Garraiolari bat bere kamioia gidatzen ari zela hil da goizean Santurtzin, Bizkaian. Aurten Euskal Herrian gertaturiko lehenengo lan-heriotza da, eta LAB sindikatuak nabarmendu du garraioaren sektorean hilkortasun tasa oso altua dela. 2023an 10 garraiolari hil ziren lanean ari zirela.
Istripuaren nondik norakoak ikusirik (kamioiak su hartu du bazter babesa jo ostean), ezin da baztertu garraiolariei bereziki eragiten dien heriotza ez traumatikoa tartean egotea eta honek eragin izana jarraian gertatu den istripua. Modu batera edo bestera, sektoreko baldintza gero eta gogorragoak lan arrisku bilakatu dira eta horren eragina datuetan islatzen da. 2023ak 10 garraiolari hildako utzi zituen, 2022ak 9.
Oso prekarioak dira garraioaren sektoreko lan-baldintzak: lanaldi luzeak, estresa, presioak, garraioagatik ordaintzen duten prezio baxua, bizitza eta elikadura osasuntsua izateko zailtasunak, eta abar. Baina LABen argi diogu garraioaren sektorean gertatzen diren lan-istripu gehienak guztiz saihets daitezkeela, eta horretarako borondate politikoa baino ez dela behar, baita erakunde publiko eta enpresa guztien inplikazioa ere, garraiolarien lan-eskubideak bermatzeko eta errespetatzeko neurriak hartzeko.
Prekarietatearekin amaitu behar da. Patronalaren inpunitatearekin amaitu behar da. Erakundeek ezin dute beste aldera begiratzen jarraitu, bestela gertatutakoaren eta gertatuko denaren konplize izango dira. Lan istripu gehiagorik ez, ez garraioaren sektorean, ez beste inon.
Patronalek bilerak deitu dituzte, baina proposamenik ez dute aurreratu sindikatuok aldez aurretik eskatu arren. Hiru urte dira hitzarmena iraungita dagoela. Guztira, hamalau bilera egin ditugu sindikatuok, aurrerapausorik gabe.
Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileek bederatzi greba egun egin dituzte jada, eta beste hamar greba egun gehiago dituzte deituta sektorean ordezkaritza duten LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuek: urtarrilaren 17, 18, 23, 24 eta 25erako eta otsailaren 6, 7, 8, 19 eta 20rako.
Bada, greba dinamikak behartuta, bilerak deitu dituzte mahai negoziatzailean ordezkaritza duten Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek. Lehena urtarrilaren 10erako, asteazkenerako.
Sindikatuok hitzarmena berritzeko akordioa lortu nahi dugu, ikastetxeetako langileen baldintzekin lotuta baitago ikasleei eskaintzen zaien hezkuntzaren kalitatea. Horregatik, orain arte bezala, bilerara joango garela baieztatu diegu patronalei, eta eskatu diegu aldez aurretik helaraz dezatela aurkeztuko duten proposamena, edukiak aztertu eta negoziaketan ahalik eta gehien aurreratzeko. Izan ere, ez dugu onartuko edukirik gabeko proposamenik, are gutxiago desmobilizazioa sustatzea helburua bada.
EAEko Gizarte Ekimeneko hitzarmenak hiru urte daramatza iraungita, eta Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek proposamenik eta edukirik gabeko bilerak deitu dituzte; bai grebak hasi aurreko hamahiru bileretan, bai greben bitartean, azaroaren 27rako deitutakoan.
Hori horrela, sindikatuok fede oneko negoziaketa eta proposamenak lehenbailehen egiteko eskaera egin diegu patronalei. Eusko Jaurlaritzari, bestetik, beharrezkoa izanez gero, gatazka bideratzeko esku har dezala eskatu diogu.
Edukirik mahaigaineratu ezean, urtarrilerako eta otsailerako deitutako greba egunekin aurrera egin beste biderik ez dugu izango. Era berean, ikastetxeetan sinadura bilketa bat abian jarriko dugu, hitzarmena berritzea posible egingo duten edukiak aurkeztearen alde.
Hain zuzen ere, aldarrikapen nagusiak lan zamak arintzeko neurrietan, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzetan, KPIa bermatuko duten soldata igoeretan, lanpostuak mantentzeko neurrietan eta Lanbide Heziketako edukietan oinarritzen dira. Euskara planak, berdintasun planak eta lan osasuna eta bereziki arrisku psikosozialei aurre egiteko planak ere jomugan ditugu sindikatuok.
Aurten 16:00etan abiatuko da Sarek deiturikko mobilizazioa Casilla plazatik. LABetik deialdiari atxikimendua erakutsi nahi diogu, eta langileak parte hartzera animatu euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea behingoz ahalbidetu dadila eskatzea xede duen mobilizazioan.
Dispertsioa bukatutzat eman ostean, aro berri honetan oraindik badago zer lortua preso, iheslari eta deportatuen giza eskubideei dagokienez. Horren isla da egungo 142 euskal preso politikoetatik 23k baino ez dutela hirugarren gradua. Horrenbestez, salbuespen politikak erabat baztertu eta etxerako atea irekitzeko ordua da.
Abenduan gainerako eragile sindikalekin batera eginiko mobilizazioetan adierazi bezala, LABek jarraituko du espetxe politika aldatzeko exijitzen eta aldarrikapen mezu horiek lantegiz lantegi lantzen.
Aste osoan zehar greban egongo gara, eta gaur, hasteko, elkarretaratze bana egin dugu Gurutzeta, Santiago eta Donostia ospitaleetan. Gehiegi luzatzen ari den gatazka honen aurrean, patronalari nahiz Osakidetzari behingoz blokeoarekin amai dezatela eta negoziaketari bide eman diezaiotela exijitzen diegu.
Osakidetzako garraio zerbitzuan azpikontratatutako langileok bi asteko grebari hasiera eman diogu gaur, LAB, ELA, LSB-USO, UGT, CCOO eta ESKk deituta EAEn.
Oraingo ziklo honetako lehenengo eguna arrakastatsua izan da beste behin ere, gehiegizko gutxieneko zerbitzuak gorabehera. Azken urteotan beharginek galduriko eros-ahalmena berreskuratzea premiazkoa da, eta baldintzak Osakidetzak zuzenean kontrataturiko lankideek dituztenekin parekatzea ere bai.
Bi urte baino gehiago eman ondoren negoziatzen saiatzen, patronalaren aldetik benetako borondaterik egon gabe, gure eskubideetan murrizketa gehiago ezarri nahian eta Eusko Jaurlaritzaren inmobilismoarekin, kalera itzuli behar dugu berriro ere gure eskubideen alde.
Aipatu bezala, aste osoan zehar aurrera jarraituko dugu grebarekin eta mobilizazioekin. Bada, ostiralean, hilak 12, EAEko grebalariok Bilbon bat egingo dugu, manifestazio bateratua abiatuko baita 11:00etan. Eta hurrengo astean ere ez gara geldirik egongo, grebekin, elkarretaratzeekin, manifestazioekin eta abarrekin jarraituko baitugu. Azkenengo greba egunei eta egindako aldarrikapenei entzungor egin diete, baina ez dugu atzera pausurik emango.
LIDL enpresak Olaberriko dendako langile bat kaleratu du. Kaleratze hau, abenduaren 7 eta 9an langileek aurrera eraman zuten grebaren ondorio gisa kokatzen dugu. Onartezina da hartu duten erabakia, mendekuan oinarritua izan delako eta langileok greba egiteko dugun eskubidea urratzen duelako. Elkartasun osoa adierazi nahi diogu langileari eta horretarako, elkarretaratzea egin dugu Olaberriako saltokiaren aurrean.
Hitzarmen propioaren aldeko borrokaldian murgilduta daude Amazonek Trapagaranen duen lan-zentroko langileak. Gaur eman diote amaiera bost egunetako greba zikloari, abenduaren 17, 18 eta urtarrilaren 3, 4 eta 5ean egin baita greba, banaketa enpresako furgonetek erabiltzen duten eta Sestaon kokatuta dagoen aparkaleku baten ekintza eginez. Amazonentzat lanean ari diren ibilgailuen irteera 45 minutuz blokeatu dute, eserialdi bat eginez.
Aipatu furgonetak azpikontratutako langileek erabiltzen dituzte, eta hauek Amazoneko langileak izatea ere izan da grebaren aldarrikapenetako bat.
Greba egunak arrakastatsuak izan dira eta Amazonek 15 hilabetez negoziazioari ezarritako blokeoari bere furgonetak blokeatuz erantzun diote langileek.
LABek Amazoneko langileen erantzuna txalotu nahi du, orain arteko lana ikaragarria izan baita eta bere fruituak eman dituelako, grebaren eraginkortasuna agerian utziz. Enpresak negoziaketarekiko hartzen duen jarreraren arabera erabakiko ditu hurrengo pausuak.
Avanza Movilidad Gipuzkoako enpresa-batzordeak agerraldia egin du gaur Donostian, Azahara DomĂnguez Gipuzkoako Mugikortasuneko diputatuak abenduaren 9an egindako adierazpenei erantzuteko. Konpainia horretako autobusek arazo izateari utzi ziotela adierazi zuen orduan.
“Ez dugu utziko horrelako adierazpenekin egun bizi dugun errealitatea zuritzen”, adierazi dute batzordeko ordezkariek, eta nabarmendu dute “autobusen matxurei eta errepideko arrisku-egoerei dagozkien gorabeherak ez direla jaitsi, baizik eta berdin jarraitu edo gora egin dutela”. Hala, egoera tamalgarrian dauden autobusekin zirkulatzen jarraitzen dutela salatu dute.
Adierazi dutenez, Aldundiak dagoeneko erretiratuta egon behar zuten autobus batzuek zirkulatzen jarraitzea ahalbidetu du, eta horrek, enpresaren mantentze-faltarekin batera, gidariak eta erabiltzaileak arrisku-egoerak jasatera behartzen ditu haiekin zirkulatzen duten bitartean.
Aurkitzen dituzten arazoak zerrendatu ostean, “lurruna kentzeko modurik ez duten autobusak, ibilbidean zehar potentzia galtzeak, olioa edo hozteko likidoaren galerak, irekitzen ez diren maletategiak, ezer argitzen ez duten argiak”, salatu dute, “gorabehera horiek guztiak jakinarazi arren, denboran luzatzen dira eta ez dituzte konpontzen”.
Era berean, adierazi dute kanpoko enpresen zerbitzuak azpikontratatzen ari direla berriro, ez dagoelako nahikoa ibilgailurik emakidari irteera emateko, eta zerbitzuak bertan behera uzten ari direla ibilgailurik ez dagoelako.
Zirkulatu dezaketen autobusak arestian aipatutako baldintzetan daude errepidean. Gainera, egoera ez da beste edozein enpresa emakidadunen parekoa, prentsan argitaratutako albistean adierazi den bezala.Jakinarazi dute azaroaren 29an, Azahara Dominguezen adierazpenak argitaratu aurretik, Gipuzkoako Foru Aldundian matxura kopuru handiaren berri ematen zuen dokumentua aurkeztu zutela adierazi dute, bi hilabete baino gehiago zeramatzatenak konpondu gabe.
Azken asteetan jasan behar izan dituzten arrisku-egoerak zehaztu dituzte, hala nola autobus batek gurpil bat galdu izana, martxan zegoela atera zena eta ondorio larriak izan zitzakeena, beste ibilgailure bat jo izango balu. Gainera, adierazi dute gertaera hori ez zela inongo hedabidetan argitaratu, nahiz eta eurek jakinarazi zuten.
Hala, Aldundiko enpresa emakidadun horrren errealitatea ez ezkutatzeko eskatu dute, eta egoera hori hobetzeko lanean jarraitzeko eskatu dute. Horretarako, ibilgailuen eta instalazioen ikuskapen-bitarteko gehiago eskatu dituzte, azken hauek ere egoera penagarrian baitaude, langileen eta zerbitzua erabiltzen duten erabiltzaileen segurtasuna bermatu ahal izateko.
Gaur, Usurbilgo Correos-eko pabilioiko langileek elkarretaratzea egin dute, joan den astean orga jasotzaile batek harrapatu zuen behin-behineko lankide bati gertatutako azken istripua eta pabiloi horretako lan-baldintzak salatzeko.
Azken istripu hori orain arte instalazioetan gertatu den larriena izan da. Pabilioiak martxan daraman urtebete pasatxoan ere esku harrapaketa kopuru handia izan da sailkapen-makina batean. Enpresa Batzordeak eta Segurtasun eta Osasun Batzordeak zentro horretan lan egiten duten langileen lan-baldintzak salatu dituzte Gipuzkoako Lan Ikuskaritzaren aurrean.