2026-01-14
Blog Page 311

Mercedesen inbertsioak ez daude langileen eros ahalmenaren galeraren menpe

Zuzendaritzak ez du galdera erraz bat erantzuten: zergatik etekinetan hamarnaka milio lortu dituen enpresa batek ezin du langileen eros ahalmena bermatu? Eta zergatik ezarri nahi du 12 orduko lan eredu diskriminatzaile bat, ez badu behar?

Azken egunetan arlo askotatik presioak areagotu dira MERCEDESeko langileekiko biharko, hilaren 18ko, erreferenduma baldintzatzeko. Halere, LABen ustez, MERCEDESeko Zuzendaritza da azalpenak eman behar dituena:

2021ean 62 milio euroko lortu ondoren, zergatik ezin du langileen eros ahalmena bermatu? Dibidendoetan 265 milioi euro banatuta, zelan ezarri nahi dute lan eredu berri diskriminatzaile bat, 12 orduz lan egiten?

Guk ateratzen dugun ondorioa argia da: ez da arazo ekonomikoa. Kontua beste bat da ordea, enpresak txantaia egin nahi baitio plantilari: inbertsioak eros ahalmena galtzearen eta diskriminazioa mantentzearen truke. Baina inbertsioak ez daude, ezin dira egon langileen lan baldintzak okertzearen menpe. XXI. mendeko lantegi bat egiteko XXI. mendeko lan baldintzak behar dira.

Plantilaren erantzuna erabatekoa izan denez, presioak biderkatzen ari dira, enpresarenaz gain, sindikatu batzuetatik, instituzioetatik,… Hori dela eta, LABek zuzenean galdetu nahi die sindikatu eta instituzio horiei, Urkullu buru delarik: zergatik onartzen dute haien erraz langileek erosahalmena galdu behar dutela? Zein mezu bidaltzen diote jendarteari, batez ere gazteei, ontzat ematen badute langile berriek gutxiago kobratu behar dutela, bai lan eredu berrian baita oraingoan ere? Langileak eta beren osasuna erdigunean kokatzen dira lerroetan 12 orduz lan eginda?

Aldi berean, azken egunetako mehatxuak baztertu nahi ditugu: enpresako Zuzendariak publikoki zabaldu zuena eta baita lantegi barruan langileei, batez ere ebentualei helarazten dizkietenak, erreferenduma desitxuratzeko asmoz. Horrekin batera, salatu nahi dugu ordezkari sindikalei beraien lan sindikala egitea eragotzi zaiela, langileak informatzea oztopatuz.

Horregatik, LABek MERCEDESeko langileen borroka txalotu nahi du eta bere alternatiba eskaini: erreferendumean ezetz bozkatu konbikzioz eta ilusioz, mobilizazio berriak abiatu eta akordioan langileen eskaerei erantzungo dien negoziazioa berrartu, besteak beste KPIa bermatuz, lan eredu berria gizatiarrago egin, eta kontratatzeko eta kontratuak mugagabe bihurtzeko irizpide objetiboak adostea, kolektibo batzuen diskriminazioa eta betiko susmoak baztertzeko; hau guztia enpresarentzat erabat onargarria izanik.

Aurreakordioa Bizkaiko garbiketa hitzarmenean: azken hamarkadetan sinatu den hitzarmen onenaren onurak jasoko dituzte 12.000 langile baino gehiagok #LortuDugu

Gaur, uztailak 15, Bizkaiko Eraikin eta Lokalen Garbiketa Hitzarmenerako aurreakordioa lortu dugu. Aurreakordioak % 13ko igoera jasotzen du hitzarmen honen indarraldirako (2021-2024), eta 1.200 euroko gutxieneko soldata bermatzen da 15 ordainsaritan, azken hau da nagusiki langileak kalera irten eta grebak babesteko izan duten aldarrikapen nagusia. Gainera, KPIen ehunekoen batuketak emaitza handiagoa emango balu, soldatek % 2ko igoera osagarria izango lukete. Horrez gain, batzorde espezifiko bat sortuko da bakanteen kobertura arautzeko helburuz, lanaldi partzialak luzatzeko aukera eskainiko duena.

LAB sindikatuan oso pozik gaude gaur lortutako akordioarekin. Ez da gatazka txikia izan, multinazional handien aurkako borroka izan da, eta garaipen honekin aurreakordio bat lortu da Bizkaian 12.000 langile baino gehiagorentzat.

Borrokak balio du. Bizkaiko garbitzaileak horren adibide argia dira. Grebarik egin gabe ia 30 urte zeramatzan kolektibo hau lehen lerroan kokatu da hainbat ekintza eta protesta eginez eta patronalak mugitzera behartuz. Antolatzeko eta beren baldintzen alde borrokatzeko hautua egin zuten zor edo lor. Izan ere, ez dira grebak egitera mugatu, enpresetako okupazioak, trafiko-mozketak, kateatzeak eta itxialdiak ere burutu dituzte. Garaipen hau langileek azken hilabeteetan erakutsi duten mobilizazioaren eta irmotasunaren ondorioa da.

Azken hamarkadetan sinatu den Bizkaiko Garbiketa hitzarmenik onenaren aurreakordioa lortu da gaur.

Gaurko bileraren ondoren, LABek bere oinarrietara eramango du aurreakordioaren edukia, eta horiek bermatzen badute, hurrengo bileran sinatuko genuke hitzarmena.

CIG, ELA, LAB eta Intersindical Catalana sindikatuok osasuneko eta gizarte sektoreetako langileak 60 urterekin erretiratzea egituratzeko eskatu diogu Madrilgo gobernuari

  • Hurrengo aurrekontuak onartzeari begira, beren botoak eskubide hori onartzearen baldintzapean jartzeko eskatzen diegu Madrilen ordezkaritza duten alderdi politikoei. Era berean, langile horien erretiro aurreratua errazteko mekanismoak antola ditzatela edo azken urteetan murriztu direnak berreskura ditzatela eskatzen diegu Galizako, Hego Euskal Herriko eta Kataluniako gobernuei eta administrazioei. Agerraldi telematiko bateratua eman dugu gaur.

CIG, ELA, LAB eta Intersindical Catalana sindikatuek, osasungintzako eta sektore soziosanitarioetako langileeentzat 2022an 63 urterekin penalizaziorik gabe erretiroa hartzeko eskubidea aitortzea eskatzen dugu, eta legegintzaldi honetan, 60 urterekin.

CIG, ELA, LAB eta Intersindical Catalana erakunde sindikalek, osasungintzako eta sektore soziosanitarioetako profesionalek, esparru publikokoek eta pribatukoek, berehala 63 urterekin erretiroa hartzeko duten eskubidea errespeta dezala eskatzen diogu gobernuari, betiere eskatutako denbora kotizatu badute, eta legealdi honetan 60 urterekin ohiko erretiroa lortzeko behar diren lege-aldaketak negoziatu ditzala.

Ildo horretan, Madrilen ordezkaritza duten alderdi politikoei eskatzen diegu, gai horri lehentasuna eman diezaiotela eta, datozen aurrekontuak onartzeari begira, gizartearentzat funtsezkoak diren langile horiekiko konpromiso argia erakutsiz beren botoak eskubide hori onartzera baldintza ditzatela.

Era berean, Galizako, Hego Euskal Herriko eta Kataluniako gobernuei eta administrazioei eskatzen diegu langile horien erretiro aurreratua errazteko mekanismoak antolatu edo azken urteetan murriztuak izan direnak berreskura ditzatela, hala nola erretiro aurreratuko primak.

Gizarte Segurantzaren arloko egungo legeriak, 63 urterekin erretiro aurreratua hartzeko eskubidea aitortzen die Gizarte Segurantzako edozein erregimenetan sartuta dauden langileei, betiere 38 eta 44 urte eta 6 hilabete bitartean kotizatuta badituzte eta adina, gehienez ere, kasu bakoitzean aplikatzekoa den adina baino bi urtetik beherakoa bada.

Baina eskubide horren artikulazioak berekin dakar pentsioaren zenbatekoari %21era irits daitezkeen eta 65 urte betetzean berreskuratu ezin diren murrizketa-ehunekoak aplikatzea.

Gizarte Segurantzaren arloko neurriei buruzko abenduaren 4ko 40/2007 Legeak aurreikusten duenez, lan nekagarria, toxikoa edo arriskutsua duten talde edo jarduera profesionaletarako, kategorietarako eta espezialitateetarako 65 urteko gutxieneko adina errege-dekretu bidez jaitsi ahal izango da. Halaber, txandakako lanaren ondorioak (gaueko txandetan lan egiteagatiko nekea) eta egiten den lana gauzatzeko ahalegin fisikoa kontuan hartuko dira.

Osasun-arloko eta sektore soziosanitarioetako langileentzat, Gizarte Segurantzaren sistemako edozein erregimenetan sartutakoak barne, aurten 63 urterekin erretiroa penalizaziorik gabe hartzeko eskubidea gauzatzeko 40/2007 Legea aplikatzea eskatzen dugu.

Arauan jasotako kotizazio-aldiak dituzten eta kotizazio-baldintza betetzen duten osasungintzako eta sektore soziosanitarioetako langileek, erretiroa egungo legeriak ezarritako penalizaziorik gabe hartu ahal izatea eskatzen dugu. Eta, gainera, genero-osagarria jasotzea.

Neurri horrek 40/2007 Legean oinarritutako Errege-dekretu bat onartzea baino ez du eskatzen. Hori dela eta, CIG, ELA, LAB eta Intersindical Catalana sindikatuek Espainiako parlamentuan dauden erakunde politikoekin biltzea eskatuko dugu, eskatutakoa onartzeko behar den babesa lortzeko. Parlamentuko egungo aritmetika ikusita, zuen botoak erabakigarriak dira, eta horregatik, hurrengo aurrekontuak onartzeari begira, gai hori lehenestea eskatzen dizuegu.

Era berean, gobernuari eskatzen diogu, legegintzaldi honetan, eremu publikoko eta pribatuko osasun-arloko eta sektore soziosanitarioko langileek 60 urterekin erretiroa hartzeko eskubidea onar dezala, eta eskubide hori ez dezatela langileen eskubideak inola ere urratu ezin dituzten erabaki politikoen mende dagoen egungo edo etorkizuneko plantillen plangintzarekin lotu.

Batez besteko oso adin altua (50 urte baino gehiago) eta lan egiteko baldintza penagarriak dituzten plantillen aurrean gaude; izan ere, azken urteetan aplikatutako zerbitzu publikoen murrizketa-, pribatizazio- eta desegite-politiken ondorioz, ezinbestekoa da eskubide hori egituratzea.

Osasungintzan eta sektore soziosanitarioetan profesional faltaren egungo egoera azken 10 urteetan egindako osasun-plangintzaren ondorioa da. Langile kopurua murriztean, lanpostuak kentzean eta zerbitzu publikoak argaltzean eta pribatizatzean oinarritutako plangintza, gizarteak kalitatezko prestazioa jasotzeko duen eskubidea zalantzan jarriz.

CIG, ELA, LAB eta Intersindical catalana sindikatuek legegintzaldi honetan 40/2007 Legea aldatzeko negoziazio-prozesua ireki dadila eskatzen dugu, 60 urte beteta eta 35 urte kotizatuta dituztenean aplikazio-eremu horretan dauden langileek erretiroa hartzeko aukera izan dezaten.

Horretarako,  osasun-arloko eta sektore soziosanitarioko, arlo publikoko eta pribatuko profesionalek 60 urterekin ohiko erretiroa hartzeko duten eskubidea aitortzera bideratutako negoziazio-prozesu horri babesa eman diezaiotela eskatuko diegu Espainiako parlamentuan dauden erakunde politikoei.

Aurreakordioa sinatu dugu Gipuzkoako Papergintzan #LortuDugu

Akordio honek aurrerapauso handiak ekarriko ditu sektoreko langileentzat:

-Soldata igoerak, lehen bi urtean KPI bermatzen da eta beste bi urtetan KPIaren gainetik igoerak.

-KPIa negatiboa bada, bere balioa ez da kenkari bezala hartuko soldata igoeretan.

-Baimenak: genero indarkeriari lotutako baimen berria. Bikote zein seme-alaben heriotzakasuetan, lehen lanegunetik hasiko da baimena.

-Errelebo kontratua:

Egun indarrean dagoen “industrias manufactureras” delako Errelebo kontratua berrituko balitz hau baldintza berdinetan aplikatuko da. Lege hontatik kanpo geratzen diren langileei Errelebo Kontratu arrunta burutzea derrigorrezkoa izango da langileak hala eskatuz gero.

Lege hau berrituko ez balitzlangile guztientzat Errelebo Kontratu arruntaburutzea derrigorrezkoa izango da enpresentzat langileak hala eskatuz gero.

-Hitzarmen osorako ultraktibitate mugagabea baita anexoentzako ere.

LABek oso positiboki baloratzen du Aurreakordio hau, langileen eros ahalmena bermatzeaz gain, baimenetan aurrerapausoak ematen direlako eta batez ere langile guztiei Errelebo Kontratuan sartzeko aukera ematen dielako.

Datorren astean burutuko diren Langile Asanbladetan Aurreakordio honi baiezkoa ematen bazaio Gipuzkoako Papergintzako Hitzarmena Uztailaren 22an sinatuko da.

Langileek urteetan erakutsitako borrokarako prestutasunari esker lortu dugu Akordio hau lortzea beraz LAB sindikatutik Gipuzkoako Papergintzako langile guztiak zoriondu nahi ditugu.

Lan erreformari aurre egiteko proposamenak helarazi dizkiegu aurka bozkatu zuten Euskal Herriko alderdiei, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari

Urte hasieran Espainiako Kongresuan onarturiko lan erreformak ez zituen konpondu langileriaren arazo nagusienak, ezta 2012ko lan erreformaren neurri atzerakoienak indargabetu ere. Euskal Herrian erreformaren neurri okerrenei muga jartzeko aukera daukagu, eta LABek horri begirako proposamena garatu du. Bi patronalei aurkezteaz gain, Euskal Herriko alderdiei dagokienez, Euskal Herria Bildu eta Eusko Alderdi Jeltzalea izan ziren aurka bozkatu zuten alderdi bakarrak eta eurei ere aurkeztu diegu proposamena.

Hauxe da aurkeztu diegun dokumentua:

Urtarrilean bertan esan genuen euskal bide orri bati ekiteko momentua zela, izan ere, ez zen kontraerreformarik egon, CEOEren garaipen bat baizik: ez zen indargabetu aurreko lan erreforma eta neurririk atzerakoienak bere horretan mantendu ziren. Orduan ere, lan erreformaren aplikazioa oztopatu behar genuela genion eta Euskal Herrian bertan borrokatu behar genuela langileriak beharrezkoa duen eraldaketa sakona. Bide horretan proposatu genuen Euskal Herrirako Lan kode proposamena.

LABek lanean jarraitu du azken hilabete hauetan ere. Egoerak eskatzen duelako, langileriaren pobretzea egunez egun zabaltzen ari den errealitatea delako, lan erreforma desaktibatzeko eta langileriaren lan eta bizi baldintzak hobetzeko akordioak lortzeko garaia dela uste dugu. Bide horretan, CEN eta Confebask patronalei proposamen zehatza helarazi genien, materia zehatzeko bost akordioren bidez Hego Euskal Herriko langileon gutxieneko lan baldintzen bermea adosteko helburuz. Azaroan jaso zuten gure proposamena eta oraindik ez dugu inolako erantzunik jaso euren aldetik. Akordio horiek sinatzeak langileon lan baldintzak nabarmen hobetzea ekarriko luke, horregatik, bi patronalei geure eskakizunei entzungor egiteari utzi eta akordioen aldeko jarrera hartzeko deia luzatzen diegu.

Jakin badakigu ordea patronalak ez direla euren kasa mugituko, jendartearen eta instituzioen presioa sentitzen ez badute ez behintzat. Horregatik erabaki genuen Euskal Herriko alderdi, instituzio zein eragile sindikal eta sozialekin ere gure proposamena konpartitzea. Espainiako Estatuko Kongresuan lan erreformaren aurka bozkatu zuten alderdi politikoei aurkeztu diegu batetik (Euskal Herria Bildu eta Eusko Alderdi Jeltzalea), baita Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari ere, gure proposamenaren inguruko euren posizionamendua eta babesa eskatuz, eta euren jarrera akordioen aldekoa izatea espero dugu.

Datozen hilabeteetan ere, gehiengo sindikala osatzen duten gainerako sindikatuei eta eragile sozialei gure proposamena azaldu eta akordio horiek gauzatzeko lanean jarraituko dugu. Akordio zabalak osatzeko garaia da, lan erreformari langileon eskubideak defendatuz aurre egitekoa. Euskal Herrian egingo dugu Madrilen posible ez dena!

Confebask etxeko langileen EAEko lehen hitzarmena negoziatzera behartuta dago

Gaur mobilizazioa egin du dugu Confebasken egoitzaren aurrean, etxeko langileentzako hitzarmena eskatu eta honen inguruan EAEko patronala izaten ari den jarrera salatzeko. Sindikatuaren ekimenez, ekainaren 9an egin zen hitzarmenaren negoziazio mahaia eratzeko bilera Bilboko Lan Harremanen Kontseiluan, etxeko langileen EAEko lehen hitzarmen kolektiboa negoziatzeko abiapuntua. Egun horretan Confesbakek uko egin zion etxeko langileen baldintzak negoziatzeari eta horren ondorioz, demanda bat erregistratu zuen LABek Confebasken aurka, etxeko langileen negoziazio kolektiborako eskubidea urratzeagatik.

Kontziliazioa urriaren 4an egingo da eta honen aurrean LABek jarrera argia dauka: Confebask etxeko langileen EAEko lehen lan hitzarmena negoziatzera behartuta dago. Honen aurrean, bide juridikoa lantzeaz gain ekintza sindikala ere indartuko du LABek. Gainera aliantzak sendotuko ditu, mugimendu sozial, feminista eta gainontzeko sindikatuekin.

Asteasuko Siemens Gamesako langileek lanuzteak hasi dituzte enpresaren etorkizuna eta berau kokatuta dagoen GET dibisioarena airean daudelako

Asteasuko lantegia Siemens Gamesako GET dibisioaren barruan kokatuta dago eta 200 langile ditu. LABeko 7 ordezkarik eta independiente 2k osatzen dute enpresa-batzordea. Atzo, uztailaren 11n egindako batzarrean, langileek bost egunez lanuzteak egitea erabaki zuten, enpresaren etorkizuna airean dagoelako. Gaur, bihar eta etzi txanda bakoitzean ordubeteko lanuztea egingo dute (hiru txandetan egiten dute lan) eta uztailaren 18 eta 19an, ordu biko lanuzteak egingo dituzte txanda bakoitzean.

Siemens Gamesaren salmenta posiblearen aurrean duten ziurgabetasunaren ondorioz, langileek lan postuen bermea, lan baldintzak mantentzea eta Asteasuko plantarako plan industrial bat exijitzen dizkiote enpresari.

LABek ere proiektuaren etorkizunari buruzko kezka azaldu die Eusko Jaurlaritza eta gainerako instituzioei eta enpleguaren, teknologiaren eta ekoizpen guneen defentsan jarrera tinkoa izateko exijitzen die.

Bat egiten dugu Mugak Zabalduz Pirinioak-Alpeak 2022 karabanarekin eta bertan parte hartzeko deia egiten dugu

LABek bat egiten du Mugak Zabalduz, Pirinioak-Alpeak 2022 Europako eta nazioarteko karabanarekin, eta bertan parte hartzera deitzen du, bereziki uztailaren 15ean eta 16an Irunen eta Hendaian egingo diren jardueretan.

Mugetan eta lurraldeetan gertatzen ari dena guztiz lotsagarria da. Arduradun politikoak ditu eta helburu zehatzei erantzuten die. Hori berresten dute Espainiako eta Marokoko gobernuek sinatu berri duten itunak eta NATOk ekainaren 30ean Madrilen egindako goi-bileran lortutako akordioek. Gobernu inperialistak eta kapital global korporatiboa elkarlanean aritzen dira. Aukeren bila migratzen duten milaka pertsonen bizitzak potentzien arteko trukerako txanpon bihurtzen dira.

Gotorleku bihurturiko Europa eta Espainiako eta Frantziako gobernuak historiako sarraski odoltsuenetako baten konplize dira. Tarajal gehiago ez, Nador-Melilla gehiago ez, Bidasoa ibaian hildako gehiago ez.

Europako eta estatuetako migrazio-politikak, mugen militarizazioa, migratzaileen oinarrizko eskubideen urraketa, atzerritarrentzako barneratze-zentroen ugaritzea eta elkartasunaren kriminalizazioa goranzko joera global baten parte dira, eta geldiarazi egin behar ditugu. Neo-faxismoak eta eskuin berrituak lekua hartzen ari dira gobernuen diskurtsoetan eta politiketan.

LABek EZ esaten die arrazakeria sozialari, instituzionalari, judizialari eta segurtasun-indarrenari. Erakunde sozio-sindikal gisa Euskal Herria Harrera Herrian sinesten dugu, eta norabide horretan praxi sindikal antirrazista baten alde lan egiten dugu, pertsona langile eta prekario guztien eskubideak egunero defendatu eta sustatuko dituena, azalaren kolorea edo atzerritarren estatusa edozein dela ere.

Enplegurako eta harrerarako aukera eta baldintza duinak eskatzen ditugu beren bizitzak Euskal Herrian garatzea erabakitzen duten pertsonentzat, eta baita bidaia jarraitzea erabakitzen dutenentzat, bidean hil ez daitezen. Ezetz esaten diogu Irun-Hendaia banatzen dituen heriotzaren muga inposatuari. Azken urtean salatu dugu arraza-profilaren araberako kontrolekin, militarizazioarekin eta itzulketekin gertatzen dena. Harrerako azpiegitura publikoak exijitzen dizkiegu administrazioei.

Mugetan heriotza gehiagorik ez. Pertsonen mugikortasunerako igarobideak eta bide seguruak. Guztientzako aukerak eta eskubideak. Erregularizazioa orain.

Gora herrien arteko elkartasun antolatua. Gurekin ezingo dute!

Arabako kirol jardueretako hitzarmen berria sinatu dugu #LortuDugu

Gaur, uztailaren 11n, sektorean ordezkaritza dugun sindikatuok eta enpresen elkarteak 2020- 2023 urteetarako Arabako Kirol Jardueren Hitzarmen Kolektibo berria sinatu dugu. Joan den maiatzean lortu genuen akordio ekonomikoaren ondoren, zeinarekin negoziazioa desblokeatu baitzen, gaur hitzarmen berria izango denaren akordio osoa sinatu dugu.

LAB sindikatuak sektoreko langileak zoriondu nahi ditu; izan ere, gure ustez, akordio oso ona lortu dugu, eta horrek aurrerapauso garrantzitsuak dakartza gure lan-baldintzetan; hitzarmenak KPIaren arabera eguneratzen ditu gure soldatak; sektoreko gutxieneko soldatak 1.200 euro garbiak gaindituko ditu; esperientzia eta zerbitzuan emandako urteak saritzen duen antzinatasun-plus bat lortzen dugu; urteko lanaldia 55 ordura arte murriztuko da kategoria batzuetan; lan zentroen arteko joan-etorriak mugatzen dira; koadranteen hautaketa arautzen da; subrogazio eskubideari berme gehiago ematen zaizkio; barne promozioak arautzen dira,…

Azpimarratu behar dugu akordio hau sektoreak burututako antolaketaren eta borrokaren emaitza izan dela. Horregatik, beste behin ere, negoziazio prozesu honetatik atera behar dugun ondorioa da, ausardiaz, antolaketaz eta borrokaz, langileriak markatzen dituen helburuak lortu ditzakeela.