2026-07-15
HomeEkintza SindikalaMaderas de Llodioko enpresa batzordeak eta Garnica enpresak akordioa erdietsi dute 284...

Maderas de Llodioko enpresa batzordeak eta Garnica enpresak akordioa erdietsi dute 284 greba egunen ostean gatazkari amaiera emateko #LortuDugu

Gaur, ekainak 29, Maderas de Llodioko langileek eta enpresa batzordeak Laudioko Herriko plazan agerraldia egin dute 283 greba egunetan zehar aurrera eramandako borrokaren balioa nabarmentzeko. Maderas de Llodion enplegua defendatzeko eginiko borroka izan da, baina baita Aiaraldea eskualde osoan lanaren eta industriaren etorkizuna defendatzekoa ere.

Garnicaren adebakarreko erabakiaren aurrean hilabete guzti hauetan erakutsitako konpromisoa eta irmotasuna azpimarratzen ditu LABek. Kaleratzeen aurkako eta enpleguaren aldeko borroka hau enpresaren mugetatik atera da eta eskualde osoan erreferentzia bilakatu da.

Gatazka luze honek erakutsi duena da Garnikaren inposaketen aurrean eta insitituzioen immobilismoaren eta konplizitatearen aurrean, beti bezala, langileen antolakuntza eta borroka dela erremintarik eraginkorrena, Aiaraldearen babesarekin batera.

Borroka honi esker nahitaezko kaleratzeak saihestea lortu dugu. Lanera itzuli nahi izan duten behargin guztiek hala egin ahal izan dute. Hain zuzen ere, gaur bertan gauzatu dira berrartze horiek.

Gainera, egiaztatuta geratu da enpresak mahai gainean jarritako EEEa (Enplegu Erregulazio Espedientea) ez zegoela justifikatuta. Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren epaiak justifikatugabetzat jo zuen espedientea, eta kaleratzeak, berriz, ez-bidezkotzat. Epaia irmo bilakatuko da, enpresaren jokaerak behar beste arrazoi objektibo ez zeukala berretsiko delarik.

Maderas de Llodioko enpresa batzordeak eta Garnicako zuzendaritzak bihar Lan Harremanen Kontseiluan sinatuko dute gatazkari amaiera emango dion akordioa. Kaleratutako langileak berriz hartzeko betebeharra eta Garnicak enplegua mantentzeko konpromisoa hartuko duela jasotzen du akordioak.

Eginiko bideari balioa aitortzea funtsezkoa da. Enpresak aldebakarrez ezarri nahi izan zuen langileentzako atzerapauso larria zekarren erabakia. Bada, langileek inposaketa horri aurre egin izan ez baliote, gaur-gaurkoz 39 izango lirateke behin betiko kaleratuak, abaldun EEEa izango genuke eta enplegua defendatu ahal izateko posizio askoz ere ahulagoa. Mobilizazioak ahalbidetu du Garnicaren zuzendaritzak zituen helburu nagusiak atzera botatzea.

Horrez gain, nabarmentzekoa da borroka honek instituzioak erreakzionatzera behartu dituela. LABen ustez ez da nahikoa izan, ez baitira langileen alde agertu eta ez baitute aktiboki defendatu enplegua. Hala ere, ezin izan dute konplizitatean eta immobilismoan oinarrituriko diskurtsoa bere horretan mantendu Aiaraldeak pairatzen duen enplegu suntsiketaren aurrean.

Hainbat hilabetez luzatu den gatazkaren ostean, enpresaren eta Maderas de Llodioko batzordearen arteko bitartekaritza prozesuak inplikatu behar izan ziren instituzioak. Dena den, bitartekaritza horrek ez dio behar bezala erantzun egoera larriari. Benetako konponbidea bultzatzeko borondate falta eta eraginkortasun falta handia tarteko, batzordeak Arabako Lan Harremanen Kontseilura jo behar izan du gatazka desblokeatzeko.

Aiaraldeak bizi duen egoera larria ikusita, LABen ustez ezinbestekoa da instituzioek behin betiko alboratzea prentsa-titularren politika, lantalde antzuak eta marketin kanpainak. Ardurei heltzeko eta industria ehuna eta enplegua defendatzeko irmotasunez jarduteko garaia da. Eskualdeak ez du promesa gehiagorik behar, ezta kanpora begirako keinurik ere. Aldiz, neurri zehatz eta eraginkorrak behar ditu, eta enplegu suntsiketa geldiaraziko duen eta bere industriaren etorkizuna bermatuko duen konpromiso politiko erreala.

Azkenik, Aiaraldea osoari esker ona adierazi nahi diogu: eragile sozialei, kolektiboei, merkatariei nahiz bizilagunei, hilabete hauetan guztietan Maderas de Llodioko langileak babestu eta laguntzeagatik. Ez da langile batzuen borroka soilik izan, enplegua defendatzeak bere etorkizuna defendatzea esan nahi duela ulertu duen eskualde oso batena baizik.

Beste behin ere argi geratu da antolakuntza, elkartasuna, konpromiso kolektiboa eta borroka direla lanpostuak defendatzeko, industria ehuna indartzeko eta Aiaraldearen etorkizuna bermatzeko tresnarik eraginkorrenak.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Arabako esku-hartze sozialeko sindikatuok negoziazioa desblokeatzeko aurkezturiko proposamena aurkeztu dugu, aldarrikapenei erantzun gabe segitzen duen patronalaren aurrean

ilabete eta erdi baino gehiago patronalaren aldetik inolako proposamenik gabe egon ondoren, atzoko mahaian AISAk uztailaren 29rako proposamen bat aurkezteko konpromisoa hartu zuen, eta, bertan, sektorearen aldarrikapen ugariri behingoz erantzutea espero dugu.

Patronala Gipuzkoako gasolindegien hitzarmenaren negoziazioa blokeatzen ari da

LAB, ELA eta UGT sindikatuok, ordezkaritzaren % 70,27 dugunok, elkarretaratzea egin dugu gaur Donostian, AEGA patronalaren jarrera salatzeko asmoz; izan ere, sektorean dauden benetako arazoei ez die erreparatzen patronal horrek. Hitzarmenaren negoziazioa hasi zenetik urte eta erdi baino gehiago igaro ondoren, AEGAk negoziazioa blokeatu du, eta Gipuzkoako gasolindegietan lan egiten duten pertsonen lan-baldintzak duintzeko akordio bat lortzea eragozten ari da.

Langileen osasuna bermatu dadila eskatzeko mobilizatzen ari dira Siban enpresaren lantegietan

Abanto Zierbenan kokaturiko Siban Peosa eta Siban Innobelting enpresetako langileek greba partziala egiten ari dira gaur, uztailak 15, 12:00etatik 16:00etara arte, hilaren 1ean Siban Innobelting lantegian izandako lan-istripua salatzeko.