2026-07-15
HomeEkintza SindikalaGarraiolari andoaindar bat hil da lanean, bero kolpeak jota

Garraiolari andoaindar bat hil da lanean, bero kolpeak jota

56 urteko gizonezkoa Burgosen (Espainiako Estatua) hil da zamalanetan ari zela, kamioian zeraman karga ateratzen. Tenperatura altuaren ondorioz shock multiorganikoa izan du. Astelehenean mobilizazioa egingo dugu intersindikalarekin batera.

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde eta HIRU sindikatuek osaturiko intersindikalak elkarretaratzea deitu du datorren astelehenerako, hilak 29, Donostian, Andia kaleko 13. zenbakian kokaturiko Eusko Jaurlaritzaren eraikinaren aurrean.

Aurten dagoeneko 36 pertsona hil dira lanean zebiltzala Euskal Herrian, eta LABek azaldu duenez, garraioaren sektorean bereziki handia izaten da istripu hilgarrien kopurua. Sindikatuak behin eta berriz salatu du lan-baldintza prekarioak daudela ezbehar horien atzean. Alde batetik, patronalak ez ditu lan-arriskuen prebentzioari buruzko araudiak betetzen; bestalde, administrazioaren utzikeria dago, ez baitu beharrezko baliabiderik jartzen ez neurririk hartzen enpresek prebentzio-arau horiek bete ditzaten.

Egunotako muturreko beroa aintzat hartuta, gainera, are premiazkoagoa da prebentzio neurriak indartu eta zorrotz betetzen direla egiaztatzea. Izan ere, osasun arazoak izateko arriskua handitu egiten da halakoetan. Aldiz, patronalari mozkinak langileen osasunaren gainetik jartzea ahalbidetzen dioten instituzioek halakoak zaintzeko ipintzen dituzten baliabideak, argi eta garbi, eskasegiak dira. Argi ikusi da hori aste honetan, hainbat izan baitira bero-kolpeekin lotutako gertakariak sektore ezberdinetan. Egoera hori onartezintzat jo du LABek, eta gogorarazi du bero handiaren aurrean enpresek protokoloak aktibatu behar dituztela, eta beharrezkoa bada lan-jarduera eten egin behar dela.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Arabako esku-hartze sozialeko sindikatuok negoziazioa desblokeatzeko aurkezturiko proposamena aurkeztu dugu, aldarrikapenei erantzun gabe segitzen duen patronalaren aurrean

ilabete eta erdi baino gehiago patronalaren aldetik inolako proposamenik gabe egon ondoren, atzoko mahaian AISAk uztailaren 29rako proposamen bat aurkezteko konpromisoa hartu zuen, eta, bertan, sektorearen aldarrikapen ugariri behingoz erantzutea espero dugu.

Patronala Gipuzkoako gasolindegien hitzarmenaren negoziazioa blokeatzen ari da

LAB, ELA eta UGT sindikatuok, ordezkaritzaren % 70,27 dugunok, elkarretaratzea egin dugu gaur Donostian, AEGA patronalaren jarrera salatzeko asmoz; izan ere, sektorean dauden benetako arazoei ez die erreparatzen patronal horrek. Hitzarmenaren negoziazioa hasi zenetik urte eta erdi baino gehiago igaro ondoren, AEGAk negoziazioa blokeatu du, eta Gipuzkoako gasolindegietan lan egiten duten pertsonen lan-baldintzak duintzeko akordio bat lortzea eragozten ari da.

Langileen osasuna bermatu dadila eskatzeko mobilizatzen ari dira Siban enpresaren lantegietan

Abanto Zierbenan kokaturiko Siban Peosa eta Siban Innobelting enpresetako langileek greba partziala egiten ari dira gaur, uztailak 15, 12:00etatik 16:00etara arte, hilaren 1ean Siban Innobelting lantegian izandako lan-istripua salatzeko.