Sindikatuok kritikatzen dugu Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eudes Fundazioak zentro-aldaketa hilabete eskaseko aurrerapenarekin aurkeztu dutela, haren eragina baloratu gabe eta adingabeekin egunero lan egiten duten profesionalen iritzia kontuan hartu gabe.
Oinarrizko harrera-sareko etxe bateko adingabeak eta nerabeak Bilbotik Güeñesen kokatutako zentro berri batera eramango dituzte, hilabete eskaseko epean eta Bizkaiko Foru Aldundiak zein Eudes Fundazioak lekualdaketaren ondorioei buruzko aurretiazko eta banakako balorazio psikosozialik egin gabe.
LABek eta ELAk salatu dute erabakiak zuzenean eragiten diela pertsona horien ongizateari, egonkortasunari eta hezkuntza-prozesuari, eta erabakia hartu dela Aldundiko Haur Zerbitzuaren balorazioa eta etxean egunero lan egiten duten profesionalen irizpidea kontuan hartu gabe. Gogorarazi dute baliabide horiek oinarrizko beharrak bermatu behar dituztela, eskolatzea sustatu eta etxe baten ahalik eta antzekoena den ingurunea eskaini behar dutela, haien harremanen eta eguneroko errutinen egonkortasuna eta jarraitutasuna zainduz.
Langileen ordezkaritzari helarazitako informazioaren arabera, Bilboko Colon de Larreategi kalean Nuestra Señora de la Caridad Kongregazioak salduko duen pisu batetik Güeñesen Elizbarrutiaren jabetzako zentro berri batetara mugituko dituzte, eraikinaren bizigarritasun-baldintzak soilik baloratu dituen txosten tekniko bat medio.
LABek eta ELAk uste dute etxebizitza baten ezaugarriei buruzko txosten batek ezin duela hezkuntza eta balorazio psikosozial bat ordezkatu, jokoan dagoena adingabeen egonkortasuna eta ongizatea direnean.
Era berean, zalantzan jartzen dute Bilbon edo haren ingurune hurbilean alternatiba bat lehenetsi ez izana; izan ere, lekualdatzeak adingabeak beren ikastetxeetatik, lagun eta kuadriletatik, eskolaz kanpoko jardueretatik, senideekin elkartzeko guneetatik, psikologiako profesionalengandik eta eguneroko bizitzako beste baliabide eta erreferente batzuetatik urruntzea dakar. Sindikatuek ohartarazi dute testuinguru horrekin bat-batean hausteak ondorio bereziki garrantzitsuak izan ditzakeela familia eta bizi-egoera konplexuak bizi izan dituzten pertsonengan.
Hori gutxi balitz, enpresak aitortu du espazio arazoak direla eta kokaleku berriak erabiltzaile kopurua murriztea ekar lezakeela.
Aldaketak profesionalei ere eragiten die; izan ere, beren lantokia lekualdatu beharko dute eta beren lanaldiak eta ordutegiak aldatu ahal izango dira. Bilbo eta Güeñes arteko garraio publiko bidezko joan etorriak, lana eta familia bateragarri egitea zaildu ditzake. Gainera, adingabeak mediku kontsultetara laguntzea, senideekin elkartzeko guneei eustea edo Bilbon dauden beste baliabide batzuetara joatea zailagoa izango da, eta horrek denborak eta antolaketa zailtasunak areagotuko ditu.
LABek eta ELAk ez dute zalantzan jartzen kontratua amaitzearen aurrean ostatu edo bizileku irtenbide bat bilatzeko beharra; zalantzan jartzen dutena, erabakia hartzeko modua eta adingabe edo nerabe bakoitzarentzat alternatibarik egokiena zein den zehaztuko duen hezkuntza eta balorazio psikosozialik ez egotea da.
Horregatik, lekualdatzeko erabakia berrikustea, dagozkion balorazio psikosozial eta hezkuntza balorazioak egitea eta adingabeekin zuzenean lan egiten duten profesionalen iritzia kontuan hartzea eskatzen dute. Era berean, adingabeen ongizatea, egonkortasuna eta banakako beharrak irizpide nagusi izatea eskatzen dute haien etorkizunari eta haiek artatzen dituzten baliabideen kokapenari buruzko erabakiak hartzerakoan, baita kalitatezko arreta egonkorra eta haien beharretara egokitua eskaintzea ahalbidetuko duten lan baldintzak ere.

