2024-12-05
HomeEkintza SindikalaCIG, ELA, LAB eta Intersindical Catalana sindikatuok osasuneko eta gizarte sektoreetako langileak...

CIG, ELA, LAB eta Intersindical Catalana sindikatuok osasuneko eta gizarte sektoreetako langileak 60 urterekin erretiratzea egituratzeko eskatu diogu Madrilgo gobernuari

  • Hurrengo aurrekontuak onartzeari begira, beren botoak eskubide hori onartzearen baldintzapean jartzeko eskatzen diegu Madrilen ordezkaritza duten alderdi politikoei. Era berean, langile horien erretiro aurreratua errazteko mekanismoak antola ditzatela edo azken urteetan murriztu direnak berreskura ditzatela eskatzen diegu Galizako, Hego Euskal Herriko eta Kataluniako gobernuei eta administrazioei. Agerraldi telematiko bateratua eman dugu gaur.

CIG, ELA, LAB eta Intersindical Catalana sindikatuek, osasungintzako eta sektore soziosanitarioetako langileeentzat 2022an 63 urterekin penalizaziorik gabe erretiroa hartzeko eskubidea aitortzea eskatzen dugu, eta legegintzaldi honetan, 60 urterekin.

CIG, ELA, LAB eta Intersindical Catalana erakunde sindikalek, osasungintzako eta sektore soziosanitarioetako profesionalek, esparru publikokoek eta pribatukoek, berehala 63 urterekin erretiroa hartzeko duten eskubidea errespeta dezala eskatzen diogu gobernuari, betiere eskatutako denbora kotizatu badute, eta legealdi honetan 60 urterekin ohiko erretiroa lortzeko behar diren lege-aldaketak negoziatu ditzala.

Ildo horretan, Madrilen ordezkaritza duten alderdi politikoei eskatzen diegu, gai horri lehentasuna eman diezaiotela eta, datozen aurrekontuak onartzeari begira, gizartearentzat funtsezkoak diren langile horiekiko konpromiso argia erakutsiz beren botoak eskubide hori onartzera baldintza ditzatela.

Era berean, Galizako, Hego Euskal Herriko eta Kataluniako gobernuei eta administrazioei eskatzen diegu langile horien erretiro aurreratua errazteko mekanismoak antolatu edo azken urteetan murriztuak izan direnak berreskura ditzatela, hala nola erretiro aurreratuko primak.

Gizarte Segurantzaren arloko egungo legeriak, 63 urterekin erretiro aurreratua hartzeko eskubidea aitortzen die Gizarte Segurantzako edozein erregimenetan sartuta dauden langileei, betiere 38 eta 44 urte eta 6 hilabete bitartean kotizatuta badituzte eta adina, gehienez ere, kasu bakoitzean aplikatzekoa den adina baino bi urtetik beherakoa bada.

Baina eskubide horren artikulazioak berekin dakar pentsioaren zenbatekoari %21era irits daitezkeen eta 65 urte betetzean berreskuratu ezin diren murrizketa-ehunekoak aplikatzea.

Gizarte Segurantzaren arloko neurriei buruzko abenduaren 4ko 40/2007 Legeak aurreikusten duenez, lan nekagarria, toxikoa edo arriskutsua duten talde edo jarduera profesionaletarako, kategorietarako eta espezialitateetarako 65 urteko gutxieneko adina errege-dekretu bidez jaitsi ahal izango da. Halaber, txandakako lanaren ondorioak (gaueko txandetan lan egiteagatiko nekea) eta egiten den lana gauzatzeko ahalegin fisikoa kontuan hartuko dira.

Osasun-arloko eta sektore soziosanitarioetako langileentzat, Gizarte Segurantzaren sistemako edozein erregimenetan sartutakoak barne, aurten 63 urterekin erretiroa penalizaziorik gabe hartzeko eskubidea gauzatzeko 40/2007 Legea aplikatzea eskatzen dugu.

Arauan jasotako kotizazio-aldiak dituzten eta kotizazio-baldintza betetzen duten osasungintzako eta sektore soziosanitarioetako langileek, erretiroa egungo legeriak ezarritako penalizaziorik gabe hartu ahal izatea eskatzen dugu. Eta, gainera, genero-osagarria jasotzea.

Neurri horrek 40/2007 Legean oinarritutako Errege-dekretu bat onartzea baino ez du eskatzen. Hori dela eta, CIG, ELA, LAB eta Intersindical Catalana sindikatuek Espainiako parlamentuan dauden erakunde politikoekin biltzea eskatuko dugu, eskatutakoa onartzeko behar den babesa lortzeko. Parlamentuko egungo aritmetika ikusita, zuen botoak erabakigarriak dira, eta horregatik, hurrengo aurrekontuak onartzeari begira, gai hori lehenestea eskatzen dizuegu.

Era berean, gobernuari eskatzen diogu, legegintzaldi honetan, eremu publikoko eta pribatuko osasun-arloko eta sektore soziosanitarioko langileek 60 urterekin erretiroa hartzeko eskubidea onar dezala, eta eskubide hori ez dezatela langileen eskubideak inola ere urratu ezin dituzten erabaki politikoen mende dagoen egungo edo etorkizuneko plantillen plangintzarekin lotu.

Batez besteko oso adin altua (50 urte baino gehiago) eta lan egiteko baldintza penagarriak dituzten plantillen aurrean gaude; izan ere, azken urteetan aplikatutako zerbitzu publikoen murrizketa-, pribatizazio- eta desegite-politiken ondorioz, ezinbestekoa da eskubide hori egituratzea.

Osasungintzan eta sektore soziosanitarioetan profesional faltaren egungo egoera azken 10 urteetan egindako osasun-plangintzaren ondorioa da. Langile kopurua murriztean, lanpostuak kentzean eta zerbitzu publikoak argaltzean eta pribatizatzean oinarritutako plangintza, gizarteak kalitatezko prestazioa jasotzeko duen eskubidea zalantzan jarriz.

CIG, ELA, LAB eta Intersindical catalana sindikatuek legegintzaldi honetan 40/2007 Legea aldatzeko negoziazio-prozesua ireki dadila eskatzen dugu, 60 urte beteta eta 35 urte kotizatuta dituztenean aplikazio-eremu horretan dauden langileek erretiroa hartzeko aukera izan dezaten.

Horretarako,  osasun-arloko eta sektore soziosanitarioko, arlo publikoko eta pribatuko profesionalek 60 urterekin ohiko erretiroa hartzeko duten eskubidea aitortzera bideratutako negoziazio-prozesu horri babesa eman diezaiotela eskatuko diegu Espainiako parlamentuan dauden erakunde politikoei.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ez du Ilunion enpresaren akordioa sinatuko eta desadostasuna adierazteko mobilizatu da

LAB eta ELA sindikatuek deituta, Ilunion enpresako Beriain eta Noaingo lantegietako langileek, ONCE Fundazioarenak diren eta ikuztegi industrialeko zerbitzuak eskaintzen dituzten enplegu zentro berezietakoek, elkarretaratze bana egin zuten atzo, hitzarmen berriaren negoziazio mahaian sindikatu horiek alde batera utzi dituztela salatzeko. LABek ez du akordio hori sinatuko, langileen behar eta aldarrikapen nagusiak jasotzen ez dituela uste duelako.

Ia 100 langile migratu eta arrazializaturi eman diegu prestakuntza lan-eskubideen eta antolaketa kolektiboaren inguruan

Urrian eta azaroan, ikastaroak egin ditu LABek Azkoien, Bilbo, Gasteiz eta Ondarroan.

Abenduaren 5ean eta 7an greba Arabako ostalaritzan hitzarmen duinaren alde

Abenduaren 5ean, osteguna, goizeko 10:00etan elkartuko gara Gasteizko LAB sindikatuaren egoitzan (Fermin Lasuen, 13 ), hiriko hainbat auzotan propaganda jarri eta informazioa banatzeko. Abenduaren 7an, larunbata, kalejira egingo dugu Andra Mari Zuriaren plazatik 13:00etan.