2025-12-23
Blog Page 147

Osakidetzako larrialdietako langileek apirilaren 8ra arte luzatuko dituzte borroka egunak

Gaur mobilizazioa egin dute Donostiako Gipuzkoa plazan. Osakidetzako Larrialdietako Pertsonal Batzordeak adierazi du, atzo Kudeaketa Taldearekin egindako bileraren ondoren, honek karteldegi defizitarioen alde egiten jarraitzen duela eta bestelako kudeaketa modurik onartu gabe.

Bilera honetan ez da ezer negoziatu eta jarrerek berdinak izaten jarraitzen dute. Mobilizazioekin jarraitzea justifikatuta daudela egiaztatu da. Pertsonal Batzordetik borroka hamabostaldia beste 15 egunez luzatzeko deia egin dute, apirilaren 8ra arte, eta langile guztiei dei egin diete parte hartzera eta intzidentzia guztien berri ematera.

Kudeaketa Taldearen aldetik benetako negoziaziorik ez badago, borroka astearen epeak zabaltzen jarraituko dute.

Martxoaren 22an egingo da Gipuzkoako metalaren merkataritzaren hitzarmen kolektiboa berritzeko negoziaketa mahaia osatzeko bilera

Ostiral honetan, martxoaren 22an, Gipuzkoako metalaren merkataritzaren hitzarmen kolektiboa berritzeko negoziaketa mahaia osatzeko bilera egingo da. Hitzarmen honek 15 urte daramatza berritu gabe. LABen ideiak argi ditugu, ezinbestekoa da azken 15 urteetan sektoreko langileek galdutako eros ahalmena berreskuratzea eta lanaldia jaistea. Bi puntu hauek izango dira LABen helburu nagusiak.

2024rako egokitutako hitzarmena izatea ere nahi dugu, hau da, Estatutik inposatutako lan erreforma desberdinei aurre egingo diena, lana eta bizitza uztartzeko beharrezkoak diren eta zaintza sistema erdigunean jarriko duen baimendutako lizentziak jasoko dituena, besteak beste. Orokorrean, lan eta bizitza duina bermatuko dituen hitzarmena negoziatzea da gure helburua. Badakigu ez dela erronka erraza izango, horregatik LAB sindikatutik sektoreko langileei antolakuntza eta borrokarako dei egiten diegu ahalik eta hitzarmen duinena lortzeko

Azkoitiko lan-zentroko ABEEEa bertan behera uzteko eskatu diogu Sidenorreko zuzendaritzari

Pasa den martxoaren 8an jakinarazi zigun Sidenor enpresako zuzendaritzak Azkoitiko eta Reinosako lan-zentroetan produkzio eta organizazio arrazoiengatiko Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espediente (ABEEE) bat martxan jartzeko asmoa zuela. Martxoaren 14an izan genuen negoziazio batzordea sortzeko eta dokumentazioa jasotzeko bilera.

LABetik, ABEEEarekin ados ez gaudela azpimarratzearekin batera, honakoa adierazi genuen bileran:

-ABEEEaren gehigizko erabilera egin du Sidenorrek historikoki.

-Denon diruarekin, irabazi ikaragarriak dituen enpresa bati dirua aurrezteko baino ez dio balioko.

-Langileek langabezia galduko dute bien bitartean.

-ABEEEa bertan behera uztea eskatu dugu, ez baita beharrezkoa.

-Zuzendaritzak Azkoitiko batzordearekin bilera egin dezala egoera zein den azaltzeko.

-ABEEEa beharrezkoa balitz (eta ez deritzogu inondik ere orain denik), Azkoitiko langileei eragiten diena Azkoitian negoziatu beharko litzateke.

-Garbi daukagu Azkoitiko Hitzarmenaren negoziazioagatik beldurra sartzeko eta xantaia egiteko pausoa dela honakoa.

Bi lantegiak elkartuta sortu den batzordean Azkoitiko gehiengoak aldatzen dira, horrela errealitatea desitxuratuz. Azpiko koadroan azaltzen dira, alde batetik, Azkoitiko enpresa-batzordearen osaketa eta, bestetik, Reinosarekin elkartuta gelditu den negoziazio-batzordearena (lan-zentro bati baino gehiagori aplikatzen zaizkien ABEEE prozesuetan, eta denen artean 13 delegatu baino gehiago badira, 13 kideko batzorde berria sortzen da planta guztietako delegatu guztien proportzioarekin):

Lan-zentroaELALABCCOOUSOUGT
Azkoitia53221
Batzordea32422

Azkoitiko langile kopurua: 313. Reinosako langile kopurua: 152

Urte askoren ondoren, enpresa-hitzarmenaren negoziazioa hasi berri dugu Sidenor Azkoitian. Garbi daukagu Azkoitiko hitzarmenaren negoziazioagatik beldurra sartzeko eta xantaia egiteko pausoa dela honakoa. Orain arteko mehatxuek ez dute eraginik izan hitzarmenaren negoziazio prozesuan eta ABEEEak ere ez du eraginik izango hitzarmen duin bat lortzeko bidean.

Ezkerraldeko eta Meatzaldeko langileentzat lan eta bizi baldintza duinak aldarrikatu ditu LABek

Gaur, LABek deituta, ehunka lagunek Sestaoko kaleak hartuko dituzte, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko langileentzat etorkizun duina aldarrikatzeko. Langileon lan eta bizi baldintzak borrokatzeko. Izan ere, bada denbora bat EAJk eta PSOEk Ezkerraldea zein Meatzaldea desindustrializatzeko estrategia martxan jarri zutela: ehun industriala suntsitu eta, trukean, zerbitzuen sektorea ezarri, logistikaren eta biltegiratzearen mesedetan.

Politika horrek bi ondorio nagusi izan ditu. Batetik, industriaren eraispena: enpresen deslokalizazioak, kaleratzekkole tiboak, itxierak… Milaka lanpostu galdu eta desagertu dira azken hamarkadetan. Hala ere, oraindik zutik jarraitzen duten horietan lanpostuak prekarizatzen jarraitzen dute: azpikontratazioa eta ABLEak (aldi baterako laneko enpresak) baliatuz. Bestetik, aipatutako politikak zerbitzuen sektorea nabarmen haztea eragin du: zentro komertzialak (30 urte bete dira MAX CENTER zabaldu zutenetik; 20, MEGAPARKen inauguraziotik), logistikoak (AMAZON) eta biltegiratzeak (COSTCO) etengabe zabaltzen dira. Azalera handiko saltoki horiek enplegu prekarioa baino ez dute eskaintzen: aldi baterako kontratuak, estatuko hitzarmenak, soldata baxuak…

Ezkerraldeko eta Meatzaldeko enplegu eskaintzaren egoera makurra erabaki politiko jakin batzuek eragindako da; ez da naturala. Horregatik, konbentzituta gaude antolakuntzaren eta borrokaren bitartez egoera irauli daitekeela. Atomizatuta, sakabanatuta, bakartuta, etsita nahi gaituzte, langile klase batuak errealitatea aldatzeko duen ahalmenean ez dezan sinetsi. Baina LABek badu proposamen egingarri bat kalitatezko enplegua eta bizitzak erdiesteko: banaketa hirukoitza; enpleguaren, zaintza lanen eta ondasunaren banaketa.

Bizitzak erdigunean jarriko dituen jendarte eredurantz urratsak emateko, borondate politikoa baino ez da behar. Norabide horretan gure alea jartzen jarraituko dugu. Ekintza sindikal kolektiboaren bidez patronalari eta politikariei mugak jarriko dizkiogu; negoziazio kolektiboa balioan jarriz eta sustatuz, hemen lan egiten dugunez, hemen erabaki eta negoziatu nahi baititugu gure baldintzak; Ezkerralderako eta Meatzaldearako plan estrategiko integrala exijitzen jarraituko dugu, neurri zehatzak behar baititugu lan eta bizi baldintzak duintzeko. Horrez gain, zerbitzu publikoen eraispenari aurre egingo diogu. Eusko Jaurlaritzaren, aldundien eta udalen menpe dauden zerbitzu publikoak eraisten ari da EAJ eta PSOEren politika neoliberala.

Aliantzen, aktibazioaren eta borrokaren garaia da Bizkaiko grafikagintza sektorean

Bizkaiko grafikagintzako hitzarmenaren negoziazio mahaia lehen aldiz bildu zenetik hamar hilabete igaro dira. Maiatzaren 23tik hona 10 bilera egin ditugu, azkena atzo, martxoaren 14an, eta ezin dugu esan akordioa orduan baino gertuago dagoenik.

Patronalak negoziazioa berak nahi dituen gaietara baldintzatzen jarraitzen du, eta atzerapausoetan tematuta dago. Orain arte, akordiorik gabeko malgutasun handian eta gehiegizko konpentsazio eta xurgapen klausula batean tematu da. Gainera, atzoko bileran berriro ere argi utzi zuen soldata taulak ez direla KPIaren arabera eguneratuko. Horrek esan nahi du sektoreko langileek erosteko ahalmenaren galera handia izango dutela eta, ondorioz, pobreagoak izango direla.

Hamargarren bilera honetan, negoziazio mahaian ordezkaritza dugun lau sindikatuok balorazio negatibo bera egin dugu.

LABek CEBEKi adierazi dio oso oker dagoela uste badu aurrekoa baino txarragoa den hitzarmen bat sinatzeko deitu genuela negoziazio mahaia 2023ko maiatzean.

Negoziazio mahaiaren blokeoaz baino ezin dugu hitz egin.

Berriz diogu jauzi bat egin behar dela Bizkaiko grafikagintza sektorean. Aliantza egokiak sortu behar ditugu langileak antolatzeko eta aktibatzeko, eta berehala jarri behar dugu borrokarako planteamendu bat, helburu bakartzat Bizkaiko grafikagintzako hitzarmen kolektibo on bat izango duena.

LAB borrokarako prest gaude Bizkaiko grafikagintzakon, sektoreko langileei beharrezko bide horretan laguntzeko, eta gardentasunez, erantzukizunez eta konpromisoz egingo dugu.

Uko egiten diogu CCOOk CEARen sustatutako estatu-esparruan parte hartzeari, eta berretsi egiten dugu Euskal Herriko esku-hartze sozialeko sektorearekiko apustua eta konpromisoa

Beste behin ere salatzen dugu estatalizazioa iraunaraztea langileak prekarizatutako egoera batean mantentzeko mekanismo bat dela, kasu honetan, CEAReko plantilla. Hartutakoa, erabaki-esparruak oztopatzen dituen akordioa da, eta ordezkatzen ez gaituen estatu-esparrua bermatzen du. LABek ez du onartuko edo legitimatuko lan-baldintzen estatalizazioa indartuko duen negoziazio-esparrurik, eta ez du parte hartuko langileen prekarizazioa betikotzen edo areagotzen duen akordioetan.

Garrantzitsua da azpimarratzea Hego Euskal Herri osoko CEAReko plantilla greba, lanuzteak eta mobilizazioak antolatzen ari dela eskakizun berdinarekin, esku-hartzeko sozialeko hitzarmen sektorialen aplikazioa, haien baldintzak lurralde bakoitzeko sektoreko lankideen baldintzekin parekatzeko helburuarekin. Era berean, LAB sindikatua Hego Euskal Herri osoan mobilizatzen ari da esku-hartze sozialeko langileen sektorearen eskubideak berritzeko eta hobetzeko. Hau da gure apustua. Benetako negoziazio kolektiboa Euskal Herrian. Une honetan, gure plangintza eta dinamika argia da esku-hartze sozialeko sektorean. Izan ere, horregatik gara sektoreko lehen indarra Nafarroan eta Gipuzkoan, eta Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan borrokari eutsi diogu.

LABen estatalizazioaren aurkako apustu sendoa egiten dugu eta sektore honen funtsezko lan publikoa aitortzearen alde borrokatzen jarraituko dugu. Negoziazio kolektiboa eta esku-hartze sozialeko langileen antolaketa bultzatzen jarraituko dugu, baina, batez ere, sektore honetako langileen lan- eta bizi-baldintzen aurkako atzerapauso eta eraso oro salatzen jarraituko dugu.

Bat egiten dugu Kulturatik ekimenak Palestinaren alde deitutako mobilizazioarekin

Igandean Donostian egingo den manifestazioan parte hartzera deitzen dugu, Palestinari elkartasuna adierazi eta genozidioaren bukaera aldarrikatzeko.

Indarkeriaren zurrunbiloa ez da gauza berria Palestinan, azken 75 urteetan etengabea izan da, lurraldearen kolonizazioaren ondorioz eta herritarrei inposatzen zaien apartheid sistema tarteko. Gatazkaren zifrek argi adierazten dute: 5’9 milioi Palestinar errefuxiatu bizi baldintza ankerretara eta erbestera kondenatuak; 5.000 preso politiko baino gehiago, horietarik ehunkada haurrak, zeru zabaleko kontzentrazio eremu handienean, Gazan; 16
urtean Gazaren kontrako etengabeko blokeo eta bonbardaketak; langile palestinarrentzat checkpoint gizagabeak eta lan baldintza prekarioak, esplotazio orokorra; palestinarren lurren lapurreta, eguneroko razziak palestinarren etxeetan, emakume palestinarren bortxaketak nahiz haurren kontrako jazarpenak, eta herri oso baten umiliazioa. Gordina da errealitatea eta bortizkeriaren espirala etengabe elikatzen du.

Pasa den urriaren 7tik hona, palestinarren kontrako genozidioa martxan da Gazan, Estatu Batuen eta Europar Batasunaren konplizitatearekin. Israelek jadanik 30.000 pertsona baino gehiago hil ditu, horietatik 10.000 baino gehiago haurrak. Inpunitate osoz Israel gerra krimenak egiten ari da, genozidio bat “auto-defentsa eskubidea” balitz bezala.

Palestinak elkartasuna eta konponbideak behar ditu. Ezin dugu Palestina bakarrik utzi. Palestinarrek amesteko, bere etorkizuna erabakitzeko, aske izateko eta duintasunez bizitzeko eskubidea dute. Horregatik beranduegi izan baino lehen, Gazan, elkarrizketa eta negoziazioari bide emango dion su-eten bat egon dadila exijitzen dugu.

Nazioarteko komunitateak presio eta eta konponbide mekanismoak aktibatu behar ditu zazpi hamarkada baino gehiago luzatu den okupazioari amaiera emateko. Palestinak bakea nahi du, baina edukiz eta justiziaz beteriko bake bat. Horregatik konponbide integrala izango bada, okupazioaren bukaera, preso eta iheslarien egoerari konponbidea, Gazaren desblokeoa eta palestinarren eskubide nazionalen aitortza barnebildu behar ditu.

LABen norabide honetan gaude lanean; su-etena, genozidioaren bukaera eta Israelen gerra estrategiarekin dagoen konplizitate oro buka dadila exijitzen. Horregatik, Kulturatik ekimenari gure atxikimendua eta babesa helarazi diogu, eta igande honetarako egindako mobilizazio deiarekin bat eginez, Palestinari elkartasuna adierazi eta genozidioaren bukaera aldarrikatuko dugu: martxoaren 17an, eguerdiko 12:30etan Donostian egingo den manifestazioan parte
hartzera deitzen dugu.

Correoseko eskandaluzko langile faltak gehiegizko karga dakar langileentzat eta Gasteizko hiritarrak kaltetzen ditu

LAB sindikatuaren Arabako Correosen duen Atal Sindikaletik salatu nahi dugu Gasteizko banaketa-unitateetan langile falta larria dagoela. Kasu zehatz bat aipatzeko, Salburua edo Arana auzoak banatzen dituen 2. banaketa unitatean, lanpostuen % 50a baino gehiago hutsik dago.

Dauden 27 plazetatik, 14 bete gabe daude: 7 plaza hutsik, baten bat titularrak erretiroa hartu zuenetik bi urte baino gehiago pasa direnean, 3 bajan, 1 desplazamenduan eta 3 baimenarekin. Hori guztia hauteskunde autonomikoen kanpainaren hasieratik hilabete falta denean, eta Errentarena bezalako ezohiko kanpainak datozenean. Horrek lan-karga asko handitzea dakar. Banaketa- unitate hau jarri dugu adibidetzat, baina egoera antzekoa da gainerako guztietan.

Ia 2.000 jakinarazpen daude egiteke, Salburua bezalako auzoek egunak daramatzate gutunen banaketarik izan gabe, hamarnaka pakete daude eramateke. Honek zuzenean eragiten dio milaka gasteiztarri, eta ondorio zuzenak ditu hiritar eta inguru honetako enpresentzat.

Horrek guztiak Posta Zerbitzu Unibertsalaren banaketa kaltetzea suposatzen du eta langileentzako gainkarga bat dakar.

Kalitatezko zerbitzu publiko bat eskatzen dugu, Correosek egin beharrekoa, eta langile nahiko kontratatzea, hiritarren komunikazio postaletarako eskubidea bermatzeko.

LABek kontzentrazioa egin du biltegien pribatizazioan eta enpleguaren suntsiketan aurrera egiteko Osakidetzako zuzendaritzak eta enpresek egindako bileraren aurrean

Gaur, Osakidetzako zuzendaritza hainbat enpresarekin biltzen hasi da Osakidetzako biltegien pribatizazio proiektuarekin aurrera egiten jarraitzeko. Osakidetzako zuzendaritzak pribatizazioarekin tematuta jarraitzen duela salatzeko mobilizatu gara. LAB sindikatuak OARC/KEAO-ri aurkeztutako helegiteen aurrean eta OARC/KEAO-k berak prozesuaren kautelazko gelditzea erabakitzeko aukeraren aurrean ezikusiarena eginez.

LABek kautelazko geldiaraztea eskatu du. Hala ere, zuzendaritzak aurreranzko ihesaldian jarraitzen du eztabaida eta halako neurriko proiektua ezartzeko beharrezkoa den negoziaketa eragotziz. Iurretako plataforma logistikoak, zuzendaritzak diseinatu duen bezala, plantillan eragin handia izango du hainbat kategoriatako lanpostuen desagertaraztea ekarriz, hala nola, zelariak, administrari-laguntzaileak, gidariak, zerbitzuetako langileak…

Plataformaren kostua 130 milioi ingurukoa da. Osakidetzako zuzendaritza, publikoa den eraikina egin eta haren ustiapena eta kudeaketa enpresa pribatuei oparitzera ausartzen ari da. Hau da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako arduradunek hainbeste goraipatzen duten eta osasun publikorako hain kaltegarriak diren Isabel Diaz Ayuso bezalako pertsonaien kudeaketa EAEn imitatzen ari diren publikoa eta pribatuaren arteko elkar hartzearen beste adibide bat.

Ez dago arrazoirik plataforma logistikoaren ustiapena pribatizatzeko, Osakidetzako kontratazio-zerrendetan milaka langile daude eskatzen zaien tokira lan egitera joateko. Gainera, gaur egungo 48 biltegietako langileak ikusten ari dira zuzendaritzak, berriro ere, arriskuan jartzen dituela sektore publikoko lanpostuak, zehaztasun falta, omisio, anbiguotasun eta faltsukeriak dituzten pleguen bidez.

Osakidetzako oraingo eta aurreko zuzendaritzaren politika pribatizatzaileak ez dira berriak, ezta euren plantillaren gaitasunarekiko mespretxua ere. LABetik, orain arte, 30 kanporatze-plegu inpugnatu ditugu, 160 milioi euroko kanporatzeen geldiaraztea izan dutenak ondorio moduan.

Proiektu honen iluntasuna erabatekoa da. Ez da azalpen bat ere eman mahai sektorialean eta Legebiltzarretik informazioa eskatu denean, EAJk modu anbiguoan eta gezurrekin erantzun du.

Ohartarazi behar dugu, beraz, proiektu hau ez doala soilik plantillaren interesen aurka edota osasun publikoa indartzearen aurka. 130 milioi euroko aurrekontua duen proiektu honek, herritarrei bizkarra emanez, gure osasunarekin eta lanpostuekin negozioa egitera datozen enpresen eskuetan amaituko du.

Osakidetzako zuzendaritzari biltegien pribatizazioa bertan behera utzi eta sindikatuekin negoziazio-prozesu bat hasteko exijitzen diogu. Osakidetzako kate logistikoa optimizatzeko, dagoeneko kontratatuta dituen eta gaur egun lan logistikoak ondo egiten ari diren profesionalekin egitea eskatzen dugu.

Egintza burutuen aurrean, publikoaren eta pribatuaren arteko esku-hartzearen aurrean eta enpleguaren suntsiketaren aurrean, mobilizazioa baino ez zaigu geratzen.