Maiatzaren 18ko eta 19ko greba-deialdiaren ondoren, eta LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuok Sailburuari Mahai Sektorialera joateko eskatu diogun arren, Osakidetzak ez du inolako erantzunik eman.
LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuok deituta, Txagorritxu, Gurutzeta eta Donostia ospitaleetako langileek elkarretaratzeak egin dituzte gaur, pairatzen dituzten lan baldintza eskasak salatzeko eta Osasun Sailari berehalako irtenbideak eskatzeko.
Osakidetzak ez du pausorik eman Mahai Sektoriala desblokeatzeko eta benetako negoziazio bat irekitzeko, gure osasun-sistema publikoak bizi duen egoera larriari irtenbidea emateko helburuarekin. Gogoratu behar da pasa den apirilaren 3an, LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuok eskaera formal bat erregistratu genuela Sailburuari Mahai Sektorialera joateko eskatuz. Gaur egun, ez dugu gure eskaeraren erantzunik jaso, eta ez da inolako harremanik izan.
Bitartean, Osasun Sailak asteartean publiko egin duen plan estrategikoaren berri izan dugu komunikabideen bitartez. Sindikatuokin eztabaidatu gabeko plana da, beste behin inposaketaren emaitza, eta gaur egun ez daukagu horren xehetasunik, Osakidetzak desegite neurriak aurkezteko erabiltzen dituen propaganda-panfletoetatik haratago. Hobekuntza planez mozorrotzen ditu Osakidetzak bere desegite neurriak. Nolanahi ere, eta komunikabideek jasotakoa ikusita, azpimarratu behar da, propaganda horretatik harago, planteatutako neurriek ez dietela heltzen Osakidetzaren benetako eta egiturazko arazoei. Planteamendu orokorrak dira; epe ertainera; eta ez dituzte funtsezko gaiak jorratzen, hala nola plantillaren lan-baldintzak hobetzea, profesionalak erakartzeko eta mantentzeko beharra, edo presentzialtasuna bermatzeko beharra. Osasun-zentro birtual bat sortzea bezalako neurriak, asko urruntzen dira kalitatezko osasun-arretatik.
Gero eta nabarmenagoa da Osakidetzak bizi duen egoeraren larritasuna, bereziki Lehen Arretan. Argi dago, halaber, Osakidetzak ez duela beste planik, murrizketak aplikatzen eta langileak estutzen jarraitzea baino. Egoeraren larritasunak, negoziaziorik ezak, Mahai Sektorialaren blokeoak eta Osasun Sailaren konponbide faltak eraginda, Mahai Sektorialeko sindikatuok bi greba-egun deitu ditugu maiatzaren 18rako eta 19rako.
Testuinguru horretan, LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuok larunbat honetarako Donostian (17etan, Boulevardean), Bilbon (12tan, Jesusen Bihotzean) eta Gasteizen (12tan, Bilbo plazan) deitutako manifestazioetan parte hartzera animatzen ditugu bai langileak bai herritarrak.
Gure osasun publikoaren arazoak egiturazkoak eta pandemiaren aurrekoak dira, eta berehalako konponbide sakonak behar dituzte. Osakidetzari eta Osasun Sailari borondate politikoa eskatzen diegu, propagandaz gain, osasun publikoa benetako lehentasun bihurtzeko.
Gaur metalgintzako negoziaketa mahaia elkartu da seigarren aldiz. Patronalak bere horretan jarraitzen du eta ez du sektorearen beharrei erantzuten dien proposamen orokorrik ekarri. LABek uste du gaurko bileran aurkeztutakoak ez direla nahikoa, eta mobilizazioen aldeko apustuarekin jarraituko du.
Tauletako soldatetan aldaketa bat eta sektorean euskararen inguruko proposamen bat. Hori da ADEGIk gaurko bileran aurkeztu duen berrikuntza bakarra. Soldatetan %5eko igoera jasotzen du 2023rako; 2024rako, KPIaren araberakoa gehi 0,7 gehiago, eta 2025. eta 2026. urteetarako, berriz, KPIaren araberakoa. Horrez gain, patronalaren proposamena da 50 langiletik gorako enpresetan euskararen inguruan hitz egiteko derrigortasuna ezartzea.
ADEGIk dio ekarritako proposamena bere azken eskaintza izango litzatekeenetik oso gertu dagoela, eta hori onartezina da. KPIa ez da bermatzen, lanaldi jaitsierarik ez dago, ez da lan osasunaz hitz egiten, malgutasunaz ere ez, baimenetan ez dago proposamenik… Hala, beste behin ere exigitu diogu patronalari negoziatzen hastea ahalbidetuko duen proposamen bat ekar dezala.
Argi dago sektoreko beharrei erantzungo dien akordio duina nahi badugu borroka izango dela bide bakarra. Horretarako, intersindikalari dei egingo diogu berriro ere elkartu eta mobilizazio bateratuak eta grebak abiatzeko. Langile guztion indarrak batuz lortuko dugu akordio duina.
Bizi dugun krisia egiturazkoa da eta langileen bizimodua zaildu baino ez du egiten, kapitalak aberastasuna metatzen jarraitzen duen bitartean. Hori guztia dela eta, LAB Euskal Herri osoan zehar zortzi mobilizazio egingo ditu Maiatzaren Lehenean, erantzuleak seinalatu eta errotiko aldaketaren beharra plazaratzeko asmoz. Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak eta Maider Jauregi komunikazio arduradunak aurkeztu dute sindikatuaren aurtengo irakurketa eta irudia.
Hego Euskal Herriko egoera sozioekonomikoaren azterketa kaleratu du berriki sindikatuari lotutako Ipar Hegoa fundazioak, Ikusmiran txostenaren 13. zenbakia. Azterketa horrek, Maiatzaren Lehenean kaleak betetzeko arrazoiak indartu egiten ditu.
Herri baten egoera sozioekonomikoaren bilakaera eta osasun ekonomikoa neurtzeko BPGren bilakaera aztertzea ez da nahikoa, kapitalari interesatzen zaion adierazlea da eta enpresa handien interesei erantzuten die. Lan guztiak ez ditu aintzat hartzen, sortzen den aberastasuna nola banatzen den ez du aztertzen eta ez du aberastasun hori sortzeko zer nolako aztarna ekologikoa izan den aztertzen.
Ikusmiran azterketan ekonomiaren azterketa beste begirada batetik egin dugu. Bertan, Euskal Herriko langileriaren lan eta bizi baldintzetan eragin zuzena duten lau aldagaietan jarri dugu arreta, ehun ekonomikoaren eta lan merkatuaren bilakaera, zerga politika eta Euskal Herriko ekoizpen ereduak ingurugiroan duen eragina aztertu ditugu.
Lau ondorio nagusi utzi ditu azterketak:
1. Ehun ekonomikoa ahultzeko joera mantendu egiten da. Industria sektorearen gainbehera iraunkorra da eta zerbitzuetan oinarritutako ekonomia handitzen ari da. Egia da industriaren pisua BPGn igo dela azken urteetan, baina energia enpresa handien irabazien eraginez izan da. Horrek ez du esan nahi industriaren osasuna hobetu denik.
2. Lan erreproduktibo eta produktiboaren arteko banaketa bere horretan mantentzen da. Lan merkatu arautuan ari diren langileen soldata eta lan baldintzak okertzen ari dira. Oinarrizko produktuen eta elikagaien prezioek gora egiten jarraitzen dute eta langileak eros ahalmena galtzen ari dira.
3. Sortzen den aberastasunaren birbanaketarako politikarik ez dago. Euskal Herriko politika fiskalak enpresen mozkinak mantentzea du helburu. Gure herrian, Europar Batasunaren bataz bestekoaren gainetik sortzen da aberastasuna. Baina beste herrialde batzuetan baino okerrago banatzen da, kapital eta errenten arteko arrakala handituz, Hego Euskal Herriko presio fiskala (%30,2), Europako Bataz Bestekoaren oso azpitik dagoelako (%40,6).
Diru gehiago biltzeari uko egiteak eta biltzen dena behar bezala ez banatzeak zerbitzu publiko duinak garatzeko aukera mugatzen du, izan osasungintzan, etxebizitzan edo zaintzan.
4. Ekoizpen eta kontsumo ereduak eragin negatibo eta eustezinak sortzen ditu. Larrialdi klimatikoaren alarma guztiak piztuta daude eta Berotegi Efektuko Gasen isurketa murrizteko politika publikorik ez da garatzen. Energia, industria eta garraioa aztertu ditugu eta azken 30 urteetan izaniko bilakaeran ikusten da ez dela apenas hobekuntzarik izan. EAEn %0,81 eta Nafarroan %1,97 besterik ez dira murriztu.
Ikusmiran azterketak indartu egiten du LABek sistemari egiten dion kritika. Krisia egiturazkoa da, herritar guztien lan eta bizi baldintzen kalitatea okertzen ari da, langileontzat bizimodua zailtzen ari da, egoera zaurgarrian eta pobrezian dauden herritarren kopuruak gora eta gora egiten jarraitzen du. Langileak desjabetzen diren aldi berean, energia enpresen irabaziak, banketxeenak, zaintzarekin negozioa egiten duten enpresenak edo elikagai banaketa kate handienak gora doaz.
Krisiak bata bestearen atzetik kateatzen ari direla ere gogorarazi dugu. Hala, bizitza duinarekin kontrajartzen da egungo eredu kapitalista zisheteropatriarkala, gainprodukzioan eta kontsumoan oinarritzen den kapitalak geroz eta poltsiko gutxiagotara doan aberastasuna metatzen jarrai dezan.
Pandemia ostean, kapitalismoan sakontzen jarraitu baino, politika publikoen norabide aldaketa baten beharra aldarrikatzen ari da LAB, bizitza erdigunean jarriko duen eredu ekonomiko eta sozial baterako trantsitzio ekosozialista eta feminista.
Hartzen ari diren erabaki politikoek, sindikatuaren aburuz, ez dute norabide aldaketa hori bultzatzen. Ez dira nahikoak bizi dugun krisi ekosozialari erantzun egoki bat emateko eta eragin jasanezina sortzen duen ekoizpen eta kontsumo ereduari bere horretan eusten zaio.
Hala, trantsizio ekosozialista eta feminista aldarrikatzen du LABek, ekoizpen eta kontsumo eredua aldatu eta zaintza, lana eta ondasuna banatuta, bizitza bizigarriago egiteko.
Beraz, Maiatzaren Lehenean kalera aterako dira, egoera honen erantzuleak seinalatzera, patronala eta instituzioei bakoitzari dagokion ardura har dezala eskatzera. Bada garaia hitzarmenak berritzeko, 1.400 euroko gutxieneko soldata ezartzeko, lanaldi murrizketaren eztabaidari heltzeko. Bestalde, zaintza sistema publiko komunitarioaren bidean aurrera egiteko aitzakiarik ez dago. Izan ere, baditugu eskumenak bestelako zerga politika bat egin eta zerbitzu publiko duinak garatzeko.
Maiatzean hauteskunde politikoak dira eta alderdi politikoei gai guzti hauetan jarrera argiak eskatzeko unea izango da. Agenda politikoan langileen aldeko aldarrikapenak erdigunera ekartzeko eskatzen die LABek.
Ez dago eraldaketarik aktibazio sozialaren bidez patronala eta instituzioak horretara behartu gabe. Hala, lantokietan eta kalean borroka ziklo berri bat abiaraztea beharrezkoa dela esan izan dugu. Ari gara Euskal Herriko langileok, ez dugu amore emateko asmorik, ez gara etsipenean geratzeko jaioak, gure lanaren bidez sortzen dugun aberastasuna lehiatzeko grina badugula erakusten ari gara eta emankorra izaten ari da borroka sindikal eta sozialen emaitza.
Aurtengo Maiatzaren Lehenean, antolakuntza eta borrokarako deia berretsi nahi du LAB sindikatuak, egiteko beste herri bat, beste mundu bat eraiki nahi dugulako. LABen proiektuarekin bat egiten duen orori, langile orori dei egiten diogu kalera ateratzeko, sistemak langileon artean sortu nahi dituen arrakalak gaindituz, pentsionista, emakume, gazte, migrante eta arrazializatu guzti guztiok langile klase beraren parte garela sentitu eta elkartasunez eta elkarrekin bete ditzagun kaleak.
Datuak eztabaidaezinak dira. Historia berriro errepikatzen da. Egun horiek iristean, horrelako instalazioak turismoaren zerbitzura jartzea erabaki ohi dute; etxerik ez duten pertsonak, aldiz, bizitza galtzeko arriskuan jartzen dituzte”, adierazi du sindikatuak. Hori dela eta, udalari exijitu dio atzera botatzeko duela bi aste hartutako erabakia, etxegabeentzako aterpetxea ixtearena.
LABek heriotza horien erantzule egiten ditu administrazio eta eragile politikoak; izan ere, erabateko probeziaren aurkako borrokari beharrezko arreta eman ordez, gero eta desberdintasun eta pobrezia handiagoa eragiten duen sistema ekonomiko bat defendatzen jarraitzen dute.
Etxebizitza duinik gabe bizitzera kondenatutako gizakiak dauden bitartean eta pertsona guztiek etxebizitza izateko eskubidea bermatzen ez den bitartean, gertaera horiek berriro gertatuko dira. Ezin dugu beste minutu bat bera ere itxaron pertsona gehiago kalean ez hiltzeko behar diren neurriak hartu arte.
Aspalditik salatu izan du LABek etxebizitza-politikak oso urrun daudela etxebizitza duina izateko eskubidea bermatzetik, inbertsio publikoa handitu behar duela horretarako, eta negozioa eta merkantilizazioa saihestuko dituen politika aktiboa behar dela. Etxebizitzak ezin du produktu espekulatiboa izaten jarraitu.
Neurriak har daitezke eta hartu behar dira jendea zubi baten azpian edo kutxazain automatiko batean gaua igarotzera bultzatzen duten egoerak errotik aldatzeko. Hori funtsezkoa da horrelako heriotza gehiago deitoratu nahi ez baditugu. Nafarroan lan eta bizitza duinak bermatu behar dira.
Lan Hitzarmenaren negoziaketak blokeatuta daude patronalek ez dutelako edukien gaineko proposamenik egiten.
Gizarte Ekimeneko sindikatuek, Lan Hitzarmen berriaren negoziazio mahaia bloketatuta dagoela partekatzen dute. Patronalek edukien gaineko proposamenik ez dutelako mahai gainean jartzen. Beraz patronalen inmobilismoaren aurrean, mobilizazioei ekiteko erabakia hartu dute. Aurreneko mobilizazioa martxoaren 23an izango da. 11.00etan elkarretaratzea egingo dute Bilboko Jesuitak ikastetxearen aurrean. Eta apirilaren 25ean greba deitu dute.
Lan hitzarmen berriaren negoziaketa prozesuan, 13 negoziazio bilera gauzatu dituzte jadanik. 2022Ko maiatzean hasitako negoziaketetan, sindikatu guztiek ildo berdintsutik doazen eskaerak jarri dituzte mahai gainean.
Patronalek ordea ez dute inolako negoziaketarako borondaterik erakutsi. Are gehiago, jadanik aurreko Lan hitzarmenean lortutako eduki batzuen inguruan atzerapausoak planteatu dizkiete.
Azken negoziaketa mahaia otsailak 2an izan zen. Bilera hura, hurrengo mahai baterako datarik gabe amaitu zen. Izan ere, Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek oso argi adierazi zuten ez zutela edukien inguruko proposamenik egingo. Edukiak jarri ordez, Eusko Jaurlaritzarengana eskutik joateko planteamendua egin zieten sindikatuei. Horretarako, aurreko Lan Hitzarmenaren negoziaketetan erabilitako argudio berdinak jarri dituzte aitzakia gisa. Ziurgabetasun eszenatoki bat eta ikastetxeen bideragarritasuna bermatzeko beharra.
Sindikatuek oso presente daukate Eusko Jaurlaritzak baduela zeresanik. Baina baita, azken hitzarmena sinatu zenetik inoiz baino finantzaketa handiena jaso dutela ere. Uste dute egindako planteamenduak, edukiak jarri gabe mobilizazioa ekiditeko patronalen estrategia bati erantzuten diola. Patronalek negoziazio kolektiboari zilegitasuna kendu eta gatazka berriro sortzeko hautua egin dute.
Hori horrela, sindikatuek mobilizazioetara joko dute. Aldarrikapen nagusiak lan zamak arintzeko neurrietan, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzetan, KPIaren araberako soldata igoeretan, lanpostuak mantentzeko neurrietan eta Lanbide Heziketako edukietan oinarritzen dira. Euskara planak, berdintasun planak eta lan osasuna eta bereziki arrisku psikosozialak abordatzeko planak ere jomugan ditugu sindikatuek.
Gizarte Ekimeneko aurreko lan hitzarmenaren aldeko prozesuan sektore honetako langileek argi erakutsi zuten beraien mobilizazio gaitasuna. Sindikatuek beraz, Lan Hitzarmen berriaren alde mobilizatzera eta borrokatzera deitzen dituzte.
Hondarribiko Correoseko langileek kontzentrazioa egin dute gaur goizean, kontratazio faltagatik protesta egiteko. Lanpostuak ez betetzea kezkagarria da, eta denbora asko daramate egoera hori jasaten.
Hondarribia hazten ari da eta banaketa-langileen kopurua, aldiz, jaisten. Correos-ek ez ditu bete langileen absentzia-egunak, nahiz eta behar besteko aurrerapenarekin programatuta egon. Ez da betetzen ari Posta Zerbitzu Unibertsala. Horrela, gutunak eta jakinarazpenak berandu eramaten dira eta, langilerik ez dagoenez, enpresak beste produktu mota batzuk lehenesten ditu, hala nola paketeria.
Gainera, udako arratsaldeetan bulegoa ixten denez, plantilla murriztu egiten dute, eta Hondarribiko bizilagunek Irungo bulegora joan behar izaten dute. LAB, CCOO, ESK eta UGT sindikatuok salatu nahi dugu horrek dakarren gehiegizko ahalegina, langileen lan-baldintzei eragiten diena.
Datorren maiatzaren 7an enplegua finkatuko da hemendik oso gertu, baina eskainitako plazak asko direla iruditu arren, asko lanaldi partzialekoak izango dira, eta, beraz, Correosen prekarietatea handitu egingo da.
Atzo Zanbranan hil zen kamioilariaren ostean, gaur beste lankide bat zendu da Erriberabeitian. Azken horrekin, aurten Euskal Herrian lan istripuetan 17 behargin hil dira, horietako lau garraiolariak. Apirilaren 21ean intersindikalarekin batera elkarretaratzea egingo da Arabako SEA patronalaren aurrean.
Gaur goizaldean zendutako kamioilaria Jutrova de Transportes enpresako langilea zen, eta 48 urte zituen.
LABek atzo bertan argitaratu zuen oharrean azpimarratu zuen garraio sektoreak pairatzen dituen lan arrisku erantsiak prekarietate arazo sakonagatik sortuak direla. Gaurko heriotzak, bada, salaketa hori berretsi baino ez du egin.
Garraioaren sektorea da laneko ezbeharren gaitza gehien pairatzen dutenetako bat. Hala, iaz 11 garraiolari hil ziren lan-istripuz. Ez gara nekatuko lan-istripuak lan-baldintza txarren eta prebentzio eta segurtasun-neurri faltaren ondorio direla salatzeaz.
Prekarietatearekin amaitu behar da. Patronalaren inpunitatearekin amaitu behar da. Erakundeek ezin dute jarraitu beste aldera begiratzen, bestela gertatutakoaren konplize izango dira.
Honekin, ostiralean, hilak 21, LAB, STEILAS, ESK, HIRU eta EHNE sindikatuok elkarretaratzea deitu dugu Gasteizko SEA patronalaren egoitzaren aurrean, 11:00tan.
Etxebizitzaren merkantilizazioa espekulazioaren bidez aberastasuna metatzeko erabiltzen ari diren honetan, LAB sindikatuak etxebizitza duina eta kalitatezkoaeskuratzeko aukera unibertsala bermatzea eskatzen du, hori egitea nahitaezkoa baita langileen oinarrizko bizi-baldintzak duintzeko. Aldarrikapen horrekin lotuta, LAB sindikatuaren Abiatu komunitateak mahai-ingurua antolatu du apirilaren 19rako eta elkarretaratzea apirilaren 27rako, biak ala biak Iruñean.
Kapitalak, aberastasunaren metaketari eusteko, langileon bizitzako eremu guztiak prekarizatzen ditu, bizi-baldintza duinak izatea gero eta zailagoa bihurtuz eta pobretzea zabalduz. Langileon aurkako prekarizazioa ez da lantokietan soilik ematen eta, horregatik, LAB sindikatua bizi-baldintza duinen aldeko borrokan aurrera urratsak egiteko tresna berriak sortzen dabil: esaterako: ABIATU, ekintza sozialeko komunitatea.
Egun, etxebizitzarena langileon pobretzerako eta prekarizaziorako eremu nagusi bat da, eta horregatik etxebizitza duin eta eskuragarriaren aldeko borroka dugu lehentasuna. Kalitatezko etxebizitza izatea eskubidea izan beharko litzatekeen arren, egun, pribilegio bihurtu da.
Nafarroako herritarren erdia baino gehiago dira alokairuan edota hipoteken bidez oraindik ere etxebizitza gastuei haien diru sarreren zati handiegia bideratu behar diotenak. Egun, Nafarroan diru-sarrera baxuagoak dituzten etxebizitza unitateek euren gastuen %43 etxebizitzara bideratzen dituzte. Gainera, azken urteetan alokairuak garestitu dira, azken urtean tipo-aldakorreko hipotekak 300 eurotik gora garestitu dira, eta aldiz langileok borroka asko egin behar izaten ari gara soldaten eros-ahalmena ez galtzeko eta soldata duinak lortzeko.
Iruñean etxebizitzarekin dagoen arazoa begi-bistakoa da. Azkenengo urteetan etxebizitza publikoak ez dira promozionatu, eta egungo soldatekin merkatu pribatuko alokairuak ez dira eskuragarriak langile gehiengoarentzat. Hortaz, langabeentzat, gazteriarentzat eta oro har langileentzat, etxebizitza eskuratzea luxuzkoa den zerbait bihurtu da oinarrizko eskubidea izan behar zenean. Urrutira joan gabe, 2023ko otsailean, Iruñean, etxebizitzaren alokairuaren batez besteko prezioa 1.031 euroan zegoen.
Etxebizitza desmerkantilizatzeko politikak behar ditugu. Alokairu sozialaren eskaintzak egun dagoena baino askoz altuagoa beharko luke izan. Madriletik iragarri berri diguten aldaketa legislatiboak nekez konponduko du arazoa alokairu sozialari lehentasunez eutsi ezean.
Beharrezkoa da etxebizitza eskubidea bermatzeko neurriak hartzea, lehentasunez etxebizitzaren prezioa mugatzea eta jaistea, etxe-kaleratzeen aurkako babesa, espekulazioaren eta funts putreen aurkako neurriak, eta etxebizitza parke publikoaren handitzea. Madrilen eztabaidagai dago Etxebizitza Legea, printzipioz, Nafarroako legea garatu eta urrats berriak egiteko balio beharko zukeena.
Honengatik guztiarengatik, datozen egunetan eginen ditugun bi ekimenen berri eman nahi dizuegu:
Apirilaren 19an, asteazkena, 19:00etan, Iruñeko Geltokin antolatu dugun mahai-inguruan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Mahai-inguru honetan etxebizitza problematikaren ertz ezberdinak aztertuko ditugu –tartean estatuko etxebizitza legeaz ere arituko gara–, orokorrean eta Iruñerriari erreparatuta.
Hizlariak: Núria Comerma (Sindicat de Llogaters i Llogateres), Joxe Abaurrea (Iruñeko hirigintzako zinegotzi ohia), Harituko kide bat eta Malickgueye Ladiane (langile senegaldarra).
Apirilaren 27an, osteguna, 19:00etan, Iruñeko Udaletxe Plazan “Zuen aberastasuna, gure miseria. Etxebizitza duina guztientzat” lelopean elkarretaratzea eginen dugu.
Osakidetza mugitu dadin eskatzeko beste grebaldi bat abiatu dute gaur langileek, apirilaren 30ean amaituko dena
Osakidetzako Trasfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileek beste grebaldi bat hasi dute gaur, 13 egunekoa. Orain arte egindako beste hamalau egunekin batera, guztira 27 greba egun lirateke.
Aurreko deialdietan gertatu bezala, jarraipen handia izan du oraingoak ere, Lan Sailak ezarritako gutxieneko zerbitzuak neurrigabeak izan arren. Pairatzen duten soldata diskriminazioa eta Osakidetzaren immobilismoa salatzeko helburuarekin manifestazioa egin dute goizean Bilbon, 08:00etan EITBtik abiatu eta Lurraldeko Osasun Delegaritzan amaitu dena.
Negoziatzeari uko egiten dio Osakidetzak. Ondorioz, langileekiko mespretxua adierazteaz gain, ESIetako hainbat tratamendu eta interbentzio arriskuan jartzen ditu, odolaren, ehunen nahiz odoletik eratorritakoen erreserbak murrizten baitira. Bada, egoera hori gehiago larritu daiteke, harik eta ebakuntzak bertan behera utzi behar izan arte.
Azken asteotan hainbat arduradun politikori, tartean Lehendakariari, entzun behar izan diegun arren Osakidetzaren arazoa ez dela dirua, gogorarazi behar da Osasun Sailak uko egiten diola kolektibo horrek pairatzen duen soldata diskriminazioarekin behin betiko amaitzeari, eta gatazka irekita mantentzea hautatu duela.
Trasfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko beharginek grebak egin dituzte 2021eko abenduan, 2022ko apirilean eta abenduan eta 2023ko otsailean. Hal ere, Osakidetzak beren aldarrikapenei entzungor egiten jarraitzen du.
Sindikatuek behin eta berriro eskatu diote Osakidetzari Mahai Sektorialeko gai zerrendan sartzeko langileen aldarrikapenen negoziazioa. Azkenengoz apirilaren 3an helarazi zioten eskaera hori. Hala ere, Osakidetzak jaramonik egin gabe jarraitzen du.
Horrez gain, 2023ko apirilaren 14an greba komiteak Osakidetza, Hezkuntza Saila eta Trasfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko zuzendaritza deitu zituen Lan Harremanen Kontseiluan biltzeko, baina ez ziren bertaratu. Beren argudioa izan zen gaia Mahai Sektorialean landu beharrekoa dela. Dena den, aurrez azpimarratu dugun bezala, uko egiten diote foro horretan gai hori lantzeari.
LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta UTESE sindikatuok berriz ere exijitzen diogu Osakidetzari langileen aldarrikapenei kasu egin eta gatazkari amaiera emateko.