2026-10-02
HomeEkintza SindikalaMercedesen inbertsioak ez daude langileen eros ahalmenaren galeraren menpe

Mercedesen inbertsioak ez daude langileen eros ahalmenaren galeraren menpe

Zuzendaritzak ez du galdera erraz bat erantzuten: zergatik etekinetan hamarnaka milio lortu dituen enpresa batek ezin du langileen eros ahalmena bermatu? Eta zergatik ezarri nahi du 12 orduko lan eredu diskriminatzaile bat, ez badu behar?

Azken egunetan arlo askotatik presioak areagotu dira MERCEDESeko langileekiko biharko, hilaren 18ko, erreferenduma baldintzatzeko. Halere, LABen ustez, MERCEDESeko Zuzendaritza da azalpenak eman behar dituena:

2021ean 62 milio euroko lortu ondoren, zergatik ezin du langileen eros ahalmena bermatu? Dibidendoetan 265 milioi euro banatuta, zelan ezarri nahi dute lan eredu berri diskriminatzaile bat, 12 orduz lan egiten?

Guk ateratzen dugun ondorioa argia da: ez da arazo ekonomikoa. Kontua beste bat da ordea, enpresak txantaia egin nahi baitio plantilari: inbertsioak eros ahalmena galtzearen eta diskriminazioa mantentzearen truke. Baina inbertsioak ez daude, ezin dira egon langileen lan baldintzak okertzearen menpe. XXI. mendeko lantegi bat egiteko XXI. mendeko lan baldintzak behar dira.

Plantilaren erantzuna erabatekoa izan denez, presioak biderkatzen ari dira, enpresarenaz gain, sindikatu batzuetatik, instituzioetatik,… Hori dela eta, LABek zuzenean galdetu nahi die sindikatu eta instituzio horiei, Urkullu buru delarik: zergatik onartzen dute haien erraz langileek erosahalmena galdu behar dutela? Zein mezu bidaltzen diote jendarteari, batez ere gazteei, ontzat ematen badute langile berriek gutxiago kobratu behar dutela, bai lan eredu berrian baita oraingoan ere? Langileak eta beren osasuna erdigunean kokatzen dira lerroetan 12 orduz lan eginda?

Aldi berean, azken egunetako mehatxuak baztertu nahi ditugu: enpresako Zuzendariak publikoki zabaldu zuena eta baita lantegi barruan langileei, batez ere ebentualei helarazten dizkietenak, erreferenduma desitxuratzeko asmoz. Horrekin batera, salatu nahi dugu ordezkari sindikalei beraien lan sindikala egitea eragotzi zaiela, langileak informatzea oztopatuz.

Horregatik, LABek MERCEDESeko langileen borroka txalotu nahi du eta bere alternatiba eskaini: erreferendumean ezetz bozkatu konbikzioz eta ilusioz, mobilizazio berriak abiatu eta akordioan langileen eskaerei erantzungo dien negoziazioa berrartu, besteak beste KPIa bermatuz, lan eredu berria gizatiarrago egin, eta kontratatzeko eta kontratuak mugagabe bihurtzeko irizpide objetiboak adostea, kolektibo batzuen diskriminazioa eta betiko susmoak baztertzeko; hau guztia enpresarentzat erabat onargarria izanik.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.