2026-11-04
Blog Page 13

Los Ochoseko bizilagunen mezu argia, Erandioko herriaren babesarekin: “Ez gara joango”

“Etxebizitza eskubidea da, eta eskubideak defendatu egiten dira”, adierazi dute bizilagunek, eta euren bizi proiektua garatzeko eskubidea bermatu arte borrokan eta antolatuta jarraituko dutela berretsi dute. 

“Gaur ozen eta argi diogu: bota egin nahi gaituzte, baina ez gara joango”. Mezu ezin argiagoa eman dute Erandioko Los Ochos eraikinetako bizilagunek gaur Erandion, ehunka herritarren babespean. Izan ere, alokairuan dauden 120 familia baino gehiago beren etxebizitzetatik kanporatuak izateko arriskuan daude La Caixa bankuak higiezin horiek Mosaic funts putreari saldu zizkionetik. Funts putre horrek uko egiten dio indarrean dauden alokairuak berritzeari. Maizterretako askorentzat ordainezina den prezioan saldu nahi ditu etxebizitzak funts putreak, eta, horrenbestez, gaur egun bertan bizi diren herritarrak etxerik gabe geratzeko arriskuan daude. Hurrengo astean bertan has daitezke kaleratzeak, bizilagunetako batzuei irailean amaitzen baitzaie kontratua. 

Bidegaberia hori eta etxebizitzarekin egiten ari den negozioa salatzeko, mobilizazioa egin dute ehunka lagunek gaur Erandion, Los Ochoseko bizilagunek eta LABek deituta. Hilaren 30ean, berriz, herri mailako batzarra egingo dute. Izan ere, bizilagunek salatu dute funts putreentzat etxeak finantza aktiboak baino ez direla, baina, izatez, etxebizitza eskubidea dela gogorarazi dute. “Baliteke legezkoa izatea alokairuan bizi diren 150 familia kalera bota nahi izatea; desokupazio enpresen bidez mehatxatzea; presioa egitea; alde egiteko dirua eskaintzea; gure etxeak salgai jartzea, nahiz eta gu bertan bizi. Hori guztia legezkoa izan liteke, baina guztiz bidegabea da, eta ezin dugu onartu”. 

Horregatik egin dute, LABekin batera, antolatzeko urratsa. “Etxe bakoitzaren errealitatea desberdina da, baina oinarrizko zerbaitek batzen gaitu: etxebizitza eskubidea da, eta eskubideak defendatu egiten dira”. Eta, horrekin batera, ohartarazpena: “Gaur Los Ochosen bizi garenak gara, baina etxebizitzaren negozioak guztiok mehatxatzen gaitu”. 

Antolatuta jarraituko dutela azpimarratu dute bizilagunek behin eta berriz, eta honako hauek exijitu dituzte:

  • -Euren etxeetatik alde egiteko mehatxuak eta presioak amaitu daitezela. 
  • -Mosaic-ek alokairu kontratu guztiak berritzea negoziatu dezala. 
  • -Udal gobernuak Erandio tentsio handiko eremu izendatu dezala eta Erandioko herritarren alde egin dezala.
  • -Eusko Jaurlaritzak bere esku dagoena egin dezala horrelako funts putreek gisa honetako operazio espekulatiboak egiteari utz diezaioten. 

“Borroka hau ez da erraza izango”, aitortu dute bizilagunek, baina maizterrak elkartuta eta Erandioko herriaren laguntzarekin, borrokari eusteko determinazio osoa dutela nabarmendu dute. 

Endika Perez LABeko Ekintza Sozialeko arduradunak, bere aldetik, babes osoa adierazi die auzokideei. “120 familia baino gehiago borrokan daude, zer eta funts putre batek negozioa egin nahi duelako”, salatu du Perezek, eta auzokideen determinazioa txalotu du: “Argi eta garbi adierazi dute. Etxean geratuko dria alokairu kontratu guztiak berritu arte, eta alokairu duinak lortu arte, haien bizi proiektua bertan garatzeko eskubidea defendatuz, eta horretan LAB bidelagun dute. Hartu duten erabakia babesten dugu eta gure tresnak eskainiko dizkiegu borroka horretan”. 

50 mobilizazio baino gehiago egin ditugu EAEko udal sektorearen lan baldintzak hobetu behar direla aldarrikatzeko

LABek eta ELAk deituta, milaka udal langilek EUDELi eta EAJri, EH Bilduri eta PSEri exijitu diete Udalhitzeko mahaiara edukiak behingoz ekartzeko.

EAEko udaletan urte asko daramagu lan baldintzak hobetuko dituen akordiorik gabe. Alde batetik, Udalhitzeko mahaia duela ia bi urte aktibatu zen. Hainbat negoziazio mahai egin ondoren, oraindik oinarrizko aldarrikapenak falta dira mahai gainean. EUDEL eta berau osatzen duten EAJ, EH Bildu eta PSE alderdiak borondate falta itzela erakusten ari dira eta negoziazioa blokeatzear dago. Bestalde, udalez udal dauden negoziazio esparruak, orokorrean, ez daude aktibo. Ondorioz, udaletako langileen lan baldintzak okertuz doaz urtez urte eta sektoreak hamarkada bat baino gehiago darama lan baldintzen okertzea pairatzen.

Analisi horren ondorioz, LABek eta ELAk dinamika mobilizatzaile iraunkorra abiarazi zuten apiriletik aurrera. Uda baino lehen paro, grebak eta mobilizazioak egin ziren eta nahiz eta aurrera pausu batzuk egon Udalhitzeko mahaian, aldarrikapen asko falta dira: eros ahalmenaren berreskurapena nola egingo den, euskeraz lan eta bizitzeko neurriak, gazteberritzeko neurria edota subrogazio eskubidea esaterako.

Zentzu horretan, uda eta gero negoziazioan aurrera pausu nahikorik ez zegoenez, LABek eta ELAk EAEko udal sektorean greba eta mobilizazio dinamika bat martxan jarri zuten pasa den irailean, apirilean hasitakoarekin jarraituz. Hala, gaur milaka udal langile EAEko 50 udal eta udal esparru baino gehiagotan mobilizatu dira. Kontzentrazioak Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osoan zehar egin dira, besteak beste hurrengo udaletan: Gasteiz, Bilbo, Donostia, Barakaldo, Sestao, Gernika, Bermeo, Lekeitio, Markina, Durango, Zornotza, Getxo, Leioa, Erandio, Basauri, Galdakao, Arrasate, Bergara, Zumarraga, Beasain, Anoeta, Andoain, Hernani, Usurbil, Errenteria, Irun, Zumaia, Eibar, Zarautz, Agurain eta Oion.

Gaurko mobilizazioekin argi geratu da udal langileek haien lan baldintzen alde borrokatzeko prest daudela. Beraz, pilota EUDEL eta alderdi politikoen teilatuan dago. Bada garaia negoziaziorako borondatea erakusteko eta udal langileen lan baldintzak haien politiken erdigunean jartzeko. Bihar egingo den mahai negoziatzailean horretarako aukera daukate.

Mahai negoziatzailean alderdi politikoak ez badira mugitzen eta ez badituzte bertara falta diren eduki horiek eramaten, LAB eta ELAk urriaren 8an EAEko udal sektorean deituriko egun osoko grebari eustea beste aukerarik ez dugu izango.

Plenoetan ere mobilizatu dira udal langileak, Donostian, Bilbon, Getxon (atzo), Bermeon eta Amurrion.

Elkarlan zintzorako deia egin dugu Nafarroan lan mundua euskalduntzeko urratsak eman daitezen

LAB bidelagun izango gaitu ELAk, lan mundua euskalduntzeko konpromiso zehatzak eta elkarlanerako borondatea erakusten baditu; bestela, euskalduntzearen kaltetan izango da.

Langileok euskaraz lan egiteko eskubidea dugu. Hala ere, Nafarroan, eskubide hori ez dago bermatuta eta langile gehienei egunez egun ukatu egiten zaie lan harremanak euskaraz garatzeko edo hitzarmenak euskaraz negoziatzeko aukera. Lan mundua euskalduntzearen aldarria, beraz, hizkuntza eskubideak eta laneko eskubideak uztartzen dituen eskaera legitimoa da, eta LABen urteak daramatzagu eskubide horren alde lanean.

Gaur Nafarroan euskararen inguruan aritzeko bildu gara LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuak eta CEN patronala, negoziazio kolektiboan euskarak behar duen tokiaz aritzeko ELAk deitutako bilera izan da, eta zabalagoa izango da LABen aldarrikapena: hitzarmenen negoziazioan bai, baina ez bakarrik, lan mundua euskalduntzeko, nafar langileei euskaraz lan egiteko eskubidea bermatu behar zaie, eta horrek eskatzen du elkarlan sakon eta zintzoa eragileon artean.

Euskara eremu guztietan bultzatzeko LABen konpromisoa argia da. Euskara larrialdi egoeran dago, Nafarroa osoan ez da ofiziala eta gure hizkuntzaren kontrako erasoaldi antolatua bizitzen ari gara. Egoera honek eragileon konpromiso zehatzak behar ditu; baita Nafarroako Gobernuarenak ere. Euskararekiko duen konpromiso politikoa handitzea behar dugu euskarak dagokion tokia har dezan.

LABen euskararen normalizazioan aurrera egiteko eta euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko indarrak biltzearen aldeko apustua egiten dugu. Euskarak elkarlana eta arduraz aritzea behar ditu. Horregatik, orain baino lehen ere LABen behin eta berriz luzatu diogu ELAri elkarlanerako eskua. LABentzat lehentasunezkoak dira ELArekin eta Euskalgintzaren Kontseiluarekin elkarlanean orain arte hartutako konpromisoak eta sustatutako ekimenak:

Euskalgintzaren Kontseiluarekin batera, Batuz Aldatu dinamikaren baitan, euskaraz lan egiteko eskubidea gauzatzeko eta administrazioa euskalduntzeko beharrezkoak diren hainbat neurri bultzatu ditugu. Dinamika horren barruan, hainbat urrats egin ditugu LABen, ELArekin elkarlanean. Besteak beste, Confebaski lanbide arteko akordio bat proposatu genion, eta 50 langiletik gorako enpresetan euskararen normalizaziorako planak abian jartzeko konpromisoa eskatu. Akordiorik lortu ezean, 150 enpresatan euskara planak sustatzeko konpromisoa ere hartu genuen bi sindikatuek. Alabaina, adostutako urrats horiek praktikara eramateko unean ELAren konpromisoak falta izan dira.

Antzekoa gertatu da euskararen aurka bizitzen ari garen oldarraldiari dagokionez ere: epai eta eraso judizialen aurrean erantzun bateratua emateko adostasuna egon bazen ere, ezinezkoa izan da aurrera egitea, ELAk uko egin diolako.

Testuinguru horretan, alegia, aurretik euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidearen alde elkarlanean aritzeko zeuden hainbat zubi itxi ondoren deitu du ELAk Nafarroan negoziazio kolektiboa euskaraz gauzatzeko euren proposamena lantzeko bilera.

LABen ez dugu ulertzen euskararen aldeko lana norbere proiektua proiektatzeko lehia gisa. Euskarak elkarlanerako borondate zintzoa, konpromiso handiagoa eta urrats eraginkorragoak behar ditu. Horretarako, ezinbestekoa da sindikatuok elkarrekin lan egitea, bakoitzak bere protagonismoa bilatu beharrean.

Horregatik, LABen proposamen bikoitza egin dugu gaurkoan. Batetik, ELAri proposatu diogu berriro heltzeko elkarlanari, aurretik egindako bideari berriro helduz:

  • Berrartu ditzala Batuz Aldatu dinamikan harturiko konpromisoak.
  • Berrartu dezala EAEko Confebask patronalari lan mundua euskalduntzeko eginiko lanbide arteko akordio proposamena eta bi sindikatuok modu bateratuan Nafarroako CEN patronalari aurkeztea.
  • Aurreko bi puntuak onartuz gero, negoziazio kolektiboa euskaraz egin ahal izateko bidean modu bateratuan urratsak emateko konpromisoa.

Euskararen normalizazioan bi sindikatuak elkarrekin aritzeko prest dago LAB, are gehiago, uste dugu hori dela biderik eraginkorrena.

Bestetik, interpelazio zabalagoa ere egin dugu LABetik, sindikatu zein patronal, partaide guztiei zuzendua: elkarlan zintzorako deia egin diegu LABetik, eta elkarlanerako eskua luzatu, lan munduan euskararen normalizazioa sustatzeko. Euskararen berreskurapenak eragile guztion konpromiso sendoa eta elkarlan zintzoa ezinbestekoak dituelakoan.

SEULA enpresak kudeatzen duen kale garbiketa zerbitzuan sei greba egun deitu ditugu Aguraingo jaien bete-betean

Langileak urtarriletik dabiltza itun berri bat negoziatzeko saiakeran. Hilabete hauetan, enpresak negoziatzeko borondate eskasa erakutsi du, erantzunak atzeratuz eta bileretara benetako erabakitzeko ahalmena zuten pertsonak bidali gabe. Egoera horren aurrean, maiatzean Lan Harremanen Kontseilura jo behar izan genuen negoziazioa desblokeatzen saiatzeko.

Langileen ordezkaritzak bere aldarrikapenak nabarmen jaitsi zituzen arren, akordio batera iristeko borondate argia erakutsiz, enpresak berriro ere erantzunak luzatzearen aldeko jarrera hartu zuen. Egoera horren aurrean, LABetik ohartarazi genuen irailaren 4rako akordiorik ez bazegoen mobilizazioak hasiko zirela.

Egun horretan bertan, azkenean, akordioa lortu zen. Hala ere, testuaren azken erredakzioa berrikusi eta sinatzea besterik falta ez zenean, SEULAk beste proposamen bat aurkeztu zuen, jada adostuta zeuden sei artikulu aldatzeko asmoarekin.

Proposatutako aldaketen artean gai oso garrantzitsuak daude: hilean 30 euroko makineria-plusa kentzea, bi urte barru negoziatu beharko den itunaren aplikazioa baldintzatzea eta aldi baterako ezintasuneko osagarria nabarmen murriztea. Adostutakoaren arabera, bajak %80raino osatuko ziren 1. egunetik 14.era, eta %90eraino 15. egunetik 180.era. Orain, enpresak lehen tartea kentzea eta bigarrena urteko lehen bajara eta langileen absentismoa %10etik beherakoa izatera baldintzatu nahi du.

Gatazka publiko egin eta enpresaren aldetik gatazka konpontzeko inolako borondaterik ez dagoenez, langileak sei greba egun deitzera behartuta ikusten dute haien burua. Urriaren 4, 5, 6, 10, 11 eta 12rako deitu dira grebak, Aguraingo jaiekin bat eginez.

LABek bere erabakian atzera egin, adostutakoa errespetatu eta ituna sinatu dezala eskatzen dio SEULA enpresari, merezi duten seriotasunarekin hartuz bai langileak, bai zerbitzua eta baita Aguraingo herria ere.

Irudi honek alt atributua hutsik dauka; bere fitxategi izena photo_2026-09-23_12-31-46-724x1024.jpg da

LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok mobilizazioak hasi ditugu Osakidetzan, lan eskubideak eta proposamen zehatzak eskatzeko

Gehiengo sindikalak ohartarazi dugu gaur egindako elkarretaratzeak mobilizazioen eta greben dinamikaren hasiera direla, eta Euskal Osasun Zerbitzuari eskatu diogu negoziazioa atzeratzeari uzteko eta benetako konponbideak mahai gainean jartzeko.

LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok mobilizazioei ekin diegu gaur Osakidetzan, euskal osasungintza publikoan lan egiten duten kolektibo guztien lan-baldintzak hobetzea eskatzeko. Sindikatuok kaleetara eraman dugu langileen haserrea eta ezinegona, urteak daramatelako hobekuntzak eskatzen eta “proposamen zehatzik gabeko hitzen” bidea agortutzat jotzen dugulako.

Mobilizazio-dinamika berri horren lehen kontzentrazioak gaur goizean egin dira, 11:00etan ospitaleetan eta 13:00etan Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osoko osasun-zentroetan, Osakidetzako eremu eta kategoria guztietako profesionalen parte-hartzearekin.

Elkarretaratze horiek mobilizazio-dinamika baten hasiera dira, eta 2026ko urriaren 30erako eta abenduaren 9, 10, 11 eta 14rako deitutako greba–egunekin eta laster iragarriko diren ekintza eta mobilizazio berriekin jarraituko dute. Ildo horretan, sindikatuek ohartarazi dute langileak itxaroteaz nekatuta daudela, eta Osakidetza diskurtsoetatik ekintzetara pasatzeko eskatu dute.

Plantilla nahikoa dela esaten ari da

LABek, SATSEk, ELAk, CCOOk eta UGTk uste dugu mobilizazioek agerian uzten dutela Osakidetzako langileen artean dagoen ezinegon sakona, premiazko eguneratzea behar duten lan-baldintzen aurrean.

Plantillak honako hauek eskatzen ditu, besteak beste: ordainsariak hobetzea, lanaldia murriztea eta hobetzea, benetako aurrerapenak lizentzietan eta baimenetan, enpleguaren egonkortasuna eta kalitatea, plantillak indartzea, belaunaldi–erreleboari aurre egiteko neurriak, asistentzia–gainkarga murriztea, hobekuntzak lan–osasunean eta kontziliazioan, berdintasun eraginkorra eta euskaraz lan egiteko bermeak. Gaur langileak kalera atera dira nahikoa dela esateko. Denbora gehiegi daramagu Osakidetzak proposamen zehatzak mahai gainean jartzeko zain. Ez dugu bilera huts gehiagorik nahi, ezta betetzen ez diren egutegirik ere: negoziatu nahi dugu eta konponbideak nahi ditugu.

Era berean, gogorarazten dugu Mahai Sektorialak plantilla osoaren lan- baldintzak landu behar dituela, eta Osakidetzari eskatu diogu benetako edukia eman diezaiola negoziazio kolektiboari.

Negoziazioa ezin da simulazio bat izan

Orain arte Osakidetzak ez du lan–baldintzen akordioa osorik eguneratzeko proposamenik aurkeztu, nahiz eta sindikatuok denbora daramagun profesional guztientzat funtsezkoak diren gaiei heltzeko eskatzen. Bilerak deitzea ez da negoziatzea. Negoziatzeak proposamenak mahai gainean jartzea, hobekuntzak planteatzea, aldarrikapenak entzutea eta akordioak lortzeko prest egotea esan nahi du.

Plantillak sobera erakutsi du elkarrizketarako eta negoziaziorako prest dagoela. Orain, Osakidetzari dagokio lan-baldintzak hobetzeko eta osasun-sistema publikoa indartzeko benetako borondatea dagoela frogatzea.

Osakidetzaren arazoak konpontzeak berarekin dakar langileen lan-baldintzak hobetzea, eta profesionalen faltak, plantillak betetzeko zailtasunek, asistentzia-gainkargak, behin-behinekotasunak eta belaunaldi- erreleborik ezak ondorioak dituztela, bai Osakidetzan lan egiten dutenentzat, bai herritarrentzat.

LABek, SATSEk, ELAk, CCOOk eta UGTk azpimarratu dugu mobilizazio-dinamika honek ez diela erantzuten kolektibo bakar baten aldarrikapenei, plantilla osoaren eskubideak eta herritarren beharrei erantzuteko gai den osasun-eredu publiko bat defendatu nahi ditugula baizik. Kolektibo guztiak ezinbestekoak dira Osakidetzak funtziona dezan. Hobekuntzak ezin dira plantillaren zati batera mugatu, ezta lanbide batzuk beste batzuekin aurrez aurre jarriz eraiki ere. Taldeak indartu eta bertan lan egiten duten pertsona guztien baldintzak hobetu behar ditugu.

Horregatik, erakunde sindikalok eskatzen dugu lan–baldintzen akordioa osorik eguneratzea, profesional guztientzako hobekuntzak eginez, eta plantillaren beharrizanak aztertzea, egiturazko defizitak identifikatu, ordezkapenak bermatu eta belaunaldi-erreleboari aurre egin ahal izateko.

Era berean, aparteko orduen mendekotasuna eta autokontzertazioa pixkanaka murriztuko dituen eredu baterantz aurrera egitea eskatzen dugu, Osakidetzaren ohiko egitura-arazoen erantzun gisa.

Deialdia egin dugun erakundeok dei egiten diegu, halaber, herritarren elkarte eta plataformei, eragile sozialei eta alderdi politikoei mobilizazioekin bat egin dezaten, euskal osasun publiko indartsu, irisgarri eta kalitatezkoaren alde.

Borroka hau ez da Osakidetzan lan egiten dutenena bakarrik. Profesional nahikoa, lan-eskubideak eta baldintza duinak dituen osasun publikoak herritar guztiei egiten die mesede. Horregatik, euskal gizartea gonbidatzen dugu gurekin egotera eta gurekin osasun publiko hobea defendatzera.

Azkenik, LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok ohartarazten dugu gaur hasitako mobilizazioek benetako aurrerapenak lortzeko beharrezko iraupena eta intentsitatea izango dutela. Plantillak lehen urratsa eman du dagoeneko. Orain, Osakidetzari eskatzen diogu ekintzekin erantzuteko: proposamen zehatzak, benetako negoziazioa eta kolektibo guztientzako konponbideak.

Eusko Jaurlaritza eta Emakunde soldata arrakalarekin egiten ari diren errelato iruzurtia salatu dugu

Soldata arrakalaren muinean sexuaren araberako lan banaketa dagoela gogorarazi dugu, eta 1.500 eurotik beherako soldata duten langileen %67 emakumeak* direla. Arrakala matxistei, arrazistei eta belaunaldi artekoei aurre egiteko, gutxieneko soldata propioa aldarrikatzen dugu.

Soldata Arrakalari buruzko Nazioarteko V. Kongresua egin dute gaur Eusko Jaurlaritzak eta Emakundek Barakaldon. Emakumeen* eta gizonen arteko soldata arrakala murrizten ari dela adieraztea eta horretarako hartu diren neurriak zuritzea du helburu topaketa horrek. Izan ere, honako hau nabarmendu dute antolatzaileek, soldata arrakalari aurre egiteko orain arteko politikez: “Eraginkorrak direla frogatu dute, eta horietan sakontzen jarraitu behar dugu”.

LABetik, ordea, errelato hori iruzurtia dela salatu dugu, topaketaren hasieran egindako mobilizazioan. Patronala eta instituzioak etengabe ari dira haizatzen soldata arrakala txikitzen ari dela, baina errealitatearekin talka egiten du kontakizun horrek. Izan ere, lan munduak guztiz segregatuta jarraitzen du generoaren eta jatorriaren arabera. Errealitate hori erakusten dute, besteak beste, honako datu hauek:

  • Soldatapean lan egiten duten emakumeen* %30ek 1.500 eurotik beherako soldata dute. Are, emakume* migratuen %41,7k jasaten dute egoera hori.
  • 1.500 eurotik beherako soldata duten milaka pertsonen artean, %67 emakumeak* dira; hau da, 3tik 2 emakumeak* dira.
  • LGS azpitik dauden soldatapeko emakumeen* %47,97k jardunaldi partzialean egiten dute lan.

Egoera horren arrazoia sexuaren araberako lan banaketa da, LABetik hainbatetan salatu izan dugunez: lanak ezberdin baloratzen dira, egiten dituena gizona, emakumea*, migrantea edo gaztea izan. Ez da kasualitatea, beraz, 1.500 euro baino gutxiagoko soldatak jasotzen dituzten sektore gehienak feminizatuak eta nagusiki pertsona migratu eta arrazializaztuez osatutakoak izatea.

Hain justu, Bizkaiko garbiketa sektoreko langileak izan dira gaurko LABen mobilizazioan protagonistak. Sektore horretako langileek 1.500 euroko gutxieneko soldataren azpiko ordainsariak jasotzen dituzte, patronalak haien hitzarmena blokeatuta daukalako.

Horregatik, arazoaren muinera jo behar dela uste dugu LABen, eta neurri eraginkorrak behar direla sexuaren araberako lan banaketan oinarritzen den esplotazio ekonomikoarekin amaitzeko. 1.500 euroko Lanbidearteko Gutxieneko Soldata ezinbesteko neurria da zentzu horretan, eta horixe aldarrikatu zuten milaka eta milaka herritarrek martxoaren 17an egindako greba orokorrean.

Horrekin batera, soldata arrakalarekin amaitzeko bestelako neurri batzuk ere aplikatu behar dira: zor patriarkalaren eta kolonialaren aitortza; lanpostuen errebalorizazio feministak; zaintza sistema publiko komunitarioaren garapena; eta enpleguaren aitortza ekonomiko, sozial eta politikoa beren funtzio sozialagatik, ez merkatuaren metaketa logikagatik.

Torresen aurpegi garbiketa

Langileen arteko arrakala matxistei eta arrazistei aurre egiteko, besteak beste, greba orokor arrakastatsua egin genuen martxoaren 17an euskal langileok, eta gutxieneko soldata propioa aldarrikatu genuen. Grebaren aurretik eta ondoren, Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuari bilera eskaera egin genion LABek eta ELAk, baina hark, euskal gizartearen gehiengoaren nahiari bizkarra emanez, uko egin dio euskal gehiengo sindikalarekin biltzeari, uko milaka langile pobreziatik eta prekaritatetik aterako lituzkeen gutxieneko soldata propioari buruz hitz egiteari.

Hori dela eta, LABentzat itxurakeria hutsa da Torresek soldata arrakalari buruzko jardunaldian parte hartu izana, horretarako egiturazkoa den neurri bati, gutxieneko soldata propioari, bizkarra eman ondoren. LABen uste dugu euskal langileekiko eta haien eskubideekiko errespetu handiagoa erakutsi beharko lukeela Torresek, dagokion erantzukizuna hartuta.

Bada, gaurko ekimenean LABeko militanteek sindikatuaren aldarrikapenak biltzen dituen eskuorria eman diote Torresi, kongresura sartzen ari zela, eta soldata arrakalarekin amaitzeko bidean trabak jartzeari utz diezaion eskatu diote.

LABen jarraitu egingo dugu soldata arrakalaren kontrako borrokan: 1.500 €-ko gutxieneko soldataren alde eginez; lan guztiak aitortzeko eta banatzeko exijituz; emakumeek* egiten duten lanari dagokion balio politiko eta ekonomikoa aitortzeko neurrien alde; eta emakumeek* sektore maskulinizatuetan sartzeko pairatzen duten diskriminazioa gainditzeko urratsak egiten.

Garbiñe Aranburu: “Etxebizitza prekarizazio iturri nagusietako bat bihurtu da”

LAB sindikatuko koordinatzaile orokorrak elkarrizketa egin du gaur goizean Euskadi Irratiko Faktoria irratsaioan.

Etxebizitzaren gaia hizpide hartuta hasi da Iñaki Guridik gidatutako elkarrizketa, eta Aranburuk gogorarazi du gaur-gaurkoz milaka direla eskubide unibertsala den etxebizitzarako sarbidea ziurtatuta ez daukaten herritarrak, espekulazioari bide ematen dioten politikak urte luzez aplikatu izanaren ondorioz. Ildo horretan, etebizitzaren merkatua berrantolatzea ezinbestekotzat jo du, tartean prezioen gaineko neurriak ezarrita.

Arlo horretan ere ekintza sindikala abiatzeko erabakia hartu zuen berriki LABek, eta uneotan baditu bi gatazka garrantzitsu irekita, bata Iruñerrian eta bestea Erandion, biak ala biak putre funtsekin lotuak. “Jendea arlo honetan mobilizatzeko prest dagoela ikusi dugu”, azaldu du Aranburuk.

Inflazioaren gorakadaz ere galdetu dio aurkezleak, eta koordinatzaile orokorrak esan du ez dela arazo koiunturala, azken urtetotan aberastasunaren banaketan ikusi dugun desorekaren ondorio baizik: “Ekonomiaren hazkundea prekarizazioan eta pobretzean oinarritzen bada, hori ez da ona langileentzat”. Hala, lana, zaintza eta aberastasuna modu justuan banatzeko politiken beharra azpimarratu du, eta horretarako martxoko Greba Orokorrean aldarrikatutako 1.500 euroko Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa aldarrikapen estrategikoa dela gogorarazi du.

Absentismoa delakoaz ere galdetu diote, EAEko lehendakariak berriki politika orokorreko eztabaidan gaia mahai gainean jarri zuela eta. Bada, LABeko koordinatzaile orokorrak argi eta garbi esan du absentismoa ez dela existitzen, eta salatu du Pradalesek guztiz erosi duela patronalaren diskurtsoa, “baja eskubideari murrizketa gehiago ezartzea” helburu duena.

Martxan dauden negoziaketak ere izan dituzte hizpide, hala nola Bizkaiko metalekoa, zeinetan sektorea antolatzeko lanean murgilduta dagoen sindikatua, edota osasungintza arlokoak.

Negoziazio kolektiboan euskaraz aritu ahal izateari dagokionez, eta ELA sindikatuak 27 negoziaziotan euskara hutsean jarduteko asmoa duenaren iragarpenari dagokionez, koordinatzaile orokorrak gogorarazi du LABek beti emango diela ongietorria euskararen aldeko dinamika guztiei, baina azpimarratu du euskara larrialdi egoeran dagoela eta, horrenbestez, eragile euskaltzaleek, norbere burua proiektatzeko interes korporatiboez harago, euskararen egoerak hobera egin dezan konpromiso serioagoa hartzea eta elkarlanerako jarrera lehenestea gustatuko litzaiokeela, bai negoziazio kolektiboan, baita, oro har, lan munduan ere.

Gora Garbitzaileak kolektiboa Bizkaiko garbiketako hitzarmenaren egoera salatzeko bueltatu da

CEBEK seinalatu dute blokeoaren arduradunetako bat bezala. Ekintzaileak garabi batera igo dira eta Bizkaiko patronalaren bulegoen aurrean, sirena hotsen bitartez, benetan negoziatzeko eskatu dute.

Gora Garbitzaileak kolektiboak Bizkaiko eraikinen eta lokalen garbiketako hitzarmenaren egoera salatu du eta auzi honetan CEBEKeko ASELBI patronalak duen ardura nabarmentzeko ekintza bat aurrera eraman du, sektorearen errealitatearekiko negoziazio serio eta konprometitua eskatuz. Sektoreko langileek garabi bat jarri dute, trafikoa etenez, patronalaren leihora iristeko, eta sirena hotsen bidez salatu dute negoziaziorik ez dagoen bitartean entzun egin beharko dituztela.

Nahiz eta urte eta erdi daramaten hitzarmena negoziatzen eta joan den ikasturtean 13 greba egun egin arren, hitzarmena erabat enkistatuta dago. Patronalek erakutsi dute estrategia argia dutela: bajen osagarria murrizten saiatuz langileen osasunaren kontura dirua irabaztea. Baina sektoreko langileek argi eta garbi diote osasuna eskubide bat dela eta eskubide horrekin ez dela jolasten.

Gora Garbitzaileak Bizkaiko eraikinen eta lokalen garbiketako hitzarmenaren aurreko negoziazioan sortu zen, erabat ikusezin bihurtutako sektore bati ikusgarritasuna emateko asmoz. “Pandemian, funtsezko sektorea ginela saldu nahi izan ziguten, baina laster ahaztu da hori guztia, eta berriz ere ahaztuak izan gara”, adierazi dute. Sektoreko langileek sortutako kolektibo horren helburua ekintza sendoagoekin negoziazioa behartzea eta aldarrikapen nagusiak kalera ateratzea da. Ekimen hau berriro martxan jartzea erabaki dute 1500 € x 15-eko soldata eta sektorean hain ezagunak diren lanaldi eskasak handitzeko aukera emango duen bakanteen sistema aldarrikatzeko.

“Argi utzi nahi dugu borrokan jarraituko dugula hitzarmen duin bat sinatu arte, blokeoan diharduen edonor seinalatuz. Aurrean izango gaituzte Bizkaiko garbiketa-sektoreko langileentzako baldintza duinak lortu arte. Ezkutuan nahi gaituzte, baina gu borrokaren lehen lerroan jarri gara, eta hemen jarraituko dugu antzeko ekintza gehiagorekin, sektorearentzat hitzarmen duin bat lortu arte”, diote Gora Garbitzaileak taldeko kideek.

Bizkaiko egoitzetako hitzarmenaren negoziazioa blokeo-arriskuan dagoela salatu dugu

Mobilizazioa egin dugu Bilbon, Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean, Bizkaiko egoitzetako hitzarmenaren negoziazio mahaiaren zazpigarren bileraren aurretik. Orain arte, patronalak ez duela ekiparazioaren eta ratioen gure aldarrikapenekin bat datorren proposamenik jarri mahai gainean. Horregatik, benetako blokeo-arriskua dagoela uste du.

Gaurko elkarretaratzearekin, beste behin ere sektore honetako langileek defendatzen dituzten aldarrikapen nagusiak ikusarazi nahi izan ditugu:

– Ekiparazioa: langileen lan-baldintzak eta eskubideak egoitza publikoetako lankideen baldintzekin parekatzea.

– Ratioak: Zaintzaren kalitatea eta lan-baldintza duinak bermatuko dituzten ratioak ezartzea, langileei gaixotu gabe lan egiteko aukera emango dietenak. Gogorarazi dugu behin baino gehiagotan aurkeztu dugula gure ratio-proposamena: lau erabiltzaileko gerokultore bat. Honekin lotuta, kudeaketa pribatuko egoitza askotan ratio hori bikoiztu eta hirukoiztu egiten dela salatu dugu.

Gaur patronalaren jarrera salatu dugu, baina ez dugu ahazten egoitzen eredu honen erantzule nagusia Bizkaiko Aldundia dela, eta horren aurrean ere mobilizatuko gara.

Argi utzi nahi izan dugu egungo egoitzen ereduak ez duela balio. Egoitzen pribatizazioa bateraezina da lan-eskubideen bermearekin eta arreta duin eta kalitatezkoarekin. Horrela, Bizkaiko egoitza guzti-guztiak publiko bihurtzearen alde borrokan jarraituko dugu.

Azkenik, langileak zainduko dituen egoitza ereduaren aldarrikapenean berretsi gara, horiek duintasunez zaindu ahal izan dezaten, eta adierazi dugu ekiparazioaren eta ratio duinen alde borrokatzeko momentua dela.