2025-12-29
Blog Page 27

LABek iruzur fiskalaren aurkako 2025-2027 Planak fortuna handietan eta kontratu publikoak dituzten enpresetan lupa jartzea eskatu du

2025eko irailaren 1ean, Nafarroako Foru Ogasunak 2024ko Zerga Kontrolerako Planaren emaitzak aurkeztu zizkion Zerga Iruzurraren eta Ezkutuko Ekonomiaren Aurka Borrokatzeko Batzordeari, bai eta aste honetan zabaldu den 2025-2027 Zerga Iruzurraren Aurka Borrokatzeko Plana ere. Bilera horretan, LAB sindikatuak kritikatu zuen batzordean parte hartzen duten eragileek ez dutela aukerarik izan planaren konfigurazioari ekarpenak egiteko. Era berean, Nafarroako zerga ikuskaritzara bideratutako giza baliabideak eta baliabide teknikoak handitzeko beharra azpimarratu zuen LABek.

Iruzur Fiskalaren eta Ezkutuko Ekonomiaren Aurkako Batzordeak arazo berberak ditu abian jarri zenetik, eta Nafarroako Gobernuak ez dio erremediorik jarri: nekez biltzen den batzordea da, eta ez du inolako misiorik parte hartzen duten eragileentzat. Hala, ezinezkoa da datuen jarraipen hurbila egitea, ekintza berriak eskatzea eta iruzur fiskalari aurre egiteko planen lanketan esku hartzea.

2025-2027 Iruzur Fiskalaren Aurkako Borrokaren Plana argitaratu ondoren, LAB sindikatuak berretsi egin ditu azken urteotan etengabe errepikatu dituen ekarpenak eta eskakizunak. Horrela, iruzurraren aurka borrokatzeko tresna nagusia den plan berriak, gaur Nafarroako Gobernuak aurkeztutakoak, helburu izan behar du enpresarien jardunbide txarrak uxatzea; alegia, kontratu publikoak dituzten enpresen zein dirutza handien ustelkeria eta iruzurra azaleratzea. Gogoratu behar da ustelkeria kasu orok enpresaburu bat inplikatzen duela beti. Hala, eraginkortasun eta justizia fiskal irizpideak aplikatuz, beharrezkoa da arreta-gunea birbideratzea eta iruzurra gehien kontzentratzen den lekuetan ikertzeko eta jazartzeko ahaleginak egitea.

Horrekin bat etorriz, LAB sindikatuak exijitzen du 2025-2027 aldirako Zerga Iruzurraren Aurka Borrokatzeko Planak bere jardueren artean Sozietateen gaineko Zergaren zerga-iruzurraren azterketa jasotzea. Era berean, Nafarroako Ogasunari giza baliabideak eta baliabide teknikoak eman diezazkiola, iruzur-poltsa handietan ikerketa-jarduerak indartzeko.

Nafarroako Ogasunak berak aitortzen du plantillaren tamaina Nafarroan beste herrialde batzuetan baino txikiagoa dela. Plantillaren tamainari dagokionez, 2022an 1.833 biztanle zeuden Espainiako Zerga Agentzian lan egiten zuen pertsona bakoitzeko; Nafarroan, berriz, 2.025 biztanle zeuden Foru Ogasunean lan egiten zuen pertsona bakoitzeko.

Ildo horretan, LAB sindikatuarentzat ez da nahikoa giza baliabideak 15 bat pertsonatan bakarrik zabaltzea. Beharrezkoa da langileen talentua eta gaitasuna handitzea, eta haien lana aintzat hartzea. Horrela, Nafarroako Gobernuak sindikatuaren alegazioei erantzun behar die eta produktibitatea osatzeko proiektu egoki bat aurkeztu eta Nafarroako Ogasunean dagoen lan gatazkari irtenbidea eman.

Inbertitutako euro bakoitzeko, Foru Ogasunak ia 5 euro berreskuratzen ditu (zehazki, 4,9 euro) zerga-iruzurra ikertu eta egiaztatzeko jarduketen bidez. Beraz, ahaleginak merezi du eta hobetzeko tartea dago.

Azkenik, heziketa zibiko-tributarioa beharrezkoa da eskuinaren eta ultra-eskuinaren diskurtsoaren aurrean. Diskurtso horrek zergak deabrutzea bilatzen du, berdintasunari eta zerbitzu publikoei eraso egiteko. Baina heziketa horrek jarrera proaktiboagoa eskatzen du, eta enpresaburuek ustelkeriaren eta iruzur fiskalaren kasuetan duten portaera onartezina jaso behar du.

Haurreskolak Partzuergoak 63 lanpostu sortu gabe hasiko du ikasturtea

LAB eta STEILAS sindikatuek Eusko Jaurlaritzak Haurreskolak Partzuergoan 2024an sinatutako akordioa ez duela bete salatu dute elkarretaratze baten bidez, Haurreskolak Partzuergoaren egoitza nagusiaren aurrean, Eibarren.

2024ko apirilaren 18an Haurreskolak Partzuergoko zuzendaritzak eta ordezkaritza sindikalaren %82,98ak lanpostu berriak sortzeko prozedura arautzeko akordioa sinatu zuten. Akordio horretan, produkzio gorabeherengatik egindako kontratuen iraupena zehaztu zen kontratu horiek ondoz ondoko bi ikasturte jarraian errepikatuz gero, plaza horiek egiturazkoak joko direla eta Lanpostuen Zerrendan txertatu eta hurrengo irailaren 1etik aurrera hornituta egon behar direla ezarri zen.

Hezkuntza Sailak eta Haurreskolak Partzuergoko zuzendaritzak positiboki baloratu zuten akordioa eta horrela adierazi zuten Irekia atarian. Hala ere, LAB eta STEILAS sindikatuek gogor salatu nahi dute akordioa, gaur gaurkoz, ez dela bete eta 2025eko irailean Lanpostuen Zerrendan txertatu eta irailaren 1etik aurrera hornitu beharko liratekeen 63 lanpostu berriak ez direla sortu.

Bi sindikatuek gogor kritikatu dute egoera eta lotsagarritzat jotzen dute akordioa sinatu eta urtebete baino gehiago igaro ondoren oraindik ere, lanpostu horiek sortu gabe jarraitzea. Honen aurrean, Hezkuntza sailak mahai gainean ez duela alternatiba eta proposamenik jarri salatu dute.

Egoera horrek eta behar besteko kontrataziorik egin ez izanak ikasturtea normaltasunez hastea eragotzi du, agerian utziz Hezkuntza Sailaren utzikeria eta hitzartutakoa betetzeko ezgaitasuna.

Begoña Pedrosak, Hezkuntza sailburuak berak Haurreskolak Partzuergoko Batzar Nagusian adierazi zuen bezala, azken 4 urtetan matrikulazioak %40ko igoera izan du. Testuinguru horretan, agerian geratzen da hezitzaile gehiago behar direla eta enplegu egonkorra sortzea ezinbestekoa dela, Haurreskolak Partzuergoak eskaintzen duen hezkuntza zerbitzuaren kalitatea bermatu dadin.

Sailaren ezgaitasuna eta utzikeria salatzea eta hitzartutakoa bete dadin exijitzea izan da LAB eta STEILAS sindikatuek Haurreskolak Partzuergoko egoitza nagusiaren aurrean egindako elkarretaratzearen helburua. Bi sindikatuek mahai negoziatzailea ahalik eta lasterren deitu eta egoerari irtenbidea emango dion proposamen zehatza aurkeztea exijitu dute.

Horretaz gain, Hezkuntza Sailari langileak errespetuz tratatzea eta haurreskolak behar dituzten baliabideekin hornitzea eskatzen diote.

EAJ eta PSEk herritarrei pentsio duina izateko ereduaren inguruko eztabaida ukatu nahi diela salatzen du LABek

145.142 herritarrok babestu dugu Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak gutxieneko pentsioa gutxieneko soldatara parekatzeko Herri Ekimen Legegilea. Atzoko Gobernu Kontseiluan hartutako erabakiarekin, EAJ eta PSEek demokraziari eta herritarron parte hartzeari beldurra diotela adierazi dute. 

Ez da onargarria inolako datu objetiborik gabe, inolako azterketa seriorik aurkeztu gabe, zehaztasun eta daturik gabe, milaka herritarrok babestu dugun HELaen inguruko eztabaida bera ukatzea. EAJ eta PSEk Lege tramitazioa onartu eta bertan gutxieneko pentsioak gutxieneko soldatarekin parekatzearen aurka daudela adierazi zezaketen. Emendakin partzialak edota osoa egin zezaketen. Baita zuzenean kontra bozkatu eta honen zergatiak herritarrei azaldu. 

Baina, lotsagabeki, eztabaida bera ukatzea izan da hartu duten bidea. Aurkeztu duten informea eta gaur bertan Pradalesek adieraztikoek argi uzten du zein den bi aldeerdien erabaki politikoa. erabaki politikoa. Pradalesen Gobernua parte hartzeaz eta forma berriez ahoa betetzen duen bitartean, aspaldiko babesik handiena izan duen Herri Ekimen Legegilea baztertzeko urratsa eman dute. 

LABek bat egiten du EHPMak adierazitakoarekin. DSBEren ereduak porrot egin du pentsiodunei bizitza duina ziurtatzeko helburuari dagokionez. Milaka pentsiodun, batez ere emakumeak, prekarietatera eta haien bikotearen diru sarreren menpe bizitzera kondenatu nahi ditu Jaurlaritzak. Mikel Torres adierazitako DSBEren ingurukoak soilik bi modutara uler daitezke: Edo ez du benetako errealitatea ezagutzen eta gezurretan ari da; edo okerragoa dena, Pradalesen Gobernuak ez du inongo asmorik baldintza okerrenetan dauden pentsiodunen bizitzak hobetzeko politikak egiteko asmorik, hauen etorkizuna Madrilen esku utziz. LABen ustez arduragabekeria hutsa da, eta bizi dugun testuinguruan desafekzio politikoa elikatzen dute adierazpenok. 

Gaur ere, Pradalesek DSBEan oinarritutako ereduaren aldekotasunaz erantzun du Herri Ekimen Legegileari buruz galdetuta, noiz eta EAJ eta PSEren gobernuen behin eta berriz murrizketak aplikatu dituzten DSBEan. Eztabaidari bidea ixteko beste aitzakia bat, eskumenen argudioari gehitzen zaiona. Herri Ekimen Legegilean jasotzen den proposamena bideragarria da egun Eusko Jaurlaritzak dituen eskumenen baitan, Legebiltzarreko informe juridikoak adierazi zuen moduan. 

Horregatik, LAB sindikatuak Jaurlaritzari eskatzen dio Herri Ekimen Legegilearen eztabaida ez oztopatzeko. Oraindik garaiz daude EAJ eta PSE jarrera aldatu eta milaka herritarrok eskatu bezala guree babees sistema indartuko duen pentsioak osagarritzeko ereduaren inguruko eztabaidari ateak ireki eta jarrera eraikitzailearekin aritzeko. Atzo hartutako bidean tematzea demokraziari, parte hartzeari eta herritarren eskariei entzungor egitea izango litzateke. 

Era berean LABek Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren bidelagun izateko duen konpromisoa berretsi nahi du, eta HELaren sinadura bakoitza defendatzeko zein milaka langileon bizitzak duintzeko beharrezkoa den pentsio osagarriaren alde egiteko bere prestutasuna azaltzen du.

Maderas de Llodio enpresak kaleratze kolektibo bat abiarazteko asmoaren berri eman dio Batzordeari

Maderas de Llodio Enpresa Batzordeak kezka eta gaitzespen sakona adierazi nahi ditu, atzo Zuzendaritzak egindako komunikazioaren aurrean, zeinetan enplegu kolektiboaren prozedura abiarazteko asmoa komunikatu baitzuen inongo zehaztasunik gabe, baita beste neurri batzuk hartzeko asmoa, langileen egonkortasuna arriskuan jar dezaketenak.

Gertakari hau oso larritzat jotzen dugu, bereziki uztaileko azken asteetan hitzarmenaren negoziazio- prozesuan bete-betean geunden eta hainbat puntutan aurrera egiten ari ginenean. Hala ere, irailaren 1ean, Zuzendaritzak elkarrizketaren dinamika hautsi eta neurri zorrotz eta aldebakarraren aldeko apustua egin zuen, zuzenean langileen etorkizunaren aurka.

Gainera, komunikazio hau egiteko modua guztiz onartezina izan da: bilerarik aurrez deitu gabe, xehetasun handirik eman gabe eta plantan zeuden ordezkariei modu inprobisatuan helaraziz. Jokabide honek errespetua eta lan-harremanetan egon behar duen gutxieneko formaltasuna urratzen du, bereziki garrantzi handiko komunikazioei dagokienez, larritasuna kontuan hartuta.

Enpresa Batzordeak argi utzi nahi du. ez duela Maderas de Llodio enpresan kaleratzerik onartuko eta horrelako edozein neurriren aurka borrokatuko duela. Berehala exijitzen dugu enplegu kolektiboaren prozedura erretiratzea eta hitzarmenaren negoziazioak premiaz berriz hastea; bertan jorratu behar da plantillaren etorkizun laboralaren nondik norakoa. Atzo bertan helarazi genion Zuzendaritzari, idatziz, neurri honen aurkako gure erantzun irmoa.

Gure konpromisoa irmoa da eta beti egongo gara lanpostu guztiak eta plantillaren eskubideak defendatzen. Datozen egunetan langileen batzar orokorra deituko du Batzordeak, egoeraren berri emateko eta neurri honi erantzun kolektibo egokia artikulatzeko. 

Maderas de Llodio Enpresa Batzordearen oharra

Azazetako istripuan hil zen langilea etxez etxeko laguntzailea zen: LABek lan baldintzen prekaritatea salatu du

Atzo Azazetako mendatean gertatutako auto-istripuan hildako langilea Gasteizko etxez etxeko laguntza sektorean lan egiten zuen. LABek baieztatzen duenez, 56 urteko A.L. de M. L. de M. Serveo enpresaren zerbitzura ari zen lanean, eta lan istripuan hil zen. LABek doluminak eta elkartasuna helarazi dizkie hildakoaren senideei, lagunei eta lankideei.

Etxez etxeko laguntzako langileen lan baldintzak oso prekarioak direla salatzen du LABek. Langileek desplazamendu ugari egin behar izaten dituzte oso denbora tarte laburrean, lan-zama gero eta handiagoa den testuinguru batean. Enpresek beren irabaziak bermatzeko ezartzen dituzten ratioek, lan erritmoek eta desplazamenduetarako denbora urriek laneko arriskua areagotzen dute.

Sektorea, salbuespen bakanak kenduta, guztiz pribatizatua dago gaur egun. LABen ustez, pribatizazioak prekarietatea eta halako gertakari tragikoak dakartza berekin. Are gehiago, erakunde publikoen erabakiak izan dira sektorea pribatizaziora bideratu dutenak, eta, beraz, foru aldundiak badu ardura zuzena langileen lan baldintzen prekarizazioan.

LABek, lan baldintza duinak aldarrikatzearen alde, etxez etxeko laguntza sektorea eta, oro har, pribatizatutako zaintza lanak publifikatzeko eskaria egin die Euskal Herriko administrazio publikoei. Zaintza sistema publiko eta komunitario baterantz urratsak ematea eta langileen lan baldintzetan arreta jartzea ezinbestekoa da horrelako ezbeharrak saihesteko.

Azken batean, ez dugu lanera heriotzarekin topo egitera joan nahi. Horregatik, LABek premiazko neurriak eskatu ditu laneko osasuna eta segurtasuna bermatzeko, eta lan baldintza duinak lehenbailehen ezartzeko. 

Uda garaian egiturazkoa den prekaritatea agerian gelditu da, eta langabeziak gora egin du

Ezegonkortasunaren erakusle argia da garai mugatu baterako sortu eta ondoren suntsitzen den enplegua prekarioaren gorakada, behin-behineko kontratuei lotua eta nagusiki zerbitzu sektorean sortzen dena. Gazteengan eta emakumeengan du inpakturik handiena.

Hego Euskal Herrian 137.559 langabetu zenbatu dira abuztuan, eta uztailarekin alderatuz langabezia %3,02 igo da. Pasa den urteko abuztuarekin konparazioan, ordea, langabezia jaitsi egin da. Herrialdeen artean aldea dago: Gipuzkoan (%5,85), Bizkaian (%3,43) eta Araban (%2,91) langabezia igo egin da, eta Nafarroan jaitsi (%0,53) egin da.

Azken urtearekin alderatuta, sektore guztietan jaitsi da langabezia, industria sektorean izan ezik, sektore horretan 133 langile gehiago baitaude lan bila. Datuak aurreko hilabetekoekin alderatuz gero, esan dezakegu industria sektoreak bizi duen egoera kezkagarriaren zantzuak azaleratzen ari direla. Izan ere, sektore guztietan langabezia igo arren, industria sektorean langabetu kopuruak igoera nabarmena izan du, 458 langabetu gehiagorekin azken hilabetean. Kopuruei erreparatuta, ordea, zerbitzuen sektorean jazo da igoerarik handiena, 3.965 langabetu baitaude izena emanda, uda garaiko kontratuak bukatuta.

Azken urtean, aurreko enplegurik gabe zeuden 450 langilek lana aurkitu dute; horietatik gehienak, 25 urtetik beherakoak eta emakumeak. Kasu honetan, 25 urtetik gorako emakumeen %78k aurkitu dute lana, aurrez enplegurik izan gabe. Dena den, langabetuen gehiengoa (%59,27) emakumeak izaten jarraitzen dute.

Migratuen artean, langabeziak behera egin du azken urtean zein hilabetean, nahiz eta oraindik orain migratu langabetuen artean %31,27 aurrez enplegurik izan gabekoa den.

Abuztuan sinatu diren kontratuen artean, gehiengoa behin-behinekoak (%79,62) eta zerbitzuen sektorekoan (%76,65) izan dira.

Afiliazioak ere behera egin du aurreko hilabetearekiko, baina pasa den urtean baino afiliatu gehiago daude erregimen orokorrean Hego Euskal Herrian abuztuko azken egunean; zehazki, 1.063.516. Afiliazioaren gehiengo nabarmena zerbitzuen sektorekoa da, %73,69 hain zuzen ere, eta azken urtean sortuko afiliazioaren %84,83 ere zerbitzuak sektoreari dagokio. Beraz, lan baldintza prekarioak eta ezegonkorrak nagusitzen diren sektorea sendotzen ari da Hego Euskal Herrian.

Arrakala lan-baldintzetan

Kontratu mota aztertzen badugu, lan baldintzetan ere sexu-genero arrakala egiturazkoa dela ondoriozta daiteke. Izan ere, lau emakumetik batek (%25,5k) jardunaldi partzialeko kontratua du, eta gizonen artean proportzioa 10etik batekoa da (%11,4a). Aldiz, jardunaldi osoko lan kontratuei dagokienean, kontrako joera nagusitzen da (emakumeen artean %58,7k dute jardunaldi osoa, eta gizonen artean %79,1ek).

Sortzen den enpleguaren ezaugarri nagusienak prekaritatea eta ezegonkortasuna dira, eta joera hori uda garaian areagotu egin ohi da. Ezegonkortasunaren erakusle argia da esku artean ditugun datuek adierazten duten enplegu suntsiketa, garai mugatu baterako sortu eta suntsitzen den enplegua. Enplegu horrek baldintza prekarioak ditu, eta inpaktu zuzena du gazteengan zein emakumeengan.

Era berean, zerbitzu sektorearen nagusitasunak eragin zuzena du lan harremanen zein enpleguaren kalitatean, lan baldintzak zuzendu ezinik, prekaritatea egiturazkoa bilakatu baita sektore horretan. Beraz, ikasturte berri honen atarian, LAB sindikatuak lan baldintza duinen aldeko eta eredu sozioekonomiko berri baten aldekoa borrokaren garrantzia azpimarratu nahi du.

Inboluzioaren aurrean, langileen aldeko politiken premia nabarmendu du LABek: politika birbanatzaileak, feministak eta antirrazistak

Prekaritatea murrizteko borroka, zerbitzu publikoen defentsa eta trantsizio ekosozialerako industria politika izango ditu lehentasun nagusi sindikatuak, eta agente aktibo izango da burujabetza maila handiagoak eskuratzeko.

Langile guztiei bizi baldintza duinak ziurtatuko dizkien politika publikoak eta sindikalismo borrokalaria, feminista eta antirrazista. Horixe da oldarraldi erreakzionarioari eta joera inboluzionistei muga jartzeko modurik onena, LABen arabera. Prentsa agerraldia egin du gaur sindikatuak, testuingurua aztertu eta aurtengo ikasturtean izango dituen lehentasun nagusiak azaltzeko.

Endika Perez Ekintza Sozialeko arduradunak erreparatu dio egungo testuinguru politiko eta ekonomikoari. “Ziurgabetasuna”. Horixe da instituzioek, eragile politikoek eta patronalek etengabe errepikatzen duten hitza, baina, azaldu duenez, ziurgabetasunaren aitzakipean patronalari gero eta diru publiko gehiago ematen zaio, bueltan ezer eskatu gabe edo inolako baldintzarik ezarri gabe.: “Ez da politika birbanatzailerik bultzatzen, ez dago zerga politika progresiborik eta ezta soldatak duintzeko politikarik ere. Aldi berean, zerbitzu publikoak ahultzen ari dira. Ziurgabetasun aldi orok, beraz, langileen bizi baldintzen prekarizazioan urrats bat gehiago esan nahi du”.

Gerra komertzialaren ondorioak ere hizpide izan ditu, eta Europako Batasunak AEBekin sinatutako akordioa gogor kritikatu du. “Langile klasea izango da akordio horren eragin kaltegarriak pairatuko dituena. Europak alfonbra gorria jarri die Trumpen burutazio neoliberalei, AEBekiko dependentzian sakonduz. Europako Batasuneko gastu militarrak gora egiten jarraituko du, eta AEBetako armagintza industria indartuko da, Israel Palestinan egiten ari den genozidioan sakonduz. Gainera, akordio horrek atzeratu egingo du beharrezkoa den trantsizio energetikoa, eta eragin zuzena izango du larrialdi klimatikoan”.

Bestalde, eta aurrekoari lotuta, olatu erreakzionarioak gero eta eremu gehiago bustitzen dituela ohartarazi du Perezek, eta adibidetzat jarri ditu indarkeria matxista, feminismoaren kontrako mezu misoginoak eta jarrera xenofoboak. “Migratzaileen inguruko pertzepzio soziala aldatzen eta arrazismoa zabaltzen ari da”.

Horrekin batera, “intentsitatez igotzen” ari da euskararen kontrako oldarraldi politiko, sozial eta judiziala, Perezen arabera, administrazio publikoan euskara eskakizunak apaltzeko eta euskararen erabilera mugatzeko epaitegiek emandako epaiei lotuta.

Horren guztiaren aurrean, sindikalismo borrokalari, feminista eta antirrazista ezinbestekoa dela nabarmendu du, eta LABek eredu sindikal horren garrantzia berresten duela azpimarratu.

Langileak erdigunean

Testuinguruaz ohartaraziz hasi du bere hitzartzea Garbiñe Aranburu koordinatzaile nagusiak ere: Kapitalaren aldeko politikak muturrera eramaten ari dira, langileen bizi baldintzen kaltetan, gerrak eraginez eta larrialdi klimatikoa eta zaintza krisia areagotuz”. Sistema kapitalista, gainera, geroz eta autoritarioagoa dela azaldu du, eta faxismoaren mamua indarrez esnatu dela.

Diskurtsoak ez dira nahikoa, ordea, faxismoari, antifeminismoari, arrazismoari eta elkarbizitza erasotzen duten gorroto jarrerei aurre egiteko, Aranburuk gogoratu duenez: “Langile guztiei bizi baldintza duinak ziurtatuko dizkieten politika publikoak behar dira. Langileen aldeko politikak egin behar dira: politika birbanatzaileak eta zerbitzu publiko sendoak, politika feministak eta politika antirrazistak”.

Egungo eskumen markoaren barruan bestelako politika publiko batzuk egin daitezkeela adierazi du Aranburuk, baina, horretarako, Eusko Jaurlaritzaren eta diputazioen politiken norabidea erabat aldatu behar dela. Edonola ere, gogorarazi du Euskal Herria estatu-tresnarik gabeko nazioa dela, “gai soziolaboraletan eta sozioekonomikoetan erabakitzeko gaitasun osoa ez duena”.

Horregatik, koordinatzaile nagusiak berretsi du estatus politiko berriak behar direla, nazio bat garela aitortuko dutenak, eta hemen lan baldintzak erabakitzeko dauden mugak gaindituko dituzten esparru juridiko eta politikoak behar direla, esparru sozioekonomiko propioa ziurtatuko dutenak.

Ikasturte berriari dagokionez, sindikatuarentzat honako lan ildo hauek izango dira lehentasunezkoak, zehaztu duenez:

1. Prekarietaren kontrako eta langileen arteko arrakalak murrizteko borroka. Prekarietatearen kontrako borrokan, sexu, genero, orientazio, arraza edo hizkuntzagatiko diskriminazio ororen aurka egingo du LABek. Lan lerro nagusia soldatak duintzeko borroka izango da, beste neurri batzuen artean hau ere diskriminazioei aurre egiteko bidea baita:

  • KPIaren gainetik egongo diren soldaten alde egingo du LABek. Azken urteetan sortzen den aberastasuna gero eta okerrago banatzen da, eta, desoreka horiek arintzeko, erosahalmena bermatuko duten soldata igoerak behar dira.
  • Lanbidearteko Gutxieneko Soldata: patronalak atea itxi zion akordio bat negoziatzeari baina denbora laburrean 138.000 sinadura baina gehiago bildu dira Hego Euskal Herrian. Ez patronalak, ez alderdiek, ez Jaurlaritzak ezin dio entzungor egin aldarrikapen honi. Gutxieneko soldata baten alde lanean jarraituko du LABek, bai negoziazio kolektiboan eta baita gehiengo sindikalarekin iniziatibak eginez ere.
  • Gutxieneko soldata duin bat izatea aldarrikapen estrategikoa da, milaka langileren bizi baldintzak duinagoak izan daitezen. LABek ez du ontzat ematen sistema kapitalistak egiten duen langileen arteko banaketa, eta gutxieneko soldata igotzeak langileen arteko arrakalei aurre egiten lagunduko luke.
  • Soldata duinekin batera, pentsio duinak aldarrikatzen ditu LABek. LGSren aldeko HELa ez da tramitazioan dagoen bakarra. LABek gogora ekarri eta balioan jarri nahi du pentsiodunek egindako lan eskerga eta gutxieneko pentsioaren aldeko HELaren eskaera.

2. Zerbitzu publikoen defentsa:

  • Osasungintza: Osasun Itunean ez da osasun sistema publikoa indartzeko helbururik izan. Eztabaida nagusia Osakidetzak eman beharreko zerbitzuak bitarteko publikoekin edo pribatuekin emango diren izan da, eta pribatizazio prozesuari eutsi nahi izan zaio. LAB eta bertan ziren sindikatu guztiak, beste eragile batzuekin batera, Osasun Itunetik kanpo geratu dira.

    LABek ez du ontzat emango osasun sistema publikoa eraisterik eta pribatiazio prozesuen kontra egiten, kontzertazioa salatzen eta Osakidetzako Mahai Sektorialean Osasun Mahaian kontuan hartu ez diren hainbat neurriren alde borrokaten jarraituko du. Aldi berean, beste sindikatu eta eragileekin eman beharreko erantzun soziala aztertuko du.
  • Hezkuntza: aurreko urtean itxitako akordioetan, LABentzat garrantzitsua izan zen lan zamak arintzea eta soldatak hobetzea, baita hezkuntza publikoa hobetzeko baliabide gehigarriak lortzea ere. Akordioa sinatu orduko, Hezkuntza Sailearen aldetik adosturiko baliabide gehigarri guztiak ez betetzeko nahia sumatu zuen LABek eta lanuzte batekin erantzun. Sindikatuak gertutik egingo dio jarraipena akordioen inplementazioari, eta, ez betetzeak baleude, ekintza sindikala eta mobilizazioak aktibatuko ditu. Eremu azpikontratatuan ere hobekuntzen alde borrokatzen jarraituko du sindikatuak.
  • Zaintza Sistema Publikoa: zaintza beharrak handitzen ari dira eta ez zaio erantzun egokirik ematen. Zaintza beharrei erantzun behar die sistema publikoak. Egun pribatizatuak daude zaintza lanak, eta zaintzako emakume langileek lan publikoa egiten dute egoera erabat prekarioan, negozioa egiten duten enpresa pribatuetan. Zaintza sistema publiko bat eratu behar da, eta, bide horretan, lan baldintzen ekiparazioak bultzatuko ditu LABek, eta hitzarmenak berritzeko eta ratioak murirzteko borroka egingo du, baita publifikazio prozesuak bultzatu ere.
  • Euskara: herritarrek eskubidea dute euskaraz bizi eta lan egiteko eta zerbitzu publikoak euskaraz jasotzeko, eta baita langile publikoek ere euskaraz lan egiteko. Administrazioaren euskalduntzeak euskararen ezagutzaren hedapenean eta normalizazioan ekarpena egiten du. Egungo oldarraldi politiko, juridiko eta sozialaren aurrean, lege berriak eta berme juridikoak behar dituela esan izan du LABek, eta horrek erantzun soziala ere eskatzen duela. Zentzu horretan, udazkenean mobilizazioak bultzatuko ditu sindikatuak.

3. Industria defendatu eta trantsizio ekosoziala bultzatu: Jaurlaritzak aurkeztu berri duen industria planak ez dio helburu horri erantzuten, eta ez du ziurtatzen trantsizio ekosozialean urratsik egingo denik; esaterako, ez dago deskarbonizazio prozesuari heltzeko erabaki argirik, ezta enplegu industriala babesteko edo enplegu hori duina izateko inolako bermerik ere.

Diru publiko asko jarriko da enpresen eskura, baina ez dago esku-hartze publiko aktiborik birmoldaketa industrialari termino ekosozialetan ekiteko. Diru publiko horrek poltsiko pribatuetan amaitzen du, eta, bere horretan, ez du bermatzen ez berritasun teknologikori, ez enpresen errotzerik edo jarraikortasunik, ezta enplegu duinik ere. LABek enplegurako eskubidea defendatzen du, eta negoziazio kolektiboan trantsizio ekosozialerako klausulak txertatuko ditu.

Amaitzeko, Aranburuk adierazi du LABek eraldaketa sozialaren alde borroka egingo duela, bai, baina, era berean, aldaketa politikoak ere sustatuko dituela: “LAB eragile aktiboa izango da estatus berri bati buruzko eztabaidan. Estatus berri horrek barne hartu behar duelako soldatak, pentsioak, lan baldintzak eta zerbitzu publikoak hemen bertan erabakitzeko aukera. Lan Harremanenetako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eratzeko bermeak izan behar ditu, esparru sozioekonomiko propioa”.

LABek Kubarako osasun materiala biltzeko kanpaina bat hasi du

LABek Langileon elkartasunez, blokeoa hautsi! elkartasun kanpainari hasiera eman dio, Kubako herriaren kontrako erasoak salatzeko eta osasun publikorako duen eskubidea aldarrikatzeko, Kubarekiko elkartasun eta Kubako emigratuen elkarteen eskaerekin bat eginez. Euskal Herriko osasun sektoreko langileek bultzatutako kanpaina izango da, elkartasun internazionalistaz abiatutakoa, eta LABeko afiliazioak eta komunitate osoak babestua.

Kubak osasun sistema eredugarrienetako bat lortu du, Ameriketako Estatu Batuek inposatutako blokeo ekonomikoari, komertzialari eta finantzarioari sei hamarkadaz baino gehiagoz aurren egin behar izan dion arren. Blokeo hori gerra ekonomikoko ekintzatzat jo daiteke, eta ondorio suntsitzaileak izan ditu Kubako langileriarentzat, sendagaiak, osasun tresnak eta funtsezko teknologiak eskuratzeko aukera mugatu baitu. Gaur egun, adibidez, Kubako ospitaleek eta farmaziek oinarrizko sendagaien %30 baino ez dute.

Donald Trumpen gobernuak Kubaren aurka onartu berri dituen neurri hertsatzaileek, azken 5 urteetan aplikatutako 243 neurriei gehituta, Kubari hornidurak ukatzera behartzen dituzte enpresa farmazeutikoak eta nazioarteko hornitzaileak, AEBren errepresalia ekonomikoen beldur. Gainera, AEBek Kuba “terrorismoaren babesle” diren herrialdeen zerrendan sartzeak finantza zigorrak dakartza, eta horrek eragotzi egiten dio Kubari nazioarteko kredituak eskuratzea osasun arloko materiala erosteko.

Kubaren aurkako blokeoa askotan gaitzetsi du nazioarteko komunitateak. 2023an, Nazioarteko Justizia Auzitegiak delitutzat jo zituen zigorrak, genozidioa ekar dezakeen gizateriaren aurkako krimentzat, eta berehala amaitzeko eskatu zuen. Era berean, NBEren Batzar Nagusiak blokeoa amaitzeko eskatzen duen ebazpen baten alde bozkatu du behin eta berriz, hainbat urtez, 180 herrialde baino gehiagoren babesarekin eta AEBen eta haren aliatu den Israelgo estatu sionistaren kontrako botoarekin.

Horregatik guztiagatik, irailaren 1etik urriaren 15era (urriaren 31ra arte luzatu da epea), LABek osasun materiala jasoko du bere egoitzetan eta ordezkaritza sindikala duen osasun zentroetan. Taupada markagailuak erosteko ekarpen ekonomikoak ere bideratuko ditu. Jasotako material guztia Kubara bidaliko da Euskadi-Cuba, Sierra Maestra Euskadi eta Desembarco del Granma-ko lankideen bitartekaritzari esker.

Nola egin daiteke ekarpena?

Gutxienez 2026ko iraungipena duten sendagai mota guztiak jasoko dira (likidoak izan ezik). Baita sargaiak, xiringak, eskularruak, esparadrapuak, bendak, zundak, josturak eta higiene-produktuak ere; hala nola, pixoihalak, konpresak eta preserbatiboak. LABen Hego Euskal Herriko hainbat egoitzatan egin ahalko da ekarpenaegoitzetan egin ahalko da ekarpena:

Araba: Gasteiz eta Laudio.
Bizkaia: Bilbo, Barakaldo, Durango, Gernika eta Ondarroa.
Gipuzkoa: Donostia (Gros), Irun, Orereta, Hernani, Tolosa, Beasain, Zumarraga, Zarautz, Eibar, Bergara eta Arrasate.
Nafarroa: Iruña, Lizarra, Tutera eta Altsasu.

Ospitaleetan eta osasun zentroetan, berriz, LABek Osakidetzan eta Osasunbidean dituen ordezkariak arduratuko dira bilketaz. Bestalde, taupada markagailuak erosteko ekarpena honako kontu korronte honetan egingo da: ES35 3035 0134 43 1340059271 (Laboral Kutxa – Euskadi-Cuba) edo Bizum (04713 kodea – Kontzeptua: “Taupada markagailuak”).

Kubako osasun sistemak, Kubako langile klaseari mesede egiteaz gain, munduko beste herrialde askotara zabaldu du bere elkartasuna. Orain, hari babesa erakusteko unea da. Euskal Herritik, LAB sindikatuak elkartasuna adierazi nahi dio Kubari, eta abiatutako elkartasun kanpainan parte hartzeko deia egiten du.

38 urteko garraiolari bat hil da Erriberrin

LABek jakin ahal izan duenez, Iruñeko garraiolari bat hil da gaur goizaldean Erriberrin, lanerako zerabilen kamioia bidetik atera eta irauli ostean.

Lehenik eta behin, LABek samina eta elkartasuna adierazi nahi dizkie senide, lankide eta gertukoei.

Larritzekoa da garraio sektorearen prekarizazio maila, zeina handitzen ari den etengabe. Horren erakusle dira aurtengo datuak: urtea hasi denetik gutxienez 15 garraiolari hil dira. Denera, 47. langile hil dira Euskal Herrian lanean. Iaz, urte osoan 14 garraiolari izan ziren, eta, beraz, joera kezkagarri bat adierazten dute datuek. LABek hainbatetan aldarrikatu izan du administrazioak sektorearen prekarizazio joera bortitz horri mugak jarri behar dizkiola.

Errepidean izaten diren lan istripuen atzean, sarritan, lan karga handiak, erritmoak eta, finean, bizitza osasuntsua izateko zailtasunak daude, eta, horiek guztiak faktore arriskutsu bihurtzen dira; hain zuzen ere, ez da kasualitatea gaurko istripua ordu txikietan gertatu izana, 04:00etan gertatu baita.

Aspalditik daramagu neurri zehatzak aldarrikatzen sektore honetarako; besteren artean, honako hauek: atseden eta zerbitzu eremu duinak udalerri guztietan garraiolariek garraio eta lan osasunako araudia bete ahal izateko eta atsedenaldi egokiak egin ditzaten; murrizketak edo/eta doako bidesariak autobideetan; garraio sektorean izaten diren iruzurren (azpikontratazioa, kooperatiba faltsuak…) kontrola eta ikuskaritza administrazioaren aldetik, araudiaren betetzea bermatzeko; eta erretiro adin aurreratua, duina eta bidezkoa.

Martxoan hamarkadetako lan istripu larriena izan zen Nafarroako errepideetan. Lan istripu hilgarri horretan 4 langile garraiolarik galdu zuten bizia. Orduan, Nafarroako Gobernuari aipatutako neurriak aurkeztu zizkion LABek, urgentziaz bete ditzan. Aldiz, Nafarroako Gobernuak ez du ezer egin, UGT, CCOO eta CENeko enpresariek kontrolatzen duten elkarrizketa sozialari men egin nahian. Ondorioz, gaurko lan istripu hilgarriarekin, dagoeneko 17 langile hil dira lanean Nafarroan, prekarietatearen eta utzikeriaren ondorioz.

Ostiralean, hilak 27, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde eta HIRU sindikatuek lan heriotza hau salatzeko mobilizazioa egingo dute Iruñean; 10:30ean, Sarasate pasealekuan.