2024-05-11
Blog

Langileok kalera aterako gara Rafahko erasoaldia eta palestinar herriaren aurkako genozidioa salatzera

Euskal Herriko gehiengo sindikalarekin batera mobilizatuko gara maiatzaren 17an, Hego Euskal Herriko hiriburuetan nahiz lantokiz lantoki.

LAB, ELA, CCOO EUSKADI, CCOO NAFARROA, UGT EUSKADI ,ESK, CGT LKN, STEILAS, SOLIDARI, EHNE NAFARROA, ETXALDE eta HIRU sindikatuok honako adierazpen bateratu hau egin dugu:

S.O.S Rafah; Genozidioa gelditu.

Langileok Palestinarekin

Pasa den urritik, Palestina eta, bereziki, Gazako Zerrenda Estatu Batuek, Europar Batasunak eta nazioarteko komunitatearen zati handi batek emandako inpunitatearekin benetako genozidioa pairatzen ari da Israelen eskutik. Palestinar herriaren aurkako erabateko gerra honek, eskualde mailako edo gerra globala bihurtzeko arrisku larri bat duenak, eta lurraldearen erabateko suntsipena, 35.000 pertsona baino gehiagoren hilketa (horietatik 12.000 baino gehiago haurrak direlarik), Jerusalem eta Zisjordaniako palestinarren aurkako bortizkeria eta Israelen giza eskubideen urraketa ugari eragiten ari ditu aspalditik.

Israelgo armadak Rafah-n hartu izana, zibilak bonbardatu izana eta existitzen ez diren “eremu seguru” batzuei hiria husteko agindua eman izana, herri palestinarraren aurka gertatzen ari den genozidioan beste urratsak dira. “Atsekabetuta gaude Israelgo indarrek Gazako Zerrendan egindako zibilen sarraskiagatik. Mundua, gerraren biktimek denbora errealean erakusten ari den lehen genozidioaren lekuko izaten ari gara”. NBEko bi errelatoreren hitz hauek ordezkatzen dugun langile klasearen sentimendua islatzen dute.

Gero eta ahots gehiago altxatzen ari gara mundu osoan basakeria hau salatzeko, eta azken adibidea gure herrialdera ere iritsi diren unibertsitateko kanpaldiak dira. Hala ere, oraingoz ezerk ez du geldiarazten Israelen makineria genozida, Israel Nazio Batuen edo nazioarteko beste erakunde batzuen deiei entzungor egiten ari delarik.

Indarkeria-espirala ez da berria Palestinan eta azken 75 urteetan etengabea izan da. Israelek Palestinako lurraldeak kolonizatu ditu, eta apartheid sistema ezarri die palestinarrei. Zifrek bere horretan hitz egiten dute: bizi baldintza ankerretara eta erbestera kondenatutako 5’9 milioi palestinar errefuxiatu, 5.000 preso politiko baino gehiago, checkpoint ankerrak, lan baldintzen erabateko prekarizazioa eta langile palestinarren esplotazioa, palestinarren lurren konfiskazioa, eguneroko razziak etxe palestinarretan, emakumeen bortxaketa sistematikoak, neska eta mutilen kontrako abusuak, eta orain genozidio hau, munduko aire zabaleko kontzentrazio-esparrurik handiena den eremuan.

Israelgo gobernua sarraski hori geldiaraztera eta Palestinaren legez kanpoko okupazioarekin amaitzera behartu behar da. Premiazkoa da nazioarteko komunitateak esku hartzea eta bermatzea Israelek sistematikoki urratzen dituen Nazio Batuek lurralde okupatuei buruz emandako ebazpenak betetzen dituela,, eta Gazako Zerrendaren gaineko legez kanpoko 16 urteko blokeoari eta Israelek ezarritako sistema genozidaren gainerako alderdi guztiei amaiera ematea.

Egoera horren aurrean, eta Rafahn lurreko eraso bat izanez gero gerta daitekeena kontuan hartuta, deialdi hau sinatu duten sindikatuok honako hau aldarrikatu nahi dugu:

  1. Gazak bizi duen genozidioari amaiera emango dion su eten iraunkor bat.
  2. Alde guztien arteko negoziazioaren eta elkarrizketaren bidez eta nazioarteko komunitatearen babespean eman beharreko konponbide integrala; Palestinaren kolonizazioaren eta okupazioaren amaierari, preso politiko eta errefuxiatu palestinarren itzulerari nahiz Palestinak nazioarteko komunitateak onartutako estatu bat izateko duen eskubidea bermatuko duena.
  3. Israeli armak saltzeari uztea eta enpresa, erakunde lokal, estatal nahiz europarrek, edota unibertsitate nahiz eragile sozialek, Palestinak bizi duen genozidioa salatzen ez duten entitate edo erakunderekin aktibitate komertziala, ekonomikoa edota beste edozein eremutakoa etetea (elkarkidetze-akordioak eta Europar Batasunaren eta estatu kideen itunak kasu).
  4. EAE eta Nafarroa erakundeek, nahiz Estatu Espainiarrak Nazioarteko Zigor Gortean Esku-hartze Adierazpenak aurkeztea, Israelen aurka abian den demandari babesa eskainiz.

Aipatutako guztiagatik, maiatzaren 17 ostirala, aipatutako aldarrikapenak babesteko mobilizazio-egun baterako deia egiten dugu, bai lantokietan, bai eguerdiko 12etan Bilboko Plaza Eliptikoan, Iruñeko Udaletxe plazan, Donostiako Alderdi Ederren eta Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazako mobilizazioetan.

Atzo aurkeztu zen Mecanerrentzako etorkizun ekologiko eta sozialaren aldeko herri-ekimena babesten dugu

Era berean, pozgarria da ELA sindikatuak jarrera aldatu izana; izan ere, Batzordearen gehiengoak defendatzen duen eta hainbat eragile sozial, akademiko eta instituzionalek babesten duten fabrikarako alternatiba ekosozial baten proposamena hainbat hilabetez oztopatu eta baztertu ondoren, orain plan bat duela iragarri du.

Hilabeteetan, Mecanerreko enpresa-batzordearen gehiengoak deslokalizazio prozesu bati egin behar izan dio aurre, eskura izan dituen tresna guztiekin.

Mobilizazioak, grebak, batzarrak, bilera instituzionalak eta baita, lehen aldiz Euskal Herrian ere, ikuspegi ekosoziala duen lantegirako plan ekosozial bat landuz.

Plan horren helburua langileei lantokiaren itxierari aurre egiteko tresna bat ematea izan da, eta uste dugu Stellentis multinazionalak bere erabakia lehengoratzea lortu ez duen arren, funtsezko elementua izan dela borrokan zehar, EREaren negoziazioan langileen aldeko indar korrelazioa hobetzea, Eusko Jaurlaritzaren inakzio politikoa interpelatzea eta salatzea, eskualdeko mugimendu ekologista, sozial eta auzotarraren babesa lortzea eta beste industria bat – ekologikoagoa eta sozialki bidezkoagoa – posible ez ezik, beharrezkoa ere badela erakutsiz.

Horrela, LABen Mecaner eta eskualdearentzat etorkizuna eskatzen duen herri-ekimena babesten dugu. Etorkizun horretan, Eusko Jaurlaritzak zuzenean esku hartu behar du, industria-politika aldatu behar da industria-ehunari eta lanpostuei eusten laguntzeko, eta beharrezkoa den trantsizio ekologikoari erantzun behar zaio. Etorkizun horrek, Mecanerren instalazioetan lan-baldintza duinak bermatuko dituen industria-proiektu bat finkatzea, bertan lan egin duten langileak kontuan hartzea eta, aldi berean, ekologia eta jendartean ekarpena egingo duen ekoizpena izatea bermatu behar du.

Horregatik, LABetik, lehenik eta behin, harridura agertu dugu jakin dugunean ELAk, Mecaner-eko hirugarren sindikatuak, plana egiteko lehenengo prozesua oztopatu eta, ostean, prestigioa kendu dionean, jakin dugunean aldebakarreko bilera bat egin duela industriarekin, langileen eta orain arte eragileekin eta herriarekin egindako lanaren bizkar Mecanerrentzat egindako etorkizuneko plan bati buruz hitz egiteko, EREa sinatzeko eta haren kausak diruaren truke abalatzeko prest egon den sindikatu bakarra izan denean. Hala eta guztiz ere, LABek uste du berri ona dela ELAk ontziarekin bat egitea, eta Sindikatu hau gonbidatzen du plan hori azal diezaieten bai langileei, bai modu
desinteresatuan Batzordearen gehiengoak bultzatutako alternatibaren alde lanean ari diren eragile eta pertsonei, horretarako maiatzaren 28an Urdulizen egingo den asanblada irekia aukera ona izan daiteke, trantsizio planaren inguruan hitz egin eta hurrengo pausuak elkarrekin diseinatuko direlako. Espero dezagun, beraz, sindikatu honek benetako borondate zintzoa izatea

Mecanerren etorkizunaren alde lan egiteko eta Mecanerrentzat alternatiba bat bilatzeko bide hori egiten aritu garen eragile sozial eta ekologistekin batera, protagonismorik gabe, orain arte defendatu dituzten interes korporatibistak alde batera utzita.

Orain arte erakutsi dugun bezala guk argi daukagu, LABek langileria osoarentzako etorkizun duin baten eta bidezko alternatiba ekosozial baten aldeko borrokarekiko konpromisoa berretsi du. Horrela egin du Mecaner-en, langile guztientzako alternatibarik onena defendatu eta horren alde borrokatuz.

Eta bide horretan lagundu diguten eragile sozial, ekologista eta instituzional guztiekin ere egingo dugu.

Eta halaxe egingo du bihar Bilbon eta Iruñean hainbat eragile sozial eta sindikalekin batera eta alternatiba ekosozial justuaren alde egingo diren manifestazioetan parte hartzen.

Maiatzaren 8an Zorroza Gestion de Residuos SL enpresan 2020an hildako langilearen inguruko epaia atera da

2020ko otsailaren 23an, langile bat hil zen Murgako Zorroza Gestión de Residuos SL enpresan. Atzo, maiatzak 8, honen inguruko epaiaren albistea argitara atera zen: urte eta erdiko kartzela zigorra eta 30.000 euroko kalte-ordainak.

LABetik gogora ekarri nahi dugu duela lau urte gertaturikoen ostean eginiko salaketa publikoa, eta azpimarratzen dugu heriotza iluna izan zela. Hain zuzen ere, heriotzaren ostekoak aurrekaririk gabeak izen zirelako, bai kasua inguratzen zuten susmoen larritasunagatik, baita hasiera batean langile bat inputatu izanagatik ere, ustezko estalketa delituagatik. Honekin argi eta garbi ikusi zuten patronalak, eta kasu konkretu honetan Zorrozako zuzendaritzak, lerro berri eta arriskutsua ireki zuela, prebentzio faltaren eta laneko osasun galeren eta heriotzen biktima direnak, hau da, langileak eurak, heriotzen erantzule egin nahi izatea.


Langilea zortzi metroko altueratik amildu ostean gertatutakoa estaltzeko ahalegina egin zuten enpresako arduradunek. Gainera, Zorrozako kudeatzaileak langile batzuk behartu zituen Bassirou Dioneren gorpua mugitzera, bere ohiko lanpostura gerturatzeko, eta ondoren, mehatxu eta agindu zehatzak eman zizkien langile guztiei: “Badakizue zer esan behar duzuen, ezta? Zintatik erori dela… Zintatik erori dela!”

Orain, duela lau urteko gertakariak are argiago geratu dira, eta heriotza honen ardura Zorroza Gestion de Residuos-eko arduradunek dutela ikusi da.

Enpresa hori eskubiderik gabeko eremu bat zen orduan langileentzat, eta izaten jarraitzen duenaren zantzuak ditugu LABen. Guantanamo laboral bat, langileak erabateko babesgabetasunean uzten dituena. Azken urteetako lantoki honetako lan-baldintzak ikusi besterik ez dago:


– Eguneko 10 orduko nahitaezko lanaldiak.

– Enpresak ez dizkie langileei beharrezkoak diren norbera babesteko ekipamendu guztiak ematen.

– Lan-erritmoak oso altuak dira.

– Ez zegoen fitxatzeko sistemarik.

– Langileek ez dute inolako prestakuntzarik jasotzen laneko arriskuen prebentzioaren arloan.

– Langileak haien osasun eta segurtasuna arriskuan jarriz lan egitera behartzen dituzte.

– Enpresako gerentziaren partetik hitzezko tratu txar jarraituak egon dira.

– Eraso fisikoko gertakari bat behintzat egonda.

– Enpresa hainbat lan istripu ezkutatzen ahalegindu da.

– Instalazioen garbitasuna desegokia.

– Soldatak baxuak dira.


Gainera, Zorrozako kudeaketa iluna lehenagotik zetorren eta ostean ere jarraitu du, eta ez bakarrik lan kontuengatik. Azken urteetan ugariak izan dira enpresaren kudeaketa eta azpiegitura zalantzan jarri duten txosten eta azterketak, 120.000 euroko isunak jaso ditu hainbat irregulartasun direla medio. Lau urte beranduago, justiziaren emaitza:

Fiskaltzaren, akusazio partikularraren eta defentsaren arteko akordioarekin bukatu eta itxi da prozesu penala, akusatuek delituak onartuta. Langilearen erailketak urte eta erdiko espetxe zigorra eta 30.000 euroko ordaina izan du zigor bezala.

Ez da onargarria honelako egoera larri baten aurrean administrazioak honelako zigor bigun bat onartzea. Familiaren egoera prekarizatua erabilia izan da dirutruk irtenbide merke bat topatzeko eta horrek prozesuaren larritasuna areagotzen du, zeinetan justiziak berak prekarizazio hori onartu duen azken uneraino.

Aiaraldeko eta Euskal Herriko langileek ongi dakite zer nolako zigorrak pairatu dituzten pikete batean aritzeagatik, polizia bati oihu egiteagatik edo pintada batzuk egiteagatik. Espetxearekin eta isun ekonomiko altu zein inhabilitazioekin ordaintzen dute, langileen borroka edo nazio askapenerako borroka kriminalizatzen direlako. Enpresari bati, aldiz, merke ateratzen zaio langile migratu eta arrazializatu baten erailketa.

Hori guztia dela eta, LABetik dei egiten dugu eskualdeko greba batzordeak, SOS Aiaraldeak, maiatzaren 15erako antolatutako mobilizazioan parte hartzera. 19:30ean izango da Murgan, enpresaren aurrean.

Infanta Elena zentroko langileak mobilizatu egin dira beren lan-baldintzak okerragotzearen kontra

Desgaitasunen bat izanda arreta integrala behar duten pertsonak artatzen dituen Infanta Elena zentroko langileek elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian, Cordovillako (Nafarroa) lantokiaren ondoan, protesta egiteko zenbait langileri lanaldia aldatu nahi dietelako -eta gutxiago ordaindu-, erizaintzako zuzeneko arretako orduak murriztu nahi dituztelako eta bertze langile askori ez dietelako antzinatasunik aitortzen nahiz eta lanean 15 urte baino gehiago daramatzaten. Infanta Elena Nafarroako Gobernuarekin itundutako zentroa da.

Kontzentrazioa Enpresa Batzordeak deitu du aho batez (UGTko 4, LABeko 3, CCOOko 1 eta ELAko 1), eta balio izan du langileek beren haserrea adieraz dezaten une honetan bizi duten egoera dela-eta. “Onartezina da, eta argi utzi nahi dugu ez dugula atzerapauso bat ere emanen gure lan-eskubideetan, eta behar den lekuraino ailegatuko garela aldaketa hori gauzatu ez dadin eta gure eskubideak onar daitezen”, adierazi du Batzordeak komunikatu batean.

Esleipenaren baldintza-agiriak argitaratu ondoren, Infanta Elena zentroko bi langileri ordu lanaldia aldatu nahi diete, eta hori okerragoa izanen da beraiendako, gutxiago ordainduko baitiete (urtean 800 eta 1.100 euro artean gal ditzakete). Enpresa Batzordeak ez du onartzen lan baldintzen funtsezko aldaketa hori, eta Grupo5 enpresari eta Nafarroako Gobernuari eskatu die aldaketa hori atzera botatzeko eta zuzentzeko.

Bertzalde, langile talde handi bat aspalditik eskatzen ari da benetako antzinatasuna onartzeko, baina ez zaio erantzunik eman. Batzordeak hilabeteak daramatza Grupo5 enpresari eskatzen bere betebeharrak betetzeko eta langileen eskubideak errespetatzeko. “Batzorde gisa, egoera hori konpontzeko eskatzen dugu, nomina dagokienarekin erregularizatzeko eta dagozkien atzerapenak ordaintzeko”, azaldu du Batzordeak komunikatuan. “Lotsagarria da zentro honetan batez bertze 15 urte baino gehiago lanean aritzea eta enpresak ez aitortzea”.

Bidegabeko kaleratze batean eragindako kalteak aitortu eta kalte-ordain gehigarria onartzen duen epai aitzindaria lortu dugu

LABek Eibarko Lan-Arloko Epaitegian irabazitako sententzia berretsi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Epai horrek, kaleratzea bidegabetzat jo eta udal bat kondenatu zuen langilea bere lanpostuan berriro hartzera edo legez dagokion 493,49 euroko kalte-ordaina ematera, sortutako kalte-galerengatik 30.000 euroko konpentsazio osagarria gehituta.

Auzitegiak onartu du bidegabeko kaleratzeari legez dagokion 493,49 euroko kalte-ordaina “ez dela egokia jasandako kalterako”, eta, hala, Eibarko epaitegiak emandako epaia berretsi du. Epai horren arabera, udalak 30.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio langileari, baldin eta berriro onartzen ez badu.

Udalak epaiaren aurkako errekurtsoa aurkeztu zuen, eta 493,49 euroko kalte-ordaina ordaintzera mugatzea eskatu zuen. EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota du eskaera, LABek irabazitako epaia berretsiz. Aitortzen da, kasu honetan, ezin direla jasandako kalteak legez tasatutako kalte-ordainaren bitartez behar bezala ordaindu.

Langileak kontratu mugagabe batekin egiten zuen lan enpresa batentzat, eta udalaren lan-poltsa batean ere bazegoen, hautaketa prozesua batean parte hartu ondoren.

2023ko martxoaren 9an urtebeteko gutxieneko iraupena izango zuen lan eskaintza egin zion udalak, eta onartu egin zuen, enpresarekin zeukan kontratu mugagabeari uko eginez. Lan harremana hasi ondoren, ordea, “ahoz” adierazi zioten “kontratazioan akats bat egon zela” eta bere azken laneguna 2023ko apirilaren 30a zela.

Inguruabarrak kontuan hartuta, sententziak dio tasatutako kalte-ordaina ez dela egokia langileak jasandako kaltea konpentsatzeko, lan mugagabea utzi baitzuen aldi baterakoa izan arren gutxienez urtebete iraun behar zuen kontratu batengatik.

Gainera, udalak ez zituen lan-harremana eteteko nahikoa arrazoi azaldu. Ondorioz, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak egokitzat jo du urtebetez jasoko lituzkeen soldatengatik kalte-ordain gehigarri bat jasotzeko eskubidea onartzea.

Epai aitzindaria da, doktrina autonomiko ezberdinak jarraitzen dituena, baita Europako Gutun Sozialaren aginduak eta Eskubide Sozialen Europako Komitearen erabakiak ere. Horiek guztiek benetan jasandako kalteen kalte-ordain egokia finkatu behar dela zehazten dute.

Arabako egoitzetako hitzarmenaren inguruko negoziazioa desblokeatzeko exijitu dugu

Arabako Foru Aldundiaren aurrean mobilizazioa egin dugu goizean Gasteizen, Gorka Urtarani eta Diputazioari beren ardurei hel diezaieten eskatzeko.

LABetik, adinekoen egoitza pribatuen gaia eztabaidatzen ari diren Arabako Batzar Nagusietako kontroleko osoko bilkuraren bueltan, kontzentrazio bat egin dugu honakoak salatzeko:

Arabako Foru Aldundiak adinekoen egoitzak pribatizatzearen aldeko apustua egiten jarraitzen du. Hala erakusten du laster eraikiko diren adinekoen lau egoitza berriak modu pribatuan kudeatzeko erabakiak.

Arabako egoitza pribatuen eta etxebizitza komunitarioen hitzarmen probinzialaren negoziazioak blokeatuta jarraitzen du. Langileek hitzarmenik gabe jarraitzen dute eta beren lan-baldintzak oso azpitik daude EAEko gainerakoekin alderatuta: gainerako herrialdeetan baino 500 € gutxiagoko soldatak, 200 ordu gehiago urtean, 14 erabiltzaile langileko.

Horregatik guztiagatik, eta hainbat urtetako aldarrikapenei jarraikiz, zera exijitzen dugu:

  • Arabako Foru Aldundiak eta patronalak langileei kasurik ez egiteari uzteko. Hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzea berehala.
  • Zerbitzua modu publiko eta unibertsalean kudeatzearen aldeko apustu garbia. Pribatizazio gehiagorik ez.
  • Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioetako langileen lan-baldintzak duinagoak izatea, AFAren erantzukizuna baita.
  • Zerbitzu publikoa eta kalitatezko zaintza zerbitzu horien erabiltzaileentzat.

Mecaner herriarentzat: sozialki eta ekologikoki justua izango den industriaren alde

Irailaren lehenarekin batera, Stellantis multinazionalak gure eskualdeko enpresa historikoa ixteko agindua helarazi zien bertako 148 langileei. Borroka hilabeteak izan dira ondorengoak.

Gaur hemen bildu garen militante ekologistak, eragile desberdinetako kideak, ordezkari instituzionalak eta oro har herritarrak, Mecanerren etorkizunaren aldeko mobilizazioetan parte hartu dugu eta enpresarentzat alternatiba ekosozialaren alde agertu gara.

Krisi ekologiko betean aurkitzen gara. Ikerketa zientifiko guztiek galdegiten dute mendebaldeko ekonomiak deskarbonizatu behar ditugula hurrengo hamarkadaren buruan; biodibertsitatearen galerari aurre egiteko neurri zehatzak eta azkarrak behar ditugula eta trantsizio energetikoa gauzatu behar dela klima larrialdiari aurre egiteko. Gutxiago produzitu eta kontsumitu. Berriztagarriei bide eman. Lur planetaren muga biofisikoak aintzat hartu.

Guzti honek, premiazkoa bihurtu dute erroko aldaketa soziala. Gure metabolismo soziala eraldatu gabe, nekez egingo diogu aurre modu justuan bizitzen eta areagotu daitekeen hondamendi ekologikoari. Bada garaia hazkunde infinituaren paradigma alboratzeko.

Jakin badakigu ere, eraldaketa hau borroka anitzen batura eta elkarrekintzen bidez gauzatuko dela. Horregatik, Mecanerrentzat langile batzordearen gehiengoak babestutako trantsizio plan ekosozialaren alde agertu izan gara. Lanpostuak mantendu eta industriaren birmoldaketa atea irekitzen zion alternatiba bideragarria dela deritzogu: Multinazional handi baten diru goseari irtenbide sozial eta ekologiko justuagoa borrokatzeko aukera izan da plan hau.

Kontziente gara ez zela erraza tamainako munstroari aurre egitea eta pozten gara borrokaren bidez lortutakoa ez delako gutxi izan. Haien lanpostuen defentsa muturrera eraman dute, industriaren birmoldaketaz aritu dira, instituzioak interpelatu dituzte eta eskualde oso baten etorkizunaren aldeko aldarria zabaldu dute. Zoritxarrez, langileen borroka eredugarriak eta haiekin batera mobilizatu garenon ekinak ez du lortu enpresa zabalik mantentzea. Zoritxarrez, eusko jaurlaritzak bere erantzukizunari uko egin dio beste behin eta enpresaren interesen alde lerratu da.

Guk ordea ez dugu amore emango. Mecaner itxi bada ere, Urdulizen jarraitzen dute makinek eta instalazioek. Mantentzen da eraldaketa ekosoziala gauzatzeko alternatiba plana eta zutik dirau ere eskualde honetan trantsizioa modu justuan egiteko herri indar eta gogoa. Horregatik, gaur mugimendu ekologistako kideok, herri mugimendu anitzetako militanteok, industriako langileok, eskualdeko alkate eta zinegotziak, akademia mundukoak eta Uribe Kostako bizilagunak Mecanerren biziberritzeari aukera ireki nahi dugu eta hurrengo eskaerak egiten dizkiogu Eusko Jaurlaritzari:

  • Mecaner itxi da. Baina makinaria eta instalazioak hemen daude. Bertan zer eta nola ekoiztu behar den proposatzeko jarraipen batzordea sortu behar da eta herritarron parte hartzea bermatu.
  • Mecaner dagoen tokian inolako proiektu industrialik garatu behar bada, ikuspegi ekologiko eta soziala izan dezala exijitzen dugu. Izan dadila langilek aurkeztu duten plana hurrengo proiektuen oinarri eta eraldaketa industrialaren abiapuntu.
  • Ezein proiektu industrialik baldin badago, bertan lanean egon direnekin egin dadila lehentasunez, suntsitutako enplegua berreskuratuz eta baldintza duinetan eraikitako kalitatezko enplegua dela ziurtatuz.

Jakin badakigu Mecaner suntsitzea gure industria- eta giza paisaia “birmoldaketa basati” honen aurreko iragarkia besterik ez dela. Uribe Kostako gizarte-eragile guztiei dei egin nahi diegu foro sozial bat eratzeko, non, demokratikoki eta denen parte-hartze aktiboaren bidez, gizarte-eraldaketa bidezko eta jasangarrirako eredu bat diseinatzen has gaitezkeen, inor atzean utzi gabe.Urdulizen egingo den lehen bilerarako deia egin dugu. Maiatzaren 28an izango da, 18:30ean.

Azkenik, agerraldi honekin maiatzaren 11an Bilbon Alternatiba ekosozial justuaren aldeko mobilizazion parte hartuko dugula iragarri nahi dugu eta herritarrei bertan parte hartzeko gonbidapena luzatzen dugu.

Barakaldoko Udaleko aurrekontuak inolako negoziaziorik gabe onartu izana salatzen dugu

Atal sindikaletik alegazioak aurkeztu zizkioten aurrekontuari, eta horiek negoziazio mahaira eraman ez izana negoziazio kolektiboaren gutxiespentzat jo du.

Une honetan asko dira Barakaldoko Udalean etenda dauden gaiak, aurrekonturik gabe edo aurrekontu eskasarekin: behin-behinekotasuna murriztea, Pertsonen Plana, egonkortze prozesua, hitzarmena, 2023ko Enplegu Publikoko Eskaintza, lanpostuen balorazioa, Barne Berdintasunerako II. Plana betetzea, telelana, Euskararen erabilera normalizatzeko plan estrategikoa (2023-2027) abian jartzea… Gai horiek guztiak lege-eskakizunekin, Lan ikuskarien errekerimenduekin, auto judizialekin eta osoko bilkuraren erabakiekin lotuta daude. Bada, gai horiek eragin handia daukate herriko zerbitzu publikoen kalitatearengan, udaleko lankideen lan-baldintzetan nahiz karrera profesionalean.

Hala, LABek kritika egin dio gobernu-taldeak aurkeztutako 2024rako Barakaldoko Udalaren Aurrekontu Orokorren proiektuari; izan ere, proiektua ez da Negoziazio Mahaira eraman, informazioa, eztabaida eta adostasuna lortzeko. Badirudi gobernu-talde honek gai askori modu positiboan heltzeko borondaterik ez duela.

LABeko Atal Sindikalak azpimarratu du aurrekontu horien onarpenak eskubide sindikalen eta, bereziki, negoziazio kolektiboaren gutxiespena dakarrela berekin, eta Gobernu Taldeak horiek Negoziazio Mahaira eramaten ez baditu udal aurrekontua baliogabetzeko moduan jarriko luketela. LABek ez du udal langileen eskubideak urratzen dituzten aurrekontu hauen onarpenaren erantzule izan nahi.

LABek gogorarazi du aldez aurretik alegazioak aurkeztu direla, eta Gobernu Taldeak Barakaldoko Udaleko langileen ordezkaritzari entzungor egiten jarraitzen badu, gure lankideen eskubideak urratzen dituzten gai guztiak auzibidean aurkaratzen jarraituko duela. Hala, Barakaldoko Udalaren 2024ko ekitaldirako aurrekontuak baliogabetu eta ondoriorik gabe gera daitezke. Gobernuaren benetako borondateak bakarrik uxa dezake blokeoaren eta etengabeko auziaren errealitate hori, egitate positiboetan eta aurrerapenetan azalduta.

Hezkuntza Departamentuak Barañaingo Alaitz Institutuko batxilergoko lerro bat bidegabe kentzeko asmoa duela salatzen dugu

2024-2025 ikasturterako, 52 ikasle aurrematrikulatu dira Alaitzen Gizarte Zientziak-Humanitateak eta Zientziak-Teknologia baxilergoetako ikasketak egiteko. Hala ere, Hezkuntza Departamentuak talde bakarra osatzea aurreikusten du.

Izena eman duten ikasleetatik 22 Alaitzekoak dira, 25 Jaso ikastolakoak eta 5 beste ikastetxeetakoak. Musika eta Arte Eszenikoko taldeaz gain, historikoki batxilergoko beste bi talde egon dira Alaitzen. Nola justifikatu dezake Departamentuak talde horren beharrik ez dagoela?

Departamentuak Alaitzetik datozen aurrematrikulatutako ikaslegoaren %65 bakarrik batxilergora pasatuko dela aurreikusten du. Baina ehuneko hori ez dator bat Alaitzen azken hiru urteetako matrikulazio datuekin:

– Aurrematrikulatutako ikasleen %80ak baino gehiagok batxilergo ikasketak aukeratzen ditu (2021-2022: %81.08, 2022-2023: %80.49, 2023-2024: %84).

– Kanpotik datozen ikasleen artean ere portzentaia altua da: 2021-2022: %91.38, 2022-2023: %101.85 (epez kanpoko matrikulazioak direla eta %100tik gorakoa), 2023-2024: % 78.57.

Honek bi ondorio ditu. Alde batetik, sortzen den talde bakar hori oso kopurutsua izango da, are gehiago, legeak baimentzen duen ikasle kopuru maximoan itxiko da. Hezkuntza Departamentuak ratioen jaitsiera emateko duen borondatea zalantzan jartzen dute horrelako jokaerek.

Bestalde, ikasle batzuk kanpoan geldituko dira eta ezingo dituzte haien batxilergoko ikasketak Alaitzen egin. Zer gertatuko da ikasle hauekin? Etxetik urrunago dituzten institutuetara joan beharko dute? Bermatuko da euskaraz ikasteko duten eskubidea? Ez ote da hau beste aitzakia bat gehiago D eredua zigortzeko?

LABek guztiz zilegitzat dauka Alaitz ikastetxeak eta bertako familiek egin duten eskaera, eta hortaz, Hezkuntza Departamentuari exijitzen dio lehenbailehen kasu egin diezaiola eskaera horri eta eman diezazkiola ikastetxeari orain artean izan dituzten bi taldeak.