2026-01-12
Blog Page 294

Basogintza sektorearen hilkortasun tasak marka guztiak gainditzen ditu

Atzo arratsaldean langile bat hil zen Aulestin, basoko lanetan ziharduela. Dagoeneko, 2022an lan istripuz hildako 60. langilea da eta basogintzako hirugarrena. Lehenik eta behin, gure elkartasuna adierazi nahi diegu hildakoaren senide, lankide, lagun eta gertukoei, eta ostiralerako, euskal gehiengo sindikalak Gernikan deitutako elkarretaratzerako deia egin (Egurmendi aurrean, San Kristobal plazan, 11:00etan).

Aurten ematen ari diren istripuen patroia, berriro ere, guztiz aurreikusgarria da. Obretan altueretatik erorita, garraiolariak arazo kardiobaskularrez hilak, basogintza langileak zuhaitzak azpian harrapatuta, in itinere, etab. Behin eta berriro errepikatzen diren patroiak. Honen aurrean, ez patronalak eta ez Eusko Jaurlaritzak ez dute inongo neurririk hartzen, ardura guztia eurena izanda.

Basogintza sektorearen hilkortasun tasak marka guztiak gainditzen ditu. Langile gutxi dituen sektorea izanda, urtero egoten dira hildakoak sektore honetan. Honela, atzokoa egondako hirugarren heriotza izan da basogintzan. Abuztuaren 17an, 47 urtetako langile bat hil zen Zeanurin eta ekainaren 14an beste bat Idiazabalen, biak zuhaitz batek harrapatuta. 2021ean, sektoreko 6 langile hil ziren lan-istripuz.

Bizkaiko eta Gipuzkoako kasuan, basogintza enpresen bideragarritasuna mugatua da nahiz eta eurentzako ad hoc eginiko foru arauak eduki. Egur ustiapen intensiboa lan harreman prekarizatuetan oinarritzen da etekinak lortu ahal izateko. Honela, lan segurtasuneko baliabideak ipini beharrean, hauetan aurrezten da. Plantilla murritzak, basoan bakarka lanean, errekurtso prebentiborik ez, formakuntza eza, lan tresna ez egokiak, malda handiko eremuetan, lan erritmo oso altuak, lanaldi oso luzeak, honek eragiten duen nekearekin eta abar luze bat daude istripuen atzean. Jakina, aktibitateak berak barnebiltzen dituen arriskuei erantsitako faktoreak dira hauek.

Ez da lehen aldia Osalan eta Eusko Jaurlaritzari basogintza sektorearentzako neurri bereziak eskatzen dizkiogula. Oraingoan, berriro egiten dugu baina ikusten dugu erantzuna antzua dela.

Osalanek, lan ikuskaritzak eta Eusko Jaurlaritzak dute egoera aldatzen hasteko giltza eta behingoz martxan jarri daitezen exigitzen diegu.

Dena den, denok dakigu, inspektoreek barne, une honetan bertan Euskal Herrian baso sektorean lanean dirauten enpresa gehienak ez direla lan osasuneko betebeharrak betetzen ari, nahiz eta atzo bertan izan azken hildakoa. Hausnarketa larria bezain benetazkoa.

Beste hiru greba egun egingo ditugu Bizkaiko metalgintzan, urriaren 27an eta 28an eta azaroaren 2an

LAB, CCOO eta UGT sindikatuok, Bizkaiko metalgintzako hitzarmenaren negoziazio-mahaian % 59,95eko gehiengoa ordezkatzen dugunok, FVEM patronalaren negoziatzeko borondaterik eza eta blokeoa ikusita, sektore osorako beste hiru greba-egun proposatu ditugu: urriaren 27an eta 28an eta azaroaren 2an.

Sindikatu gehiago atxikitzeko lanean ari gara. Ostegunean, 11:30ean, FVEMen egoitzaren aurrean prentsaurrekoa emango dugu, egoeraren irakurketa zabalago bat egiteko.

LABeko delegatuek batzarra egin zuten atzo, eta, bertan, erabaki zuten greba egun gehiago egitea FVEMen blokeoaren aurrean. Izan ere, ez dugu onartuko patronalak Bizkaiko metalgintzako langileak pobreziara kondenatzea. 

Gipuzkoako grafikagintzako hirugarren greba egunak %80ko jarraipena izan du

Grafikagintzan deitu ditugun lau greba egunetatik hirugarrena egin dugu gaur. Eta aurreko egunetan bezala, grebaren jarraipena oso ona izaten ari da, % 80ko intzidentziarekin. Gaur, kotxe-karabana egin dugu Tolosaldeko poligonoetatik eta kontzentrazioa Tolosako Triangelu plazan.

Ez dago aitzakirik grafikagintzako sektoreko langileak hitzarmenik gabe uzteko. Gaur eta aurreko egunetan ere sektoreko langileek ozen esan dute hitzarmen duin bat nahi dutela; KPIari lotutako soldata igoerekin, denboraldi mugatuko kontratuei mugapenak jarriaz eta baita genero berdintasunean ere aurrera pausuak emanaz, besteak beste.

Sektoreko lan kargak ez dira jaitsi, eta sektoreko langileek eskatzen dituzten eduki hauek guztiz errealak eta posibleak direla sinetsita gaude. Gainera, industriako beste sektoreetan hitzarmena lortzea posible izan da; metalgintzan, papergintzan… zergatik zeba grafikagintzan ez?

ADEGIri arduraz jarduteko eskatzen diogu, negoziazio mahaia lehenbailehen deituz eta hitzarmen duin bat bermatuko duten edukiak mahai gainean jarriz.

Hurrengo greba eguna ostegunean, urriaren 6an, dugu eta printzipioz, hemen bukatuko genituzke lehen fase honetako mobilizazioak. Egun horretan, 9:00etan kotxe-karabana egingo dugu Tolosako Usabal poligonotik hasita eta 11:00etan, kontzentrazioa Tolosako Triangelu plazan.

ADEGIren partetik negoziazio mahaian mugimendurik gabe jarraituko bagenu, beste mobilizazio fase berri bat ireki beharko genuke. Eta hau guztia nola burutu eta indartu baloratzeko datozen egunetan sektoreko langileekin kontsultatuko genuke, zeren eta argi dugu mobilizaziorik gabe ez dugula hitzarmen duin bat lortuko.

Mobilizaziora deitu dugu sektore publikoan, urriaren 14tik abiatuta, bertako negoziazio kolektiboaren defentsan

Madrilgo Gobernuak Estatuko gehiengo sindikalarekin adostu eta Ministro Kontseiluak onartu du langile publikoen lan baldintzen markoa, eta badirudi, aurten ere, aurrekontuen legearen bitartez estatu osoko sektore publikoan inposatu egingo dela. LABek ez ditu inondik onartzen ez negoziazio markoa, ezta bertan erabakitako murrizketak ere.

Negoziazio markoari dagokionez, LABek berriro ere exijitzen die Madrilgo Gobernuari inposizioekin ez jarraitzea, eta Gasteiz eta Iruñeko gobernuei negoziazioak euren eremuetan abiatzeko, bertako errealitateari egokituta.

Akordioaren edukiari begira, erabat onartezina dela dio LABek. Langileok 2010eko %5aren murrizketaz geroztik murrizten jarraitu zaigun eros-ahalmena ez dugu berreskuratuko, eta are gehiago jaisten jarraituko du. Langileok eztabaida antzuen markoan edukitzeko formula bitxiak erabili dituzte beste behin, soldata igoerak beti KPIren azpitik egongo direla bermatzeko.

LAB mobilizatzen hasiko da, eta urriaren 14an izango da lehen ekimena. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan elkartuko gara eremu publikoko delegatuok. Iruñean, 11:00etan, Nafarroako Gobernuaren aurrean; Gasteizen, 11:30ean, Plaza Berrian; Donostian, 11:30ean, Gipuzkoa Plazan; eta Bilbon, 11:30ean, Eusko Jaurlaritzan (Gran Via, 85).

Administrazio guztiak interpelatuko ditugu bertako negoziazio kolektiboa errespetatzeko eta Madrilgo murrizketak eta mugak gainditzeko akordioak propioak bermatzeko. Administrazioen borondateak aldarazteko dei egiten diegu langileei borroka honekin bat egiteko.

E

Langabezia behera, prekaritate eta behin behinekotasunaren igoeraren kontura

Langabeziak behera egin du Hego Euskal Herrian. Iazko iraileko datuekin alderatuz, langabezia %6,1 jaitsi da (9.312 langabe gutxiago ) eta pasa den hilabetean baino % 1,3 gutxiago (1.851 herritar gutxiago daude langabezian). Nafarroan, aldiz, 227 langabe gehiago daude orotara, hau da, langabezia % 0,7 igo da pasa den hilabetearekin alderatuz.

Sektoreetako langabezia datuak herrialdeka gurutzatuz, ikus daiteke Nafarroako langabeziaren igoera zerbitzu sektorean egoniko langabe kopuruak eraginda izan dela (zerbitzu sektorean langabeziak % 1,4 egin du gora abuztutik); Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian, aldiz, joera alderantzizkoa izan da, sektore honetan 921 langabe gutxiago abuztuan baino. Honekin guztiarekin, ondoriozta dezakegu, turismoaren eraginez, ostalaritza zein zerbitzuak sektoreek udan izaten duten gorakada mantendu dela Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian irailean, Nafarroan behera egin duen bitartean.

Enplegua eta langabeziaren arteko korrelazioa zuzenena ez izan arren, oro har, elkarren eskutik datoz. Ostalaritzari loturiko zerbitzuetako enplegua eta lan baldintza prekarioak zein behin behinekotasunaren arteko korrelazioa, aldiz, erabatekoa da. Zentzu honetan, kezka iturria enpleguaren kalitatean jarri behar dugu.

Langabeziak gora edo behera egin dezake, baina argi dagoena da langileon lan eta bizi baldintzek okertzen jarraitzen dutela. 2008tik izaniko bilakaera izugarria izan da, prekaritatea eta pobrezia nonahi zabaldu da, aurrez dagoeneko sortuak zituzten arrakaletan are eta gehiago sakonduz.

Krisi ekosozial betean gaude. Hazkunde etengabearen mitoa jarraiki, kapital handien aberastasun metaketa goseak ekarri gaitu honaino. Eta oraingo honetan ere prekaritatean sakontzeko gogo eta nahia agerian ari da geratzen kapital handien eta patronalaren aldetik, gogoratu besterik ez dago Josu Jon Imazen adierazpenak elektriken zergaren aurka posizionatuz, eta bide batez Urkulluren ulermena, elektrikak inoizko irabazirik handienak jasotzen ari diren garai batean, eta langileria, bizitza garestitu ahala, desjabetze prozesu betean dagoenean.

Guk argi dugu egoerak zein sindikalismo mota behar duen: kontrabotere sindikalismoa, langileria guztiaren eskubideen defentsan lan egiten duena, lan eta bizi baldintza duinak lortzeko borrokatzen dena, langileria erabat zatitu nahi izan duten honetan berau batzeko lanean ari dena. Etxeko langileen hitzarmenaren defentsan, patronalak negoziatzera eseri ere egin nahi ez duen gatazkan, Glovo-ko langileen eskubideen defentsan ostalaritzako hitzarmena aplika diezaioten, funtzio publikoko langile guztien eskubideen alde mobilizatzen, metalgintzako langileekin eskuz esku borrokan hitzarmen duin baten alde. Horretan ari da LAB.

Enplegua lanaldi-murrizketaren bidez banatzearen aldeko apustua egin dugu Volkswagenen

Astean 32 ordu lan egitea. Hau da, urteko banakako 216 lanalditik 173 egunekora pasatzea. Soldatarik galdu gabe. Horixe proposatu du gaur LAB sindikatuak Iruñean eman duen prentsaurrekoan, Landabengo Volkswagen lantegiko plantillaren ustezko soberakinari aurre egiteko. Sindikatuaren arabera, bere proposamenak lan guztia banatzea ahalbidetuko luke, behar diren egunetan lantegia irekitzea ahalbidetuko luke eta ekoizteko gaitasuna mantenduko luke.

Asier Calderón LABeko Industria federazioko arduradunak eta Raul Portillo Volkswagenen sindikatuak duen ordezkariak prentsaurrekoan azaldu duten bezala, aurreikuspen negatiboenen arabera, 400 eta 600 pertsona artekoa izanen da Volkswagen Nafarroan modelo elektrikoak fabrikan egitean plantillaren soberakina. Enplegua banatzeko LABek egindako proposamenak soberakin hori osorik irentsiko luke, lantegia urtean 218 egunez irekita edukitzea ahalbidetuko luke, eta ez luke inolaz ere ekoizpen-gaitasuna murriztuko.

Volkswagen Nafarroako lantegiaren elektrifikazioa multinazionalak hartutako konpromiso bat da, langileok betetako akordioen ondorioz bete beharrekoa. Akordio horiek produktibitatearen eta urteko lanaldiaren handitzea suposatu dute. Horren ondorioz, lan erritmoak eta denborak handitu direnez, lesio muskulu-eskeletikoetako aldi baterako desgaitasunak biderkatu dira. Modu berean, soldata eskala hirukoitza bertze urte batez luzatzea suposatu du ere, prekaritatea handituz.

Mutuen akordioak Osasunbidearen bitarteko ekonomikoak murrizteko baino ez du balio izan, gaizki deitutako Gizarte Segurantzaren entitate laguntzaileen mesederako, kontingentzia arrunten gestioa mutuetara pasatuz. Horren ondorioz absentismoak %3,5 egin du goiti, eta hala ere horiek diruz laguntzen jarraitzen da.

LABek ez zituen akordio horiek sinatu. Bertze proposamen batzuk egin zituen, baina entzungor egin zitzaien. Hala ere, LABeko jendeak, lankide guztiek bezalaxe, egin ditu egin beharrekoak. Orain enpresari dagokio bere aldea betetzea.

Elektrifikazioa  aldaketa teknologiko bat da, enpresak bere gain hartu behar duena. Automozioaren industria etengabeko eboluzioan dago, beraien negozio eredua da. Ez da deus berria.

Volkswagen Nafarroa ekonomikoki saneatuta dagoen enpresa bat da, urteroko 60.000.000€ko onurak dituena. Automozioko bertze marken moduan, Volkswagen PERTEaren hautua egin du [ekonomia berreskuratzeko eta eraldatzeko proiektu estrategikoa], berez enplegua mantentzeko helburua duena, eta prentsan agertu denaren arabera ―ez baitute inongo informaziorik eman honen inguruan―horri esker 167.000.000€ jasoko ditu, hauetatik 95.000.000€ zuzeneko subentzioen bitartez jasoko dituenak.

Multinazionalari ardura soziala exijitu beharra zaio, herritarrak izanen baitira zergen bitartez  diru injekzio hori ahalbidetuko dutenak. Eta horretarako, pastelaren puska handiena zeinek eramanen duen erabakitzeko lantegi desberdinen arteko lehia bat baino, beharrezkoa dena lanaren banaketa bat da, lanaldiaren murrizketan oinarrituko den lan banaketa bat. Baja eta absentismoa murriztea suposatuko duena.

LABek aurre eginen dio Volkswagenen plantillaren edozein murrizketari. Lanaldia murrizteaz eta lana banatzeaz hitz egiteko aukera paregabea zabaldu da. Eta haren aitzinean, LABek proposamen guztiz egingarri bat mahaigaineratu du, onura sozial nabarmenak ekarriko lituzkeena.

Lanuztera deitu dugu Gipuzkoako TAO eta Garabien zerbitzuetan, urriaren 7rako

Gipuzkoako TAOko Hitzarmen Kolektiboaren negoziazio-mahaiaren hamar bilera baino gehiago egin ostean, mahaian blokeoak jarraitzen du. Horregatik, TAO eta Garabien plantillek urriaren 7an, 9:00etatik 13:30era, gelditzea erabaki dute.

Greba deitu dugun sindikatuok (LAB, ELA eta CCOO) Estatuko Asesga patronalari eta zerbitzuaren udalei fede onez negoziatzeko eta egoera desblokeatzeko bideak bilatzeko eskatu dizkiegu.

Langileen helburua KPIaren bermea eta astean 35 lan-ordu lortzea da. Proposamen horiek eros-ahalmenari eusteko eta edozein langile publikok egiten dituen ordu berberak lan egiteko aldarrikapen historikoetan kokatzen dira, langileek zerbitzu publikoa ematen baitute.

Patronalaren jarrera, aldiz, %3ko soldata-igoera proposamena da 2021-2024 urteen artean, antzinatasunean eta baja-osagarrietan murrizketez gain.

Horregatik guztiagatik, LAB, ELA eta CCOO sindikatuok urriaren 7ko lanuzterako deia egin dugu, Amaran 10:30ean egingo den manifestazioarekin eta etorkizuneko mobilizazioen egutegia eztabaidatuko duen batzar batekin batera.

Langileen egonkortze prozesuak udalez udal negoziatzearen alde egin dugu

Toki administrazioko sindikatuok EUDELen zuzendaritzarekin batzartu ginen atzo, urriaren 3an, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udaletako egonkortze prozesuetarako oinarrien inguruan eztabaidatzeko. Lehenik eta behin, orain arteko hiru bileren balorazio positiboa egin nahi dugu, denon artean konfiantzazko marko bat eraikitzeko gai izan baikara.

LABek orain arteko posizio publikoa berretsi nahi du. Oso argi dugu egonkortze deialdiak tokian toki, udalez udal, negoziatu eta adostu behar direla, toki-administrazio bakoitzaren udal autonomiaren barruan. Negoziaketa kolektiboa langileoi dagokigun oinarrizko eskubidea da eta udalez udal aldarrikatuko dugu.

Bestetik, egonkortze prozesu hauetan guztietan, finkatutako helburuak nekez erdietsiko dira oinarriak tokian toki lantzen ez badira, udal bakoitzaren argazki zehatzari erantzuten ez badiote.

EUDELek proposatutako oinarriek administrazioan orokorrean erakutsitako eskarmentua lehenesten dute; baina berariazkoa, hau da, administrazio deitzailean emandako esperientzia, infrabaloratua dago. LABek gogor kritikatu zuen EUDELen irizpide hau, gure ustez, berariazko esperientzia delako gehien baloratu beharrekoa, udal langileen kontsolidazioa benetan bermatu nahi badugu.

Positiboki baloratzen dugu EUDELen azken proposamena oinarri bakarren eredu zurrun batetik eredu malguago batetara igarotzea. Hala ere, marko orokor itxi baten barruan (merezimenduen egitura osoa), udal bakoitzak bere oinarri espezifikoen berezitasunak ezarri ahal izango dituen arren, LABen iritziz ez da nahikoa, udal bakoitzak erabakimen osoa izan beharko lukeelako.

LABek ekarpen zehatzak egiten jarraituko du. Euskararen erabileraren normalizazioari dagokionean, esaterako, gure hizkuntzaren ezagutza meritu gisa behar beste baloratua izan dadin lanean segituko dugu.

EUDELek eta hiru foru aldundiek prozesu hauen guztien kudeaketa materialean laguntzea ezinbestekoa iruditzen zaigu, baina inolaz ere udal autonomia eta udal langileon negoziaketa kolektiboaren kaltetan.

Aurrerakuntza partzial batzuk lortu badira ere, oso argi dugu lan-mahai honek ezin duela udal bakoitzaren negoziazio markoa ordezkatu.

Egonkortze prozesuak udalez udal negoziatu behar ditugu. Erabakimena udal bakoitzari dagokio!

Odolusteak ez du etenik, eta azken bi heriotzek 16ra igo dute Nafarroan lan istripuengatik hildakoen kopurua

Azken 48 orduetan bi langile gehiago hil dira Nafarroa Garaian lan istripuen eraginez. 2022 honetan dagoeneko 59 langile hil dira Euskal herrian lanean zirela, lanarengatik edo laneko bidean; horietako 16 Nafarroan. LAB sindikatuak bere elkartasuna eta doluminak helarazi nahi dizkie hildako langileen senide, lankide eta gertukoei.

Atzo jakin zenez, abere baten adarkaden ondorioz 42 urteko langile bat hil zen Muniainen. Istripuaren nondik norakoen datu gehiago ez ditugu oraindik, baina itxura batean lan segurtasun protokoloak ez dira bete, bereziki arriskutsua izan ohi den orein arren orroaldian.

Istripu horri beste heriotz berri bat batu behar zaio. Izan ere, joan zen irailaren 22an Alloko Essity paper lantegian lanean ari zela bihotzekoak jota erietxera eraman zuten 60 urteko J.C. langilea hil egin da.

Patronalaren ardura da langileon osasuna bermatzeko beharrezko baliabideak jartzea. Neurri horiek ez baditu hartzen, baliabideak ez baditu ipintzen, hori bermatu behar duen administrazioak kontrol eta jarraipenik egiten ez duelako da.

Modu honetan, enegarren aldiz, dei egiten diogu Nafarroako Gobernuari, NOPLOI Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari eta Lan Ikuskaritzari behingoz beharrezkoak diren bitartekoak jar ditzaten modu eraginkorrean enpresetan lan osasun neurriak betearazteko.