hil egin da, lantegiaren aurrean izandako harrapatze baten ondorioz

Atzo, otsailaren 1ean, 21:30ean, emakume langile bat larriki zauritu zuten autoz harrapatuta, Arcelor Olaberriako bere lanpostutik ateratzean. Gaur goizean, zaurien larritasunen ondorioz hil dela jakin dugu.

Lehenik eta behin, gure elkartasuna adierazi nahi genieke senide, lankide eta gertukoei une latz hauetan. Lanak sorturiko aurtengo seigarren lan heriotza da Euskal Herrian. Odol isuriak ez du etenik.

Lantokiko delegatu eta afiliatuei esker lortu dugu informazioa. Izan ere, ez Osalanek ez patronalak ere ez du inongo informaziorik eskaini. Gure iturrien arabera, langilea bere postutik parkinera zihoan oinez, lanetik atera berritan, eta errepidea zeharkatzen duen zebrabidean izan zen larriki harrapatua.

Arcelor Olaberriako langileek parking publiko bat erabiltzen dute autoa uzteko, eta handik lantokira joateko autobide azpian espreski eginiko oinezkoen pasabidea erabiltzen dute lanpostura sartzeko.

Patronalak iradoki duen “in-itinere” istripu mota ezin dugu inolaz ere onartu, nahiz eta eremu publikoan gertatu den, egunero errepikatzen den ohiko ibilbidea delako, aparkalekua enpresarena izango balitz bezala. Honi erantsi behar zaio langilegoak ezagutzen dituela zebrabide horren arriskuak eta argiztapen eza. Honela, Arcelorrek bai arrisku ebaluaketan eta bai mugikortasun planean ere, arrisku horiek identifikatuta eduki behar ditu dagokion arrisku altuko balorazioarekin eta neurri prebentiboak aplikatu behar ditu eremu horretan, diputazio eta udalarekin koordinatuz, bere lantokiko eremua balitz bezala.

Modu honetan, administrazio publikoari eskatzen diogu istripu hau lan istripu bezala ikertu dezala eta ez “in itinere” bezala. Izan ere, azken hauek ez dira lan istripuak bezala kudeatzen, beharrezkoak diren neurriak hartuz.

Datuak oso gogorrak dira, eta zifra bakoitzaren atzetik izenak, familiak eta lagunak daude. Lanetik etxera itzultzen ez diren langileez ari gara.

Azkenik, dei egiten dugu hurrengo orduetan langileen segurtasuna eta osasuna defendatzea aldarrikatuz dei daitezkeen mobilizazioetan parte hartzera.