2026-09-26
HomeEkintza SindikalaLangile bat hil da eta beste bat larriki zauritu da azken egunotan...

Langile bat hil da eta beste bat larriki zauritu da azken egunotan Arrasaten

Eraikuntza lanetan ari zela istripu ez-traumatiko baten ondorioz hil zen hilaren 17an Construcciones Moyua enpresako behargina. Hurrengo egunean, berriz, JMA lantegian makina batek langile bat harrapatu eta larriki zauritu zuen. LABetik hildakoaren gertukoei samina adierazi nahi diegu, eta langile zaurituarekiko elkartasuna erakutsi. Datorren asteazkenean herrian egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatzen diegu herritarrei.

Pasa den astean, uztailaren 17an, Arrasateko eraikuntzako lan batzuetan Construcciones Moyua enpresarentzat lanean ari zela gizon batek bihotzekoa izan zuen. Ondoezik zegoela, ospitalera eraman zuten eta bertan hil zen.

Uztailaren 18an, berriz, Arrasateko JMA enpresan lan istripu larria gertatu zen. Makina batek langile bat harrapatu eta zauri larriak eragin zizkion gorputzeko hainbat ataletan, baina batez ere aurpegian. Helikopteroz eraman behar izan zuten ospitalera.

Elkartasuna adierazi nahi diegu senideei, lagunei eta hurbileko guztiei, eta bi lan istripu horiek salatzeko intersindikalak (LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta EHNE) deitutako kontzentrazio baterako deia luzatzen dugu. Asteazkenean izango da, hilak 26, 11:30ean Arrasateko Udaletxe plazan.

Azken honekin, jada 31 dira 2023. urtean lanean hildakoak Euskal Herrian. Ez da onargarria, 2022an 69 pertsonak lan istripuen ondorioz bizia galdu izana onargarria ez den moduan.

LABek hamaika aldiz salatu du erakundeen inplikaziorik eza, egoera honi aurre egiteko bitartekorik eta borondaterik eza, ikuskaritzarik eza eta, hainbatetan, enpresari batzuen eskrupulurik eza. Bada, azpimarratu behar da kopuru bakoitzaren atzetik, langile guzti horien atzetik, pertsona bat ez ezik, familia bat dagoela, lagunak, herri bat dagoela eta, oro har, langile-klase osoa dagoela.

Ezin da onartu, ezin zaio normaltasuna eman lanera joateari eta etxera ez itzultzeari. Horregatik, laneko heriotza guzti-guztiak salatzen jarraituko dugu.

Betiko arazoek, prebentzio faltak eta produkzioak, langilen osasunari eta bizitzari eragiten die. Patronalak onura ekonomikoak nahi ditu kosta ahala kosta, baina haiek dirua metatzeko dituzten interesak langileen osasunarekin eta ongizatearekin talka egiten du. Eta egoera hau ez da aldatuko arazoaren oinarrizko arrazoiei erreparatu gabe jarraituz gero, hau da, lan-baldintza kaskarrak eta peoi huts eta ordezkagarri gisa erabiltzen gaituen sistema. Langile-klasea horretaz jabetu eta lan-harremanen sistema eta eredua aldatu arte, batzuen irabaziak lehenesten dituen sistema honek jarraituko du, gehienon, langileon, segurtasunaren eta osasunaren gainetik.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.