2026-01-18
Blog Page 355

EAEko emakumeen eta gizonen berdintasunerako lege berriak prekaritatera kondenatzen gaitu emakumeok

Berriro ere iruzurra egin zaigu emakume langileoi. Zaharrak berri. Lege honek ez du inolako aldaketa estrukturalik proposatzen. LABen derrigor begiratu behar diogu emakume langileon egoerari, lege honen hutsune nagusiak azpimarratu nahi ditugularik.

Aurreko martxoaren 8an egindako analisian, zera ondorioztatu genuen: Euskal Autonomia Erkidegoko langileen %8,3ak ez dituela inoiz bere lan baldintzak lan hitzarmen bidez arautu. Horietatik % 75a emakumeak dira. Arautze eza prekaritatearekin lotzen da, beti. Eta ezin ahaztu, langile horien artean gehienak etxeko langileak direla, lan baldintza txarragoak ezartzen dien erregimen bereziaren pean lanean.

Lege honetan lanaren eta enpleguaren arteko dikotomia faltsua ez da zalantzan jartzen, izan ere, egoera ulertzeko funtsezkoa den ideia hori betikotzen da. Eremu produktibo, publiko, ordaindu eta ongi baloratuan erabakitzen den guztiak baldintzatzen du eremu erreproduktibo, pribatu, ordaindu gabeko eta gutxietsian gertatzen dena. Eta hori aintzat hartu gabe, egiturazkoa den horri begiratu gabe, berdintasuna bilatzea alferrikakoa da. Hala gertatu da aurreko berdintasun legeekin, horrela gertatuko da baita honekin ere.

Bizitzaren jasangarritasunak eta zaintza lanek duten garrantzia ez dute merezi duten zentralitatea lege proiektuan, ez dago gizartea eraldatzeko borondate politikorik lege honetan. Etxeko langileen egoera aipatzen bada ere, ez da figura hori ezta gaurko etxeko langileen ereduaren existentzia bera auzitan jartzen. Baliagarria da, antza denez, legea egin dutenenentzat, esklabutzatik gertu daten sistema hau zaintza premien auzia konpontzeko.

Zahar-egoitzak, jantokiak, garbiketa, etxez etxeko laguntza… emakumoek egiten ditugun lanak dira, erakunde publikoek pribatizatzen eta azpikontratatzen dituzten lanak hain zuzen. Arrakalari aurre egin nahi bazaio, hor dago giltza, eta legean ez da halakorik jasotzen, ez kritikarik, ezta egoera zuzentzeko mekanismorik ere.

Ezin ahaztu zaintza-sektore feminizatuetako lan-gatazketan (egoitzak, etxez etxeko laguntza…) agerian geratu dela konpromiso eta esku hartze publikoaren falta. Erakunde publikoen aldetik ezer gutxi egiten da irtenbideak bilatzeko, eta izan ere, lege hau da emakume horiek guztien aldarrikapenei beharrezko eta merezitako erantzuna emateko aukera: kalitatezko zaintza, ratioak, arreta-denborak eta lan-karga egokiak, kalitatezko enpleguaren bidez. Halakorik ez, batere ez.

Legeak ez du zaintza-sistema publiko komunitario baten alde egiten. Kontran, zaintzaren merkatua (beraz, negozioa) elikatzen jarraitzearen aldeko apustua egiten du autonomia sustatzeko eta mendekotasuna artatzeko gaurko sistemaren bidez (gehitu datuak): zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoak lehenetsiz, administraziotik geroz eta erabiltzaile gehiago bideratzen sektore pribatura, gizarte-zerbitzurik artatu.

Indarkeria martxistaren inguruan puntu oso bat garatzen duelarik legeak, non geratzen da lan munduan gertatzen den indarkeria matxista? Sexu jazarpena eta sexuagatiko jazarpena eguneroko errealitatea da lan merkatuan, eta beste aldera begiratzen dute instituzioek. Ez da inolako protokolorik ezta esku hartzerik aurreikusten.

Eta bukatzeko, aurreko legearekin esan genuen berdina azpimarratuko dugu: lege honek ez du behartze mekanismorik ezartzen, beraz, oso zaila da benetako aldaketatik lortzea gauzak dauden bezala uztea aukera bat denean. Aldaketak borondate kontua direnean.

Zein aldaketa lortuko da legeak ez badu behartzen eta legeak ez badie berdintasuna eskuratzeko funtsezkoak diren arazoei (soldata-arrakala, prekaritatearen feminizazioa, emakumeen pobrezia, zaintza-zerbitzuen pribatizazioa…) benetan begiratzen? Lege eraldatzaileek jaso behar dituzten erantzukin politiko eta ekonomikoak bereganatzen ez dituen legea egin dute, benetako hausnarketarik gabe, proposamen zehatzik gabe, eranginkorrak izango diren neurriak hartu gabe.

Ezin dugu proposamen orokor eta boluntaristetan oinarritutako berdintasun-politikarik eta legerik babestu; ezta benetako politikak garatzeko baliabiderik (pertsonalak zein ekonomikoak) bermatzen ez dituztenik ere. Ez dira hitz handien atzean konpromiso hutsalak izkutatzeko garaiak. Koherentzia behar dugu, egiturazko aldaketak egiteko konpromiso garaiak dira. Zalantzarik gabe, politika feministak egiteko garaia da.

Ukrainako gerrarekin amaitzea eta bake egonkor bat lortzea helburu izan behar duen diplomazia eta negoziazioa beharrezkoak dira

Lehenik eta behin, Errusiak Ukraina inbaditu izana irmoki salatu egiten dugu. Errusiako tropak Ukrainar lurraldetik berehala ateratzea eta eraso militarrak etetea exijitzen dugu. Errefuxiatuei harrera egin eta kaltetutako herritarrei babesa emateko neurri azkar eta eraginkorrak eskatzen ditugu.

Ukraniaren inbasioak lehendik zetorren gerra eskenatokia larriagotu egin du. Mundu mailako potentzia nuklearrak daude aurrez aurre: batetik, gero eta gehiago hedatzen ari den NATO; bestetik, gero eta gehiago militarizatzen ari den Errusia. Horrelako gerrek ez diote inoiz langile klase nahiz herri sektoreen interesei mesede egiten eta kasu hau ez da ezberdina. Berriro ere, herriok eta langileok gara galtzaile.

Euskal Herriak, 1986ko martxoaren 12ko erreferendumean NATOri ezezkoa eman zionetik,  gerraren aurkako posizio garbi bat izan du. Blokeen interesen araberako geopolitikan oinarritzen den nazioarteko harremanetarako eredu hau herrien burujabetzaren eta bakearen kontrakoa izaki, Euskal Herriak ez du estrategia horren parte izan nahi.

Zoritxarrez, inbasioa eman denetik alde guztien aldetik ikusi ditugun jarrerek, tentsioa gutxitu baino, tentsioa are eta gehiago areagotzen dute. Diplomazia ausart, konprometitu eta errealista bat behar dugun momentuan, alde guztiek gerra estrategia elikatzen jarraitzen dute. Osasungintzarako, hezkuntzarako eta herritarron bizitza duina bermatuko dituen politika sozialetarako dirurik ez dagoen momentu honetan, armak produzitzeko politikak adosten dira, eta bloke guztien gerra estrategia honek Ukrainan, Errusian nahiz Europako herritarren bizi baldintzetan sor dezakeen egoera bereziki larria izan daiteke. Zentzu honetan, bide diplomatikoa eta negoziazioa lehenetsi baino, Ukrainara arma gehiago bidaltzeko erabakiak salatzen ditugu, bakea eta egonkortasuna lortu beharrean tentsioa are eta gehiago handituko duelako.

Testuinguru honetan, LAB sindikatuak diplomaziaren eta negoziaketaren unea dela uste du. Nazioarteko komunitateari gerrarekin amaitu eta etorkizun egonkor bat bermatuko dituen nazioarteko akordio berriak behar ditugu, blokeen logika geopolitikoetatik harago, bizitza erdigunean jarriz, pertsona eta herri guztien eskubideak bermatuko dituen nazioarteko harreman berriak eraikiz.

Zentzu honetan, aipatu ditugun parametroetan gerra salatzeko nahiz herrion burujabetza aldarrikatzeko Euskal Herrian antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen dugu. Hain zuzen ere, LABek bat egiten du ostiral honetan Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan antolatutako mobilizazioekin.

Bizkaiko garbitzaileak ekintzara pasa dira hitzarmenaren defentsan

Bizkaiko garbitzaileek osatutako Gora Garbitzaileak! izeneko kolektibo berriak lehen ekintza egin du, LAB eta ESK sindikatuok babestuta, eta kolore morez tindatu dituzte Bilboko iturriak. Era berean, ekintzaileek azaldutakoaren arabera, “gure eskularruak eta fregonak hiriburuak omenaldia egiten dien jaunen estatuetatik zintzilikatu ditugu, eta pankarta erraldoi bat askatu dugu Udaletxeko zubitik, eta honako hau zioen: “M31 GREBARA 1200 € x15: si LAS LIMPIADORAS PARAMOS, SE PARA TODO – GORA GARBITZAILEAK”.

Gipuzkoako Aldundiak proposatutakoa suhiltzaileen aldarrietatik oso urrun dagoela berretsi dugu bileran

Suhiltzaile zerbitzua noraezean dagoela salatu dugu Gipuzkoako Foru Jauregiaren aurrean, LAB buru duen langile batzordeak deitutako mobilizazioan. Ardurak eskatu dizkiogu Eider Mendoza diputatuari, Aldundiarekin goizean izandako bileraren aurretik.

Bilera ondoren, LABeko delegatu eta suhiltzaile Unai Badiolak berretsi du Aldundiak eta langileek oso ikuspuntu desberdinak dituztela zerbitzuaren antolakuntzari buruz. Langileen aldarrietatik oso urrun dago Aldundiak proposatutakoa, eta, horregatik, beste bilera bat egitea adostu dugu, konponbide bat bilatzeko asmoz.

Tasubinsari exijitu diogu langileen ordezkaritza nagusiarekin negoziaziora itzultzeko eta plantilla ez pobretzeko

LAB eta ELA sindikatuak Tasubinsako bulego nagusien aurrean mobilizatu gara, zuzendaritzari jarrera antidemokratikoa alde batera uzteko eta langileen ordezkaritza nagusiarekin kalitatezko enplegu bat negoziatzera esertzeko eskatzeko. Hala, langileekiko errespetua eskatu dugu, hitzarmen kolektibo duina eta eraginkortasun orokorrekoa. Datorren martxoaren 16an Nafarroako Parlamentuan agerraldia izanen dugu.

Bederatzi hilabetez hitzarmena negoziatu ondoren, eta langileek hauteskunde sindikaletan adierazitako gehiengo demokratikoaren borondatea ordezkatzen duen Komitearekin akordiorako edozein aukera itxi ondoren, Tasubinsako zuzendaritzak akordio bat sinatu du UGT eta CCOO sindikatuekin, gutxiengoen ordezkaritzarekin, plantilla pobretzeko. Horrela, sindikatu horiek, gutxiengoan eta jarrera antisindikala argiarekin, eraginkortasun mugatuko akordio bat eman diote enpresako zuzendaritzari, eta, beraz, ez zaie orokorrean aplikatuko langile guztiei.

Tasubinsak 11 milioi euro jaso zituen diru-kutxa publikoetatik soldata-kostuak eta lan zentroaren bideragarritasuna diruz laguntzeko. Hortaz, diru nahikoa du. Hala ere, langileei KPIaren igoera ukatu die. UGT eta CCOO sindikatuek berriro egin dute, eta, laguntza-ariketa batean, aldarrikapen horrek eskatzen zuen grebatik aldendu ondoren, plantilla errespetatzen ez duen akordio bat sinatu dute (erosteko ahalmenaren galera onartu dute, 2022an 420 eta 1.016 euro artekoa izango baita langile bakoitzeko).

Ikuspegi demokratikotik onartezina izateaz gain, CENeko enpresaburuen, CCOO eta UGT sindikatuen eta Nafarroako Gobernuaren diskurtsoaren aurka egiten du horrek; izan ere, propaganda-ariketa batean enpleguaren kalitateaz hitz egin ziguten, enplegu-plana sinatu ondoren. Ildo horretan, datorren martxoaren 16an LABeko eta ELAko ordezkariok agerraldia egingo dugu Nafarroako Parlamentuan. Ezin dugu enpleguaren kalitateaz hitz egin, ezta bizitza duinaz ere, langileen erosteko ahalmena bermatzen ez bada eta soldata baxuak bizitza igo den neurri berean igotzea onartzen ez bada.

“Lorpen guztiak kapitalari aurre egiten lortu dira; inork ez digu ezer oparitu”

46 urte bete dira langileek 1976. urteko martxoaren 3an Gasteizen pairatutako sarraskitik. Hala, urtero bezala, omenaldi propio bat egin dugu, arratsalderako euskal gehiengo sindikalak deitutako manifestazioaren aurrekari, eta irekita dauden lan gatazkak izan ditugu gogoan; sektore feminizatuetakoak, tartean. Ekitaldia San Frantzisko de Asis elizaren kanpoaldean egin dugu, odolustea izan zen elizaren ondoan.

Gasteizko LABeko arduradun Gotzon Kortazarrek ekitaldian adierazitakoaren arabera, “1976. urtean hildakoak ez ziren patronalaren indar armatuek eraildako lehen langileak izan, ezta, tamalez, azkenak ere. Langile klasearen borroka sufrimenduz eta ahaleginez josita dago, gaur ditugun lorpen guztiak kapitalari aurre egiten lortu dira; inork ez digu ezer oparitu, eta inori ez diogu ezer zor”.  

Sindikatuko ordezkariaren hitzetan, “borrokan jarraitzen dugu egun, langileen eskubideak bermatzeko, kapitalaren irabazi nahia salatzeko eta patronalaren gustuko erreformak saldu nahi dizkiguten horiek agerian uzteko”.

Hala, azken hilabeteetan borrokan diren sektoreak izan ditugu gogoan; hala nola, helduen egoitzak, garbitzaileak, kolektibitateak, etxez etxeko laguntza, hezkuntza, funtzio publikoa, metalgintza, banatzaileak, osasungintza publikoa, pentsiodunak… Zentzu honetan, sektore feminizatuetan irekiak ditugun borrokak nabarmendu ditu LABeko Zerbitzu Soziokomunitarioko kide Lorena Rejok, eta zaintza lanen aitortza aldarrikatu du.   

Datozen hilabeteei begira jarrita, erantzun maila guztiak aktibatuko ditugula jakinarazi dugu, bai lanean, baita jendartean ere, Urkulluren gobernuaren eta patronalaren politika ekonomiko eta sozialei erantzuteko. “Sindikatu integrala gara, eta, zentzu horretan, sektoreen eta aldarrikapenen arteko topaguneak ehuntzen joango gara, une bakoitzean beharrezkotzat jotzen ditugun erantzun-mailak erabakiz, hori guztia helburu argi batekin: Euskal Herritik eta Euskal Herriarentzat jendarte-aldaketa baten alde batzea”, erantsi du Gotzon Kortazarrek.  

   

Osakidetzak azpikontratatutako garbiketa zerbitzuetako langileek hitzarmen duin bat aldarrikatu dute Donostia ospitalearen aurrean

Azken hilabeteetan egin bezala, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuak mobilizatu gara Osakidetzak azpikontratatutako garbiketako langileak funtsezkoak direla aldarrikatzeko eta eurentzat lan baldintza duinak eskatzeko.

Homologazioa galtzeko arrisku larrian daude langileak. Hitzarmen berriaren negoziazioa 2018an hasi genuen, negoziazio erraza izango zelakoan, Osakidetzako langileekin homologatuta egoteak gai jakin batzuk akordio berrietara egokitzea baino ez baitzuen suposatu behar: 2012ko karrera profesionala, lanpostu hutsak betetzeko sistema zabalagoa eta bidezkoagoa, errelebo bidezko jubilazioa, Osakidetzako langilentzat onartu berri dituzten baimen eta lizentziak, etab.

Baina, enpresek ez dute hitzarmena eduki minimoetan egokitu nahi izan. Homologazioak ez du esan nahi soilik Osakidetzako langileei aplikatzen zaizkien soldata-igoera berberak izatea. Homologazioa askoz gehiago da, osagarri berberak, lizentzia berak, lanaldiak luzatzeko aukera berberak, erretiratzeko erraztasun berberak eta abar izatea esan nahi du.

2015ean hitzarmen bat sinatu genuen, homologazio-hitzarmen bat, baina badirudi garai hartan homologazioak islatzen zituen baldintza horiek izoztuta utzi nahi diuztela, 2015eko errealitate estankoan. Enpresak malgutasunik gabe azaldu dira, eta mahaia blokeatuta dute. Badirudi blokeo hori Osakidetzak berak babesten duela, eta ez du erantzun egin dizkiegun bilera-eskaera desberdinei. Homologazioa kendu nahi dute eta itxita daude ezer egokitzeko. Lortutakoa lapurtu nahi dute.

Emakumeentzako kristaleko sabaiak bere horretan segitzen du Nafarroako Administrazioan

Emakumeok gizonek baino gutxiago irabazten dugu, eta burutzetatik eta erantzukizunezko karguetatik diskriminatzen gaituzte.

Foru Administrazioa ez da lan eremuan gertatzen den emakumeenganako diskriminaziotik kanpo gelditzen. Horrela jasotzen da “Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko analisi kuantitatiboa” izeneko agirian. Azterketa hori Nafarroako Gobernuak berak egin du, Administrazioko I. Berdintasun Planari ekiteko aurretiazko lan gisa. Txosten horren alderdi deigarrienak hauek dira: batetik, soldata-arrakala, % 6,65ekoa dena, eta bestetik, emakumeen diskriminazioa burutzetan eta erantzukizuneko karguetan.

Azterketa hori batzorde batek egin du, non Administrazioko ordezkariek eta Mahai Orokorrean dauden erakunde sindikalek parte hartu baitute. Azterketa sakona da, oso datu interesgarriak erakusten dituena, eta informazio guztia Nafarroako Foru Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen I. Berdintasun Planari ekiteko erabiliko da.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren plantillan 29.939 langile daude. Plantilla feminizatua da: langileen % 71,29 emakumeak dira, eta % 28,71 gizonak. Itxuraz, gizonezkoek eta emakumeek eskubide eta betebehar berberak dituzte beren lan-harremanetan, baina adierazle batzuek erakusten dute emakumeak oraindik ere diskriminatuak eta gutxietsiak daudela. Bi alderdi dira argigarrienak: soldata-arrakala (%6,65) eta burutzen banaketa, non emakumeek baztertuak jarraitzen baitute, batez ere eskalafoian gora egin ahala.

IMQ-ko 76 garbitzaileek epaiketa irabazi dute eta berriz onartu beharko dituzte haien lanpostuetan #LortuDugu

LABetik sententzia ospatzen dugu, bereziki beren lan-baldintzen aldeko borroka egiteagatik kaleratuak izandako 76 garbitzaileak haien lanpostuetara itzuliko direlako. Eta bigarrenik, sententzia ospatzen dugu, garbiketa sektorean mugarri bat ezartzen duelako. Enpleguen egonkortasuna nagusituko da, enpresen kodiziaren gainetik. Argi geratu da ezin izango dituztela garbitzaileen lanpostuak suntsitu soldatak handitzen direlako edota urteetan gora egiten dutelako.

Epaiaren arabera, IMQk 76 garbitzaileak kaleratzeko hartutako erabakiak elementu erreaktiboei erantzun zion, eta gainera, garbitzaile hauen izaera azpimarratzen du; “garbitzaileak osatzen dituen kolektiboaren ohiko sakabanatze eta zatikatzearen aurrean, langile hauek antolatzeko eta elkarrekin erantzuteko gaitasuna erakutsi zuten, baita mobilizazioak, kontzentrazioak eta greba mugagabe bat deitzeko gaitasuna ere”.

Ildo horretan, sententziak adierazi du ezin izan dela gezurtatu hori bera izan zela, eta ez beste ezer, IMQk garbitzaile horiek guztiak kaleratzearen arrazoia; “egiten zituzten erreklamazioek zerbitzu- kostua handitzea dakarte eta ondorioz enpresa-marjina murriztu (…) egoerak inbutu moduko bat sortu zuen”. 

IMQk lezio bat eman nahi izan zien: eskubideak erreklamatzea eta baliatzea langileentzako kaltegarria den emaitza batera eramaten duela, baina sententziak atzera bota du erabaki hori.

Gainera, garbitzaileak subrogatzera behartzen ditu, haien lana funtsezko zerbitzutzat jotzen duelako, eta ez hondar-jardueratzat. Izan ere, klinika bakoitzeko garbitzaileen kopurua klinika horietako langile guztien ehuneko handi bat da. 76ak itzuliko dira haien lanpostuera. Garbitzaile guztiak, gehienak emakumeak, lan-munduan bazterkeria eragiten duten adin-tarteetako emakumeak. Txalo bero bat haientzat. Zorionak!